![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Azpeitian Zer? / Euskaltegia / 2009-09-17 / 10:04
Azpeitiko Udal Euskaltegiak 25 urte beteko ditu ikasturte honetan. Mende laurdenean izandako bilakaera azaldu dute euskaltegian zuzendari aritutakoek.
83ko uholdeek Arzubia hiribidean (trenbideko zubiaren inguruan) zeuden INEMen ikasgelak hartu eta hondatu egin zituzten, Azpeitiko beste hainbat txoko eta bazterrekin batera. Gertaera larri hark, ordea, frutu positiboak ere eman zituen handik urtebetera: Azpeitiko Udal Euskaltegiak bere lehen ikasturteari ekin zion 1984an, ikasgela haietan bertan, beharrezko garbiketa eta konponketak egin ostean. Pello Elorza orduko zuzendaria ondo akordatzen da; ordurako euskaltegia martxan jarri nahi eta toki bila zebiltzan, eta uholdeen ondoren INEMek toki hura uzteko erabakia hartu zuela jakin zuten. "Bulego horiek txukuntzeko konpromisoa hartu eta gela horiek erabiltzen uzteko eskatu genien, eta haiek baiezkoa eman".
25 urte pasatu dira ordutik, mende laurdena. Eraikina, klaseetako materialak, ikasleak, irakasleak... guztia aldatu da hasiera hartatik: lau eraikin ezberdin izan ditu Udal Euskaltegiak mende laurden honetan, hiru zuzendari, eta 3.860 ikasle inguru. Ikastaroen bilakaera ere nabarmena izan da: hasieran euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak ematen zituzten: gerora, eskaintza zabaldu egin zen eta IRALEko irakasleei, LURGINTZAkoei edo epaitegietako langileei zuzendutako ikastaro zehatzagoak ematen ere hasi ziren; eta egun, 30 ikastarotik gorako eskaintza du: etorkinentzat, gurasoentzat, administrazioko langileentzat...
Urte horien joana, egungo egoera, eta etorkizuneko erronkak euskaltegiaren beraren hormetatik entzutea ezinezkoa denez, horma horien barruan luzaroan aritu diren hiru zuzendariak batu eta euren esperientziak jaso ditu Azpeitian Zer?-ek. Izan dute zer gogoratu eta zer kontatua.
PELLO ELORZA
Udal Euskaltegiko zuzendaria, 1984tik 1997ra, eta 1999tik 2004ra
Klaseak emateko erabiltzen zuten materiala gogoratuta harritu egin da Pello Elorza. "Fotokopiadorarik ez eta etengabe udaletxera bueltaka ibiltzen ginen, idazmakina erabiltzen genuen ikasle eta irakasleen fitxak-eta betetzeko, irrati-kaset handi batzuk erabiltzen genituen... Bideoa orduantxe ari zen abiatzen, DVD eta horrelakorik ez zen esistitu ere egiten... ez dakit nola moldatzen ginen ere!". Egoera horretan, ondo gogoratzen du Elorzak Udal Euskaltegira iritsi zen lehen ordenagailua: IBM bat zen, 40 megako disko gogorra soilik zuen, baina ordurako sekulakoa: "Azpeitiko udal erakundeetara iritsi zen lehenengoetako ordenagailua izan zen, eta gu zoratzen geunden, zenbait lan egiteko sekulako aurrerapausoa ekarri zigulako".
Pellok berak, Kontsuelo Gorostidik, Ane Amondarainek eta Patxi Saezek osatzen zuten aurreneko ikasturte haietako irakasle taldea, eta euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastaroak ematen zituzten. "Oso giro ona izaten genuen, bai geure artean, eta baita ikasleekin ere, harremanak pertsonalagoak baitziren. Ilusioa ere lepo genuen, ia dena egiteko baitzegoen". Inguruko udal euskaltegiekin lortutako lotura bereziki oroitzen du Elortzak: "Denok ginen hasi berriak, eta hilean behin elkartzen ginen gure esperientziak, metodologia, arazoak eta bestelakoak elkarbanatu eta irtenbideak topatzeko, benetan harreman polita sortu zela gogoan dut".
Burukominak ere baziren, ordea, eta bat gogoratzekotan, lokal egokia lortzeko borroka oroitzen du Elorzak: "Arzubia hiribideko lokal haiek behin-behinekoak izango zirelakoan hasi ginen eta 15 urte pasatu genituen bertan!". Neguan, esaterako, tokia berotzeko berogailu elektrikoak noiz piztu ere hitzartzen zutela gogoratu da, "koordinatu ezean argindarrak saltatu egiten baitzuen!". Handik Institutora pasatu ziren, eta gero Sindikatu Zaharrera. 2004ra arte ez dute izan egoitza finkorik.
Nostalgiaz oroitzen ditu Udal Euskaltegiaren hasierako urte haiek Pello Elorzak. "Orain bakoitza berera joaten da, indibidualistagoak gara denok, gizartea orohar aldatu delako". Garaiak aldatu direla jakitun, orduko afari eta bilera umoretsuak buruan gelditu da udal euskaltegiko lehen zuzendaria.
PATXI SAEZ
Udal Euskaltegiko zuzendaria, 1997tik 1999ra
Zuzendari gisa urte gutxi pasatu arren, irakasle gisa hasiera-hasieratik ibilita, harreman zuzena izan du Patxi Saezek beti udal euskaltegiarekin. Orain ere, Euskara Patronatuko zuzendari bezala, gertutik jarraitzen du bere ibilbidea. "Hasiera hartan guztia gazteleraz ikasitako ikasleak izaten ziren, alfabetatzera etortzen zirenak, eta beste behar batzuk zituztenak". Ikasle haien motibazioaren falta somatzen duela aitortu du, orain orduan ikasleek zuten hizkuntzarekiko maitasun hura galdu denaren errezeloz: "Orain guztiz arrazoik ezberdinegatik etortzen dira, euskararekiko ikuspegi guztiz instrumentala dago, eta lanerako edo tituluren baterako ikasten dute gehienek". Garaiak aldatu direnaren jakitun da.
Hain justu, Saez zuzendari izan zenean hasi ziren beharraren araberako ikastaroak ematen Azpeitiko Udal Euskaltegian. Besteak beste, IRALEko irakasleei zuzendutako ikastaroa, edo Euskaltzaindiaren arauei buruzkoa sortu zituzten. "Batzuk arrakasta handia izan zuten, gainera, eta bailara osoan eman genituen, 200 ikasle baino gehiagori". Ondo gogoratzen da Euskara Patronatuko zuzendaria. Eta ordutik gaur egunera are salto handiagoa eman delakoan dago, "orain jada behar komunikatiboen araberako ikastaroak egiten direlako, hizkuntza bera bere baitan ikasi beharrean toki edo momento jakin batean komunikatzen jakiteko, edo titulu ofizial bat ateratzeko".
Esku artean orain 25 urte irakasteko erabiltzen zituzten liburu zaharrak dituela, nostalgia aurpegia jarri zaio Patxi Saezi. "Orain dena da multimedia".
AINTZANE AGIRRE
Udal Euskaltegiko zuzendaria, 2004az geroztik
Lekualdaketa bete-betean hartu zuen Aintzane Agirrek Udal Euskaltegiaren zuzendaritza. Perdillegiko egungo egoitzarako leku aldaketa erdi-erdian hasi zen, eta gainera kurtso hasieran: "Zaila egin zitzaidala onartu behar dut, trasladoa eta ikasturte hasiera batera tokatu zitzaizkidalako". Baina ilusioa ere bazuen Agirrek, eta behingoagatik leku finko eta egoki bat izateagatik aparteko poza zutelako: "Hainbeste urteren ostean, lanerako toki aproposa eta ikasleentzat leku egokia izango genituen, eta horrek sekulako poza eragiten zigun denoi".
Ordutik egungo erronkei behar bezala aurre egin nahian ari dira bai euskaltegia eta baita zuzendaria ere. Ikasturte hasieran lanez leporaino dagoela aitortu du Aintzane Agirrek, "gurea euskaltegi txikia izaki, helburu eta ordutegi bereko talde homogeneoak osatzea gero eta zailago baita"- Horrez gain, ikasleen motibazioa piztu, eta euren behar eta nahi eta ikas estilora moldatu... lan handia dutela ezin ukatu.
Etorkinak dira etorkizunera begira erronka. "Haiek integratu eta euskara ikasteko ardura gurea ere bada". Baina ez horiek bakarrik: Udal Euskaltegiak edozein azpeitiarrentzat du eskaintza. Izan ere, gure ingurua oso euskalduna izateak ez du esan nahi gure jakituria hobetu, eguneratu eta berritu beharrik ez dagoenik: "Guztiok dugu beti zer ikasia, eta horregatik, guztiak animatu nahi ditut pauso hori ematera".
Eskaintza zabala dago, eta dagoeneko matrikula epea ere zabalik da, irailaren 25era arte. Titulu ofizial guztiak eskaintzen ditu, baita EGAtik gorako HABEren 4. maila ere. Iaztik HABEren tituluak gainontzeko tituluekin baliokidetu egin dira, gainera. Ikastaro espezifikoak ere ugari dira. Ez dago aitzakiarik.
![]() | Inprimatu |