Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen alderdi afektiboak eta efektiboak uztartu ditu Euskara Merkataritzara Klubak

SIADECO Ikerketa Elkartea / Enpresa / 2003-05-05 / 07:00


Azpeitiko Euskara Patronatuaren eskariz SIADECO Ikerketa Elkarteak prestatu duen dokumentua da hau eta hainbat udalen finantziazioarekin diseinatua dagoen proiektu baten inguruko informazio orokorra www.erabili.com web gunean plazaratzeko helburuarekin prestatu da.

Euskal Herriko hainbat udalen laguntzarekin SIADECOk koordinatzen duen “Euskara Merkataritzara” egitasmo orokorraren barruan diseinatu den zerbitzu berri bat da “Euskara Merkataritzara Kluba”. Diseinua 2001-2002 ikasturtean egina da eta finantziazioan parte hartu duten udalak ondorengoak izan dira: Andoaingo Udala, Hernaniko Udala, Ibarrako Udala, Lasarte-Oriako Udala, Orioko Udala, Tolosako Udala eta Villabonako Udala.



Orain arte diseinu fasean dagoen proiektu hau indarrean jartzeko aukera, ordea, ahalik eta herririk gehienetara zabaltzea erabaki da eta dokumentu honetan ageri dena baino informazio zehatzagoa ere eskuratzeko modua izango luke interesatuak.

“Euskara Merkataritzara” egitasmoari elementu berriak eransten dizkion eta hizkuntza sentsibilizazioaz gain beste hainbat alderdi ere ukitzen dituen proiektu berri bat da “Euskara Merkataritzara Kluba”. Proiektu honen helburu eta ezaugarriak azaldu aurretik ordea, interesgarria izan daiteke “Euskara Merkataritzara” egitasmoaren azalpen labur bat egitea.

Euskara Merkataritzaraegitasmoa bi hitzetan

10 urteko ibilbidea egina du "Euskara Merkataritzara" proiektuak SIADECOren gidaritzapean. Euskararen erabilera sustatzea du helburu eta bere eragin esparrua txikizkako merkataritzako establezimenduek, ostalaritzakoek eta bestelako zerbitzuetakoek osatzen dute, beti ere, tamaina txikiko jarduerek. Egitasmoaren metodologiazko argibideak garrantzitsuak izan arren, azalpen horiek alde batera utzi eta egitasmoak une honetan eskaintzen dituen zerbitzu eta programa nagusienen aipamen laburra da ondorengoa:

  1. Sektorearen ezaugarrietara egokitutako hizkuntzazko diagnostikoak egiteko metodologia aplikatua eta kontrastatua.
  2. Jarraipenerako metodologia sistematizatua.
  3. Establezimenduen hizkuntza paisaian eragiteko programa.
  4. Merkatarientzako euskara ikastaro espezifikoak.
  5. Eskaintza eta eskariari buruzko datuak ezagutarazteko programak: “Merkataritza zeuregandik gertuago” eta “Ezagutu zure bezeroa”.
  6. Egitasmoaren material eta zerbitzu eskaintzak katalogo bidez zabaltzeko metodologia eta euskarriak: “zure esanetara” katalogoa.
  7. Establezimenduen hizkuntza normalizaziorako plangintza integralak: MEPI (Merkataritza Establezimenduen Plangintza Integralak) planak.
  8. Euskara ziurtagirien inguruko definizio, hizkuntza auditoria eta zabalpen lanetarako metodologia finkatua.

"Euskara Merkataritzara Klubarenfuntzioak egitasmo orokorraren barruan

Diseinu fasean dagoen proiektu honek ondorengo funtzio nagusiak bete beharko lituzke “Euskara Merkataritzara” egitasmoaren barruan:

  1. Hizkuntza sentsibilizazio eta motibazioan eragina izango duten elementu erakargarri eta berriekin osatuko du "Euskara Merkataritzara" egitasmoa. Horretarako proiektuaren oinarrian alderdi “afektiboak” (klubeko kide sentitzeko nahia,...) eta alderdi “efektiboak” (abantaila ekonomikoak eskuratzeko aukera,...) uztartzeko planteamendua dago.
  2. Hiru eragile mota desberdinen interesa piztuko duen zirkuitu bat osatzen lagunduko du: udalak, establezimenduak eta bezeroak edo herritarrak.
  3. Komunikaziorako teknologia berriak, marketing aplikaturako teknika berriak eta bestelako aurrerapenak, establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko lantresna modura integratzeko aukera eskainiko du.
  4. “Euskara Merkataritzara” egitasmoaren barruan orain artean martxan jarri diren programa, zerbitzu eta material eskaintzari batasun eta osotasuna emateko funtzioa ere izango du Klubaren antolaketak eta funtzionamenduak.
  5. Proiektuak herri eta gizarte mailan nabaritasun maila bat lortzeko bide berriak zabaltzen lagunduko du.

Zer da eta zein da Klubaren funtzionamendurako eredua

“Euskara Merkataritzara Kluba” zerbitzuen sektorerako eta bereziki establezimendu txikien ezaugarrietarako diseinatutako komunikazio-sentsibilizaziorako metodoa garatzeko aukera eskainiko lukeen plataforma gisa kontsideratu daiteke. Herrietako establezimendu txikien onurarako bezeroen fidelizatze soziokomertziala eta euskararen sustapena uztartuko dituen bitarteko edo tresna eraginkor bat lortzea da finkatutako erronka.

Funtzionamendurako oinarrizko zutabeak ondorengoak dira:

Bestalde, Klubaren funtzionamendu egokia bermatu beharko duen egiturak ondorengo zeregin nagusiak izango ditu:

Zer eman eta eskatzen du Klubak

Udalen kasuan

Herriko komertzio eta establezimenduen ohiko jardueran eta bezeroekiko komunikazio fluxuetan euskarazko funtzionamendua izango duen marketing sozialeko tresna bat martxan izateko aukera izango luke udalak. Tresna horrek herriko komertzio txikien sustapen soziokomertzialerako ekimenen komunikazio hizkuntza euskara izatea lortuko luke.

Komunikazio eta fidelizazio sistema honen baitan, era guztietako euskarazko produktu eta zerbitzu soziokulturalen kontsumoa sustatzeko neurriak ere bultzatu daitezke.

“Euskara Merkataritzara” egitasmoa aurrera eramaten duten udaletan, egitasmo hori bezero edo herritarrengana hurbildu, proiektu horren nabaritasun maila areagotu eta euskararen erabileraren aldeko mezuak modu iraunkorrean zabalduko dituen zerbitzu gisa funtzionatuko du Klubak udalarentzat.

Bestetik, Klubak euskararen erabileran eta hizkuntza normalizazioan eragiten duten era guztietako jarduerak sustatzen lagun dezake. Adibide modura, besteak beste:

Klubaren bitartez herriko establezimenduei eta udalari berari eskainitako zerbitzu eta publizitaterako aukeren truke, Klubaren funtzionamendu gastuei aurre egiteko urteroko kuota bat ordaindu beharko luke udalak. Diru baliabideak dira udalak ipini beharrekoak, gainerakoak (giza baliabideak, baliabide teknikoak eta baliabide materialak) Kluba beraren jarduera planean aurrikusiak daude. Klubaren finantziaziorako, udalez gain Klubeko zerbitzuen erabiltzaileak diren establezimenduen ordainketak ere aurrikusten dira. Udalei egokitutako kuotak ondorengo alderdien baitan egongo dira:


Establezimenduen kasuan

Klubera atxikitako establezimenduek, eta honela kreditatzen dituen ezaugarria duten unetik, merkataritza eta zerbitzuen sektorean modu erabakigarrian euskararen erabilera sustatzeaz gain, bere bezeroen konfiantza eta leialtasuna lortzeko zerbitzu iraunkor bat izango dute.

Zentzu honetan establezimenduok, salmentak sustatzeko modu berriak martxan jarri, leialtze programak sortu eta bere bezeroen jokabideen inguruko informazioa lortu ahal izateko plataforma operatiboa izango dute.

Klubaren establezimenduetarako zerbitzu eskaintza horren xehetasunak urtez urte eta hiru urteetarako planifikatua dagoen jarduera planean daude jasoak.

Klubeko bazkide egiten den establezimenduarentzat bi kuota mota bereizten dira:


Bezeroen kasuan

Merkataritza establezimenduetan eskatu eta erabat dohainekoa den Klubeko bazkide txartelak bezeroa “Euskara Merkataritzara Klubean” atxikitako establezimenduetako lehentasunezko bezero, eta euskararen normalizazio prozesuarekin sentsibilizatutako pertsona bezala "identifikatzeko" balioko du.

Klubeko bazkide diren establezimenduetan egindako erosketetan, opariak jasotzeko aukera emango dion puntuak eskuratu eta pilatzeko aukera izango du bezeroak.

Bezero bazkideek, klubera atxikitako establezimenduek eskainitako azken promozio eta berrien inguruko aurretiazko eta lehentasunezko informazioa jaso ahal izango dute, eta baita bere udalerrian hizkuntza normalizazioaren inguruan bideratzen diren ekimenen inguruko informazioa ere.

Bazkideak, klubaren inguruan antolatuko diren jarduera, eskaintza... guztien onuradun izango dira (deskontuak, egun berezietarako taloitegi-opariak -urtebetetzeetan...etab-, zozketatan parte hartzea, jarduera eta ekitaldietara abantailazko baldintzatan joateko aukera, etab.).

Bezeroak, Klubaren, establezimenduen eta bere herriko udalaren proiektu honi atxikitako abantailetaz baliatzeko aukera inolako diru ordainketarik egin gabe izango du.

Klubaren irudi korporatiboaren eskema


"Euskara Merkataritza Kluba" egitasmoari buruzko galderaren bat egin nahi baduzu beherago duzun ERANTZUN atalean sakatu. Informazio pertsonalagoa eskatzeko, berriz, sakatu HEMEN.



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1051523328