Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskararen ordenantza berria onartu du Azpeitiko Udalak

erabili.com / Udaletxea / 2009-12-04 / 09:00


Azpeitiko Udalaren osoko bilkurak aho batez (EAJren, Azpeitiko Hautetsi Independentisten eta EAren zinegotzien botoekin) erabaki zuen atzo (2009-12-3), Euskararen Nazioarteko Egunean, Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza berriari hasierako onarpena ematea. Orain dela lau urte, 2005eko abenduaren 1ean, onartu zuten aurreneko euskararen ordenantza ordezkatzera dator araudi berria.



Lehendabiziko ordenantza hura epaitegiek indargabetu ondoren etorri zaio Udalari ordenantza berria tajutu beharra. Funtsean, atzoko udalbatzarrean oniritzia jaso zuen testuaren edukia 2005ekoaren oso antzekoa da. Hitzaurrea aldatu da eta, horrekin batera, artikulatuaren barruan, lege oinarrien aipamenak txertatu zaizkie artikulu guztiei, banan bana eta kasu bakoitzean dagokion lege oinarria zehatz aipatuz.

Iņaki Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedraduna, aurreko ordenantzaren erredakzioa zuzendu zuena, izan da ordenantza berrirako egin diren egokitzapen eta moldaketak sartu dituena. Egokitzapen eta moldaketa horiekin, epaitegiek aurreko ordenantza indargabetzeko erabili dituzten argudio nagusiak (Azpeitian gaztelania baztertu egiten dela eta Udalak hizkuntz normalizazioaren esparruan arauak emateko eskumenik ez duela) indargabetu nahi izan dira.

Orain arte aipatutakoekin batera, xedapen gehigarri berri bat gehitu zaio ordenantzari. Horrela, alkateari onartzen zaio, ordenantzan jasotakoaren urraketak egonez gero, zigor neurriak hartzeko ahalmena.



Hona hemen Azpeitiko euskararen ordenantza berriaren eduki osoa, hitzez hitz:

HITZAURREA

Autonomia Estatutuaren 6. artikuluari jarraiki eta hizkuntza-alorrean garatzen den legediari ere -funtsean 10/1982 Legea, azaroaren 24koa-, Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara da. Eta, euskara nahiz gaztelania, biak hizkuntza ofizialak dira.

Hemendik ondorioztatzen da gure Erkidegoan bi hizkuntzak erabil daitezkeela eraginkortasun eta balio juridiko osoarekin, mota guztietako harreman publikoetan zein pribatuetan. Hartara, udal-izaera daukan araudi honen oinarrizko helburua da, Azpeitiko administrazio-eremuan, kultura-alorrean eta mota guztietako harreman sozialetan, gaztelaniarekin berdintasunean, euskararen erabilera ahalmentzea, sustatzea, erraztea, eta bermatzea, bere normalizazioa erabatekoa izan dadin. Azpeitian, edozein eremutan zein inguruabarretan, gaztelania erabiltzeagatik ez da inor diskriminatzen; alabaina, badaude traba desberdinak euskara erabiltzeko hainbat eremutan edo bere erabilerak behar ez bezalako atzerapenak jasaten ditu (Azpeitiko biztanleen % 95ak esaterako, ezin du euskara erabili hizkuntza ofizial gisa eta normaltasun osoz, Azpeitian kokaturiko Estatuko Administrazioaren menpe dauden erakundeen aurrean, hala nola, erregistroa, notaritza, epaitegiak,...). Hortaz, Azpeitiko Udalak, berezkoak dituen eskuduntzen esparruan eta egikaritzan, udal-bitarteko oro erabili nahi du, euskararen normalizazioa bete-betekoa eta eraginkorra izan dadin.

Laburbilduz, bi hizkuntza ofizialen ikuspegitik, Azpeitiko biztanle guztiei erabat bermatu behar zaizkie euren hizkuntza-eskubideak. Aitzitik, onartu beharra dago, ia XX. mende osoan zehar, Azpeitiko berezko hizkuntza bezala, euskara baztertu egin dela bertako udal-Administrazioan ezezik, harreman publikoetan ere. Hortaz, gaur egun, Azpeitiko Udala, azken mendean gutxiengotzat jotako eta eremu publikotik baztertu den berezko hizkuntza sustatzen aurrenekoa izan behar da. Eta hori guztia, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartak xedatzen duenarekin bat (Estrasburgon egin zena 1992ko azaroaren 5ean eta Espainiak berretsi eta argitara eman zuena 2001eko irailaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofizialean).

Izan ere, Ordenantzak ez du esleitzen Azpeitiko Udalak ez daukan eskuduntzarik; aitzitik, helburu bakarra -bere eskuduntzak zorrozki egikarituz- euskararen eta gaztelaniaren erabilerari dagokionez, azpeitiarrei hizkuntza-eskubide berberak bermatzea da. Eta xede hori lortzearren, ez die hizkuntza-eskubide berririk gehitzen, ez euskararen ofizialtasuna deklaratzetik eratorritako eskubideei, ez eta Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartak aitortzen dituenei ere (bereziki, justizia arloari buruzko 9. art.an eta administrazio-agintariei zein zerbitzu publikoei buruzko 10. art.an). Honen harian, hain zuzen, gogora ekarri behar dugu, Espainian Karta aplikatzeari dagokionez, Europako Kontseiluko adituen batzordeak igorritako bi txostenetan (2005eko apirilaren 8koa eta 2008ko abenduko 11koa, hurrenez hurren), honakoa azpimarratzen dela: Karta ez dela betetzen hizkuntza-ofizialtasun bikoitza duten Autonomia Erkidegoetan, hala justizia arloan, nola Estatuko Administrazioan. Berebat, ezin ahantzi dugu Europako Kontseiluko ministroen batzordeak 2005eko irailaren 21ean onartutako Gomendioa (baita gerora, zentzu berean, 2008ko abenduaren 10ean onartutakoa ere). Espainiar agintariei, hitzez hitz, zera gomendatzen die:

"1. Behar adina neurri juridiko hartzea eta jarduera burutzea, Kartaren 9 art. an jasotako konpromisoak beteko direla ziurtatzeko, eta bereziki, Kartaren 9. art. aplikagarria zaien Autonomia Erkidegoei dagokienez, eremu horretan jarduten duten langile kopuru egokiak dagozkien hizkuntzen ezaguera praktikoa eduki dezan; 2) Estatuko Administrazioaren baitan lan egiten dutenei zuzendutako kontratazio, karrera eta trebakuntza programak azter ditzatela, Kartaren 10. art. aplikagarria zaien Autonomia Erkidegoei dagokienez, eremu horretan jarduten duten langile kopuru egokiak dagozkien hizkuntzen ezaguera praktikoa eduki dezan".

Hortaz, Europako Kontseiluaren Kartan xedatzen denaren arabera, argi eta garbi, Azpeitiko Udalerrian kokatutako Justizia Administrazioa "euskararen ezaguera praktikoa" duten langilez hornitu behar da (9. art.); baita Estatuko Administrazioaren menpe dagoen edo harekin harremana duen organo oro ere (10.1 art.). Jakina, arlo horietan Ordenantzak ezin dio Udalari ez daukan eskuduntzarik egotzi. Aitzitik, Ordenantzaren xede bakarra da, beti ere euskara normalizatzeko Legetik eratorritako eskuduntzei hertsiki jarraiki, azpeitiarrei euskararen erabilera eraginkorra eta atzerapenik gabekoa bermatzea, hizkuntza ofiziala baita. Honetara, Estatuko Administrazioak euskararen ofizialtasunaren ondorio juridikoak nabarmenki urratuz gero, baita Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartak, berretsitako Itun gisa ezarritako betebeharrak ere, Azpeitiko Udalak, soilik udal-eremuko eskuduntzekin bat, hainbat neurri iragankor har dezake. Batetik, sustapen-neurriak; besteak beste, euskararen borondatezko irakaskuntza Estatuko Administrazioaren menpeko langileei, hiritarrei euskaraz harrera egiteko eta erantzuteko materiala prestatzea, eta abar. Bestetik, koordinazio-neurriak eskudunak diren Administrazioekin, hizkuntza ofizial gisa, euskara erabiltzeko eskubidea guztiz bermatzeko; honela, esaterako, behin behineko neurri bezala -aldi baterako edo iraunkorki- udalaren Euskara Patronatuan itzulpengintza lanak burutu daitezke, hain zuzen euskararen ofizialtasuna errespetatzen ez den eremuetan hiritarrei euskararen erabilera bermatzeko (hots, Azpeitian euskara ofiziala dela formalki aitortu arren, materialki erabili ezin denean edo erabiltzen duenak behar ez bezalako atzerapenak jasaten dituenean).

Bestalde, udal-Administrazio barruko lan-harremanei dagokienean -baita Administrazio instituzionaletako nahiz bere menpe dauden sozietate guztietakoei ere-, Ordenantza honek adierazten du, lan-hizkuntza euskara dela, baldin eta bertako langileak, dagokion lanpostuari zor zaion hizkuntza-eskakizuna eskuratu duen. Jakina, beti ere gogoan izanik hiritarrei eurak hautatutako hizkuntza ofizialean -hala gaztelaniaz, nola euskaraz- harrera egin eta erantzun behar zaiela.

Honenbestez, araudi honen xedea da, Azpeitiko udalerrian, hiritar euskaldun guztiek, gaztelania erabili nahi dutenek dagoeneko badauzkaten eskubide berberak eduki ditzatela. Eta ondorioz, hiritar guztiak hautatutako hizkuntza ofizialean erabat bizi ahal izatea, eskubide eraginkor berberekin, eta edozein harreman edo gizarte-jardueretan, kontuan hartuz, azken biztanleria-erroldaren arabera, Azpeitian erroldatuta dauden 13.000tik gorako biztanleen % 5ak bakarrik ez duela euskara ezagutzen.

Halaber, Ordenantza honen bitartez Azpeitiko udalerrian "Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia" bete nahi da. Aipatu Plana, Euskararen Aholku Batzordearen Batzorde Osoak 1998ko ekainaren 24an onartu zuen aho batez; ostera, uztailaren 28an, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak onetsi eta gero, Eusko Legebiltzarrak, 1999ko abenduaren 10ean egindako osoko bilkuran berretsi zuen (1999ko abenduaren 30eko aldizkari ofizialean argitara emanez). Bada, arreta berezia merezi du toki-erakundeen eskuduntzen ikuspuntutik, osoko bilkura horretan, Plana berrestearekin batera, Legebiltzarrak onartutako 8. Ebazpenak esplizituki deklaratzen duenak -gogoan izanik, eskakizun hori biztanle kopuru esanguratsua duten udalerriei egiten zaiela-. Izan ere, zera xedatzen du hitzez hitz aipatu Ebazpenak: "Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako eta hiri handietako udalei eskatzen die gara dezatela euren hizkuntz normalizaziorako plana, nahiz eta hori bideratzeko plan orokor bat egon". Bestalde, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak finkatzen dituen helburuen artean, Administrazioari buruzko VI.3.2.a) atalean, hitzez hitz honakoa aurreikusten da:

"- Euskara administrazioaren zerbitzu-hizkuntza izango dela bermatu, batik bat osasun-zerbitzuetan, herrizaingo-zerbitzuetan eta justizia-administrazioan. Era berean, lan-hizkuntza ere izan dadin egitasmoak abian jarri. Estatuko administrazioko erakundeetan eta, bereziki, Justiziakoetan ere euskararen erabilera sustatzeko plangintza zehatzak martxan jarri.

- Zerbitzuak kontratatzerakoan, instalazioak erabiltzeko baimenak emateko orduan edota edozein jardun-esparrutan dirulaguntzak banatzeko deialdiak egiten direnean hizkuntza-irizpideak ezarri, batik bat gune euskaldunenetan, esate baterako, arkitekto, aparejadore, aholkulari juridiko, aseguru-etxe eta abar kontratatzerakoan.

- Herri-administrazioetan (bereziki udal eta eskualdeetan) euskararen erabilera normalizatzeko plangintzak gauzatu. Horretarako, euskara-zerbitzuak sendotu edo eratu eta hizkuntza-normalizatzaileen prestakuntzaz arduratu.

- Administrazioan erabiltzen diren testu juridikoak euskaraz egokitu, lexiko berezitua finkatzen jarraitu eta terminologi kontsultak egiteko zerbitzu eraginkorra eskaini".

Eta VI.3.2.b) atalean berriz, Azpeitia bezalako gune euskaldunenenei zuzendurik, hitzez hitz adierazten da, zera egin behar dela:

"- Udalerri euskaldunenetako osasun- eta gizarte-zerbitzuetako sendagile, erizain, pediatra eta langileak euskaldundu.

- Merkataritzan eta enpresa-munduan ahozko zein idatzizko hizkuntza-paisaia euskaratu: a) ageriko errotulazio guztia euskaraz izan; b) denda, taberna eta abarretako erabilpen mintzatua areagotu".

Honetara, Azpeitiko Udalak euskararen normalizazio arloan eskuduntza ugari dauzka. Eskuduntza hauek, batzuetan, Espainiak berretsitako nazioarteko Itunen aplikazioa dela-eta sortzen dira zuzenean, arestian aipatu Kartarekin gertatzen den bezala (bereziki, 10 art.). Halaber, Estatuko legeditik -2568/1986 Errege Dekretuak onartutako Erregelamenduaren (toki-erakundeen antolakuntza eta funtzionamenduari buruzkoa) 86 eta 110 art.ekin gertatzen den bezala- nahiz Autonomia Erkidegoko legeditik eratortzen dira, betiere, 7/1985 Legeak, Toki-erakundeen Oinarriei buruzkoak, 22.2.q) art.an xedatzen duenarekin bat. Izan ere, gogora ekarri behar dugu, xedapen honek Udal osoko bilkurari esleitzen diola legeek espresuki aitortutako edozein eskuduntza. Eta zehazki, 10/1982 Legeak, euskararen erabileraren normalizazioari buruzkoak, beste botere publikoen artean, Udalei, ondoko eskuduntzak esleitzen dizkie: egokitzat jotako neurriak hartzeko eskuduntza, hizkuntza arrazoiak direla-eta, inor diskriminatua izan ez dadila zaintzeko (4 art.); eta 5,6,7,... art.etan aitortzen diren hizkuntza-eskubideen egikaritza bermatzeko eskuduntza. Bada, horixe da hain zuzen ere, Azpeitiko udal-Ordenantzak arautzen duena (gogoan izan, 10/1982 Legeko II tituluko lehen kapituluan, euskararen erabilera Administrazio publikoetan arautzen dela, eta jakina, Administrazio publikotzat jo behar dira nortasun juridikoa duten toki-erakundeak, zeinak euren lurralde-esparruan bertako hiritar ororen hizkuntza-eskubideak garatu eta bermatu behar dituzten, kontuan izan gabe erabilitako hizkuntza ofiziala zein den; eta, hauxe da Azpeitiko udal-Ordenantza honek bermatzen duena). Berebat, udalerrien nahiz kaleen nomenklatura ofizialari dagokionez, baita oro har, toponimoenari dagokionez ere, aipatu 10/1982 Legeko 10 art.ak toki-erakundeei eskuduntzak esleitzen dizkie arlo horietan; orobat, gatazkak ebazteko sistema aurreikusten du, gatazka horiek Eusko Jaurlaritzarekin sortzen diren kasurako.

Noski, ugariak dira ere, Autonomia Erkidegoaren esparruan, euskararen hizkuntza-normalizaziorako organoek hartutako erabakiak, hizkuntza-normalizazio arloan toki-erakundeei esplizituki eskuduntzak aitortuz.

Hauek guztien artean, daukan garrantziagatik, aipatu beharra dago Euskararen Aholku Batzordeak, 1991ko ekaiaren 7ko osoko bilkuran onartutako txostena, esanguratsua den honako izenburupean: "Euskara normalizatzeko udal-Ordenantzen legezko oinarriak". Halaber, 10/1982 Legearen garapenez eta, bereziki, toki-erakundeei esleitzen zaizkien eskuduntzetan oinarrituz, 86/1997 Dekretuak bi eratako administrazio-unitateak zehazten ditu: elebidunak eta euskarazko administrazio-unitateak, alegia. Honela, administrazio-unitate elebidunek, euren funtzioak "Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetatik edozeinetan, bereizi gabe, burutzen dituzte"; euskarazko administrazio-unitateek ostera, "euren zereginak, batik bat euskaraz burutzen dituzte". Hortaz, aipatu Dekretuko 17 art.ak, euskal administrazio publikoetan euskararen erabileraren normalizazioa progresiboa izan dadila sustatzeko, zera xedatzen du: erakundeak derrigorrez bete beharreko indizea % 70etik % 100era bitartekoa denean (eta zalantza izpirik gabe hauxe da Azpeitiko udalerrian gertatzen dena, Autonomia Erkidegoko legediari jarraiki) euskarazko administrazio atalak jarriko direla, erakundeak euskararen erabilera normalizatzeko duen planean ezarritakoaren arabera. Beste era batera esanda: lehentasunezko lan-hizkuntza euskara izango da aipatu erakundeetan, batzuetan gaztelania erabiltzearen kalterik gabe. Eta hauxe da Ordenantza honek esplizituki aurreikusten duena ere, udal-Administrazioaren zerbitzuan lan egiten dutenek hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez dutelako behar adina gaitasunik ez duten kasurako.

Ondorioz, Ordenantzaren filosofia argia da eta Azpeitiko udal-barrutian, bertako hiritarren hizkuntza-eskubideen berdintasuna nahiz bermea lortzean laburbildu daiteke. Hots, Ordenantzak, bere udalerriaren praktikari erreparatuz, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartak eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak onartutakoa) xedatzen dutena zehaztea du helburu; honetara, euskara erabili nahi duten biztanleen aldeko neurriak hartzea aurreikusten du, euskaraz nahiz gaztelaniaz "hitz egiten dutenen arteko berdintasuna" sustatzearren eta lortzearren (Kartaren 7.2 art.).

Gogoratu beharra dago, Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartak bere helburuak zein printzipioak xehetasunez zerrendatzen dituela (7 art.); eta guztiak dira derrigorrean ezargarriak Azpeitian ere. Bada, helburu nahiz printzipio orokor horien guztien artean, lehenengoz, hizkuntza erregionalen edo gutxituen erabilera zein garapena etsiarazi eta arriskuan jartzea xede duten neurri murriztaile oro ezabatzeko Kartaren asmoa irmoa da. Bigarrenez, halaber, hizkuntza gutxituen aldeko neurri bereziak hartzea proposatzen du Kartak, betiere "hizkuntza horietan hitz egiten dutenen eta gainerako biztanleen arteko berdintasuna" sustatzearren eta lortzearren (7.2 art.). Hirugarrenez eta azkenik, Kartak zera xedatzen du: aipatu hiztunen alde hartutako diskriminazio positiboko neurriak, inoiz ezin direla gainerakoentzako diskriminatzailetzat jo.

Honenbestez, Ordenantzaren testu artikulatuan, lehenik eta behin, xedapen orokor multzo batek ņabarki aditzera ematen ditu erregelamendu honen oinarri juridikoak. Jarraian, udal-Administrazioaren menpeko langileei dagozkien xedapenak zehazten dira; baita euskararen erabilera arautzen dutenak ere, udal-Administrazioan, gainerako toki-erakundeetan eta bizitza sozialaren bilakaeran. Honek guztiak zera du helburu: Azpeitiko udalerrian hizkuntza-eskubide oro sustatzea eta bermatzea.

Lehenengo Atala


XEDAPEN OROKORRAK

Bigarren Atala


UDAL-ADMINISTRAZIOAREN MENPEKO PERTSONALA

Hirugarren Atala


EUSKARAREN ERABILERA UDAL-ADMINISTRAZIOAN

Laugarren Atala


EUSKARAREN ERABILERA TOKI-ERAKUNDEETAN ETA BIZITZA SOZIALAREN BILAKAERAN

Xedapen Gehigarriak

Xedapen Iragankorrak

Xedapen indargabetzailea

Indargabetuta daude Ordenantza honek ezartzen duenarekin bat ez datozen xedapenak, baita Ordenantza ezeztatzen duten erabakiak ere.

Azken Xedapena

Ordenantza hau indarrean sartuko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.



Agiri interesgarriak (eskuratzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzunak


Euskararen Ordenantza berria aho batez onartu dute

Irene Elorza - UROLA KOSTAKO HITZA / 2009-12-11 / 10:50

Azpeitiko Udalaren osoko bilkurak aho batez erabaki zuen herenegun, Euskararen Nazioarteko Egunean, Azpeitiko Udalean eta udalerrian euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa bermatzea helburu duen udal ordenantza berriari hasierako onarpena ematea.

Orain dela lau urte, 2005eko abenduaren 1ean, onartu zuten aurreneko euskararen ordenantza ordezkatzera dator araudi berria. Joan den ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetuta utzi zuen euskara normalizatzeko araudia, gaztelera baztertzen zuela argudiatuz. Ordenantzako testua berridatzi ondoren onartu du berriz ere Azpeitiko udalbatzarrak. Nahiz eta berridatzi, "ibilbidea ikusteko dagoela" adierazi zuen Julian Eizmendi alkateak. Ezker abertzaleko Iņaki Errazkinek, berriz, aurreko ordenantza baliogabe uzteak Udalak gauzak gaizki egin zituenik ez duela esan nahi adierazi zuen.

Tresna berria

Ordenantza berriak Azpeitiko herriari aurretik ez zituen baliabideak eskaintzen dizkio euskararen inguruan sortzen diren arazo eta bestelako egoeren aurrean erabakiak hartzeko. "Euskararen Ordenantza honek ekarriko duena zera da, tresna bat izango duela herriak arlo horretan erabakiak hartzeko. Lehendik dagoena ordenatzen da eta hobetzeko funtzionatzen du. Bukatzeko, euskararen erabilera gaztelaniarekin parekatzea ahalbidetzen du", adierazi du Azpeitiko Euskara PatronatUaren zuzendari Patxi Saezek.

Lau ardatz nagusi ditu ordenantzak: xedapen orokorra, bertan Azpeitiko berezko hizkuntza euskara dela aitortzen da; administrazio pertsonalaren eskakizunak eta plangintza; euskara administrazioan; eta toki erakundeak.


Euskararen inguruko udal ordenantza berriei hasierako onarpena Udalean

Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO / 2009-12-11 / 12:14

Ostegun iluntzean egin zen Udaleko Pleno Aretoan hileroko osoko bilkura. Euskararen Nazioarteko Egun berean, Udalak hasierako onarpena eman zion, aho batez, Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza berriari. Duela lau urte, 2005eko abenduaren 1ean, onartu zen aurreneko euskararen ordenantza ordezkatuko du. Izan ere, Espainiako Epaitegi Gorenak balio gabe utzi zuen hura "gaztelania baztertzen" zuela argudiatuz. Orain, ekarpenak egiteko tartea zabalduko da.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1259849268