![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Azpeitiko Udal Euskaltegia / Euskaltegia / 2008-09-10 / 12:20
2008-2009 ikasturtearen atari-atarian gaudenez Azpeitiko Udal Euskaltegiak bere ateak ireki dizkie ikasleei bertan matrikulatu eta euskara ikas dezaten.
Aurtengo ikasturteko berririk pozgarriena da ikasleek Azpeitiko Udal Euskaltegian izena eman eta behar den maila eskuratuz gero, HABEren lau mailatako azterketetara joateko aukera izango dutela. Honela, ikasle hauek behin azterketa gaindituz gero, balio ofiziala izango duten tituluak eskuratu ahal izango dituzte. Azterketa hauek egin ahal izateko bi aukera izango dituzte.
Kontua da, duela gutxi arte hainbat erakundek (IVAPek, Osakidetzak, Ertzaintzak, Hezkuntzak...) nork bere titulua eskatzen eta ematen zuela. Orain arte ez da egon agiri guztiak batera bildu eta elkarrekin baliokidetu dituen araurik. Baina apirilaren 8an argitaratu zen 64/2008 Dekretuaren bidez, azkenean euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu dituzte. Eginbehar honetan aritu direnek Europako Erreferentzia Markoa izan dute oinarri eta biderakusle. Honela, homologazioa aurkitu da Europako irizpideekin. Horren ondorioz, euskara-gaitasun tituluen baliokidetza lortu da.
Berri hau pozgarria izan da urte hauetan zehar euskara-tituluren bat lortua duten milaka eta milaka herritarrentzat, baita oraintxe bertan euskara ikasten ari direnentzat edo ikasteko asmoa dutenentzat ere. Izan ere, hemendik aurrera herritarrek ez baitute ezinbestekoa izango erakunde jakin batean lan egin ahal izateko, horrek eskatzen duen euskara agiri zehatz hori izatea.
2004. urtean hasi zen HABE bere tituluak ematen. Baina HABEk emandako euskara gaitasun egiaztagiri hauek ez dute orain arte administrazio publikoetarako balio ofizialik izan. Baina aipatu berri dugun dekretu horri esker, hemendik aurrera hori ez da horrela izango. Izan ere, euskaltegietako ikasleei euren ikasketen harian HABEk emandako lau mailetako egiaztagiriek balio ofiziala dute jadanik. HABEren egiaztagiri horiek, IVAPek, Osakidetzak eta Ertzaintzak emandako hizkuntza eskakizunen egiaztagiriak eta Hezkuntza sailak emandako EGA titulua, guztiak Egiaztapen Sistema Bateratu batean sartu dira eta homologazioak zehaztu dira. Honela, euskarazko egiaztagiri guztien artean baliokidetzak ditugu.
Hauek dira hain zuzen ere, dekretuak ontzat eman dituen baliokidetzak:
![]() |
Udal euskaltegien aurtengo kanpainaren leloa eta irudia: Wanted
Udal Euskaltegiek aurtengo ikasturterako hautatu duten leloa honako hau da: Wanted.
2008ko irailaren 15etik 26ra bitartean Udal Euskaltegiak dituzten Gipuzkoako hainbat herritan antzezle batzuk ibiliko dira kale giroa sortzen. Udal Euskaltegiak dauden Gipuzkoako 19 herrietan publizitate euskarriak banatzeko antzezlan-gidoiak antolatuko dira. Bi aktore goiz eta arratsaldez kalean ibiliko dira, euskaltegiak aurkitu nahi duen pertsona "horren" bila, horiei eskuorriak banatuz eta euskaltegiaren berri emanez.
Honela, Azpeitian hain zuzen ere, irailaren 24an ibiliko da sheriffa Azpeitiko Udal Euskaltegiarentzat ikasle bila.
Horregatik, bada, laster Azpeitiko kaleetan zehar sheriffa ikusiko dugu. Zu zeu izango ote zara aurkitu nahian dabilen pertsona? Azpeitiko Udal Euskaltegiak zu behar zaitu: 16 urtetik gorakoa, hemengoa edo etorkina; ikaslea, langilea, langabea edo jubilatua; eta... euskara ikasteko gogoa, borondatea edo beharra duena. Sheriffak zu aurkitu eta Azpeitiko Udal Euskaltegirako bidea erakusten badizu, hartutako erabakiaz ez zara damutuko!
Izan ere, Azpeitiko Udal Euskaltegira etorriz gero, besteak beste, lagun berriak egingo dituzu, esperientzia berriak biziko dituzu, hizkuntza berri bat ezagutzeko, ulertzeko eta hitz egiteko aukera izango duzu, hainbat urtetan eskuratu nahian ibili zaren titulu ofiziala eta homologatua lortzeko aukera izango duzu...
Gutako edonork euskara bereganatu ahal izateko beharrezkoa dugun hori lortzeko aukera emango digu Azpeitiko Udal Euskaltegiak, hau da, behar horiek asetzeko bide nagusia eskainiko digu. Izan ere, 24 urteko historiak ematen duen eskarmentua du euskaltegiak eta, nola ez, ordutegi zabalak eskaintzen dizkigu gure helburuak lortu ahal izateko. Era berean, beka eta laguntza sistemak ere eskaintzen dizkigu euskara ikasi nahi dugunoi, dirua arazo izan ez dadin. Euskaltegian bertan emango dizute horren berri.
Azpeitiko Udal Euskaltegiak 24 urteko bermea
Aurtengo 2008-2009 ikasturtea Azpeitiko Udal Euskaltegiaren 24. ikasturtea da. Beraz, bere jarduna eta ibilbidea oso luzeak izan direnez, eskarmentu handia du. Euskara ikasteko orduan kalitatezko hezkuntza bermatzen du eta, horregatik, zabaltzen duen irudia kalitatean eta konfiantzan oinarritzen da.
Baina hasiera hartatik (1984-1985 ikasturte hartatik) hona, aldaketa handiak eman dira ikastaroen eskaintzan. Kontua da azken urteotan bai ikasleen profila eta bai ikasleen beharrak asko aldatu direla. Izan ere, gaur egun gure euskaltegira etortzen diren ikasleek (etxekoandreak, etorkinak, administrazioko langileak, osasun arloko langileak, ostalaritzakoak, irakasleak, ikasleak, erretiratuak, langabeak...) ez dituzte hasiera hartan gurera etortzen zirenek zituzten behar eta nahi berberak eta, horregatik, gure ikastaroen eskaintza etengabe egokitu dugu, bai gaur egungo ikasleen eskaeretara eta bai hauen beharretara.
30 ikastarotik gora
Azpeitiko Udal Euskaltegiak 2008-2009 ikasturterako ere ikastaroen eskaintza guztiz zabala dauka prestatua. Azpeitiko Udal Euskaltegian izena ematen duten ikasleek, batetik, balio ofiziala duten tituluak eskuratzeko ikastaroak egiteko aukera izango dute. Bestetik, berriz, euren behar zehatzetara egokitzen diren 30 ikastarotik gora.
Izango ditugun ikastaroen artean honako hauek daude, besteak beste:
Eskaintza zabal honen barruan, azpimarratzekoa da 4. maila izeneko ikastaroa. Aurtengo ikasturtean ere, azken hiru ikasturteetan bezalaxe, Azpeitiko Udal Euskaltegiak bere ikastaroen eskaintzaren barruan HABEren 4. maila eskuratzeko ikastaroa eskainiko du.
Gauza jakina da gure herria eta ingurua oso euskaldunak direla. Bertako biztanleak ia gehienak oso ondo moldatzen direla euskaraz ahoz zein idatziz. Baina aukera berezia eman nahi dio Azpeitiko Udal Euskaltegiak oinarrizko maila hori hobetu nahi duen edonori.
Gainera, egia den arren gure herrian eta inguruan euskara asko erabiltzen dela, era berean egia ere bada, gure euskararen erabilera hori esparru batzuetara ia soilik mugatzen dela: familia girora, lagunartera, ikasketetara, aisialdira... Baina euskarak eremu berriak ere behar ditu erabateko normalizazioa erdiesteko eta horietako bat lan munduaren esparrua da.
Lana euskaraz egiteko gai izan behar dugu eta horretarako geure burua prestatu beharra daukagu. Ikastaro hau oso aproposa izan daiteke orain arte lana erdaraz egin duen euskaldunarentzat edo bere lan teknikoa euskaraz egin arren zailtasunak dituenarentzat (gaitasun komunikatiboa xede berezietarako lantzeko asmoa duenarentzat), Administarazioko 4. hizkuntz eskakizuna lortu beharra daukanarentzat (HABEren 4. maila eta IVAPeko 4. HE jada baliokideak baitira) edo besterik gabe, behar berezirik izan gabe ere, EGAren oinarrizko maila hori hobetu, zaindu edo sakondu nahi duenarentzat (euskalduntze eta alfabetatze prozesutik datozenentzat, alegia).
4. mailako ikastaroaren ezaugarriak
Ikastaro hau egin ahal izateko ikasleak ezinbestean EGA agiria edo baliokidea izan behar du. Ikastaroa gainditu ahal izateko ikasleak proiektu/lan bat egin beharko du berak hautatutako gaiaren ingurukoa (formazioz, lanbidez edo zaletasunez ikaslea zein arlotan edo gaitan den aditu kontuan izanik, ikasleak berak egingo du aukeraketa).
Bestalde, 4. mailako egiaztatze-probara aurkeztu ahal izateko, ikasleak ikastaroa ez ezik proiektua ere gainditu egin beharko du.
4. mailako ikastaro honetan erabiliko den metodologiari eta orduen banaketari dagokionean, berriz, klaseak astean bitan izango dira eta hauek aurrez aurrekoak izango dira. Saio bakoitza bi ordu eta erdikoa izango da. Guztira 160-170 ordu inguruko ikastaroa izango da. Ikastaroa bai talde lanean bai bakarkako lanean oinarrituko da. Aurrez aurreko klaseetan ikasleek talde-lana egingo dute; bakarkako lanean, berriz, proiektua gauzatuko dute. Proiektua gauzatzeko orduan, ikasleak tutoretzen bidez irakaslearen zuzeneko 10 orduko laguntza berezia ere izango du.
Azpeitiko Udal Euskaltegiaren ikastaro eskaintza zabal honetakoren batean izena eman nahi izanez gero, hil honen 26ra bitartean egin dezakezu matrikula.
Izena emateko orduan hiru aukera dituzu:
Helbidea: Perdillegi 1 behea (Musika Eskola dagoen eraikinean).
Ordutegia: 08:00etatik 18:00ak arte.
Telefono zenbakia: 943 811947
![]() | Inprimatu |