Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen Etxea

erabili.com / Hizkuntza / 2003-04-07 / 09:00


Pello Salaburuk, berrikitan argitaratu duen liburuan, Euskararen Etxearen barrunbean azken hogeita hamar urteotan gertatu den aldaketa du aztergai. Aldaketa horren argi eta ilunbeak, askabide eta korapiloak:"Galderak egiten badira konponbideak aurki daitezke; aldiz, dena ongi dagoela pentsatzen badugu, edo uste baldin badugu galderak egiteak bakarrik, konponbideak zein diren esan gabe, ez dela gauza ona, eta hori egurra ematea besterik ez dela, sentitzen dut bat ez etortzea. Arazoen konponbidearen abiapuntua, arazorik badela onartzen badugu segurik, jakina, galderetan dago, ez begiak itxi eta gertatzen den guztia udako ekaitza bezain naturala dela onartzean".



Itzal handiko gizona

Itzal handiko gizona

Azalpen sakonagoetan sartu aurretik, erabili.com-en irakurleen artean Pello Salabururen berri ez duenik balego, zera jakin beza: Pello Salabururen izena eta izana erabat uztartuta daudela euskarari eta euskararen azken urteotako bilakaerari (besteak beste, hizkuntzalaria, euskaltzaina, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia eta Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Batzordearen burua dugu gaur egun).

Denboraren joan-etorritik

Pello Salaburu bere bizialdia oinarri hartuta mintzo zaigu, euskararen azken hiru hamarkadetako nondik norakoei buruz: Euskararen Etxea liburuan barrena, bertatik bertara bizi izandako gertaerak bere hausnarketen iturri bihurtzen ditu behin eta berriro. Eta, nabarmendu beharra dago, gertaera horien bidez, gutxi-asko, euskaltzale den orok ikusiko duela bere burua antzeko gertakariren batean islatuta.

Euskarak aurrera egin du

Pello Salaburu liburuaren atarikoan baikor mintzo zaigu euskarak azken bizpahiru hamarkadetan eginiko ibilbideaz: "Euskara menditik hirira eraman genuen, gu ere gazte sentimentalak baikinen: baserritarren behitegietatik medikuen kontsultazioetara, zikin mantxarik gabeko arto landetatik unibertsitateko arlo landuetara, udako belai beroetatik notarioen gela airez girotuetara, eta apaizen predikuetatik hizkuntzaren industria berrietara, ordenagailuetara eta Internetera, zer deabru, Australian ere jakin dezaten zer egiteko gai garen hemen."

Ondoren, Euskararen Etxearen estraineko lau tesiak aurkeztuko dizkigu:

  1. Euskarak inoiz ere izan ez duen presentzia du gizartean.
  2. Euskara aurrean da gizarte maila guztietan.
  3. Literatura inoiz baino hobea egiten da gaur egun.
  4. Euskarak aurrera egin du.

Lehendabiziko lau tesi horiekin Pello Salaburuk zera argitu nahi du: "Itsu eta atzenkor egon behar du batek, edo bi begiak lausoturik izan gutxienez, hizkuntza kontuetan oraingo egoera eta orain dela hogeita hamar bat urtekoa berdintsuak direla pentsatzeko."

Euskara hedatzeak kostua izan du

Behin euskarak aurrera egin duela berretsi ondoren, argitan ibiltzeak itzala berekin duen bezalaxe, euskararen aurrerabide distiratsuaren itzalpean, erdi ezkutuan, ditugun hainbat gorabehera hartzen ditu mintzagai:

Zerrendatu eta aipatu ditugun hauek Euskararen Etxean han-hemenka aletuta eta jorratuta dauden aztergaien erakusgarri xume besterik ez dira. Liburuan, esan beharrik ez dago, horietaz gain, badira euskararen guztionganatzearen harira zabal-sakonean jorratutako aztergai gehiago.

Euskara beharrezkoa dugu, baina ez euskara bakarrik

Pello Salabururen aburuz, "Oso argi dut kulturaren parte handi bat "Espainia" deitzen dugun hortik datorkigula, nola Baionan bizi den euskaldun eta euskaltzale bati bere kulturaren zati bat, txikia ez dena, Frantziatik heldu zaion." Eta aurrekoaren ondotik zera gaineratzen du: "Hizkuntza kontuetan nik ez dut inor ere ito nahi, ez dut dudan aberastasun bati uko egin nahi: gehitu nahi ditut, ez dut kenketarik nahi kontu hauetan, eta saiatuko naiz jendeak hau pentsa dezan. Euskara zerbait izatekotan, gizarte elebidun batean izango da edo ez da deus ere izango."

Pello Salabururen Euskararen Etxea irakurri ahala hausnar egiteko liburu baten aurrean zaudela ohartuko zara. Hausnarketa, berriz, alde bikoa izango da: liburu egilearena berarena eta irakurlearengan sortarazten duena. Izan ere, irakurle, konturatu ere egin gabe, zeure buruarekin gogoetan jarriko zaitu Euskararen Etxea liburuak.

Euskararen Etxeari buruz argitaratuak

Hona hemen erabili.com-en Euskararen Etxea liburuari buruz argitaratu ditugunak (irakurtzeko gainean sakatu):

  1. Pello Salaburu: Euskararen mundu ofiziala itogarria da (elkarrizketa)
  2. Euskara maila guztietara hedatzeak kostua izan du (5. kapitulua)
  3. Hizkuntza Kontuetan sinbolismoak indar gehiegi du (11. kapitulua)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1046856233