Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Kaixo, iepa, oi, ahlan, hola, cseść, nihao

Kaixo, iepa, oi, ahlan, hola, cseść, nihao

2009-11-05 / 10:25 / Azpeitiko Euskara Patronatua   BESTERIK

Bereziki etorkinei bideratutako eskuko hiztegi berria atera du Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bidez. Euskara (batua eta Azpeitiko hizkera), portugesa, arabiera, gaztelania, urdua, poloniera eta txinera dira berrogei orrialdeko hiztegitxoan jasotzen diren hizkuntzak.

Eguneroko edo ohiko eginkizunetan erabiltzen diren hitz eta esamoldeak aipatutako hizkuntza denetan nola esaten diren jakiteko baliogarria da hiztegia. Horixe baita, azken batean, tresna berriaren helburua: integrazioa erraztea. Kasu honetan, hizkuntza trabak arinduz eta gurera datozenei ezezaguna duten euskarara hurbiltzen lagunduz.

Era honetako lehen hiztegia 2004an plazaratu zuen Azpeitiko Udalak, Gizartekintza Sailaren eta Euskara Patronatuaren elkarlanari esker. Orduan ez bezala, azken urteetan herrira etorri diren etorkinen jatorria eta hizkuntza kontuan hartuta tajutu da bigarren edizio hau. Horrela, lehen hiztegi hartatik oraingora aldatu egin da hizkuntzen aukeraketa.

"Euskarak hiztunen premia gorria du. Gure hizkuntzak inor ez du kanpotar. Hemen denok gara etorkin: batzuk duela hamar mende ailegatu ginen, beste batzuk orain dela bi minutu. Eta beste asko, berriz, bidean gatoz. Ondo etorri denok!". Mezu hori irakur daiteke hiztegiaren aurreneko orrialdeetan, zazpi hizkuntzatan.

Agurrak, denbora, norabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jateko-edatekoak, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak eta komunikazio euskarriak. Hamalau esparruotan banatu dira hiztegi berrian jaso diren 201 hitz eta adierazpideak.

Zenbat eta nondik

2005eko udalerriko mapa soziolinguintiskoan nabarmendu zen moduan, urtean-urtean haziz doa Azpeitiaratzen diren atzerritarren kopurua.

2005eko azterketa hura 2001eko biztanleria erroldan oinarrituta zegoen. Harrezkero ez da beste errolda ofizialik plazaratu eta datu zehatzak ematea zaila da. Hala ere, esan daiteke ordutik hona areagotu egin dela atzerritarren etorrera eta horrek, zalantzarik gabe, Azpeitiko hizkuntza ezagutza eta erabilera datuetan izan du eraginik, erdaldunen kopuruak gora egin duelako.

Eskuko hiztegi berria tajutzerakoan kontuan hartu diren datuak 2003tik 2007ra Azpeitira etorritako atzerritarrenak izan dira. Hauexek dira, herrialdez herrialde eta herriratutako jende kopuruaren arabera:

  • Portugal: 150
  • Maroko: 130
  • Ekuador: 83
  • Argentina: 59
  • Espainia: 54
  • Pakistan: 38
  • Txile: 24
  • Brasil: 23
  • Bolivia: 19
  • Aljeria: 16
  • Kuba: 14
  • Polonia: 13
  • Kolonbia: 12
  • Txina: 11
  • Beste nazio batzuetakoak: 73
  • GUZTIRA: 719

Hain zuzen ere, hiztegian hizkuntzak antolatzeko garaian datu hauek kontuan hartu dira eta, hala, hurrenkera honetan emanda daude hitz eta esamoldeak: Euskara (batua eta Azpeitiko hizkera), portugesa, arabiera, gaztelania, urdua (Pakistangoa), poloniera eta txinera.

Aleak eta banaketa

Eregi euskara eta komunikazio enpresak egin du eskuko hiztegia eta 1.000 ale argitaratu ditu momentuz Udalak. Udaletxean Gizartekintzako bulegoetan edo harreran eskatu daiteke. Udal Liburutegian eta Euskara Patronatuan ere eskura daitezke hiztegitxoak, baita herriko ikastetxeetan eskatuta ere. Doan banatuko dira ale guztiak.

Hiztegia, PDF formatuan

Beheko loturan ikus dezakezue hiztegi osoa, PDF formatuan:


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com