Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitia UEMAn sartzeko udalbatza apirilaren 5ean egingo da

Azpeitia UEMAn sartzeko udalbatza apirilaren 5ean egingo da

2008-03-03 / 11:46 / Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP   UDALETXEA

Azpeitiko Udalak UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartzeko urratsak ematen jarraitzen du. Erabatekoa eta azkena 2008ko apirilaren 5ean ematea espero dute udal agintariek. Egun horretarako deitu duten osoko bilkuran eman beharko dio baiezkoa Udalak UEMAn sartzeari.

Arantxa Isart Euskara batzordeburuak 2008-2-28an iragarri zuen udalbatzaren data, UEMAren nondik norakoak azaltzeko eginiko herri batzarrean, hain zuzen. Batzar ireki horretan hizlari aritu zen Iņaki Arregi, UEMAren koordinatzailea.

Udaleko Euskara batzordeburuak gogoratu zuen udal agintaldi honetako asmo eta helburuetako bat izan dela hasieratik Azpeitiko Udala UEMAn sartzea eta horrela hizkuntz normalizazioan "beste herriekin elkarlanean aritzea". Ildo beretik, Bai Euskarari Akordioa ere sinatu nahi dutela adierazi zuen Arantxa Isartek, hau ere "Euskal Herri osokoa" delako eta "elkarlana bultzatzen duelako".

Zer da eta zertan da UEMA?


Aurrekariak eta sorrera

Joan den ostegun iluntzeko herri batzarra Azpeitia UEMAn sartzeko bidean beste urrats bat izan zen. Urrats informatiboa, hain juxtu. Udaleko Euskara arduradunek azpeitiarrei UEMA zer den azaltzeko baliatu nahi zuten batzarra eta horretarako gonbidatu zuten Iņaki Arregi.

UEMAn koordinanatzaile lanak betetzen dituenak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen nondik norakoen azalpena eskaini zuen, sorrerako arrazoietatik hasi eta egungo helburu eta egiturara iritsi arte. EAEko Legebiltzarrak 1982an onartutako Euskararen Legea eta 1988an, Euskal Herrian Euskaraz-en (EHE) ekimenez hainbat udalek onartu zuten Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia kokatu zituen Arregik UEMAren aurrekarien artean. Euskararen Legearen 8.3 artikuluak "udalerri euskaldunetan euskara hutsezko funtzionamendua ahalbidetzen zuen", Arregiren hitzetan, artikuluaren ondoko pasarte hau kontuan hartuta: "Udalaren gizarte-hizkuntzazko egoera dela eta, herritarren eskubideen kaltetango gerta ez dedinean, herri-agintariek, Toki-Arduralaritzaren alorrean, euskara bakarrik erabili ahal izango dute". 8.3 artikulua, ordea, errekurritu eta indargabetuta gelditu zen epai bidez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiz. Arregik gogoratu zuenez, "legea PSOEren babesarekin onartu zen, baina gero PSOE bera izan zen 8.3 artikulua errekurritu zuena eta bertan behera gelditu zen". Artikulu horren edukia kontuan hartu zuten, ordea, udalerri euskaldunek, bere asmoa jaso eta praktikara eramateko udal-arautegia onartu zutenean.

Udalerri euskaldunetan sortutako mugimenduari 1991n eman zitzaion gorputz juridikoa, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea eratuz. Aizarnazabalen jaio zen UEMA, bere baitan 14 udalerri hartzen zituela. Orduan onartutako estatutuekin ere arazoak izan ditu UEMAk, hauek ere errekurritu egin baitzituen Estatuko Abokatuak eta, horren ondorioz, estatutuak egokitu beharra ere izan du azken urteotan mankomunitateak.


Euskararen lur-gunea antolatu

Gaur egun UEMAn Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako 50 udalerri daude elkartuta. Arregik azaldu zuenez, Euskal Herrian gaur egun 600.000 euskaldun bizi dira eta, oro har sakabanatuta egon arren, "horietako heren bat, 200.000 lagun, herri euskaldunetan bizi dira. Gure proiektua horietan zentratzen da". Izan ere, UEMAk defendatzen duen hizkuntza politika ereduan lurraldetasuna da gakoetako bat. "Hizkuntza bakoitzak bere lur-gunea" izan behar duela defendatzen dute UEMAtik. Euskararen kasuan, herri euskaldunetan (biztanleen % 70etik gora euskaldunak) legoke beraz, euskara hizkuntza nagusi bezala garatzeko aukera, eta horren alde ari da lanean mankomunitatea, "euskaraz bizi eta funtzionatzeko gai izango den sarea" osatzeko eta euskarari bere lur-gunea eman ahal izateko.

Mankomunitatearen jardunean, bi lan-ildo nabarmendu zituen UEMAren koordinatzaileak:

  • De facto-ko politikak garatzea: "ezinbestekoa delako, edozein hizkuntzak lurralde bat behar duelako, gure udaletan euskaraz funtzionatzea eta erdara bigarren hizkuntza izatea".
  • Euskararen legean aldaketak bultzatzea: "daukagun legea garatzeko edo aldatzeko ahaleginak" egin nahi dituzte UEMAtik.

UEMA eta Azpeitia, Azpeitia eta UEMA

UEMAk eta Azpeitiak, Azpeitiak eta UEMAk elkarri zer eman/ekarriko dioten ere planteatu zen osteguneko herri batzarrean, bai Arregiren aldetik, bai batzarreratutako lagunen aldetik.

Mankomunitatearen koordinatzaileak nabarmendu zuen beraientzat "inportante dela oso Azpeitia bezalako herri bat" udalerri euskaldunen sarera biltzea. UEMArentzat "Udalak egiten duen lana, etxeko lanak ondo egitea" ere ezinbestekoa dela aipatu zuen, gero herriko beste esparruetan eragiteko. Horrela, Azpeitia mankomunitatean sartzen denean, UEMAk "azken bi urteetan zer lan egin den aztertu eta, horren arabera, 2-3 urterako plan txiki bat" planteatuko duela ere azaldu zuen Arregik, "politikoekin eta langileekin adostuta". Hortik aurrera herrian ematen diren beste zerbitzu publikoetan eragitea izango litzateke helburua; Osakidetzan, esate baterako. Esparru sozio-kulturalean eragiteari ere aparteko garrantzia ematen diotela esan zuen eta, alde horretatik, "herritarren aportazioa bideratzeko moduak" egongo direla esan zuen UEMAko koordinatzaileak.

Azpeitiak euskararen normalizazioan dagoeneko emanak dituen pausoak kontuan hartuta, eta beste zenbait udalerrirekin alderatuta, "UEMArentzat horrelako herri bat sartzea guztiz berria" izango dela azpimarratu zuen Arregik, "normalean lan horiek (planak martxan izatea, e.a) egin gabe" izan ohi dituztelako udalerriek.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com