Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Kalitatezko zerbitzua, baita euskaraz ere

Kalitatezko zerbitzua, baita euskaraz ere

2010-04-29 / 17:21 / Azpeitiko Euskara Patronatua (AEP)   UDALETXEA

Urola-Kosta eskualdeko udalek eta Gipuzkoa Donostia Kutxak beraien arteko harremanetan eta aurrezki entitateak eskualdean dituen bulegoetan bezeroekin dituenetan euskararen erabilera areagotzeko, hitzarmena sinatu dute gaur (2010-4-29) Azpeitiko Enparan dorretxean.

Hamar izan dira gaur hitzarmena sinatu duten udalak: Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Hauez gain, Bidegoianek eta Errezilek ere bat egingo dute akordioarekin, baina aurrez udalbatzek onartu behar dute. Azpeitiko Udalak martxoan onartu zuen hitzarmena sinatzea.

Aipatutako hamar udaletako alkateak izan dira hitzarmena sinatu dutenak; Kutxaren aldetik, berriz, bailarako ordezkari Ainhoa Arruabarrena izan da sinatzailea. Alkateak ez ezik, udaletako euskara zinegotzi eta teknikariak eta Kutxako langileen ordezkaritza zabala elkartu da gaur Enparan dorretxean. Azpeitiko enpresa arloko ordezkaritzarik ere izan da ekitaldian.

Bost urteko iraupena

Kutxak eta Urola-Kostako udalek sinatutako hitzarmenak bost urteko iraupena izango du. Epe hori amaitutakoan, eta bi aldeak -dagokion udala eta Kutxa- ados egonez gero, berritzeko aukera legoke. Era berean, bost urteko epea baino lehen hitzarmenaren edukia beteta dagoela ikusten badute, bi aldeek hitzarmen berri bat egiteko aukera ere aurreikusten dute. UEMA, esaterako, mankomunitatearen barruan dauden udalerrietarako -Azpeitia kasu- hitzarmen propio baten proposamena lantzen ari da, Kutxari eskaintzeko.

Hitzarmenaren betetze maila zaindu eta bideratzeko jarraipen batzorde bat eratuko dute. Hain zuzen ere, Urola-Kostako hitzarmenarentzako jarraipen batzordeak datorren maiatzaren 6an egingo du lehen bilera, Azpeitiko Euskara Patronatuan.

Kutxak tresna informatiko bat sortu du, hitzarmenaren jarraipena erraztu asmoz, eta jarraipen batzordeak tresna horrek emandako datuak eskura izango ditu bere eginkizuna betetzeko. Tresna horren bidez, jarraipen batzordeak bi aldeetako -udala zein Kutxa- datuak jasoko ditu, eta horiek aztertu ondoren eta hala badagokio, neurri zuzentzaileak proposatuko ditu.

Jalgi hadi lan mundura

Alkateek banan bana sinatu aurretik, Azpeitiko alkate Julian Eizmendik -anfitrioi gisa-, Kutxaren gizarte eta komunikazio arduradun Carlos Ruizek eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara zuzendari Estibalitz Alkortak egin diete harrera bertaratuei.

Eizmendik gaurkoa "egun berezia" dela esanez ekin zion bere hizketaldiari, "euskararen normalkuntzaren bide luzean aurrepauso inportantea" delako hitzarmena. Azpeitiko alkateak azpimarratu nahi izan du, gainera, kasu honetan "Kutxa bera izan dela ate joka etorri zaiguna, eta hori eskertzekoa da, euskararekiko egitasmoak bultzatzeko asmo hori; eskertzekoa, normalean alderantziz izaten delako, erakundeak joaten garelako enpresetara ate joka".

Carlos Ruizek Beņat Etxepareren hitzak abiapuntutzat hartu eta "euskara, jalgi hadi lan mundura, administraziora eta, azken finean, elkar harremanetara jalgi dadila", eskatu-opa du. "Euskararen alde geundela esaten genuen garai haiek pasatu" zirela deritzo Kutxaren ordezkariak, eta esanetik egitera jauzi egiteko unea iritsia zaiela, "konpromisoak" hartzeko garaia. Konpromiso horiek betetzeko, "elkarlana eta jarraipena oso inportanteak" izango direla nabarmendu du Ruizek. "Guk gure bezeroei kalitatezko zerbitzua eman nahi diegu, baita euskaraz ere", esan du Kutxaren ordezkariak.

Estibalitz Alkortak, bere aldetik, "poza" azaldu du, 2007an Kutxak eta Foru Aldundiak sinatu zuten hitzarmen-markoak "emaitza egokiak ematen jarraitzen duelako". Aldundia Gipuzkoak euskararen normalizazioan duen garrantziaz "jakitun" dela aipatu du Euskara arloko zuzendariak, eta Aldundia "trakzio lana" egiteko prest dagoela. Puntu honetan, Eusko Jaurlaritzarekin kritiko agertu da Alkorta. Jaurlaritza euskararen inguruan egiten ari den lanean "gero eta laino beltz gehiago" ikusten dituela esan du, eta horrek bi erakundeen arteko lankidetza oztopatzen duela. Urola-Kostako udalek eta Kutxak euskararen erabileran aurrerapausoa eman duten honetan, Azpeitiko Udalak eta Diputazioak sinatutako hitzarmena ere nabarmendu nahi izan du Alkortak.

Hitzarmenaren edukia

PDF honetan osorik irakur daiteke Kutxa eta udalen arteko hitzarmena


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com