Eleka Ingeniaritza Linguistikoa
ELEKA S.L. Ingeniaritza linguistikoan garapen berritzaileak egiten dituen enpresa da: jakintza kudeatu eta informazioaren teknologiak aplikatzen dituzten enpresa eta erakundeentzako I+G+B irtenbideak eskaintzen ditu.
Eleka bi talderen ekimenaz sortutako enpresa da: IXA Taldea eta Elhuyar Fundazioa.
Errendimendu Handiko Taldea izendatu du Eusko Jaurlaritzak EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldea. Talde horrek 13 urte eman ditu ingeniaritza linguistikoaren arloan ikertzen, behar dokumentalei eta linguistikoei aurre egiteko teknologiak eta irtenbideak garatzen.
Urte horietan hainbat produktu garatu dira, hala nola, Xuxen -Worden txertatutako euskarazko zuzentzaile ortografikoa-, lematizazioan oinarritutako Interneteko bilatzaileak, edo tresna linguistikoak -lexikografiaren arlotik hasita, telefono mugikorren arlora bitartekoak-.
Horri Elhuyar Fundazioak hizkuntzaren esparruan hogeita hamar urtean metatu duen esperientzia ere gehitzen zaio. Hogeita hamar urteren buruan, Euskal Herriko hizkuntzalaritzaren arloan enpresa aitzindaria da Elhuyar; besteak beste, hiztegi eleanitzak eta terminologikoak argitaratu, hizkuntz aholkularitzako zerbitzuak eskaini, eta CD-ROM zein Internet formatuetan argitaratzen ditu produktuak. Bestalde, Elhuyarrek enpresaren eremuan duen esperientzia ere ekarri dio Elekari, bezeroaren behar bereziei irtenbidea bilatzera bideratuko baitu enpresa-eredua.
Bi talde sendo horiek, IXA eta Elhuyar, dira Elekaren oinarriak. Era horretara, teknologia linguistiko estrategikoak garatzeko eredu aitzindaria da Eleka.
1)
|