Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Goi mailako Bikain ziurtagiria Azpeitiko Udalarentzat

Goi mailako Bikain ziurtagiria Azpeitiko Udalarentzat

2009-11-23 / 09:20 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   UDALETXEA

Azpeitiko Udalak Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu du. EAEko esparru sozio-ekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan duten garapen-maila egiaztatzea eta aitortzea da Bikain ziurtagiriaren helburu nagusia. Eusko Jaurlaritzak sortu eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak kudeatzen duen ziurtagiriak hiru maila ditu, eta Azpeitiko Udalak goi mailakoa eskuratu du. Gainera, Bikain ziurtagiria eskuratu duen lehendabiziko udala da Azpeitikoa.

Euskalitekoen azterketan eta neurketan 700 eta 1.000 puntu artean lortu behar ditu erakunde batek Urrezko edo goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu ahal izateko; Azpeitiko Udalari 800-849ko puntuazioa eman dio talde ebaluatzaileak. 2009an egindako neurketan oinarritzen da Udalak eskuratu duen ziurtagiria. Bikain euskararen kalitate ziurtagiria 2007an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak eta, batik bat, enpresa arloko erakundeak izan dira orain arte ebaluazio prozesua aurrera eraman eta ziurtagiria lortu dutenak. Udalen mailan, ordea, Azpeitikoa da Bikain ziurtagiria bereganatzea erdietsi duen aurreneko erakundea.

Garapen altua

Bikain ziurtagiria eskuratzeko prozesuan, Euskalitek izendatutako talde ebaluatzaileak txosten bat osatu du. Txostenaren helburua erakundearen egoeraren berri ematea izan da, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketari dagokionez. Horrekin batera, erakundeari aurrera egiten lagunduko dioten proposamenak eskaintzen dituzte ebaluatzaileek.

Txostenak hiru atal ditu:

  • Erakundearen ikuspegi orokorra: talde ebaluatzailearen iritziz erakundeak dituen indargune eta zer hobetu aipagarrienak biltzen dira.
  • Erakundearen ikuspegi xehea: EME osatzen duten lau ardatzak oinarri hartuta, horiek banan-banan zenbateraino garatu diren jasotzen da.
  • Erakundeak lortutako puntuazioa eta garapen-maila: aurreko guztiak kontuan hartuta, erakundeak euskararen agerpena, erabilera eta kudeaketari dagokionez, lortu duen mailaren berri ematen da.


Ikuspegi orokorrari dagokionez, "Azpeitiko Udalaren garapena altua da, eta hori ezagun du ardatz guztietan", aipatzen dute txostenaren egileek. Ardatzez ardatz, jarraian datozenak nabarmendu dituzte:

1. ardatzean -erakundearen irudian eta komunikazioan- Azpeitiko Udalak garapen altua dauka, errotulazio finkoa (kanpokoa zein barrukoa) webguneak (Udalarena eta Euskara Patronatuarena), Azpeitian zer? aldizkaria, zigiluak, aurkezpen-txartelak... edo euskara hutsean daude edo ele bietan. Ele bietan daudenean, euskarari lehentasuna ematen zaio. Hala xedatzen baitute Erabilera Planak eta bertatik eratorritako hizkuntza-irizpideek. Beste horrenbeste gertatzen da, oro har, ekitaldiekin eta herritarrei egiten zaien harrerarekin (telefonoz zein aurrez aurre).

2. ardatzean ere -kanpo harremanetan- Azpeitiko Udalak garapen maila altua dauka. Horrela bada, euskaraz eskatzen duten herritarrei emandako agiriak, dokumentuak, zerbitzuak (nahiz eta kontrata baten bidez izan) euskaraz ematen zaizkie, oro har. Hornitzaileekin, gainerako administrazioekin, finantza-erakundeekin ere euskaraz izaten dira ahozko harreman gehienak. Hala ere, komeniko litzateke, azken hauei dagokienez, batetik, solaskide euskaldunak identifikatuta edukitzea; eta bestetik, kontratazioak egiterakoan karatulan nahiz klausuletan bete beharreko hizkuntza irizpideak berariaz adieraztea.

3. ardatzean -barne harremanetan- Azpeitiko Udalak garapen maila ertain-altua dauka. Barruko hizkuntza–paisaia gehiena euskara hutsean daukate, pertsonen kudeaketari edo dagokion idazkiak zein ahozko harremanak euskaraz izaten dira, eta oro har, komunikazio horizontala zein bertikala euskaraz izaten da. Hala ere, hobetzeari begira badira bi arlo nagusi: alde batetik, baliabide informatiko askoren interfazea (ofimatika, batez ere) gaztelaniaz baino ez baitute langileek; eta bestetik, mutuak ematen dituen zerbitzu asko, horiek gaztelaniaz ematen ditu eta.

4. ardatzean ere -hizkuntzaren kudeaketan- erakundeak garapen maila altua du. Izan ere, plan estrategikoak dauzka (Erabilera Plana bera eta EBPN) eta plan horiek garatzeko (euskararen erabilera eta sustapena bultzatzeko), aurrekontuaren baliabide ekonomiko handiak eskaintzeaz gain, Udalak langile-talde handia dauka (15 lagun). Horretaz gain, zinegotziek eta zerbitzuburuek bere egin dituzte planak eta bultzatzaileak izan dira prozesuaren hasieratik.

"Arestian aipatutako guztiagatik, gure ustez -gaineratzen dute txostenean-, Azpeitiko Udalak oso urrats onak eman ditu eta bide horretan jarraitzea espero dugu. Gure aldetik bakarrik opa nahi diegu langile guztiei bide oparoa eta emankorra prozesu honetan, eta berriro ere azaldu nahi diegu gure eskerrik zintzoena laguntzagatik eta konfiantzagatik".

Txosten osoa

Bikain ziurtagiriaren ebaluatzaileek Azpeitiko Udalaren euskararen erabileraren azterketan eta neurketan oinarrituz egin duten txosten osoa HEMEN ikus dezakezue.


Inprimatu


Erantzun

 
Goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu du Azpeitiko Udalak
2009-12-11 / 10:10 / Eli Aizpuru - EL DIARIO VASCO
  • 700 eta 1.000 arteko puntuazioa behar da eta Azpeitiari 800-849 eman diote

Azpeitiko Udalak Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu du. Gainera, Azpeitikoa da Bikain Ziurtagiria lortu duen lehen Udala (enpresa arloko erakundeak izan dira orain arte ebaluazio prozesua aurrera eraman eta ziurtagiria lortu dutenak). Eusko Jaurlaritzak sortu eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak kudeatzen duen ziurtagiriak hiru maila ditu eta Azpeitiko Udalak goi mailakoa eskuratu du. Euskalitekoen azterketan eta neurketan 700 eta 1.000 puntu artean lortu behar ditu erakunde batek Urrezko edo goi mailako Bikain ziurtagiria eskuratu ahal izateko; Azpeitiko Udalari 800-849ko puntuazioa eman dio talde ebaluatzaileak. 2009an egindako neurketan oinarritzen da Udalak eskuratu duen ziurtagiria.

Ziurtagiria eskuratzeko prozesuan, Euskalitek izendatutako talde ebaluatzaileak txosten bat osatu du. Euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren berri emanez. Honakoak dira orokorrean txostenean aipatzen direnak: Erakundearen irudian eta komunikazioan, Azpeitiko Udalak garapen altua dauka, errotulazio finkoa, webguneak, Azpeitian zer? aldizkaria, zigiluak, aurkezpen-txartelak... edo euskara hutsean daude edo ele bietan. Ele bietan daudenean, euskarari lehentasuna ematen zaio.

Kanpo harremanetan, garapen maila altua dauka. Euskaraz eskatzen duten herritarrei emandako agiriak, dokumentuak, zerbitzuak euskaraz ematen zaizkie, oro har.

Barne harremanetan, garapen maila ertain-altua dauka. Barruko hizkuntza-paisaia gehiena euskara hutsean daukate. Oro har, komunikazio horizontala zein bertikala euskaraz izaten da. Hala ere, hobetzeari begira, baliabide informatiko askoren interfazea (ofimatika, batez ere) gaztelaniaz baino ez dute langileek; eta bestetik, mutuak ematen dituen zerbitzu asko, horiek gaztelaniaz ematen ditu eta.

Hizkuntzaren kudeaketan, erakundeak garapen maila altua du. Izan ere, plan estrategikoak dauzka (Erabilera Plana bera eta EBPN) eta plan horiek garatzeko (euskararen erabilera eta sustapena bultzatzeko), aurrekontuaren baliabide ekonomiko handiak eskaintzeaz gain, Udalak langile-talde handia dauka (15 lagun). Horretaz gain, zinegotziek eta zerbitzuburuek bere egin dituzte planak eta bultzatzaileak izan dira prozesuaren hasieratik.

 
Azpeitiko Udalak Bikain ziurtagiria lortu du
2009-12-11 / 10:10 / Nerea Uranga - UROLA KOSTAKO HITZA
  • Eusko Jaurlaritzak sortutako ziurtagiri hori lortzen duen lehen udala izan da Azpeitikoa

Azpeitiko Udalak Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu berri du. Azpeitikoa ziurtagiri hori lortzen duen aurreneko udala izan da. Ziurtagiri horren helburu nagusia, Euskal Autonomi Erkidegoko esparru-sozioekonomikoko erakundeek garatutako hizkuntza-normalkuntzako prozesuek izan duten garapen maila egiaztatzea eta aitortzea da.

2007an Eusko Jaurlaritzak sortu zuen ziurtagiria eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak kudeatzen du. Ziurtagiriak hiru maila ditu, eta Azpeitiko Udalak goi mailakoa lortu du.

Urrezko edota goi mailako Bikain ziurtagiria lortzeko, Euskalitek egindako neurketan 700 eta mila puntu artean lortu behar dira. 2009an egindako neurketan Azpeitiko Udalari 800-849ko puntuazioa eman diote, eta puntuazio horri esker lortu du goi mailako agiria.

Garapen altua

Urrezko Bikain ziurtagiria lortzeko prozesuan Euskalitek izendatutako talde ebaluatzaileak txosten bat egin du, erakundearen egoeraren berri emateko helburuarekin. Bertan, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa hartzen dituzte kontuan. Horrez gain, aurrera begira erakundeari egiten dizkioten proposamenak ere jaso dituzte.

Txostenean jaso dutenez, "Azpeitiko Udalaren garapena altua da, eta hori ezagun du ardatz guztietan". Horrez gainera, Azpeitiko Udalak "urrats onak" eman dituela esaten dute, "eta bide horretan jarraitzea espero dugu". Ebaluatutako ardatzak honako hauek izan dira: erakundearen irudia eta komunikazioa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntzaren kudeaketa.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com