|
Zein begirekin begiratzen den, halaxe ikusten da mundua. Horixe gertatzen da sareratuta dauden web orriak ikusteko erabiltzen dugun sare-ibilgailuarekin. Gaur egun, sare-ibilgailurik erabiliena Microsoft Internet Explorer dugu: sarean harat-honat ibiltzeko, munduko ordenagailuen %90ek erabitzen du. Baina, badira sareratuta dagoen mundua ikusteko tresna gehiago: horietako bat, herensuge itxurapean, euskaraz mintzo da eta Mozilla du izena.
Katetik askatutako herensugea
Katetik askatutako herensugea
Microsoft etxea oso berandu sartu zen sareaz nagusitzeko lehian: 1995. urtean hutsaren hurrengo zen arlo horretan. Ordurako Netscape Comunications etxeak aurrea ondo hartua zion, izan ere, 1996an, sarean ibiltzeko, %70ek Netscape Explorer sare-ibilgailua erabiltzen zuen. Baina, Microsoft-ek, zein baino zein, gogor erasotu zuen: Windows sistema eragilearekin uztartuta, Internet Explorer sare-ibilgailua doan banatzen hasi zen. Denbora kontua besterik ez zen izan, izan ere, munduko ordenagailu berri guztietan Windows sistema eragilearekin batera ezartzen baitzen Internet Explorer sare-ibilgailua. Zazpi urte geroago, 2002an hain zuzen ere, Netscape Explorer sare-arakatzailea %7k erabiltzen zuen eta Internet Explorer, berriz, %90ek: Microsoft "Sareen Sarean" jaun eta jabe bihurtu zen.
Netscape Comunications etxea berehala ohartu zen nahitaez gertatu behar zuenaz eta, erasoari erantzun nahian-edo, 1998ko martxoaren 31an, Mozilla aurkeztu zion munduari: bere sare-ibilgailuaren iturburu kodeak argitaratu zituen eta ordurarte merkatu-trukerako garatutako teknologia guztia doan eskuratzeko aukera eman zion munduari. Netscape Comunications etxeak ordurarte giltzapean zeuzkan iturburu kodeak erabateko askatasun eta eskuragarritasunean jarri zituen, Mozilla izeneko egitasmoari hasiera emateko.
Zer da Mozilla
Mozilla egitasmo bat da eta, aldi berean, bere baitan, egitasmo multzo bat ere besarkatzen du:
- Egitasmo zabala da: Mozilla izeneko sare-ibilgailua hobetzeko eta eraikitzeko aukera munduko edozein herritarri ematen zaio. Nahi duenak Mozilla hobetzeko bere ekarpena egitea dauka; horrela, sare-ibilgailua etengabeko hobekuntzan murgilduta dago.
- Erabateko eskuragarritasuna du: Mozilla sare-ibilgailua edozeinek eskuratu eta erabil dezake. Doanekoa da eta ez du inolako erabilera mugarik.
- Lan emaitzak antolatzeko gune bat du: Mozilla sare-ibilgailuaren egitasmo osoa (iturburu kodeak, lan-tresnak, liburutegiak eta bere baitako fitxategi guzti-guztiak) www.mozilla.org helbidea duen web gunean dago. Era berean, hobekuntza guztiak bertara bidali behar dira eta lantalde bat dago iristen diren berrikuntza guztiak aztertzeko eta Mozillari txertatzeko.
- Egitasmoa irudikatzen duen herensugearen izena: egitasmoa herensuge baten bidez irudikatu dute eta, jakina, herensuge horrek Mozilla du izena. Izen hori, Netscape etxeak bere hastapenetan kaleratu zuen lehendabiziko lan emaitzaren izena izan zen, enpresak mundura ekarri zuen lehenengo umearen izena, nolabait esatearren.
Laburbilduz zera esan genezake: Mozilla egitasmoak mundu mailako auzolana bultzatu nahi duela, denon lanarekin, denon mesederako sare-ibilgailurik hoberena lortu ahal izateko.
Teknologia gizarteratzea
Hala ere, aurreko guztiaz gain, Mozillak munduari eskaintzen dion aurrerapausorik garrantzitsuena zera da:
- Azken teknologien ate-leihoak zabal-zabalik uzten ditu, ez bakarrik sare-ibilgailu bat garatzeko, baizik eta, Mozillak lanerako eskaintzen dituen lanabesekin web edo sarearen garabiderako edozein baliabide sor daiteke.
Eta azken batean, horixe da, Mozillak gizateriari egiten dion ekarpenik garrantzitsuena: teknologia gizarteratzea, nahi bezala eta inongo mugarik gabe erabilia izan dadin.
Elbarri jaiotako herensugetxoa
Mozilla herensugea, neurri batean, elbarrituta jaio zela esan genezake:
- Hasiera batean, Netscape etxeak bere jabetzako iturburu kodeak bakarrik argitaratu zituen. Izan ere, merkaturatuta zeukan azken sare-arakatzaileak (Netscape Communicator 4) beste etxe batzuk garatutako tresna edo atal osagarriak ere baitzituen.
- Beste enpresetan egindako atal osagarriak 75 ziren. Netscape etxea banan-banan jarri zen harremanetan atal osagarri horien jabe ziren enpresekin Mozilla egitasmoarekin bat egin zezaten eta beraiek garatutako iturburu kodeak giltzapetik ateratzeko eskatu zien. Baina denak ez ziren ados eskariarekin eta Mozilla herensugetxo jaio berria oinarrizko zenbait atalik gabe munduratu zen.
Lehendabiziko pausoak oinez ibiltzen ikasteko
Mozillak Sareen Sareetatik ibiltzen ikasteko, ondorengo pausoak eman zituen, beti ere, mundu osoko laguntza eta auzolanarekin:
- Web orriak ikusteko HTML motorra berritzeari ekin zioten: Web orrietarako ikusgailu berriari Gecko jarri zioten izena eta sarean ezarritako azken-azkeneko mintzairak ulertzeko gai da. (erabili.com ataria ere hobeto ikusiko duzu Mozilla erabiltzen baduzu; izan ere, Internet Explorer sare-arakatzailearekin zenbait gauza ez baitira behar bezala ikusten).
- Segurtasun-tresnak sortu zituzten: batetik, web gune seguruekin estekatu edo lotu ahal izateko; bestetik, posta-elektronikoa sinadura digitalarekin sinatzeko; eta, besteak beste, egiaztagiri digitalak egin ahal izateko ere bai.
- Mozillaren itxura norberak nahi bezala disenaitzeko tresnak asmatu zituzten: Mozilla sare-ibilgailuak, gure begi aurrean dugunean, nolako itxura izatea nahi dugun, halaxe diseinatzeko aukera ematen zaigu XUL tresnen bitartez.
- Mozillari buruzko berriak ematen dituzten web guneak sortu zituzten: Mozillak abian dituen egitasmoen baitako nondik norako guztien jakinaren gainean izateko (besteak beste, MozillaZine eta MozillaNews).
- Mozillarekin lotura duten egitasmoak laguntzeko web gunea jarri zuten: MozDev web gunea sortu zuten Mozilla hobetzeko ideiak zituztenei laguntzeko. Besteak beste, web gune honek doaneko web orriak ematen dizkie Mozillaren garapenaren aldeko egitasmoak abian jartzen dituzten guztiei (gaur egun, Mozillaren garapenerako, 60 egitasmok baino gehiagok dihardute aldi berean).
Zer du Mozillak guretzat
Mozillak, beste sare-ibilgailuekin alderatuz gero, abantail hauek eskaintzen dizkigu:
- Sarean ibiltzeko baliabiderik onenak eskaintzen dizkigu salneurririk hoberenean: erabat doan.
- Sarean gabiltzala, bat-batean eta gure baimenik gabe, nonahi zabaltzen diren iragarkidun leihoak (pop-ups) ez azaltzeko aukera emango digu Mozillak. Alegia, guk nahi ez badugu, leiho horiek ez dira zabalduko.
- Zenbait web gunetako irudiak blokeatzeko aukera. Oso baliabide egokia da iragarki-bandak ezkutarazteko.
- Sarean ibiltzeko, nahi adina webgune beste horrenbeste fitxatan ikusteko aukera izango dugu Mozillarekin (esate baterako, lau web orrialde lau fitxetan aldi berean zabalik edukitzeko aukera ematen digu Mozillak). Sare-ibilgailuetan gaur egun Mozilla da aukera hau duen bakarra.
Baliabide gehiago ere baditu
Mozillak, sare-ibilgailuarekin uztartuta, baliabide edo tresna gehiago ere jartzen ditu guztion eskura:
- Posta elektronikoa jasotzeko eta igortzeko programa bat. Mozillak daukan ePosta kudeatzailea gaur egungo onenetakoa da. Aspaldiko arazo bat ere konpondu digu: ePosta bidez jasotzen dugun zaborra (spam) automatikoki identifikatzeko aukera ematen digu. (programan bertan laguntzaile bat ere badago, pausoz pauso adieraziko dizuna, non zein kode jarri behar duzun, zure postontzia abian jarri ahal izateko).
- Web orriak egiteko programa bat.
- Txaterako programa bat.
- Babeserako eta segurtasunerako lanabesak (esate baterako, posta elektronikoaren programak birusen aurkako babes-neurri oso zorrotz eta eraginkorrak ditu).
Erabat moldagarria da
Microsoft etxearen Internet Explorer sare-arakatzailea ez bezala, Mozilla ez dago inongo sistema eragileren morrontzan, alderantziz, erabat moldagarria da gaur egungo ordenadoreetan erabiltzen diren sistema eragile guztietara: orotara 16 sistema-eragiletara molda daiteke (Linux, Windows, Macintosh...).
Gainera, beste edozein sare-ibilgailurekin batera ere erabil daiteke. Beraz, ez dago inongo arazorik ordenadore berean, esate baterako, Internet Explorer eta Mozilla sare-ibilgailuak, bata zein bestea, elkarren ondoan edukitzeko eta erabiltzeko. Erabiltzaileak, era honetara, eginbeharraren arabera, bata edo bestea aukeratzea izango du edo biak aldi berean erabiltzea ere bai.
Sarearen kalterako joerak
Internet edo Sareen Sarea hasera-haseratik harremanetarako gune bihurtu zen. Era berean, ordenadore eta sistema guztientzako moldatu zen hasera-haseratik. Elkar ulertzeko, berriz, Sareari lotuta dauden ordenadoreek mintzaira bat bera erabiltzen dute eta, hain zuzen ere, mintzaira horren garabiderako, Tim Berners-Lee-k, Sarearen sortzaileak, Word Wide Web Consortium erakundea sortu zuen. Erakunde honen eginkizun nagusia Sarean elkar ulertzeko erabili beharreko mintzaira garatzea eta finkatzea da.
Baina, zoritxarrez, Microsoft Explorer sare-arakatzailea Sarean nagusitu denetik joera kezkagarriak antzeman dira han hemenka: zenbait web guneren disenatzaileek Microsoft Explorer sare-ibilgailuarentzat bakar-bakarrik diseinatzen dituzte web guneak. Adituen arabera, Microsoft Explorer-ak ez du bete-betean Sarearen mintzaira errespetatzen eta, horren ondorioz, web atari horiek ezin dira behar bezala ikusi beste sare-arakatzaileekin.
Mozillak, berriz, Sarearentzat finkatutako mintzairaren erabateko errespetuan jardutea du helburu eta Sare mintzairaren garabiderako finkatu diren jarraibide guztiak, baita azken ordukoak ere, estu-estu betetzen saiatzen da. Arlo honetan esan beharra dago Mozilla dela Sarean oinarrizko mintzairak eskatzen dituen betebeharrak hobekien betetzen dituen sare-arakatzailea.
Herensugea baldartu egiten da batzuetan
Internet Explorer eta baita Mozilla sare-arakatzaileari ere, zera leporatzen zaie: toki handia behar dutela ordenadorean eta azken belaunaldiko ordenadoreetan ez bada, zaharragoetan, behintzat, makal antzean ibiltzen direla, memoria eta prozesadore indartsuak behar dituztelako.
Mozillak horixe du luze baino lehen gainditu behar duen erronka: sare-ibilgailu arinagoa lortzea munduko ordenagailu guztietara iristeko, hirugarren mundukoetara ere bai.
Dagoeneko, korapilo honi eta beste askori askabidea aurkitzeko, Mozillaren garabidearekin interesa duten erabiltzaileak ari dira auzolanean eta, interes komertzialak tarteko, zenbait enpresa indartsu ere bai (Sun, RedHat, Nokia... )
Mozilla euskaraz mintzo da
Euskal Herrian LibreZale.org informatikazale talde euskaldunak hartu du bere gain Mozilla Euskaraz proiektua bultzatzeko ardura.
Sarearen txoko honetan Mozillak euskaraz jardun dezan auzolana eta elkarlana garatzeko foro bat antolatu dute. Laguntzeko prest dagoen edozeinek eman dezake bere iritzia Mozilla euskaraz hitz egiten jartzeko aukeratu beharreko hitzei eta hitz kateei buruz. Era berean, arazo teknikoei konponbidea ematen ere lagun daiteke. Zuk ere lagundu nahi baduzu, hortxe duzu aukera.
Informatikaren esparruan ere, euskarak aurrera egitea nahi badugu, GU GEU GARA BIDEA.
Mozilla euskaratzeko ekimenari buruzko argibide gehiago nahi badituzu sakatu HEMEN.
Zer egin euskaraz mintzo den Mozilla lortzeko
Oso erraza daukazu: sakatu HEMEN eta bertako argibideak jarraitzea besterik ez duzu.
|