Mikel Zalbide Elustondo
MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Euskara Zebitzuaren burua da. Euskaltzaindiak 2006-04-27an euskaltzain oso izendatu zuen.
Donostian jaioa, 1951n. Nafarroako Unibertsitatean burutu zituen ingeniaritzako goi-ikasketak. Gazte-gaztetandik euskarak bete gabe zituen alorrak hornitzeko lanean jardun zuen. 1972an, artean ikasle zelarik, Elhuyar Kultur Elkartearen sortzaileetakoa izan zen: zientzia-tekniken alorreko lehen euskal aldizkaria sortzeaz gainera, irakaskuntzarako hainbat material prestatzen eta hitz-eraketazko azterlanak bideratzen hartu zuen parte.
1978an, Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Institutua (UZEI) sortu zenetik, zientzia-tekniken alorreko arduradun teknikoa izan zen. Bertan jardun zuen lanean, besteak beste, Fisika, Kimika eta Matematika hiztegiak prestatzen, eta lexiko-sorkuntza erabideen aztertzaile eta ikastaro-emaile. Halaber, maileguzko hitzen idazkeraz eta ebakeraz UZEIn eginiko sistematizazio-lanaren egile dugu.
Euskal Unibertsitatea eratzeko ekimenaren partaideetako bat ere izan zen, 1979tik aurrera. Autonomia aurreko Eusko Kontseilu Nagusiak eta Bilboko (gero Euskal Herriko) Unibertsitateak sorturiko Batzorde mistoaren kidea izan zen. Euskal Unibertsitaterako Planifikazio-batzordea zuen batzorde misto horrek izena, eta horren barruan unibertsitate alorreko hizkuntza-normalkuntza bideratzeko azpibatzordea sortu zen: euskal kulturarekiko unibertsitate-beharrizanen lan-taldea. Lan-talde horren arduraduna izan zen.
1981. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean ari da lanean, hasieratik Euskara Zerbitzuaren buru delarik. Erantzukizun horretan, Administrazioak euskararen ikaskuntza eta ezagutza ereduak finkatzeko egitasmorik nagusienetan esku hartu du. Aipatzekoa da eragin zuzena izan duela EGA tituluaren, HE1 eta HE2 hizkuntza-eskakizunen, eta IRALE programaren sorreran.
Pedagogia eta hezkuntzaren esparruan, berriz, hainbat egitasmo martxan jartzeko lan-taldeetan izan da: EIMA programa (Euskal Ikasmaterialgintza), Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako ikasliburuak, ikus-entzunezko eskola-materialak eta softwarea sortu eta hizkuntzaren kalitatea zaintzeko; NOLEGA programa eta ULIBARRI proiektua, eskola-giroan euskararen erabilera indartzeko; Hezkuntza Administrazioa Euskalduntzeko Plana. Halaber, A, B eta D ereduen hizkuntzazko gaitasun-ondorioak ateratzea eta hobekuntza-neurriak proposatzea izan da bere eginkizunetako bat.
Esperientzia hori guztia bilduta, soziolinguistikaren alorrean ere aritu da eta euskarak munduko beste eremu urriko hizkuntzekin batera dituen arazoen teoria eta praktika aztertu ditu. Horrek hamaika kongresu eta topaketatara eraman du, Euskal Herrian eta Europan barna.
1983. urtean, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak. Erakundearen baitan lan oparoa egin du, lexikologia eta hiztegigintzaren aldetik batik bat: Hiztegigintza batzordearen kide izana da hainbat urtez, baita Jagon Saileko kide ere. Batean zein bestean, bertako idazkari izana da zenbait urtez.
Bestalde, Euskaltzaindian bertan, LEF (Lexiko Irizpideen Finkapena) batzorde-atalaren gestio-arduradun izana da. Langintza horren ildotik garatu ziren maileguzko hitzen idazkera, Orotariko Euskal Hiztegia proiektua eta EEBS (Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa) egitasmoa.
Hitz egiten eta idazten dakien hizkuntzak: euskara, gaztelania, alemana eta ingelesa.
Argitara emandako lanak:
- Liburuak
- Egile moduan:
- (1978) Matematika: hiztegia, hizkera, irakurbideak. Donostia: UZEI
- (1981) Maileguzko hitzak: idazkera eta ebakera. Donostia: UZEI.
- (1987) Hitz-elkarketa 1. LEF batzordearen lanak. Bilbo: Euskaltzaindia.
- (1990) Euskal Irakaskuntza: 10 urte. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- (1990) 10 años de enseñanza bilingüe. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- (1992) Hitz elkartuen osaera eta idazkera: LEF batzordearen emaitzak, Euskaltzaindiaren gomendio-arauak. Bilbo: Euskaltzaindia.
- Elkar-lanean:
- (1987-1998) EIMA programa: euskal ikasmaterialgintza. Euskarazko ikasmaterial idatzien, ikus-entzunezkoen eta hezkuntza-sofwarezkoen hamahiru bilduma-liburu. Kasuan kasuko argitalpenaren arduradun, egile edo zuzentzaile. Guztiak Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- (1993) Hezkuntza-administrazioko hiztegia / [Ibon Olaziregi, Joxe Mari Berasategi eta Mikel Zalbide]. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
- Artikuluak eta txostenak
1977tik hona ere idatzi ugari argitara eman ditu, besteak beste, Elhuyar, Euskera, European Bureau for Lesser Used Languages, RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos), International Journal of the Sociology of Language agerkarietan. Hiztegigintza, hizkuntza-normalkuntza, euskararen egoera, zientzia hizkuntza eta irakaskuntza izan dira gai nagusiak.
1)
2)
|