Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Festa giroan bukatu dira Udal Euskaltegiaren 25. urteurreneko ospakizunak

Azpeitiko Udal Euskaltegia / Euskaltegia / 2010-06-23 / 13:11


Lehengo eta oraingo ikasle, irakasle, langile eta ordezkari politikoak, guztira 80 lagun inguru, elkartu ziren joan den larunbatean (2010-6-19) Kiruri jatetxean egin zen bazkarian.



Ikasturteko eskolak amaitzear, Azpeitiko Udal Euskaltegiak joan den astebukaeran agurtu zituen bere sorreraren 25. urteurrena ospatzeko antolaturiko ekitaldiak. 2009-2010 ikasturtea berezia izan da Euskaltegiarentzat; joan den udazkenetik hasita, hainbat ekitaldi eta hitzordu berezi izan dira, Euskaltegian bertan zein kanpoan, sorrerako mende laurdena gogoan.

Azken hitzordua, azken festa, ospakizunen bukaerako bazkaria izan da. Lehengo eta oraingo ikasle, irakasle, langile eta ordezkari politikoak, guztira 80 lagun inguru, elkartu ziren joan den larunbatean (2010-6-19) Kiruri jatetxean egin zen bazkarian.

Omenalditxoa, bertsoak eta festa

Denetarako tartea izan zen larunbateko bazkarian; besteak beste, aspaldiko lagunak agurtzeko. Orain dela 25 urte Azpeitian Udal Euskaltegia martxan jarri zuten lau irakasleak han ziren: Patxi Saez, Kontsuelo Gorostidi, Pello Elorza eta Ane Amondarain (hurrenez hurren, goiko argazkian).

Hasierako haietatik bi, Pello Elorza eta Patxi Saez, Euskaltegia sortu zenetik gaur arte ibilbide osoaren parte eta lekuko izan diren bakarrak dira. Hori dela eta, gaur egungo lankideek omenalditxoa eskaini zieten, bazkaritara elkartutako gainerako guztien laguntzaz, bertso eran.

Gorka Tolosa irakasle ohiak ere bertso bidez egin nahi izan zuen oso txalotua izan zen ekarpena. Bederatzi bertsotan laburbildu zituen Euskaltegiaren ibilia eta berak han ezagututakoen aipamena. Horietako lau ekarri ditugu hona:

Hona istoritxoa
gutxi gora-behera;
behintzat kontatutako
gauzen arabera.
Barrakoi batzuetan
izan zen hasera:
neguan hozkailura
udaran labera,
hotza bezain beroa
dalako euskera.

Patronatura heldu
ginan azkenean.
Leku atsegin, goxo
epel bat finean.
Baina musika-eskola
jarri zan gainean:
Perkusioa ostegun
ta astele(h)nean.
Euskera ikasteko
erritmo onean.

Ikaslea zu beti
bertatik-bertara.
Urrundik etorriak
zenbaitzu bertara.
Gelan zenbat nerbio
ta zenbat algara!
Gozagarri bihurtu
dadila euskara
zaila baita ikasten
maitatzen ez bada.

Eta azkena zuri
aipatuz ostera.
Nahiz eta egon ume
jipoitu antzera.
Gehitxotan negozio
iturri gainera,
Baina zeran bezela
zeralako zera.
Bihotzez maitte zattut,
muxu bat euskera.

Bertsotarako ez ezik, dantzarako eta algararako tarterik ere ez zen falta izan. Giro ona nagusitu zen, eta amaiera polita izan zuten horrenbestez 25. urteurreneko ospakizunek.


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1277291474