|
Azpeitiko Udalak udal barneko euskararen erabilera planaren aldi berria onartu berri du. 2010eko maiatzeko Udalbatzarrak onartu zuen 2010-2012 eperako plangintza, eta gaur (2010-6-11) egin dute edukiaren aurkezpena Euskara Patronatuan. Albiste honetan irakur dezakezue plangintza berriaren azalpen-txostena.
Ana Mendizabal Euskara batzordeburuak azaldu duenez, orain indarrean dagoen plan berria "aurreko legealdian hasitako planaren jarraipena" da. Mendizabalak esan du aurreko udal agintaldian "urrats handiak" egin zituztela: "Ia jarduera guztia euskaraz egitera iritsi gara. Oraingo planarekin, hutsuneak bete eta jarduera osoa euskaraz egitea izango da helburua".
Patxi Saez, Euskara Patronatuaren zuzendaria ere bat etorri da Mendizabalekin, 2010-2012 eperako plangintzaldia orain arte egindako lanaren "azken txanpa, errematea" izango dela esaterakoan. Azpeitikoa euskararen erabileraren normalizaziorantz "seguruenez" urrats gehien egin dituen bere mailako udala izango dela nabarmendu nahi izan du Saezek.
Udal barneko erabilera plan berriaren tajuketa UEMAko teknikari den Miren Segurolak mamitu du. Bost hilabetez, kanpora begira zein udal barruan Azpeitiko Udalean egiten den euskararen erabilera neurtzeko datu bilketa burutu du UEMAk. Segurolaren hitzetan, datu bilketa horrek "erakutsi du Udala aurretik pauso asko emandakoa dela. Baina benetan ikusi nahi zena zen erabilera hori norainokoa den".
Langileei dokumentuak eskatuz, langileei galdetegi bat luzatuz eta hizkuntza paisaiaren behaketa eginez burutu dute datu bilketa eta, "orokorrean emaitzak oso onak" izan badira ere, "normaltasunez euskaraz lan egiteko ezintasuna dakarten hainbat elementu" ere identifikatu dituztela adierazi du Segurolak.
Neurketaren emaitzak, identifikatu diren hutsune horiek eta hutsuneak konpontzeko proposatu diren neurriak, 2010-2012rako Udal barneko erabilera planaren edukia, jarraian irakur dezakezue, osorik.
Udal barneko euskararen erabilera plana 2010-2012
Sarrera
0. AURREKARIAK
Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak, azaroaren 24ko 10/1982 zenbakidunak, herritarren hizkuntz eskubideak aitortu eta herri-aginteek hizkuntzaren alorrean dituzten betebeharrak ezartzen ditu.
Legearen 14. atalak herritarrei administrazioarekiko harremanetan aitortutako hizkuntz eskubideak bermatzeko, administrazioaren zerbitzupeko pertsonala arian-arian euskalduntzea aurreikusten du; baita administrazioetako plantiletan bi hizkuntza ofizialen ezagutza derrigorrezkoa duten lanpostuak finkatu beharra ere.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 legearen V. Titulua eta hau garatzeko Eusko Jaurlaritzak herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko onartutako erreglamenduzko arauak euskararen ofizialtasunak funtzio publikoaren eremuan izan beharreko isla ez ezik, herri-administrazioetako euskararen erabileraren normalkuntza-prozesuaren oinarri ere badira.
Honi loturiko lehen plangintzaldian (1990-1995) euskal herri-administrazioetako euskararen erabileraren normalkuntza-prozesuaren helburu nagusia izan da administrazioaren giza bitartekoak arian-arian euskaraz ere jarduteko gaitzea.
Bigarren plangintzaldia araupetzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko 86/1997 Dekretuak, apirilaren 15ekoak, elementu berriak erantsi zizkien lehenengo plangintzaldiko arauei.
Izan ere lehen plangintzaldian aurrerapauso nabarmenak eman baziren euskarazko hizkuntz gaitasuna duten langileen kopuruan, 2. plangintzaldi hartan administrazioaren baitan euskarazko erabilera areagotzeko ardura eta, hori lortzeko, neurri osagarriak hartu beharra azaldu ziren, hots, euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu beharra ezarri zien euskal herri-administrazio guztiei.
Horiek horrela, Azpeitiko Udalak udal barneko euskararen erabilera plana tajutzeko erabakia hatu zuen lehenengoz 1997ko abenduaren 23an. Lehenengo lana bideragarritasun txostena egitea izan zen, eta 1998ko uztailaren 22an onartu zuen txosten hura Osoko Bilkurak. Ondorio haietatik abiatuta, 2000. urtean, erabilera planari berriz ekiteko erabakia hartu zuen Udalak, eta Udaleko erabilera neurtzeko datu bilketa egiteari ekin zitzaion. Eta datu haietan oinarrituta, udal-langileentzako normalizazio ekintzak proposatu ziren.
Urrats horiek emanda, 2003ko abenduaren 3ko udalbatzak erabilera planaren garapenari ekiteko erabakia hartu zuen. Plan hori lehen urteetan udal langileen trebakuntza eta formakuntzan oinarritu bada ere, 2005. urte amaieran, udalaren jardunerako hizkuntza irizpideak lantzeari ere ekin zitzaion eta 2006ko irailaren 7ko udalbatzak Azpeitiko udal erabilerarako hizkuntza irizpideak aho batez onartu zituen.
Bide beretik, 2008ko apirilean Azpeitiko Udalak UEMAn sartzeko erabakia hartu zuen. UEMAren zeregin nagusietako bat da, Udalak euskararen normalizazio prozesuan eredu izatea. Horiek horrela, 2009an Azpeitiko Udalak euskararen erabileraren neurketa berria egin, eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko erabakia hartu zuen.
Txosten honen helburua da, beraz, laugarren plangintzaldiaren hasieran, 2008ko abenduaren 18an, Osoko Bilkurak onartu zuen 4. plangintzaldirako proposamena zehaztea, eta plangintzaldi amaierara arteko neurri zehatzak proposatzea. Hala, udal erabileraren neurketa batekin abiatu, datu bilketa horretan ateratako emaitzak erakutsi, datu horien balorazioa egin eta datozen 3 urterako neurriak proposatzea dagokigu segidan.
1. ERABILERA PLANAREN HELBURUA
Azpeitiko Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da euskara plan honen helburu nagusia, bai zerbitzu-hizkuntza bai lan-hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko.
Euskara plan honen helburu estrategikoek helburu nagusia lortzeko landu beharreko ildo nagusiak markatuko dituzte:
- Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu-hizkuntza izan dadin bermatzea, beti ere herritarren hizkuntz eskubideak errespetatuz.
- Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izan dadin bermatzea.
- Euskara administrazio barneko lan-hizkuntza izan dadin bermatzea.
2. METODOLOGIA
Aurretik egin zen Udaleko erabilera plana Eusko Jaurlaritzak sortutako AEBEMET metodologian oinarrituta egin zen. Metodologia hark udal jarduneko lan-jardun eta lan-urratsak aztertzeaz gain, beste hainbat arlotako datuak jasotzen zituen (hizkuntza gaitasuna, hizkuntza paisaia, barne harremanak, kanpo harremanak, hizkuntza irizpideak, baliabide informatikoak, e.a.).
Plan hau egiteko erabili dugun metodologia, aldiz, arloz arloko datu bilketan oinarritzen da, Eusko Jaurlaritzak IRATI aplikazio informatikoan proposatutako metodologiaren oinarrian, hain zuzen ere. Dena dela UEMAko euskara zerbitzuak sortutako aplikazio informatiko baten bidez kudeatu dira jasotako datu guztiak, IRATIk ez zituelako guk aztertu nahi genituen adierazle guztiak jasotzen. Izan ere, Azpeitiko Udaleko erabilera planaren datu bilketaren hasierak IRATIren sorrerarekin bat egin badu ere, unean-unean aldaketak izaten ari zen aplikazioa zela ikusita, geure aplikazio baten bidez hori kudeatzea egokiagoa ikusi zen.
Ezaugarriak:
- Erakunde osoa hartzen du kontuan: egitura, funtzionamendua eta administrazio atalen egoera.
- Administrazio atalak eta horiek osatzen dituzten langileak hartzen ditu planaren eraginpeko subjektu gisa.
- Udalaren ohiko funtzionamenduko 13 esparru hartzen dira aintzat:
- 1. Hizkuntza gaitasuna
- 2. Ahozko jarduna
- a. Erakundearena
- b. Planaren eraginpeko langileena
- 3. Idatzizko komunikazioa
- a. Erakundearena
- b. Planaren eraginpeko langileena
- 4. Itzulpenak
- 5. Langileen prestakuntza orokorra
- 6. Tresna eta aplikazio informatikoak
- 7. Internet eta intranet sareak
- 8. Argitalpenak
- 9. Hizkuntza paisaia
- 10. Iragarpen eta publizitate kanpainak
- 11. Diru-laguntzak
- 12. Kontratazio administratiboak
- 13. Hizkuntza irizpideak
- 13 esparru horietan oinarritutako adierazle sistema baten bidez jasotzen dira datuak.
- Planak egungo egoeraren argazkia, balorazioa eta aurrera begira hartu beharreko neurrien proposamena egiten du.
Prozedura eta edukiak:
3. AZPEITIKO UDALA
3.1. AZPEITIKO EGOERA SOZIOLINGUISTIKOA ETA DAGOKION HELBURU MAILAKATUA
Indarrean dauden azken datu ofizialen arabera (Eustat, 2001), honokoa da Azpeitiko egoera Soziolinguistikoa:
| 2 urte edo gehiagoko biztanleak, euskarako jakintza maila orokorraren arabera | 13.320 | | Euskaldunak | 11.689 | | Ia euskaldunak | 928 | | Erdaldunak | 703 |
Grafikoki ikusita:
Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua dagoeneko 4. plangintzaldian dago, 2008-2012ri dagokiona hain zuzen ere. Beraz, indarrean dagoen araudia betez, eta azken datu soziolinguistiko ofizialak kontuan izanda, Azpeitiko Udalari dagokion derrigortasun-indizea "euskaldunak + (ia euskaldunak/2)" % 91,23ko da (11. Art.), hortaz, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera, 4. helburu mailakatua betetzea dagokio 4. plangintzaldi honetarako (11.d artikulua)
3.2. ADMINISTRAZIO ATALEN SAILKAPENA
86/1997 Dekretuan (apirilaren 15ekoa euskaren erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena) administrazio-atalen izaeraren araberako hurrengo sailkapena jasotzen da:
- Jendaurreko atala: beren zeregin nagusia, ahoz zein idatziz, administratuarekiko harremanetan oinarritzen denean.
- Gizarte-izaerako atala: herri-administrazioaren harreman-sareak oso nabarmenak eta bereziki gizarte-mailakoak direnean.
- Atal Orokorra: bere zeregin nagusia batez ere administrazio barruko alorrean gertatzen denean.
- Atal berezia: atal berezitzat joko da bitarteko eta baliabideak eskaintzen dituzten atal zein zerbitzuak. Gehienetan, eskuz egindako lanak burutzen dituzte, besteak beste, eraikinen mantenimendu- eta kontserbazio-lanetan, obra, garbiketa eta abarretan, edo, bestela, lan teknikoak burutzen dituzte instalakuntza zein ekipoen, laboratorio eta antzekoen mantenimendu eta kontserbazio-zereginetan.
Azpeitiko Udalari dagokion 4. helburu mailakatuari lotuta, 86/1997 Dekretuak dioenari jarraituz, Udaleko administrazio atalak era honetan sailkatuko lirateke:
- Jendaurreko atalak: Alkatetza, Harrera-zerbitzuak.
- Gizarte-izaerako atalak: Kultura, Udaltzaingoa, Ingurugiro etxea, Kirol patronatua, Liburutegia, Gazteria, Gizartekintza eta Parekidetasuna.
- Atal orokorrak: Idazkaritza, kudeaketa, hirigintza eta kontuhartzailetza
- Atal bereziak: Zerbitzu orokorrak
Hamabost administrazio atal horiez gain, Azpeitiko Udaleko euskararen erabilera neurtzeko datu bilketa egiterakoan, Azpeitiko Udal finantzazioa duen Azpeitia Lantzen SAren datu bilketa ere egin dugu, egunerokoan eragin zuzena duelako funtzionamenduan, eta baita hango irizpideak Udalaren erabakiak medio zehazten direlako ere.
Plan hau egiterakoan, administrazio atalak hartu ditugu aintzat. Zeintzuk atal diren dagoeneko euskarazko atalak, zeintzuk betetzen dituzten euskarazko atal izendatzeko baldintzak eta zeintzuk baldintza horiek bete gabe ere dauden lanpostuetan lanean ari diren langileen gaitasuna dela eta euskaraz funtzionatzen jar ditzakegun. Izan ere, Jaurlaritzaren 2008ko abuztuaren 7ko 9/2008 ebazpena administrazio ataletan baino, lanpostuetan ari direnen hizkuntza gaitasunean oinarritzen da langileak planean sartu edo ez erabakitzerakoan.
Euskarazko administrazio-atalak
86/1997 Dekretuak ematen duen definizioari jarraituz, beren zereginak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan, batean zein bestean, betetzen dituzten administrazio-atalak izango dira administrazio-atal elebidunak. Beren zereginak batez ere euskaraz betetzen dituzten administrazio-atalak izango dira euskarazko administrazio-atalak.
Lehentasunak finkatzeko orduan, atalek, beren osotasunean, baldintzak betetzen ez dituztenean, azpiatalak egiteko aukera izango da.
- Baldintzak
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren iritziz, atala euskarazko atal izendatzeko kontuan hartu beharreko baldintzak hauexek dira:
- 1. Atala osatzen duten lanpostu denek edo ia denek (% 80ak) DD (derrigortasun data) izatea beren lanpostuetan.
- 2. Ataleko langile denek edo ia denek (% 80ak) nork bere lanpostuaren HE (hizkuntza eskakizuna) egiaztatuta izatea. 4HE duten lanpostuetan kontuan izango da langileak 3HE egiaztatuta izatea. (Atalen izendapena egiteko DD izan eta salbuetsita daudenak ere kontuan hartuko dira egiaztatze-kopuruaren aldetik, hau da, egiaztatuta izan behar dute benetako baldintzak betetzeko).
- 3. Atalburuak DD eta dagokion HE egiaztatuta izatea.
- Horrenbestez,
Azpian agertzen dena da, gaur egungo lanpostu zerrenda ofizialaren arabera Azpeitiko administrazio atalen sailkapena:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
- - ATALA: Administrazio atalaren izena
- - IZAERA: Administrazio atalak duen izaera
- - LANP. KOP.: Administrazio atal bakoitzean guztira dagoen lanpostu kopurua
- - LANP. HUTSAK: Zenbat lanpostu huts dagoen eta horietatik zenbatek duen derrigortasun data jarrita (DD+) eta zenbatek ez duen jarrita (DD-)
- - DD LANP.: Zk: zenbat derrigortasun data dauden jarrita atal bakoitzean
- %: derrigortasun data guztiak zati lanpostuak guztira
- - HE EGIAZT.:
- DD+: derrigortasun data ezarrita dutenetatik zenbatek egiaztatu duten (4HE badagokio eta 3HE egiaztatu badu, kontatu egingo da. Salbuetsiak egiaztatua izan beharko dute)
- DD-: derrigortasun data ezarrita izan gabe egiaztatu dutenak
- - EGIAZ.%: HE egiaztatuta dutenen ehunekoa: HE EGIAZTA. DD+ zati LANPOSTU KOPURUA (hutsak kenduta)
- - SAILKAPENA: noizko aurreikusten den euskarazko atal izendatzeko baldintzak beteko dituela
Atal bereziak
- Parekidetasuna: Indarrean dagoen lanpostu zerrendan sail hori agertzen ez bada ere, gaur egun sail modura funtzionatzen du eta lanpostu bat dauka bere baitan. Datu bilketan sartu egin dugunez, taula honetan ere nolabait agertzea nahi genuen.
- Gazteria: Gaur egun azpi kontratazio bidez kudeatzen da eta ez du lanposturik sail horrek. Dena dela datu bilketan sartu egin dugunez, taula honetan nolabait agertzea nahi genuen.
- * 15 izan arren dagokien HE egiaztatuta dutenak, udaltzain batek EGA agiria oraindik 3Herekin parekatzeko tramiteak egin gabe ditu. Horregatik agertzen da taulan 14
- Azpeitia Lantzen: Berez ez da Udaleko sail bat, diru publikoz kudeatzen den SA bat baizik. Baina datu bilketan sartu egin dugunez, taula honetan nolabait agertzea nahi genuen
Horiek horrela, euskara-planak era honetan eragingo du Azpeitiko Udalean:
11 administrazio atal aurreko plana egin zenetik euskarazko atal izendatuak ziren eta plan hau abiatzen denetik bertatik euskarazko atal izendatuta geratzen dira guztira 13 atal, beraz, atal horietako langileei zuzen-zuzenean eragingo diete hartuko ditugun neurriek. Oraindik, lanpostu zerrenda ofizialean ez egon, baina datorrenean egongo den Parekidetasun Saila ere sartu egin dugu, eta baita azpi kontratazio bidez kudeatu arren, sail modura funtzionatzen duen Gazteria ere.
Hala ere, hirigintza eta zerbitzu orokorretan ere neurriak proposatu egingo ditugu, batetik 2012rako euskarazko atal izendatzeko baldintzak betetzeko moduan egotera begira, eta bestetik, atalaren lan hizkuntza euskara izan dadin. Azpeitia Lantzeni begira aurrera begira hartu beharreko neurriak proposatuko ditugu.
Dena dela, plan honetan uztartuta jasoko ditugu aurrera begira hartu beharreko neurrien barruan atal zein Udalaren peko erakunde autonomoentzako ditugun proposamenak.
Egungo egoera, helburuak eta proposamenak
Hemen, Azpeitiko Udalean 6 hilabeteko epean egin den datu bilketaren emaitzen analisian oinarritutako argazkia ikusiko dugu, horren araberako helburuak finkatu eta horietara iristeko proposamenak zehaztuko dira.
1. HIZKUNTZA GAITASUNA
Hizkuntza gaitasunean neurtuko dugu, nolabait, Azpeitiko Udaleko langile eta hautetsiek euren lana euskaraz egiteko duten gaitasuna. Horretarako kontuan izango ditugu, dauden lanpostuak, lanpostu horiek derrigortasun data ezarrita duten edo ez, lanpostu zerrendan dauden langileek dagozkien HE egiaztatuta duten edo ez, eta, adinagatik salbuetsita dauden edo ez.
Adierazle horiek aztertzerakoan, ordea, kontuan izango dugu (nolabait aldaketa handiak daudelako batetik bestera) indarrean dagoen lanpostu zerrenda, baina baita gaur egun lanpostu zerrendan ez agertu arren, badauden lanpostuak eta horietan lanean ari diren langileak ere. Dena dela, aurki Azpeitiko Udala lanpostu zerrenda berria onartzekoa denez, orduan zehatzago aztertuko da hizkuntza gaitasunaren puntu hau.
Horrez gain, Udal hautetsien hizkuntza eskakizuna jasoko da puntu honetan bertan, udal funtzionamenduan ezarri beharreko hizkuntza irizpideetan eragin handia duelakoan.
Azpeitiko Udalak Hizkuntza gaitasunari dagokionez, ondorengo helburuak jarri ditu:
- Azpeitiko Udal langile guztiak gai izatea beren lana euskaraz egin ahal izateko. Bai lanpostu zerrendakoak izan bai behin behineko langileak izan.
- Horretarako:
- Lanpostu zerrenda berrian egongo diren lanpostu guztiek DD eta lanpostuari dagokion HE ezarria izan beharko dute.
- Egiten diren langileen behin behineko kontratazioetarako udalak 2006an onartutako hizkuntza irizpideetan ezarritako baldintzak kontuan hartu behar dira.
- 7.1.- Pertsonalaren hautapen eta kontrataziorako irizpide orokorrak:
- Zuzenean udal zerbitzuetan lan egiteko nahiz bere menpeko erakunde edo sozietateetan lan egiteko pertsonala hautatzeko prozesuetan, ondorengo irizpideak ziurtatu beharko dira: objektibotasuna, argitalpena, berdintasuna eta lanpostuari dagozkion meritua eta gaitasuna. Irizpide horiek aplikagarriak izango dira, langile funtzionarioentzat, kontratatuentzat, finkoentzat edo bitartekoentzat, betiere, euskal funtzio publikoaren Legea eta kontratazioaren helburuak lortzeko onartu diren oinarriak kontuan hartuta.
- 7.2.- Pertsonalaren hautapen eta kontrataziorako hizkuntza irizpideak:
- Azpeitiko Udalaren administrazio unitate guztiek euskaraz lan egin eta zerbitzua eman ahal izatera iritsi behar dute eta horretarako, ondorengo hizkuntza irizpideak ziurtatzea dagokio Udalari:
- 1.- Udal administrazioaren zerbitzuan diharduten langile zerrendan, lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna esleituko zaio.
- 2.- Kontratazio prozedurari hasiera emateko deialdian, lanpostuari dagozkion bestelako betebehar, baldintza eta irizpideekin batera, lanposturako egiaztatu behar den hizkuntza eskakizuna zehaztu behar da.
- 3.- Lanposturako hautagai den orori, hizkuntza eskakizunaren frogak egiteko erraztasunak eman behar zaizkio, lanpostuari dagokion administrazio publikoko hizkuntza eskakizuna edo bere baliokidea lehendik lortua ez baldin badauka.
- 4.- Udalaren kanpo komunikaziorako estrategikoak kontsideratzen diren lanpostuetarako, Azpeitiko Euskara Patronatuak hizkuntza trebezien azterketa frogak egin eta emaitzak kontratazio irizpide desberdinak aplikatuz jarraitu beharreko puntuazio sistema baterako aplikagarriak izatea erabaki daiteke.
- 5.- Lanpostua edozein izanik ere, Azpeitiko Udalean edo udalaren menpeko lanpostuetan lan egiteko izendatu eta kontratatu aurretik, dagokion lanpostuko funtzioak euskaraz burutzeko gaitasuna duela egiaztatu beharko du
.
Esan bezala, beraz, lehenik eta behin indarrean den lanpostu zerrendaren datu taula aurkezten da jarraian:
Lanpostu zerrenda ofizialaren gaineko hizkuntza gaitasunaren datuak onak dira oro har. Lanpostu guztietatik % 92,31k ezarria du dagokion hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data. Gainera DD ezarri gabe duten 8 lanpostuetatik 7 TGak dira eta egiaztatuta dute dagokien hizkuntza eskakizuna. Beraz, udaltzainetako lanpostu bakarra da DD ezarri gabe duena.
Egiaztatzeari dagokionez, lanpostu zerrendan DD ezarrita duten langileen artean % 85ak egiaztatu du dagokion hizkuntza eskakizuna. 12 lanpostu dira DD ezarrita HE egiaztatu gabe dutenak, baina horien artean 7 salbuetsita daude. Gainerako 5 horietatik 3 brigadakoak dira, bestea Kudeaketa ataleko kontrol eta ikuskapen agentea, eta bestea hirigintzako arduraduna.
Argazki horretatik abiatuta, lanpostu batean izan ezik (DDrik gabeko udaltzain postua) bermatuta dago lanpostu zerrenda horretara sartuko diren langile berriek dagokien HE egiaztatu beharko dutela, bai hutsak dauden lanpostuak betetzerakoan bai langileen aldaketak emango diren kasuetan. Horrez gain, oso positiboa da, HE egiaztatu gabe dutenetatik 11 (brigadako 9 eta udaltzain 2) produkzio idatzirik gabeko edo oso produkzio idatzi baxuko langileak izatea. Dena dela, HE egiaztatu ez dutenetatik 2 (hirigintzako burua eta zerbitzu koordinatzailea) zerbitzu buruak dira, eta horrek atal horiek euskaraz funtzionatzea eragozten du. Batik bat zerbitzu orokorrak, izan ere, zerbitzuburua izaten baita eguneroko mandatuak ematen ibiltzen dena, eta gaur egun ez da hori euskaraz egiteko gai.
Datu horiez gain, aipatzekoa da beren lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatzetik salbuetsita daudela adinagatik guztira udal langileen % 8,33, hau da, 8 langile, baina horietatik batek, kontuhartzailetzako gordailuzainak egiaztatuta du dagokion hizkuntza eskakizuna.
Plan hau egiterakoan behar beharrezkoa da kontuan hartzea, Azpeitiko Udalean indarrean dagoen lanpostu zerrenda duela urte askotakoa dela, eta ordutik lanpostu eta zer esanik ez lanean ari diren langileen datuak asko aldatu direla. Beraz, argazki errealago bat ikusteko, eta proposamenak egiterako orduan ahalik eta errealitatetik gertuen egoteko, egungo langileriaren zerrenda aztertzea ere garrantzitsua ikusi dugu, nahiz eta nahikoa arazo izan ditugun datu horiek guztiak modu txukun batean jasotzeko. Kontuan izan behar da, datuak jasotzerako orduan, azken urteetako lanpostuen zehaztapen falta dela eta, zailtasun handiak daudela hainbat datu ateratzeko.
Dena dela, eranskin gisa sartu dugu lanpostu zerrenda ofizialarekin batera, gaur egun lanean ari diren langilez osatutako zerrenda erreala ere. Eta hortik abiatuta aurrez aipatutako hainbat gabezia horiez gain, Azpeitiko Udalaren langile kontratazio politikaren oinarrizko datuak ateratzeko gai izan gara. Hona hemen zerrenda batetik bestera ikusten diren aldaketa nagusiak eta egoera berriak:
- Harrera eta zerbitzuak ataleko langileak (kudeaketa administrariak) beste administrazio atal batzuetan sartu dira: bata idazkaritzan, bestea kudeaketan eta hirugarrena kontuhartzailetzan. Horiez gain, idazkaritzan beste kudeaketarako administrari bat sartu da eta Kulturan beste bat. Langile horiek guztiek egiaztatuta dute dagokien hizkuntza eskakizuna (3HE).
- Idazkaritzan bi jakinarazle postu sartu dira, bata lehen kudeaketa atalean zegoen jakinarazlea, eta bestea, lehen zerbitzu orokorretakoa zen biltegiko arduraduna. Idazkaritzan ere lanean ari diren langile guztiek dute egiaztatuta dagokien HE.
- Kudeaketako informatika arduraduna ez dago, gaur egun zerbitzu hori azpi kontratazio bidez ematen delako (azpi kontratazioaren gaia 12. puntuan lantzen da, baina informatika lanetan udalean lanean ari den langileak ez du hizkuntza eskakizunik egiaztatuta). Horrez gain, kudeaketa atalean lanean ari diren langile guztiek ere egiaztatuta dute dagokien HE.
- Kontuhartzailetzan ez da aldaketarik izan, aurrez aipatu dugun kudeaketa administraria lekuz aldatzea izan ezik. Aldaketak aldaketa, ordea, langile guztiek egiaztatua dute dagokien HE.
- Gizartekintzan, lanpostu zerrenda ofizialeko lanpostuez gain (horiek bere horretan mantentzen dira) beste bi langile ari dira lanean. Bata psikologoa eta bestea beste gizarte laguntzaile bat. Guztiek egiaztatua dute HE.
- Hirigintzan aparejadore lanpostuko langilea aldatu egin da, baina ez da aldaketa gehiagorik izan. Sartu den berriak egiaztatu du dagokion HE. Horrez gain, lehen bezalaxe, hirigintzako arazoa zerbitzuburuaren hizkuntza gaitasunean dugu. Gaur egun 2HE du egiaztatua eta 4HE dagokio.
- Kulturan hutsik jarraitzen du teknikari soziokulturalaren lanpostuak, baina beste kudeaketa administrari bat ari da lanean. Beraz, lanean ari diren bi langileek egiztatuta dute dagokien HE.
- Kirol sailean lanpostu zerrenda errealeko lanpostu zein langileak mantentzeaz gain, beste kirol teknikari bat ari da lanean jardunaren bi herenetan. Guztiek dute egiaztatuta dagokien HE.
- Parekidetasun atala sortu da, langile bakarrarekin: parekidetasun teknikaria. Egiaztatu du 4.HE.
- Udaltzaingoan aldaketa batzuk izan dira. Lehen udaltzain lehen agenteak hiru ziren eta gaur egun 5. Horietatik batek du egiaztatu gabe dagokion hizkuntza eskakizuna. Horrez gain, lehen idazkaritzan zegoen kontrol eta ikuskapen langilea udaltzaingoan dago orain, eta egiaztatu gabe du dagokion HE, gainera, erdaldun elebakarra da. Gainerako udaltzainetatik batek du bere HE egiaztatu gabe.
- Zerbitzu orokorrak izan da lanpostu eta langileen azterketa egiterakoan zailtasunik handiena eman digun atala. Izan ere asko dira egon diren aldaketak.
Zerbitzu orokorretako arazo nagusia zerbitzuburua erdaldun elebakarra izatea da. Ez du egiaztatua dagokion HE. Horrez gain, DDdun lanpostuetan dauden langileetatik 5 langilek oraindik ez dute egiaztatu dagokien hizkuntza eskakizuna. Gainera, zerbitzu orokorretako langileak kontratatzerakoan, behin baino gehiagotan ez dela HEk eskatu ikusten da.
- Liburutegiko lanpostu bakarrean zegoen langilea gaur egun kudeaketa ataleko giza baliabideetako teknikari postuan ari da lanean, eta liburutegia azpi kontratazio bidez kudeatzen da. Dena dela bertan lanean ari den langileak egiaztatua du EGA maila.
- Ingurugiro Etxea atalean, ez da aldaketarik izan eta dauden langileek egiaztatuta dute dagokien hizkuntza eskakizuna, eta ordezkapenak egon diren kasuetan ere, bermatu da ordezkapena egin duen langileak HE berbera egiaztatua izatea.
- Euskara Patronatuan lanpostu zerrenda ofizialetik aparte lanean ari diren langile guztiak TGak dira.
- Gazteria atala azpi kontratazio bidez kudeatzen da, baina bertan lanean aritzeko EGA agiria eskatzen zaie langileei.
- Azpeitia Lantzenen hiru langile ari dira lanean, teknikari bat eta bi administrari. Bi administrarik egiaztatuta dute administrariei dagokien hizkuntza maila, baina teknikariak ez du hizkuntza mailarik egiaztatuta. Hala ere, bere lana euskaraz egiteko gai da.
Hizkuntza gaitasunari dagozkion aurrera begirako neurriak:
- Azpeitiko Udala egiten ari den lanpostu zerrenda berrian geratuko diren lanpostu guztiei dagokien hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data ezartzea. Horretarako ezarri behar diren HE berriak egoki ezarriko direla ziurtatzeko HPSri lanpostu bakoitzeko txostena eskatuko zaio.
- Hirigintzan, buruaren gaiari heldu behar diogu. Azken urteetan banakako prestakuntza jasotzen ari da Euskara Patronatuan. Aurrera egiten badu ere, batik bat ahozko jardunean, momentu honetan ez da aukerarik ikusten hizkuntza eskakizunen mailan aurrera egiteko. Beraz, proposamena bere lan-jardunetan oinarritutako banakako trebakuntza ematea da, bere lana euskaraz egiteko urratsa eman dezan. Gaur egun, ahoz euskara dezente erabiltzera iritsi bada ere, bere produkzio idatzi guzti-guztia gazteleraz egiten du. Printzipioz, bi urterako trebakuntza proposatuko dugu, baina arian-arian egingo diren balorazioek erakutsiko dute epe hori moztu edo luzatu egin beharko den. Bitartean, gaur egun bezala, hark gazteleraz sortzen dituen dokumentuak euskarara itzuliak direla bermatu behar da.
- Udaltzaingoan, oraindik haien hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe duten bi udaltzainen kasuan, ez da erreala ikusten dagokien HE egiaztatzeko prestakuntzara bideratzea. Beraz, lanpostu horien eginkizunak berraztertu eta jendaurreko zereginetatik kentzea proposatzen da. Zehazten zaizkien lanen arabera, zereginetako batzuk euskaraz egin ahal izateko trebakuntza ematea aztertuko da.
- Zerbitzu orokorretako koordinatzailea adinez salbuetsia dago hizkuntza eskakizuna egiaztatzetik, beraz, gainerako langileen hizkuntza jarduna ahalik eta gutxien oztopa dezan, bitartekoak jarriko dira: ahozkoan, euskaraz egiten duen bat itzulpen lanak egiten jarriz (lan hori arduradun politikoak egin dezake), eta idatzizkoan, hark gazteleraz sortzen duen hori Euskara Patronatuak itzuliz. Lanpostuak DD ezarria duenez, 4 urtera lanpostu horretan sartzen den langilearen hizkuntza gaitasuna bermatua izatea aurreikusten da.
HE eta DD ezarrita dituzten lanpostuetan ari diren eta oraindik egiaztatu ez duten gainerako 5 langileek (salbuetsitakoak izan ezik) dagokien HE egiaztatzeko aukera errealik ez da ikusten. Lau adinez nagusiak dira, eta erdaldun elebakarrak, beraz zailtasun errealak izango lituzkete 1HE egiaztatzeko ere, eta bosgarrenaren aukerak langilearekin berarekin hitz eginda aztertuko dira.
Aurrerantzean, atal honetan bereziki, kontuan hartu beharko da edozein kontratazio egin aurretik dagokien hizkuntza eskakizuna eskatuko zaiela.
- Honetaz guztiaz gain, UEMAk ematen duen internet bidezko trebakuntzan gaur egun parte hartzen duten langileez gain, idatzizko produkzioa duten langile guztiak parte hartzera bultzatuko dira. Eta gutxienez, bi urtean behin 3 eta 4. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langileei zuzeneko trebakuntza saioak jasotzea proposatuko zaie.
- Azpeitia Lantzeni Udalak betetzen dituen hizkuntza irizpide berberak betetzea dagokionez, teknikariak hizkuntza gaitasuna egiaztatu egin beharko luke. Printzipioz teknikari lanpostuek 4 HE edo 3 HE izaten dute ezarrita, baina guk hasieran behintzat 3 HE egiaztatzeko prestakuntza ematea proposatzen dugu. Bere aukerak aztertuta, ikusiko dugu prestakuntza hori ohiko talde baten bidez jasoko duen edo banakako prestakuntza ematea egokiagoa den.
UDAL HAUTETSIEN HIZKUNTZA GAITASUNA
2007-2011 legealdian Azpeitiko Udalean dauden hautetsi guztiak gai dira haien jarduna euskaraz egiteko, bai ahozkoan bai idatzizkoan.
Datozen legealdietara begira, Udalak enpresa pribatu eta herriko elkarteekin egin izan duen eran, herriko alderdi politikoekin hitzarmen sistema martxan jartzea proposatuko da, alderdi horiei hauteskundeetan aurkezten dituzten hautagaiak euskaldunak eta udal kudeaketa euskaraz izateko oztopo izango ez diren hautagaiak jartzeko konpromisoa hartzera begira.
2. AHOZKO JARDUNA
Azpeitiko Udalak euskaraz funtzionatzen duen erakunde baten irudia behar du izan. Horretarako, erakundearen ahozko jarduna euskaraz izatea izango da plan honen helburuetako beste bat, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz. Horrenbestez, Udalak dituen kanpo harremanak, barne harremanak, eta planaren eraginpeko langileen jarduna euskaraz izan dadin hartuko dira aurrera begirako neurriak.
2.1. ERAKUNDEAREN AHOZKO JARDUNA
Erakundearen ahozko jardunean aztertutako adierazleen arabera, Azpeitiko Udalaren ahozko jarduna euskaraz da ia bere osotasunez. Bai kanpo harremanetara begira, bai barne harremanetara begira.
Udalera deituta erantzungailu automatikoa dago, eta lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz ematen du hitza. Gaztelaniaz entzun nahi duenak dezenteko denbora tartea itxaron behar du sistema horren arabera.
Udalak bere izenean egiten dituen ekitaldi publikoetatik aztertu direnak euskara hutsean izan dira.
Herritarrekin bilerak, berriz, euskara hutsez egiten diren 3 iraunkorrak dira (Euskara mahaia, Kultur mahaia eta Kirol mahaia). Horrez gain, Udalak gai espezifiko baten inguruan azken 6 hilabeteetan deitu dituen bileren artean, gai baten ingurukoak bi bilera egin dira, bata euskaraz egin da euskara badakiten herritarrentzat, eta bestea, gazteleraz euskaraz ulertzeko gai ez direnentzat. Etorkinen diagnosia egiteko egin ziren bilerak ele biz egin ziren, partaideen artean etorkinak bazirelako.
Barne harremanetako bilerak ere, euskaraz izaten dira. Gobernu Batzordea eta Osoko Bilkura beti, eta teknikariaren aitortzaren arabera baita batzorde informatzaile guztiak ere. Dena dela, teknikari batzuk ez dira ados jarri hirigintza batzordearen hizkuntza zehazterakoan. Batzuk, tarteka gaztelaniaz ere egiten dela esaten dute.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Erantzungailua bere horretan uztea.
- Ekitaldi publikoak euskaraz egiten jarraitzea.
- Herritarrekin batera egiten diren bilera iraunkorrak euskaraz egiten jarraitzea
- Gainerako bileretarako irizpideak betearaztea (2006ko hizkuntza irizpideetan, taula berezitua: 5. eranskina):
- Bilerara deituak direnetatik gehiengo nabarmena euskalduna denean, bilera euskaraz egitea.
- Bilerara euskara ulertzeko gai ez den jende dezente (% 25etik gora) dagoenean, bilera euskaraz egitea eta laburpenak itzuliko dituen norbait ziurtatzea.
- Bilerara euskaldunak zein erdaldunak kopuru berdinetan deitzen direnean, bi bilera egitea: bata euskara hutsean, eta bestea, agurrak eta ohiko hitz ulergarriak euskaraz eginez eta gainerakoa gazteleraz (herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzera begira).
- Barne harremanetan euskaraz egiten diren bilerak euskaraz egiten jarraitzea.
- Hirigintza batzordean, arkitektoaren hizkuntza gaitasunak aurrera egin ahala, euskarazko jardunak ere aurrera egingo duela aurreikus badaiteke ere, sentsibilizazio ekintzaren bat edo beste egitea proposa liteke euskarazko jardunak gaztelerazkoari gain hartzeko.
2.2. PLANAREN ERAGINPEKO LANGILEEN AHOZKO JARDUNA
Planaren eraginpeko langileak diogunean, guk zerbitzu orokorrak izan ezik gainerako administrazio ataletan lanean ari diren langileak hartu ditugu kontuan, baita bere hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe izanda ere, ahozkoan arazorik ez duelako, arkitektoa bera ere.
Zerbitzu orokorretako langileei aparteko tratamendua eman diegu eta hala jasoko dugu plan honen 7. eranskinean, hala ere hainbat neurri proposatzen dira modu orokorrean, planean zehar. Idazkaritza, Alkatetza, Kudeaketa, Gizartekintza, Parekidetasuna, Kultura, Hirigintza, Harrera zerbitzuan eta Kontuhartzailetzan langile guztiak hartu dira kontuan, Udaltzaingoan; Ingurugiro Etxean eta Azpeitia Lantzenen, aldiz, zerbitzu buruak eta haiek beste langileekiko emandako datuak.
Gazteria eta Liburutegia atalak, nahiz eta azpi kontratazio bidez kudeatu, datu bilketan jaso egin dira atal horietako datuak: lau langile sartu ditugu Gazteria sailean (dituzten lokal bakoitzeko bat) eta bakarra Liburutegian.
Kanpo harremanei gagozkiola, harreran zein telefonoz, langileen % 97-98ak euskaraz egiten du lehen hitza. Bateren batek, harreran erabiltzen duen hizkuntza datorkion pertsonari buruz duen ezagutza edo pertzepzioaren baitan dagoela onartzen du. Baina une honetan arazo nagusia euskaraz ez dakien Kontrol eta Ikuskapen langilearen hizkuntza gaitasunean dugu. Langileak ez daki euskaraz, eta gainera, maiz Udaltzaingoan, jendaurreko lanpostu batean aritzen da lanean. Ezinbestean, datorrenari gaztelaniaz egiten dio bai agurra bai ondorengo jarduna ere.
Langileei Udalaren izenean jendaurrean hitz egiten dutenean zein hizkuntzatan hitz egiten duten galdetuta, gehiengoak (% 68) euskaraz egiten duela aitortu du, aldiz % 32ak bi hizkuntzak erabiltzen dituela esaten du. Hizkuntza hautapenerako arrazoiez galdetuta, bakoitzak ditu bereak.
Hori horrela, udal langileek jendaurrean Udalaren izenean jendaurrean hitz egiten duten egoeratan erabili beharreko hizkuntza irizpideen ezagutza falta sumatzen da errealitatean. Nahiz eta Azpeitiko Udalak onartuta dituen hizkuntza irizpideetan Ekitaldi Publikoetan erabili beharreko hizkuntza irizpideak jasota dauden, langileen beraien ustez ere, haiek Udalaren izenean jendaurrean hitz egiten duten kasuak ez dira Ekitaldi Publikoak ia beti. Beraz, proposamenetan hizkuntza irizpide horiek zehazteko proposamena egingo dugu aurrera begira.
Bestalde, langileen barne harremanetan erabiltzen duten ahozko hizkuntzari datuei erreparatuz gero, kezkatzeko moduko hainbat datu egon badaude, batik bat kontuan izaten badugu langileen arteko hizkuntza gaitasuna.
Udal hautetsiekin ia langile guztiek beti euskaraz hitz egiten dutela esaten dute, arkitektoak izan ezik. Horrek batzuetan gaztelania erabiltzen duela onartzen du. Datu positiboa da hori, horrek arduradun politikoek euskararekiko jarrera positiboa trasladatzen dietela esan nahi baitu. Dena dela, aipatzekoa da datu hauek langileek aitortutakoak direla, eta jakin badakigula, hautetsiekin tarteka behintzat gazteleraz egiten duten langileak bat baino gehiago badirela.
Datu kezkagarriagoak dira, ordea, langilek beraien artean egiten dituzten lan bileretan eta harreman ez formaletan erabiltzen duten hizkuntzaren inguruko datuak. Aitortza hutsek diote, langileen % 30ek gaztelania zein euskara erabiltzen dutela euren arteko harreman ez formaletan, eta % 27k berdin egiten duela euren arteko bileretan ere. Baina jakin badakigu, portzentaje horiek gora egiten dutela errealitatean. Hainbat kasutan, badaudelako langile batzuk euskaraz egiten dutela esan, guk hala kontabilizatu, baina haien atal-kideen arabera bi hizkuntzak erabiltzen dituztela badakigunak. Langileen arteko harremanetako hizkuntza, maiz oso adierazle ona izaten da, Udalak herrira begira ematen duen irudian, eta askotan aldatzen zailenetakoa den jarrera bada ere, beharrezkoa ikusten dugu nolabaiteko neurriak hartzea, Azpeitiko udal langileek lanean dauden artean erabiltzen duten hizkuntza aldaketa eragiteko.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Kontrol eta Ikuskapen lanpostuan ari den langilea jendaurreko lan eginkizunetan ez jartzeko erabakia hartzea.
- Udal langileek Udalaren izenean hitz egin behar duten kasuetarako hizkuntza irizpide argiak zehaztea eta langileei jakinaraztea. Ondoren, jarraipenerako bitartekoak jartzea.
- Langileen arteko bilerak euskaraz izan behar dutela gogoraraztea. Izan ere, Azpeitiko Udalaren helburu mailakatuaren arabera, Udaleko lan hizkuntzak euskara behar du izan.
- Langileen arteko harreman horietarako zein harreman ez formaletarako duten hizkuntza ohituren aldaketan eragiteko neurriak hartzea.
- Udal hautetsiekin langileek euskaraz hitz egiteko dute betebeharra gogorarazi, eta dituzten ohitura txarrei aurre egiteko sentsibilizazio lana egitea.
3. IDATZIZKO KOMUNIKAZIOA
Idatziko komunikazioari dagokionez, bi helburu zehaztuko dira:
- Barne harremanetako dokumentazioa euskaraz sortu eta euskaraz erabiltzea.
- Kanpo harremanetako dokumentazioa euskaraz sortu eta lehentasunez euskaraz erabiltzea, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.
3.1. ERAKUNDEAREN IDATZIZKO JARDUNA
Erakundearen idatzizko jarduna aztertzeko, idatzizko produkzioa duten langile ia guztien dokumentu bilketa egin da, atalez atal. Guztira 569 dokumentu aztertu dira, 361 dokumentu kanpo harremanetakoak eta 208 dokumentu barne harremanetakoak. Dokumentu horiek aztertzerakoan kontuan izan da dokumentua jaso den unean dokumentu hori zein hizkuntzatan zegoen, hots, euskara hutsean, gaztelera hutsean edo ele biz. Beraz, dokumentuaren erabilera zein hizkuntzatan egin den aztertu da, eta aurrerago aztertuko da langileek dokumentuak zein hizkuntzatan sortzen dituzten, itzulpenak egiten diren edota zeinek egiten dituen.
Hori esanda, adierazleei erreparatuko diegu dauden datuetatik ahalik eta irakurketa hurbilena egiten saiatzeko.
Oro har, Azpeitiko Udalaren idatzizko harremanetako datuak onak dira bai kanpo harremanetan bai barne harremanetan.
a. Kanpo harremanak
Kanpo harremanetan, herritarrei zuzendutako dokumentuen artean, hartzaile jakinik gabekoak euskaraz egiten dira gehienetan, % 85ean, eta ele bietan gainerakoetan. Baina badira administrazio atal batzuk aztertutako laginaren arabera hartzaile jakinik gabeko dokumentu guztiak ele biz ateratzen dituztenak: Idazkaritza, Gizartekintza, Harrera zerbitzuak eta Udaltzaingoa. Hala ere, ele biz ateratzen diren bando, ohar eta antzekoetan euskarari lehentasuna ematen zaio. Gazteria eta Parekidetasun atalek euskaraz ateratzen dituzte ia beti, Parekidetasunetik batik bat etorkinei zuzendutakoak ele biz ateratzen badira ere. Kirol Sailak, aldiz, batzuk euskara hutsean ateratzen ditu eta beste batzuk ele biz.
Herritarrei zuzendutako ohiko agiriak ere gehienak (% 58) euskara hutsean ateratzen dira, % 21 ele biz eta gaztelaniaz % 21a. Dena dela emaitzak pixka bat aldatu egiten dira alde batetik herritarrei zuzendutako dokumentu errazak eta bestetik zailak aztertzen baditugu. Izan ere dokumentu errazen kasuan % 62 da euskaraz ateratzen dena, % 35 ele biz ateratzen dena eta % 3 gazteleraz ateratakoa. Aldiz dokumentu konplexuetan (txostenak...) % 54 ateratzen da euskaraz, % 40 gazteleraz eta % 6 ele biz. Atalez atal ikusita:
Beste erakunde publikoekiko harremanetan erabilitako dokumentuak ere aztertu dira. Orokorrean administrazio publiko guztiak aintzat hartuta, bai Euskal Herrian daudenak bai kanpokoak, agirien % 57 euskaraz dago, % 18 gazteleraz eta % 25 ele biz. Baina datuak hobeak dira, Euskal Herrian dauden erakundeekin dauden harremanak bakarrik kontuan hartzen baditugu: % 76 euskaraz, % 1 gazteleraz eta % 23 ele biz.
Erakunde publikoekiko harremanetan, ez da aparteko ezberdintasunik nabaritzen atal batetik bestera. Atalen bat edo bestek beti euskaraz bidaltzen ditu agiriak, beste atalen batek beti ele biz, baina oro har gehienetan euskaraz eta bestetan ele biz. Gaztelania hutsez bidalitako pare bat ale bakarrik aurkitu dira (bata Idazkaritzatik Aldundira bidalitako errekurtso bat eta bestea Hirigintzatik bidalitako agiri bat).
Laginak eman dituzten atal guztiek, Euskal Herritik kanpo dauden administrazioetara gaztelaniaz bidaltzen dituzte agiriak eta batzuetan ele biz.
Aldizkari ofizialera bidaltzen diren dokumentuak batzuetan euskaraz bidaltzen badira ere, normalean ele biz bidaltzen dira. Idazkariaren arabera, normalean presa handia izaten dutelako, eta euskara hutsean bidalita, argitaratzen denbora askoz gehiago tardatzen dutelako.
Udalak Elkarteekin dituen harremanetan ere, administrazio atal guztiek irizpide berdinak jarraitzen dituzte, eta harreman horietatik eratorritako dokumentuen artean aztertutakoetatik, errazak % 94an euskaraz egiten dira eta zailak % 80, gainerakoak ele biz egiten dira.
Azkenik, enpresekin izaten diren harremanetan erabili izan diren agirien % 59 euskaraz dago, % 20 gazteleraz eta % 21 ele biz. Baina lagin horretan sartu dira Udalak kontratatuta dituen enpresak eta kontratatu gabe dituenak. Kontraturik gabekoak aztertuta bakarrik, agirien % 76 euskara hutsean dago eta % 24 ele biz.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
Azpeitiko Udalak onartutako irizpideak betetzea izango da neurri nagusia.
Hala diote HERRITARREKIKO HARREMANAK arautzen dituzten irizpideek:
4.- Udal langilea, euskaraz zuzenduko zaio herritarrari, eta gero herritarrak hautatutako hizkuntza ofizialean jarraituko du. 5.- Euskara, zerbitzu hizkuntza izango da herritarrekiko harremanetan: Udalak, hiritarren eskura uzten dituen inprimaki eta dokumentu ofizial guztiak euskaraz idatzita egongo dira. Dena dela, herritarrek eskubidea dute inprimaki eta dokumentu hauek eurak hautatutako hizkuntza ofizialean eskuratzeko. Hori dela eta, Administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofizialetako bat hobetsi duten azpeitiarren errolda egingo du Udalak 2 an. Bien bitartean, herritarrei zuzendutako idatziekin era honetan jokatuko da: - Sarrera erregistroan eskaera egindako hizkuntzaren arabera erantzungo zaio herritarrari, beraz, euskaraz egin badu, euskara hutsean, eta gaztelaniaz egin badu, ele bietan. - Gainontzeko idatzi guztietan, berriz, gaur egun jokatzen den moduan egingo da. 6.- Udal administrazio egintzak euskaraz jakinaraziko dira. Dena dela, interesdunak eskubidea du jakinarazpena berak hautatutako hizkuntza ofizialean eskuratzeko. Bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izango dira kargazko administrazio-egintzak jakinarazteko.
- Hartzaile jakinik gabeko ohar, bando eta antzeko agiri guztiak euskaraz jarriko dira. Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea ezinbestekoa denean, euskaraz idatziko da, eta ondoan, gaztelaniazko bertsioa jarriko da, baina euskarari lehentasuna emanez.
Udaleko erabilera plan honen jarraipena egiteko batzordeak zehaztuko ditu zeintzuk diren bi hizkuntza ofizialak erabiltzea ezinbestekoa den egoerak.
Udalak prestutasuna izango du, herritar guztien hizkuntza irizpideak errespetatzeari begira, euskara ez dakien bati dagozkion azalpenak berak hautatutako hizkuntzan emateko bitartekoak.
- Ez da inongo administrazio ataletatik herritarrari gaztelania hutsean zuzenduko. Momentuz, euskaraz zuzenduko gatzaizkio administratuari, baina jakin badakigunean zuzenduko garen herritarra ele bakarra dela, kasu horietan ele biz zuzenduko gatzaizkio, baina beti ere euskarari lehentasuna emanez.
- Aurrera begira, irizpidean jasotakoari jarraiki, egoeren aurrean zalantzarik egon ez dadin, udalak harremanak ele biz nahi dituzten herritarren zerrenda osatuko du (horretarako web orrian aukera jarriko da, eta horren berri emango zaie herritarrei).
- Herritarrei begira erabiltzen diren inprimakiak moldatuko dira (erabiltzen diren atal guztietakoak: Idazkaritza, Gizartekintza, Udaltzaingoa, Harrera, Kontuhartzailetza, Hirigintza, eta Ingurugiro Etxean). Eredu guztiak euskara hutsean eta ale bera ele biz jarriko dira. Hala herritarra datorrenean euskarazko alea emango zaio, eta gaztelaniazkoa nahi duela eskatzen duenean, ele bietakoa. Euskara patronatuan lehendik prestatuta dauden aleak aztertu eta egoki ikusiz gero, beraiek erabiliko dira.
- Udal langileek betetzen dituzten inprimakiak euskaraz beteko dira. Herritarrak gaztelaniaz nahi duela eskatzen duenetan ele biz.
- Etorkinei begirako inprimakiak hizkuntza bat baino gehiagotan izateko saiakera egingo dugu. Eta etorkina datorrenean euskaraz eta itzulpenak ditugunetatik gertuen sentitzen duen hizkuntza emango zaio inprimakia. Horretarako Udalak oraintsu egin duen diagnosiaren arabera dauden hizkuntza nagusienak ikusi eta horietara egingo dira itzulpenak.
BESTE ADMINISTRAZIOEKIKO HARREMANETAN erabili beharreko hizkuntza ere arautua eta onartua dago Azpeitiko Udalean 2006an onartu ziren hizkuntza irizpideetan. Hala dio:
7.- Euskara ofiziala den lurralde batean kokaturiko erakunde publikoei bidali beharreko idazki guztiak euskaraz izango dira. 8.- Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko dokumentazioa euskaraz sortuko da, eta itzulpena egin ondoren, bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko da. 9.- Euskara ofiziala ez den lurralde batean kokaturiko erakunde publikoei bidali beharreko idazki guztiak euskaraz eta kanpoko administrazio horrek duen hizkuntza ofizialean egingo dira.
- Onartutako irizpideak modu honetan uztea proposatzen da:
- Administrazio atal guztietatik Euskal Herrian kokatuta dauden (nahiz bertakoak izan, nahiz estatukoak izan) administrazioetara euskara hutsean bidaliko dira idazki guztiak.
- Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko dokumentazioa euskaraz bidaliko da, hala hitzartua du UEMAk Aldizkari Ofizialarekin eta haien esku geratzen da dokumentu horien itzulpena. Argitaratzeak izugarrizko presa duela erabakitzen denetan, dokumentua euskaraz sortu eta itzulpena egin ondoren, bi hizkuntza ofizialetan bidaliko da Aldizkari Ofizialera.
- Gipuzkoako Foru Aldundiarekin duela gutxi izenpetu da harremanak euskaraz izateko hitzarmena. Horren jarraipen serioa egin eta unean-unean dauden arazoei aurre egitea proposatzen da.
- Eusko Jaurlaritzarekin Foru Aldundiarekin egin den antzeko hitzarmen bat egitea helburu hartuta, administrazio atal bakoitzaren azterketa zehatza egitea proposatzen da aurrez, Jaurlaritzan bertako atal bakoitzaren arabera harreman motak ezberdinagoak direlako.
- Gainerako administrazioekin, bai Udal bai estatuko ordezkaritzekin, irizpidean aipatu eran jokatzea proposatzen da.
ELKARTE ETA ENPRESEKIKO HARREMANETAN, Udalak bere irizpideak garbi izatea proposatuko dugu. Gainera, elkarteen kasuan errazagoa suertatuko da, izan ere, herriko elkarte gehienekin Udalak hizkuntzaren inguruko hitzarmena eginda baitauka.
- Elkarteei euskaraz zuzenduko gatzaizkio beti. Elkarteren batek zuzenean Udalarekiko harremanak gazteleraz ere nahi dituela esatekotan, ele biz zuzenduko gatzaizkio.
- Herriko elkarte edo Udalak harremana izan lezakeen gainerako elkarteen hizkuntza errolda egitea proposatzen da.
- Udalak hitzarmena duen enpresa batekin dituen harreman guztietan Udalak euskara erabiliko du.
- Gainerako enpresekin euskara erabiliko du, baina harremanak gazteleraz ere nahi dituela eskatzekotan, ele biz zuzenduko zaio Udala enpresa horri.
- Herriko enpresen udal hizkuntza errolda egitea proposatzen da. Eta ELEGUNE proiektuaren urratsen arabera, Udala eta enpresen arteko hizkuntza irizpideak zehazteko hitzarmen politika martxan jartzea.
b. Barne harremanak
Barne harremanetan aztertu diren dokumentuen arabera, egoera ona dela esan genezake. Datu orokorrek diote dokumentuen % 85 euskara hutsean dagoela, % 8 ele biz eta % 7 gazteleraz.
Dekretuak euskaraz egiten dira ia % 100ean.
Barne zirkularrak, berriz, euskaraz daude gehienetan, baina % 25 ingurutan ele biz banatzen dira, eta ele biz banatzen diren horiek langileei bidalitako jakinarazpenak dira, ereduen gainean egindakoak. Euskaraz daude, berriz, langileak eskariak egiteko betetzen dituzten inprimakiak.
Pertsonaleko dokumentazioan hutsune nabariak aurkitu ditugu. Nominen kasuan, inprimakia edo eredua dena (IZFEren aplikaziotik ateratzen da) ele bietan dago. Dena dela nomina batzuk euskaraz beteta badaude ere, beste batzuk gaztelera hutsean beteta aurkitu ditugu. Horrek argi erakusten du onartutako hizkuntza irizpideak ez daudela argi, eta unean-unean langileak erabakitzen duenaren araberako irizpideak erabiltzen direla. Eta egoera okerragoa da langileen kontratuari dagokionean, aztertutako lan kontratu eredua gaztelania hutsean dago eta horrelaxe helarazten zaio langileari.
Udal bileretan erabiltzen den dokumentazioa aztertuta, ordea, egoera bestelakoa da. Aztertu diren batzorde zein osoko bilkuretako deialdi zein akta guztiak euskaraz daude.
Barne harremanetarako soilik erabiltzen diren txostenen egoera ere ona dela esan genezake. Txosten laburren kasuan, aztertutakoetatik % 97 euskara hutsean daude eta % 3 ele biz. Eta luzeetan, berriz, % 67 euskara hutsean, % 15 ele biz eta % 19 gaztelaniaz. Baina egoera ez da berdina izan administrazio atal guztietan. Idazkaritzan, Kudeaketan, Udaltzaingoan, Kulturan, Liburutegian, Kirolean, Parekidetasunean eta Gazterian aztertutako barne harremanetako txosten guztiak, bai motzak bai luzeak, euskaraz daude. Kontuhartzailetzan, aztertutako gehienak euskaraz dauden, baina badaude ele bietan daudenak (aurrekontuen araua adibidez). Gizartekintzan beste horrenbeste, gehienak euskaraz egon arren, txosten luze bat ele bietan ere aurkitu dugu. Eta azkenik, hirigintza atala da, datuak gehien aldatzen dituena. Txosten laburren datuak nahiko onak badira ere, % 84 euskaraz eta % 16 ele biz, txosten luzeen kasuan, datuak asko aldatzen dira. Txosten luzeen % 56 gaztelania hutsean dago, % 22 euskaraz eta beste % 22 ele biz. Pentsa genezake gaztelania hutsezko dokumentuak bere HE egiaztatu gabe duen arkitektoarenak direla, baina ez da horrela. Arkitektoak erdaraz sortzen baditu ere, zuzenean itzultzaileari pasa eta bere txosten guztiak bi hizkuntzatan ditu. Baina badira, txostenak gaztelania hutsean egiten dituzten langileak, nahiz eta txostena barne harremanetarako bakarrik izan.
Proiektu eta memorien kasuan, euskaraz daude aurkitu diren administrazio ataletan hirigintzan izan ezik. Hirigintzan aztertu diren bai proiektu bai memoriak, guztiak gaztelania hutsean daude. Hirigintzan aitortu dute, batik bat proiektuetan, egiten diren guzti-guztiak gaztelaniaz egiten direla (planoak sartzen zaizkie euskaraz), eta ez dira itzultzen, gainera, normalean.
Aurrekontuetatik eratorritako dokumentuei dagokienez, mota horretako dokumenturen bat aurkitu den atal guztietan euskaraz egon da, Kontuhartzailetza eta Azpeitia Lantzenen izan ezik. Kasu horietan dokumentuak ele bietan daude.
Aurrera begira proposatzen diren neurriak:
- Dekretuak orain arte bezalaxe euskaraz egiten jarraitzea.
- Bileretako akta eta deialdiak orain arte bezala euskaraz egiten jarraitzea.
- Udal langileei zuzendutako barne zirkularrak euskara hutsean bidaltzea. Euskaraz ulertzen ez duten langileei ele bietan.
- Lan kontratuak euskara hutsean egitea. Horretarako prestatutako ereduak emango zaizkio horretaz arduratzen den langileari.
- Nominak euskaraz egotea. IZFEtik egiten jarraitu behar bada, euskaraz beteta; eta bestela nomina eredu egokia emango zaio horretaz arduratzen den langileari eta eredua bera ere euskaraz egongo da.
- Barne harremanetako txostenak euskaraz sortuko direla birgogoraraziko zaie udal langile guztiei.
- Hirigintzan, euren HE egiaztatuta duten langileei txostenak euskaraz sortzeko eskatuko zaie beti. Kanpo harremanetarako direnean, eta eskatzaileak eskaera gaztelaniaz egin duen kasuetan, itzulpen zerbitzuak itzuliko du, ondoren, txosten hori.
- Bere HE egiaztatu ez duen arkitektoari trebakuntza emango zaio, poliki-poliki txosten motzetatik hasita, dokumentuak euskaraz sortzen has dadin.
- Proiektuak euskaraz egiteko dauden aukerak aztertuko dira Hirigintza ataleko langileekin. Horren arabera, epe motz eta luzerako aldaketak proposatuko dira.
SARRERA ERREGISTROA
Datu horiez gain, interesgarria iruditu zaigu, Udalaren sarrera erregistroaren bidez, kanpo harremanetan Udalera datorrena zein hizkuntzatan datorren aztertzea. Horretarako, astebetez langile batek Udalera sartu diren dokumentuen hizkuntza jaso du. Izan ere, gaur egun sarrera eta irteera erregistroaren kudeaketa egiteko aplikazio informatikoak ez du dokumentuen hizkuntza jasotzeko aukerarik ematen.
Aztertu den laginak herritarren hizkuntza eskaera jasotzeko aukerarik eman ez badigu ere, beste hainbat sektoreren hizkuntza eskaera jasotzeko aukera eman du, modu xumean bada ere. Astebeteko epean jaso diren sarreren % 50 ele biz egon da, % 32 gaztelera hutsean, eta % 18 euskaraz.
Herriko elkarteak eta Euskal Herriko hainbat udal dira Udalera euskara hutsean zuzentzen direnak. Euskal Herriko erakunde publikoak ele biz zuzentzen dira Udalera, Estatukoak ere bai gehienetan, baina baita gaztelania hutsean ere. Euskal Herritik kanpo dauden erakunde publikoak gaztelaniaz zuzentzen dira Udalera eta baita enpresa pribatu eta antzekoak ere.
Udalaren funtzionamendua euskaraz izan dadin, eragozpen izan daitezke hainbat lekutatik gaztelania hutsean iristen diren dokumentuak. Eta norbanakoei hizkuntza eskubidea errespetatu behar diegulako, ezinezkoa zaigu herritar bati Udalera dakarrena euskaraz ekar dezala eskatzea, baina hori egin dezakegu hainbat erakunde publiko zein pribaturekin.
Proposatzen diren neurriak:
- EAEko beste administrazio publiko nahiz erakunde ofizialengandik jaso beharreko dokumentazioa gutxienez euskaraz ere jasotzea onartzeko irizpide nagusia jarraituko da beti.
Horrenbestez, horietakoren batek hala jokatu ezean -hau da, gaztelania hutsezko agiriak bidaliz gero-, igorleari itzuliko zaizkio kasuan kasuko dokumentuak. Dokumentu motaren arabera jarraitu beharreko prozedura eranskinetan gehituko da.
- EAEko lurralde esparruaren barruan kokatutako Estatuaren eta honen menpeko administrazioetarako komunikazio administratiboak ere euskaraz jasotzeko ahalegina egingo da. Administrazioetatik gaztelera hutsean jasotako idazkiak bueltatu egingo dira -dokumentu motaren arabera jarraitu beharreko prozedura eranskinean gehituko da- gutun batekin batera. Gutun hori euskaraz eta gazteleraz egongo da idatzita eta, euskararen aldeko diskriminazio positiboaren izenean, adierazpen administratiboak euskaraz ere jaso nahi direla adieraziko da.
Aipatu esparruz kanpoko gainerakoei administrazioekin Udalak zehaztuko du nola jokatu.
- Enpresa pribatuei ere, Udalak harremanak euskaraz izan nahi dituela jakinaraziko zaie lehenik, eta aurrerantzean jasoko diren dokumentu guztiak euskaraz behintzat jaso nahi direla eskatuko zaie. Hortik aurrera, gaztelania hutsez bidaltzen dituzten dokumentuak bueltan bidaliko zaizkie, euskaraz ere jaso nahi direla esanez.
3.2. PLANAREN ERAGINPEKO LANGILEEN IDATZIZKO JARDUNA
Atal honetan, dokumentuak sortzen dituzten langileek dokumentu horiek zein hizkuntzatan sortzen dituzten eta kanpo zein barne harremanetan korreo elektronikoz zein hizkuntzatan aritzen diren aztertuko dugu.
Langileek beraiek eman dituzten datuen arabera, langilerik gehienak euskaraz sortzen dituzten dokumentuak % 69k dokumentu errazak eta % 61,5ek dokumentu konplexuak. % 25-26 inguruk batzuetan euskaraz sortzen dituzte eta beste batzuetan gazteleraz. Baina badira beti gaztelaniaz sortzen dituzten langileak ere. Hirigintza, Gizartekintza eta Azpeitia Lantzenen daude langile horiek. Hirigintzakoak, ez du dagokion HE egiaztatuta, baina gainerakoek egiaztatuta duten HEren arabera gai izan beharko lukete gaztelaniaz sortzen duten hori euskaraz sortzeko.
Korreo elektronikoz langileek erabiltzen duten hizkuntzari dagozkion datuak oso onak dira. Oro har ia % 100ean euskaraz aritzen dira langileak. Euskaraz egiten den portzentajea jaisten duen adierazlea erakunde publikoekiko harreman hizkuntzarena da. Kasu horietan, erakunde publikoan harremana duten langilea erdalduna bada, erdaraz edo ele bietan bidaltzen dituzte langileek mezuak.
Aurrera begira hartu beharreko neurrien proposamenak:
- Hiru urtera, Udalean produkzio idatzia duten langile guztiek euren dokumentuak euskaraz sortzea. Horretarako, oraindik dokumentuak gaztelaniaz sortzen dituzten langileekin horretarako dituzten arrazoien azterketa bat egingo dugu, eta horren arabera trebakuntza saioak proposatzea ez da baztertzen.
- Erakunde publikoetan, ahal dela, euskarazko mintzakideak identifikatu eta lehentasunezko kontaktu gisa zehaztu. Puntu hau gainerakoan erakunde publikoekin egingo den lanketaren barruan sartuko dugu.
4. ITZULPENAK
Itzulpenek funtzio bat bete behar dute euskaraz lan egitea helburu duen udal funtzionamenduan: Batetik, udal barruko funtzionamendua euskaraz izateko langileren batek dokumentuak euskaraz sortzeko arazoak baditu, dokumentazio hori euskaraz egongo dela bermatzea, eta bestetik, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeari begira, Udalak hala erabakitzen duen kasuetan langileek sortutako dokumentuak itzultzea.
Hori horrela, Azpeitiko Udalaren itzulpen kopuruak ikusita, itzulpen kopurua ahalik eta gehien jaistea izango da helburua; eta zuzenketen kasuan, langileen trebakuntzaren ondorioz, zuzentzen den dokumentazio kopurua ere jaistea izango da helburua.
2009ko azaroko datuak dira hauek:
Itzulpenen kasuan egoera asko aldatzen da administrazio atal batetik bestera. Hori dela eta atalez atal ikusiko dugu zein den egoera (azpian egiten den irakurketa, langileek aitortutakoaren araberakoa da, baina kasu batzuetan ez dator bat Euskara Patronatuak emandako datuekin):
- Alkatetza, Harrera zerbitzuak, Liburutegia eta Kultura ataletan, ez dela itzulpenik egiten aitortu dute langileek.
- Idazkaritza, Kudeaketa, Kirola eta Ingurugiro Etxea ataletan, egiten diren itzulpen guztiak Euskara Patronatuak egiten ditu.
- Udaltzaingoa, Parekidetasuna eta Gazteria ataletako langileek esan dutenaren arabera, berriz, egiten dituzten itzulpenak eurek egiten dituzte.
- Kontuhartzailetzan, Gizartekintzan eta Hirigintzan, langile batzuek beraiek egiten dituzte itzulpenak eta beste batzuek, aldiz, Euskara Patronatura bideratzen dituzte.
- Langileek aitortutakoaren arabera, egiten diren itzulpen gehienak euskaratik gaztelaniara izaten dira.
- 10 langilek aitortu dute, batzuetan behintzat, euren dokumentuak zuzentzera bidaltzen dituztela Euskara Patronatura.
- Euskara Patronatuko datuen arabera, itzulpen asko egiten diren atalak Idazkaritza (idazkaria, administrazio orokorreko teknikaria) eta Hirigintza atalak dira (arkitektoa eta ingeniaria). Aldiz, zuzenketak Kultura, Gizartekintza eta Hirigintza ataletan egiten dira.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Itzulpen kopurua jaistea, eta egiten diren itzulpenak euskaratik gaztelerara izatea.
- Zuzenketa kopurua jaistea: Euren hizkuntza eskakizuna duten langileek autonomia eta konfiantza hartu behar dute dokumentuak euskaraz sortzerakoan.
- Horretarako:
- Udalaren itzulpen irizpideak zehaztuko dira atalez atal (zein kasutan egingo diren itzulpenak, zeinek egingo dituen itzulpenak e.a.).
- Behar duten edo hala eskatzen duten langileei trebakuntza emango zaie, batik bat zuzenketak jaisteari begira.
- Dokumentu batean jasoko da atalez atal itzulpen zein zuzenketak egiteko bete beharko dituzten jarraibideak.
5. LANGILEEN PRESTAKUNTZA OROKORRA
Atal honetan bi esparru ezberdin jasoko ditugu: batetik, langileek udaleko lanarekin lotuta azken urtebetean jaso dituzten prestakuntza ikastaroak, eta bestetik, hizkuntza gaitasunari dagokionean langileek jaso duten trebakuntza edo prestakuntza.
Beraz, langileen prestakuntzari dagokionez bi helburu bereiziko ditugu:
- Langileak euren lana euskaraz egiteko ongi prestatuta izatea.
- Langileek euren lanarekin zerikusia duten edozein motatako prestakuntza euskaraz jasotzea.
PRESTAKUNTZA OROKORRA
Langileei azken urtebetean egindako prestakuntza ikastaroei buruz galdetuta jaso ditugun emaitzak hauexek izan dira:
Prestakuntzari dagozkion datuak oso kezkagarriak dira, batik bat Azpeitiko Udala bezalako erakunde publiko batentzat. Izan ere, euskaraz normaltasunez funtzionatzea helburu duten erakundeetan lanean euskaraz aritu behar duten langileentzat ezinbestekoa da lan horretara zuzendutako prestakuntza euskaraz izatea. Bai lanera begira, baina baita langileen hizkuntza eskubideei begira ere.
Datuak ez dira onak, eskaintzen diren ikastaroen % 77 gaztelania hutsean egon direlako eta beste % 15 ele bietan (baina ez aukeran, baizik zati batzuk euskaraz eta beste batzuk gazteleraz). Baina kontuan izan behar da, eskaintza horren aurrean Azpeitiko Udalak berak ere ez duela ezer egin. Eskaintza etorri den eran asimilatu da eta hizkuntza ez da oztopo izan ikastaroak egin edo ez erabakitzerakoan. Horrez gain, inoiz ez zaio galdetu ere egin antolatzaileei euskarazko eskaintzarik ba ote dagoen, eta ondorioz, aparte eskaerarik ere ez da egin Udalean eskaintzen diren ikastaroak euskaraz ere izan daitezen.
Aurrera begira proposatzen diren neurriak:
- Udalak antolatzen dituen prestakuntzek euskaraz izan behar dute. Horretarako kontratazioetan hizkuntza irizpideak sartzea oso garrantzitsua da. Prestakuntza antolatzerakoan, Euskara Patronatuari txostena eskatuz, neurria betetzeko arazorik ez genuke izango.
- Udalak langileentzat prestakuntza saioren bat antolatzen badu, euskaraz izan dadin bideak jorratuko ditu (irakasle euskalduna...).
- Kanpotik Udalera datorren edozein prestakuntza eskaintzen artean, hizkuntzaren xehetasunak ezagutzeko bidea jarriko da. Eta beste baldintzekin batera hizkuntzarena ere kontuan hartuko da ikastaroa egin ala ez erabakitzerakoan.
- Kanpotik gaztelania hutsez eskaintzen diren ikastaroen aurrean, Udalak ikastaro hori bera euskaraz ere nahi duela eskatuz, gutuna igorriko dio erakunde antolatzaileari.
- UEMAren bidez, erakunde publikoetatik egiten den eskaintzan euskarazko ikastaroak gehitu daitezen harremanak jorratuko dira.
HIZKUNTZA PRESTAKUNTZA ETA TREBAKUNTZA
Hizkuntza prestakuntza deitzen diogu, dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe izanda, horretarako langile bati ematen zaion prestakuntzari. Aldiz trebakuntza deitzen diogu, dagokion HE egiaztatuta izanda, edo kasuren batean izan gabe ere, beren lana euskaraz egin ahal izateko langileari ematen zaion trebakuntzari.
Azpeitiko Udalean 2003ko erabilera planean oinarrituta, 2004ko urtarrilean udal-langile guztien trebakuntza proposamena landu zen. Orduan, langile bakoitzak zenbat trebakuntza ordu beharko zituen zehaztu zen. Proposamen hura arduradun politikoei aurkeztu eta hasiera eman zitzaion trebakuntza lanari.
Trebakuntzarako lehentasunak ezartzeko, 97ko dekretua aintzat hartuta, lehenik eta behin jendaurreko lanpostuetan ari ziren langileekin ekin zitzaion, ondoren gizarte izaerako lanpostuetan ari zirenekin, eta azkenerako utzi ziren izaera orokorreko lanpostuetako langileak.
Lau urteko trebakuntza ibilbide jarrai hori Euskara Patronatutik bideratu da, eta 47 langilerekin egin zen horretarako plana.
Baina nolabaiteko trebakuntza jarrai horrez gain, azken urtebetean beste modu batean jarraitu da trebakuntza lantzen. Batetik, 28 langilek (3. eta 4. HE dutenek) UEMAk emandako zuzeneko trebakuntza saioetan parte hartu dute (12 orduko saioak). Saio horietan "Administrazioko hizkera eta testuak lantzen" ikastaroa egin dute.
Eta bestetik, UEMAk hilean behin bidaltzen dituen trebakuntza ariketak jasotzeko aukera izan dute udal langile zein hautetsi guztiek. Azken bide horrek, ordea, arazoak izan ditu: Udaleko aplikazio informatikoren bat dela eta, arazoak ematen ditu korreo elektronikoz iristen zaizkien ariketa horiek irekitzerakoan.
Hizkuntza prestakuntzari dagokionez ere, plana egin zenetik hona, euren hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe zuten langileek jaso dute horretarako prestakuntza Euskara Patronatuaren eskutik. Gaur egun, ordea, langile bakarra da prestakuntza horrekin jarraitzen duena (arkitektoa). Izan ere, zerbitzuburua da eta sail osoari eragiten dio (Hirigintza euskara atal izendatzeko eragozpen bakarra da). Gainera, langile horren idatzizko produkzioa oso handia da. Gainerako langileek ez dute prestakuntzarekin jarraitzen, eta ikusten denaren arabera, oso zail dute dagokien HE egiaztatzea.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Internet bidezko trebakuntzan dagoen arazoa konpontzeko informatikariarekin harremanetan jartzea.
- Internet bidezko trebakuntzan parte hartzen duten langileen jarraipena egiteko nolabaiteko sistema proposatu nahi da.
- Hizkuntza gaitasunean zehazten dira hizkuntza prestakuntza eta trebakuntzarako aurrera begirako gainerako proposamen orokorrak.
6. TRESNA ETA APLIKAZIO INFORMATIKOAK
Azpeitiko Udaleko lan hizkuntza euskara izan dadin behar-beharrezkoa da lanerako oinarrizko tresnak direnak ere euskaraz erabiltzeko prest izatea. Horri begira, Udaleko ordenagailuetako programak euskaraz instalatuta izatea izango da helburu bat; eta beste helburua, Udalean langileek maiz erabiltzen dituzten internet bidezko aplikazio telematikoak euskaraz ere erabiltzeko aukera izatea.
Horretarako lehenik eta behin, atal honetan, Azpeitiko Udalean dauden ordenagailuetan sistema operatiboa eta bulegotika zein hizkuntzatan instalatuta dauden aztertuko dugu lehenik modu orokorrean, eta administrazio ataletan erabiltzen dituzten berariazko aplikazio informatikoen hizkuntza aztertuko dugu ondoren. Horiekin batera, puntu honetan bertan, udal langileek erabiltzen dituzten tramitazio telematikoak zein hizkuntzatan dauden ikusiko dugu.
Azpeitiko Udaleko 38 ordenagailuetako datuak jaso dira emaitza hauek ateratzeko, eta hona hemen atera diren datu orokorrak:
Informatikariak bere irizpide propioz euskaraz ditu instalatuta Udaleko ordenagailuetako sistema operatiboak, kiroldegiko ordenagailu batean izan ezik; aldiz, gaztelaniaz daude instalatuta bulegotikako programa guztiak (office).
Langileek euren lana egiteko ordenagailuetan instalatuta dituzten aplikazio bereziei deitu diegu "Berariazko aplikazioak". Hamazortzi aplikazio informatiko ezberdin daude gaur egun Azpeitiko Udaleko ordenagailuetan instalatuta:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Emaitzek argi erakusten dute aplikazio informatikoen gaia langileei euskaraz lan egiteko oztopo nagusienetako bat dela. Udalean instalatuta dauden aplikazio informatikoen % 58 gaztelania hutsean dago. Euskaraz instalatuta dauden aplikazioak, normalean langileak berak sortuak dira, nahiz eta badauden beste erakunderen batenak direnak ere. Dena dela, gazteleraz dauden aplikazioetatik asko, Udalak enkarguz egindakoak dira edo Udalak erosiak.
Instalatuta dituzten berariazko aplikazio informatikoez gain, bada langileek gero eta maizago erabiltzen duten beste lan tresna bat: tramitazio telematikoena. Internet bidezko harremanak gero eta garrantzi handiago hartzen ari dira, baita administrazioen arteko harremanetan ere. Hori horrela izanik, garrantzitsua ikusi dugu Azpeitiko Udalean erabiltzen diren tramitazio telematikoen azterketa egitea.
Hona hemen aurkitu duguna:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Jasotako datuen interpretazioa egiterakoan, bi arazo nagusi ikusten ditugu: bata IZFE, eta bestea, RED SISTEMA. Horiexek dira gehien erabiltzen diren eta gaztelania hutsean dauden gune garrantzitsuenak, besteren batzuk ere euskaraz lan egiteko aukerarik ematen ez badute ere.
IZFE bere sorreratik izan da arazoa euskaraz lan egin nahi duenarentzat. Gaur egun, ordea, egia da aurrerapauso batzuk eman dituela. Langileek eman dituzten datuen arabera, batzuk IZFErekin egiten duten lana euskaraz egiteko aukerarik ez dute, baina aldiz beste lan batzuk egin daitezke euskaraz ere IZFErekin.
Gizarte Segurantzaren RED SISTEMAk ez du aukerarik ematen gaur-gaurkoz lana euskaraz egin ahal izateko.
Beste alde batetik, badaude ele bietan dauden guneak ere. Baina bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan erabil daitezkeen gune horiek ez dituzte beti langileek euskaraz erabiltzen. Gizartekintzan langile batek baino gehiagok gaztelaniaz erabiltzen dituela aitortu du.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Udal ordenagailuetan ezartzen diren aplikazio informatikoak euskaraz instalatuko dira, horretarako aukerarik badago behintzat.
- Gaztelania hutsez dauden bulegotikako aplikazio guztiak, OFFICEak kasu honetan, euskaraz jartzeko lan bolumena aztertuko da, eta epeka-epeka euskaraz jarriko dira.
- LOTUS NOTES programa Udaleko sarea kudeatzeko erabiltzen den programa da, eta eragin handia du hainbat esparrutan. Euskaraz jartzeko saiakera egingo da.
- INEMeko kontratuak egiteko erabiltzen den aplikazioa erabili gabe, INEMeko kontratuak beraiek euskaraz egiteko dauden baliabideak erabiliko dira (adibidez, UEMAren web orria).
- Fitxatzearen jarraipena egiteko erabiltzen den GEROA aplikazio informatikoaren antzekoak, baina euskaraz daudenak bilatuko dira merkatuan, eta aplikazioa ordezkatzeko aukera aztertuko da.
- Inbentarioaren jarraipena egiteko aplikazioa euskaraz izateko dauden eragozpenak aztertuko dira kontuhartzailearekin.
- Hirigintzan erabiltzen diren aplikazio informatikoak (autocad-map, presto, er vivwer...) instalatu aurretik euskarazkorik ba ote dagoen kontuan hartuko da, eta egotekotan euskarazkoak instalatzea lehenetsiko da.
- Kirolean erabiltzen diren bi aplikazio informatikoak euskarazkoengatik ordezkatzea proposatuko da eta horretarako aukerak aztertuko dira Kirol saileko arduradunarekin.
- IZFEren zerbitzuaren azterketa egingo da, argi eta garbi ikusteko zeintzuk lan euskaraz egiteko aukera ematen duen eta zeintzuk egin behar diren nahi eta nahi ez gaztelaniaz. Horko emaitzen arabera, aukera ematen duten guztiak euskaraz erabiliko dira Azpeitiko Udalean, eta horretarako prestatuta instalatuko dira. Gainontzean, Udalak IZFEri bere zerbitzuak euskaraz ere eman ditzan neurriak hartzeko eskatuko dio, bere kasa edo UEMAko gainerako udalekin elkarlanean.
- Gizarte Segurantzaren RED SISTEMAk euskaraz lan egiteko dituen eragozpenak kontuan izanda, UEMA hornitzaileen lanketaren barne Gizarte Segurantzarekin izaten ari den harremanen ondorioen zain egongo gara.
- Gainontzean, Udalak harreman telematikoa duen erakunde bakoitzarekin harremanetan jarriko da, baldin eta dauden harreman horiek euskaraz lan egitea eragozten badiote. Kasu horietan, Udalak euskaraz lan egiteko erabakiaren aurrean, Udalari eskaintzen dizkioten zerbitzuak euskaraz erabili ahal izateko neurriak hartzeko eskatuko du Udalak.
7. INTERNET ETA INTRANET SAREAK
Atal honetan Udalaren barne sarearen eta web orrialdearen hizkuntza aztertuko ditugu. Web orriari dagokionez, helburua izango da Udalaren web orrian euskara lehenetsia izatea; eta Udalaren barne sareari dagokionez, berriz, sare hori euskaraz erabiltzeko prest izatea.
Udalaren intraneta LOTUS NOTES programaren bidez kudeatzen da. Programa informatikoa gaztelania hutsean dago, eta ondorioz baita sarea bera ere. Langileek LOTUS NOTES erabiltzen dute besteak beste korreo elektronikoa kudeatzeko, eta, sarrera eta irteera erregistroa kudeatzeko.
Udalak web orrialde ofizial bat du: www.azpeitia.net. Baina horrez gain, udal barruko sail batzuk badute beren web orri espezifikoa: Kirol Patronatuak, Euskara Patronatuak eta Ingurugiro Etxeak (www.azpeitikokirolpatronatua.net, www.erabili.com eta www.ingurugiroetxea.org).
www.azpeitia.net web orrialdea euskaraz eta gaztelaniaz dago. Hasieran euskaraz irekitzen da defektuz, baina badu gaztelaniaz ikusteko aukera ere. Gaztelaniazko bertsioan, nolabait finkoak diren atalak itzulita daude, baina albisteen tartean, albiste batzuk euskara hutsez egoten dira. Web orriaren kudeatzailearen arabera, teorian denak itzulita beharko luke, baina kudeatzaileak duen denboraren arabera, batzuetan albiste batzuk itzuli gabe geratzen dira. Dena dela aipatzekoa da, web orriko euskarazko bertsioan, badela euskarara itzuli gabe gaztelaniaz dagoen atalik.
www.azpeitikokirolpatronatua.net eta www.ingurugiroetxea.org biak daude ele bietan. Ingurugiro Etxekoa, ordea, defektuz irekitzen da euskaraz, eta gaztelaniazko bertsioa nahi baduzu, "gazteleraz" klikatu behar da. Aldiz, Kirol Patronatuko web orriaren hasiera orrian, hizkuntza aukeratu behar da.
www.erabili.com euskara hutsean dago.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- LOTUS NOTES programaren zereginak betetzeko egon daitezkeen euskarazko programak lortzen saiatuko gara.
- LOTUS NOTES euskarazko beste batengatik ordezkatzearen ondorioak aztertuko dira, eta aukera egotekotan euskarazko bertsioa instalatuko da.
- Ele bietan dauden web orrialdeetan itzulpenak zein kasutan egin eta zeinetan ez irizpideak zehaztuko dira.
- Kirol Patronatuko web orrialdea, defektuz euskarazko bertsioa irekitzen dela jarriko da.
- www.azpeitia.net orrialdean eduki guztiak euskaraz egotea bermatuko da.
8. ARGITALPENAK
Azpeitiko Udalak ezarria du 2006an onartutako hizkuntza irizpideetan Udalaren zein honen menpeko erakunde eta sozietateen argitalpenetako hizkuntza euskara izango dela. Halaxe dio zehatz-mehatz:
5.1.- Azpeitiko Udalak onartutako Euskararen Udal Ordenantzan, hiritarrari ondorengo eskubidea onartzen zaio, eta beraz, Udalaren betebeharra da Udalaren eta bere menpeko erakundeen edo sozietateen jakinarazpenak nahiz argitalpenak euskaraz jasotzeko aukera bermatzea. Baita komunikabideen bitartez Udalak argitara ematen dituen berriak ere. Udal-argitalpen nahiz komunikabide guztietan, udalerriko berezko hizkuntza bezala, euskara erabiliko da edo gutxienez euskarari lehentasunezko tokia emango zaio.
Argitalpenei dagokionez, beraz, helburua onartuta dagoen hizkuntza irizpidea bere horretan betearaztea izango da.
Aztertu diren argitalpen guztietatik Udalak berak sortutako ia guztietan betetzen da onartuta dagoen irizpidea, hots, euskaraz daude edo euskarari lehentasuna ematen zaio argitalpenetan. Dena dela, badaude euskaraz zein gaztelaniaz, modu berean, idatzita atera diren argitalpenak ere.
Azpeitiko Udalaren hilabetekaria den Azpeitian zer? aldizkaria euskara hutsean egiten da. Horrez gain, udaletxeko harreran, egoten dira Udalarenak berarenak ez diren beste hainbat argitalpen herritarren eskura, eta horiek erakunde egileak bidaltzen dituen hizkuntzan egoten dira beti. Ez dago Udalarenak ez diren argitalpen horiek erabiltzeko hizkuntza irizpiderik ezarrita.
Gainerakoan atalez atal aztertuko ditugu Udalarenak diren eta datu bilketan jaso diren gainerako laginak.
Gizarte ongizate atalak atera dituen azken argitalpenak bi hizkuntzatan daude, euskaraz alde batetik eta gaztelaniaz bestetik. Baina atal honetan, badira sarri erabiltzen diren beste erakunde batzuen argitalpenak ere: bai Eusko Jaurlaritzarenak bai Gipuzkoako Aldundiarenak. Argitalpen horiek ere ele bietan daude. Gehienek bi hizkuntzen trataera modu berean egiten dute, alde batetik euskara eta buelta emanda gaztelania; baina, bada gaztelaniari lehentasuna ematen dionik ere.
Kultura sailak ateratzen dituen argitalpenetatik gehienak euskaraz egoten dira, baina San Inazio jaietako programa nagusiki euskaraz bada ere, hainbat jarduera ele bietan egoten dira. Horrez gain, Azpeitian garrantzi handia duen Antzerki Topaketen egitaraua ere, ele bietan dago, euskarari lehentasuna emanez.
Hirigintza sailean, zehazki ingurumenari dagozkion hainbat argitalpen aztertu da. Aztertutako guztiak euskara hutsean daude.
Kirol Patronatuko argitalpenak ele bietan daude, baina euskarari lehentasuna emanez.
Parekidetasun sailean aztertu direnak, berriz, euskara hutsean daude. Eta langileak aitortutakoaren arabera, argitalpenak normalean euskaraz egiten dira, etorkinei zuzenduta daudenean izan ezik. Horiek ele bietan egiten dira.
Gazteria sailak ere, berak egiten dituen argitalpenak euskaraz egiten ditu, baina beste erakunderen batenak diren argitalpen dezente erabiltzen du atal honek. Horietatik gehienak ele bietan daude, bateren bat euskaraz eta bat gaztelaniaz. Gaztelaniaz dagoena Albergues urtekaria da. Langileek esan dutenaren arabera, kanpotik datozen argitalpenen artean euskaraz daudenei lehentasuna ematen saiatzen dira, batik bat tabloian jartzerakoan eta, dena dela beraientzat garrantzitsuak direnak erabili egiten dituzte nahiz eta ele bietan edo gaztelaniaz egon. Batzuetan, gaztelaniaz daudenak itzuli ere egin izan dituzte.
Hartu beharreko neurriak:
- Euskaraz egiten diren argitalpenak bere horretan egiten jarraitzea.
- Jaietako programa euskaraz argitaratzea.
- Atalez atal ele bietan egingo diren argitalpenen ezaugarriak zehaztea, eta ele bietan egiten diren guztietan euskarari lehentasuna ematea.
- Beste erakundeenak diren argitalpenak gutxienez ele biz iristen direla bermatzeko neurriak hartzea.
- Beste erakundeen argitalpenak erabiltzea hizkuntza irizpideak zehaztea.
9. HIZKUNTZA PAISAIA
Hizkuntza paisaia aztertzerakoan, udaletxea beraz gain, Azpeitiko Udalarenak diren hainbat eraikinetako hizkuntza paisaia ere aztertuko dugu: Udaltzaingoa, Sindikatu Zaharra, kiroldegia, igerilekua eta liburutegia.
Emaitza ikusi aurretik, hizkuntza paisaia eta Udalaren inguruan 2006an onartu ziren hizkuntza irizpideetan zehazten dena aipatuko dugu:
5.2.- Azpeitiko Udalaren irudia osatzen duten euskarri eta elementu desberdinak. Azpeitiko Udalaren euskarri guztietan (inprimaki, foiletoak, kartelak, errotuluak. e.a.) ageri diren testu eta nortasun korporatiboaren adierazle diren beste elementu grafiko guztiak euskaraz erabiliko dira: identifikaziorako izena ("Azpeitiko Udala"), informazio osagarrirako testuak (helbideak, telefonoak,...), markak, sinboloak, bestelako irudizko identitate elementuak, ... Kasu guztietan euskararen erabileraren kalitatea ziurtatzeko neurriak hartu beharko dira, Azpeitiko berezko hizkuntza gisa merezi duen duintasunarekin bat etor dadin.
5.4.- Udal bulegoetako errotulazioa. Administrazioaren zerbitzuan jarduten duen pertsonalak bakar-bakarrik erabiltzen dituen udal-bulegoen barnealdean, euskaraz egingo da errotulazioa. Halaber, euskara hutsean dauden errotuluak jar daitezke: udal-zerbitzuaren izenak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan antzeko grafia duenean, edo mezuak piktogramen bitartez ere adieraz daitezkeenean.
5.5.- Nomenklatura ofiziala eta toponimia. Azpeitiko udalerriko kaleen, errepideen, auzoen, mendien, ibaien eta ubideen nomenklatura ofiziala eta baita, oro har, bertako toponimo guztiena ere, euskaraz jarriko da, baldin eta euren jatorrizko deiturak beste hizkuntza bati dagozkionak ez diren.
Hizkuntza paisaia Udalaren irudiaren adierazle garbienetakoa da, beraz gure helburua izan behar du, aurrez aipatu diren hizkuntza irizpide horiek bere horretan betearaztea, eta Udalari dagokion hizkuntza paisaia euskaraz egotea.
Hainbat adierazle modu orokorrean aztertu dira Udalari berari dagozkiolako, eta eraikin ezberdinetako berezitasunak eraikinez erakin.
Oro har emaitza onak daude Udalaren irudiari dagokion hainbat adierazleren emaitzetan. Udal arropa, ibilgailuak eta kale izenak euskaraz daude. Zarama kontenedoreak, berriz, euskaraz daude batzuk eta ele biz beste batzuk. Eta IBIak, azkenaldian jartzen ari direnak euskaraz badaude ere, badaude gaztelania hutsean dauden zahar batzuk ere.
Obretako seinaleei dagokienean, berriz, denetarik aurkitu dugu. Azaroan egindako laginketaren arabera aztertu ziren 6 oharretatik 3 euskaraz zeuden, 2 ele biz eta bat gaztelania hutsean. Obra horiek Udalaren zuzeneko obrak izan ez arren, herrian egiten diren obra guztietarako baimena Udaletik pasatzen denez, haiek jartzen dituzten oharren hizkuntzan eragiteko aukerak badituela Udalak uste dugu.
Udal irudiarekin zuzeneko harremana duten beste hainbat eragile ere aztertu dira: gutunazalak, orriak, fax azalak eta udal zigiluak. Oro har material hori guztia euskaraz dago, Hirigintzan duten fax azal bat izan ezik. Kontua da Hirigintzan bertan badagoela euskaraz dagoen beste fax azal bat, baina hainbat fax gaztelaniazko orrian bidalita aurkitu dira. Zigiluak, berriz, gehienak ele bietan daude, baina badira euskara hutsean dauden batzuk ere.
Ondoren, Udalarenak diren hainbat eraikinen hizkuntza paisaia ikusiko dugu taulan:
Udal eraikinen hizkuntza paisaiari dagokionez, jasotako datuak onak direla esan daiteke. Oro har kanpo hizkuntza paisaia euskaraz edo ele bietan dago gehienetan. Informazio taulako agiri batzuk, hormetan itsatsitako irudiren bat edo beste, eta, igerilekuko eta kiroldegiko informazio panelak izan ezik. Hala ere aipatzekoa da, iragarki tauletan gaztelania hutsean dauden agiriak ez direla Udalak berak sortutakoak, udaletxeko kasuan, beste udal administrazio batzuenak dira, eta kiroldegiko kasuan, beste enpresa batzuen iragarkiak.
Horiez gain, mantenimendurako pegatinak ele biz izan arren, segurtasun tresnak gaztelania hutsean daude eraikin guztietan.
Gainerakoan, aipagarriena da, askotan ez dela argi ikusten seinale eta antzekoak jartzerakoan hizkuntza irizpide berberari jarraitzen dionik Udalak. Maila berean dauden hainbat euskarri kasu batzuetan euskaraz daude eta beste batzuetan ele biz.
Bulego barruko langileen artxibadore eta karpeten kasuan, gauzak dezente aldatzen dira sail batzuetatik besteetara. Batzuk, euskaraz dituzte izenburuak, beste batzuk, gazteleraz dituztenak aspaldikoak direla diote, eta aldatu gabe daudela, baina beste batzuk, oraindik gaztelaniaz jartzen jarraitzen dute. Batik bat Gizarte ongizatean, Hirigintzan eta Ingurugiro Etxean.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Gaztelania hutsean dauden IBI zaharrak euskarazkoengatik ordezkatzeko kanpaina egin.
- Aurrerantzean jartzen diren zarama kontenedoreak euskaraz jarri, izan ere, gaur egun herritarrek koloreengatik bereizten baitituzte kontenedoreak.
- Obretako seinaleei dagokionean, Udalaren obrak direnean, aurrez baldintza pleguetan eta ondoren kontratuan ongi zehaztuko da herritarrei begira jarritako oharrak euskaraz edota gutxienez euskarari lehentasuna emanez idatzita egon behar dutela. Aldiz Udalarenak ez diren obrei dagokienean, obra baimena ematerakoan zehaztuko zaie jendaurrean jarriko dituzten oharrek bete behar dituzten irizpideak; hau da, gutxienez, euskaraz behintzat egon beharko dute.
- Hirigintza sailean aurkitu den gaztelania hutsezko fax orria ez erabiltzea.
- Zigiluak erosten direnean, euskaraz daudenak edo euskarari lehentasuna emanez daudenak erostea.
- Kontuan hartuko da udal eraikinetan jartzen diren horma irudiak gutxienez, euskaraz ere egongo direla.
- Errotulazioari dagokionez, hizkuntza irizpideetan zehaztutakoa beteko da, baina saiatu egingo gara euskaraz eta ele bietan jarriko diren euskarriak zeintzuk izan behar duten zehazten. Horrez gain, irizpidearen arabera euskaraz behar luketen eta ele bietan dauden errotuluak aldatuko dira.
- Kiroldegian eta igerilekuan gaztelania hutsean dauden informazio panelak itzuli eta euskaraz jarriko dira.
- Informazio tauletan eta mahaietan, ez da gaztelania hutsezko agiririk jarriko. Jarri behar dena beste erakunde edo enpresa batena baldin bada, bidali duen informazio hori bueltan bidaliko zaio, jendaurrean jartzekoa denez, eta herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea Udalaren zeregina denez, euskaraz ere jaso nahi dugula esanez.
- Segurtasun tresnak jartzen dituen enpresarekin harremanetan jarriko gara, gutxienez tresna horien funtzionamendua euskaraz ere egon dadila bermatzeko.
10. IRAGARPEN, PUBLIZITATE ETA KANPAINAK
Atal honetan, Azpeitiko Udalaren iragarpenak, publizitatea eta kanpainak aztertu nahi izan dira. Kanpainei dagokienez, ordea, idatzizko produkzioaren barruan eta argitalpenen barruan sartu dira atalka egin dituzten kanpainen euskarrien datuak. Beraz, puntu honetan prentsa oharren bidaltze hizkuntza, Udalaren iragarki ofizialen bidaltze hizkuntza eta Udalaren iragarki taula aztertu dira.
Helburua dokumentu horien sortze hizkuntza euskara izatea eta euskaraz argitaratzea izango da, beti ere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz.
Prentsa oharretan, komunikazio zerbitzuaren bidez bidalitakoak zein ataletatik bidalitakoak jaso dira, eta aztertutako guztiak euskara hutsean daude. Prentsa idatzira bidalitako iragarki ofizialak berriz, erdiak euskara hutsean aurkitu dira eta beste erdiak ele biz. Langileek aitortutakoaren arabera, prentsaren arabera egiten dute hizkuntzaren hautaketa: euskarazko prentsara euskaraz bidaltzen dituzte eta ele bietako prentsara ele biz. Eta urriaren 24ko datan udaletxe azpiko iragarki taulan egindako behaketaren emaitzek erakutsi dute, bertan jartzen den informazioa gaztelania hutsean egonda ere jarri egiten dela. Dena dela, gaztelania hutsean dauden dokumentuak ez dira Azpeitiko Udalak sortutakoak, beste udal administrazio batzuetatik bidalitako hainbat ediktu baizik.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Prentsa oharrak orain arte bezala euskaraz bidaltzen jarraitzea.
- Iragarki ofizialak bidaltzeko irizpidea orain arte bezala mantentzea.
- Informazio taulan jartzen den informazioa zein hizkuntzatan jarri zehazteko hizkuntza irizpideak definitzea. Baina inoiz ez, nahiz eta beste erakunde baten informazioa izan, gaztelania hutsean. Horrek herritarren hizkuntza eskubideak ez errespetatzea dakarrelako.
11. DIRU-LAGUNTZAK
Azpeitiko Udalak onartuta dituen hizkuntza irizpideen arabera, Udalak diruz lagundutako udal-ekintza kultural, sozial eta aisialdiko guztiak, euskaraz izango direla edo euskarari lehentasunezko tokia emango zaiola aitortuko zaio Azpeitiko herritarrari. Ondorioz, Udalaren diru-laguntzak jasotzen dituzten talde, elkarte nahiz sozietate hainbat hizkuntza irizpide betetzeko beharra ezartzen zaie. Beraz, helburua irizpide hori betetzea eta hemendik aurrera Azpeitiko Udalak ematen dituen diru laguntzetan, beste baldintza guztiekin batera euskararenak ere sartzea izango da.
Errealitatean, eta aztertu diren diru-laguntza deialdiak ikusita (batean bai, bitan ez) edo udal teknikarien aitortzaren arabera, diru-laguntza irizpideetan ez da hizkuntzaren gaineko eskaerarik sartzen. Dena dela, diru-laguntzen onuradunek ia gehienetan, betetzen dituzte bete behar diren irizpideak, baina eskatu ez dira eskatzen. Eta oro har diru-laguntzak esleitu ondoren ere, ez da inor arduratzen laguntza jaso duen horren hizkuntza erabileraren jarraipena egiteaz.
12. KONTRATAZIOAK
Atal honetan Azpeitiko Udalak une honetan bere zerbitzuak kudeatzeko kontratatuta dituen enpresa edo pertsonak aztertuko dira. Eta horrez gain, Udalaren ohiko hornitzaileekin jokatu beharreko modua zehazten saiatuko gara.
Hona hemen Udalaren kontratazioen taula:
 | | Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
Kontratazioen inguruan, gaur egungo egoera nahiko ona da. Herritarrei zerbitzu zuzena ematen dieten kontratatuek zerbitzua euskaraz ematen dutela bermatzen da, nahiz eta kasuren batean erabiltzen den euskararen kalitatea ez izan udal bati ematea legokiokeena. Udalarekin dituzten harremanetan, ordea, badira oraindik azpi kontratatu batzuk Udalarekin harremanak euskaraz izateko gaitasunik ez dutenak (batik bat idatzizkoak).
Esleipenen kasuan, berriz, kontrataziorako erabili ziren baldintza pleguetan hizkuntza irizpideak ongi txertatuta zeudenez, funtzionamenduan ez dago inolako eragozpenik eta hiru enpresek Udalarekin zein ematen duten zerbitzuetan harremanak izan dituzten herritar, elkarte edo ikastetxeekin harremanak euskara hutsean dira.
Azpeitiko Udalak 2006an onartu zituen hizkuntza irizpideen arabera, zerbitzuen kontratazio edo administrazio-kontratazioetarako irizpideak zehazten dira. Irizpide horietan, besteak beste Udalak egiten dituen baldintza pleguetan hizkuntza klausulak sartzea onartua dago. Baina une honetan esleituta dauden hiru enpresaren hautaketan erabilitako baldintza pleguetan klausula horiek sartu baziren ere, idazkariak berak dio, eta hala egiaztatu da aztertu diren beste hainbat baldintza pleguetan, oro har ez direla sartzen hizkuntza irizpideak.
Aurrera begirako neurrien helburua, onartutako hizkuntza irizpideetan hartutako erabakiak betetzea izango da.
Aurrera begira hartu beharreko neurriak:
- Azpi kontratazio bidez herritarrei zuzeneko zerbitzua ematen dieten enpresei, eta hala egiten ez dutenei (Aitonena I), kalitatezko euskara erabili beharra azpimarratu, eta behar izanez gero horretarako laguntza eskaini.
- Edozein kontratazio egin aurretik, ziurtatuko da enpresak edo norbanakoak eman behar duen zerbitzua euskaraz emateko gai dela.
- Zuzeneko kontratazioetan, kontratuan hizkuntza klausulak gehituko dira.
- Euskaraz lan egingo duen enpresa edo norbanakorik ez dagoela ziurtatzeko, eskura dauden profesional euskaldunen zerrendak begiratuko dira.
- Baldintza pleguen bidez egiten diren kontratazioetan, bai baldintza pleguetan bai kontratuetan gehituko dira euskara klausulak (bai zerbitzua herritarrari zuzenean eman behar zaion kasuetan, baina baita Udalari eman behar zaionetan ere). Hori ziurtatu behar dela egiaztatu beharko du pleguak diseinatzen dituen langileak. Klausulak Udalak onartuta dituen aipatu hizkuntza irizpideetan zehaztuta daudenak izango dira.
- Kontratu guztiak euskaraz sinatuko dira, kontratatuak gaztelaniaz sinatu nahi izanez gero, ele biz. Eta horrela egin beharko duela jakinaraziko zaio hala dagokion langileari. Horretarako arazoren bat bada, euskarazko kontratu ereduak jarriko dira langile horren esku eta behar duenerako Euskara Patronatuko laguntza ere izango du.
13. UDALAREN HIZKUNTZA IRIZPIDEAK
Azpeitiko Udalak 2006an onartu zituen bere jarduerarako hizkuntza irizpideak. Dena dela, irizpide horiek hainbat arlotan zehaztasun gehiagoz jorratzeko beharra ikusi da.
2006an hizkuntza irizpideak osoko bilkurak onartu eta gero, udal langile ia guztiekin lanketa berezia egin zen, bakoitzari zegozkion betebeharrak zehazteko, baina plan hau egiterakoan argi ikusi da, hainbat kasutan, behintzat, ez direla hizkuntza irizpideak bere horretan betetzen. Horregatik, garrantzi berezia eman nahi zaio, bai plan honetan proposatzen diren neurriak zein onartzea proposatzen den hizkuntza irizpide berriak betearazteko sistema bat ezartzeari. Gainontzean, egindako lana alferrikakoa suerta baitaiteke eta hizkuntza ohiturak bere horretan mantendu.
Horiek horrela, zera proposatzen da aurrera begira:
- Udal jarduerari dagozkion hizkuntza irizpideekin (2006koetan oinarritu eta haiek osatuz) "Udalaren jardunerako hizkuntza irizpideak" dokumentua osatu eta osoko bilkurak onarpena ematea.
- Langile bakoitzari jarraitu beharreko irizpideak zehaztu eta betetzen diren jarraipena egingo dion arduradun bat izendatzea.
Plana garatzeko azpiegitura
Dokumentu honetan zehazten diren neurri berriak eta proposamenak nork eta nola bete/betearazi jasoko dugu puntu honetan. Helburua, zehazten den azpiegituraren bidez, erabilera plan hau gauzatzeko arduradun politiko eta langileak inplikatzea da, eta horretarako beharko den laguntza teknikoa zehaztea.
Plan honen jarraipena egiteko ardura, aurrez ere zehaztuta dagoen Udaleko erabilera planaren jarraipena egiteko batzordearena izango da. Batzorde horri egin beharreko egokitzapenak egingo zaizkio.
Jarraipen batzordea:
- Kideak:
- Arduradun politikoak: Izendatuta daudenak
- Euskara Patronatuko zuzendaria
- Euskara Patronatuko "Udal erabilera planaz" arduratzen den teknikaria
- Idazkaria
- Giza baliabideetako arduraduna
- UEMAko hizkuntza normalkuntzarako teknikaria
- Langileen ordezkaria
- Betebeharrak:
- Talde eragilea izango da
- Lau hilero elkartuko da gutxienez eta hurrengo lau hilabeteetako lanak zehaztuko ditu aldi bakoitzerako.
- Txosten honetan onartutako aurrera begirako neurri eta proposamen bakoitzak betetzeko ardurak banatuko ditu.
- Neurri bakoitza betetzeko eta betearazteko arduradunak izendatuko ditu
- Aurreko bileretan banatutako lan eta ardurak bete diren baloratu eta egokitzapenak egingo ditu
Udalbatzari eta Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio zer neurri eta erabaki hartu diren
Administrazio ataletako arduradun politikoak
- Betebeharrak:
- Euren ataletan hartu behar diren neurrien berri izatea
- Langileak eman beharreko urratsen inguruan sentsibilizatzea
- Erabakiak betetzen direla bermatzea
Zerbitzu teknikoa
- Kideak:
- Udal Patronatuko zuzendaria
- Udal Patronatuko euskara teknikari bat
- UEMAko euskara teknikaria
- Betebeharrak:
- Txostenean eta jarraipen batzordean zehaztutakoak
|