![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Azpeitiko Udal Euskaltegia / Euskaltegia / 2009-12-02 / 12:11
Azpeitiko Udal Euskaltegiak 25. urteurrenaren ospakizunekin jarraitzen du. Bihar, abenduak 3 eta Euskararen Nazioarteko Eguna, ekitaldi berria izango dute, Jose Mari Carreren eskutik.
Kontu kontari, hori bai bizitzea!. Izenburu hori jarria dio Carrerek bihar Azpeitian eskainiko duen saioari. Udal Euskaltegiaren egoitzan izango da zita, 15:30ean hasita. Ordu eta laurden inguruko ekitaldia izango da.
Carrere beraren hitzetan, Kontu kontari, hori bai bizitzea!-n "tonu erabat ironikoan" azaltzen du ipuin kontalari aritzea "lanik egin gabe bizitzea" dela, "baina pertsona kultutzat hartuta". Gaztelaniazko "vivir del cuento" esaeran oinarrituta, ibilbide autobiografiko batekin hasita, Carrerek hainbat ipuin kontatuko ditu eredu gisa, "entzuleak kopia ditzan, bere bidea egin dezan".
Azpeitiko Udal Euskaltegiak bere sorrerako 25. urteurrena ospatzeko prestatu duen egitarauaren hirugarren alea da bihar Jose Mari Carrerek eskainiko duen saioa. Asisko Urmenetarena izan zen aurrena, eta XXVII. Euskal Antzerki Topaketen barruan Ez Dok Hiru Bikoteatroak taularatu zuen Euskarazetamol antzezlana bigarrena.
Biharko emanaldiarekin bukatuko dira, zilarrezko ezteien ospakizunei dagokienez, 2009rako prestatutakoak. Gabonetako oporren ondoren, 2010erako, ekitaldi gehiago prestatzen ari da Udal Euskaltegia.
![]() | Inprimatu |