|
Aurten Kudeaketa Planean Bai Euskarari ziurtagiria bultzatzea erabaki du Udalak; EAJ abstenitu egin da
Gai zerrenda luzeko udalbatzarra izan zuten 2007-02-07an udaletxean. Hamar puntu erabakitzeko, baina azkar-azkar egin zuten batzarra, ordu erdirik ere ez, eta eztabaida gutxi udal agintarien artean. Azken udalbatzarretako aktak onartu ondoren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) gaiari heldu zioten. Datozen lau urteetako Plan Estrategikoa aho batez onartu zuten, baina 2008ko Kudeaketa Planak EAJko zinegotzien abstentzioa jaso zuen.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan, 2008-2011rako Plan Estrategikoa aho batez onartu zen: EAE, EA, Aralar-Ezker Batua eta EAJko zinegotziek aldeko botoa eman zuten. Arantxa Isart (EAE) Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak azaldu zuenez, «datozen lau urterako EBPNren Plan Estrategikoa Batzordean denon artean adostutakoa izan da eta aurreko Planetik ez dauka aldaketa handirik». Horren harira, Ana Mendizabal EAJko zinegotziak «zorionak» eman zituen: «Aurreko agintaldiko plan estrategikoaren berdina da oraingo hau ere, helburu berberekin, eta esan beharra dago aurrekoak bere fruituak eman dituela».
EAJren abstentzioa
Lau urterako Plan Estrategikoan denen arteko adostasuna egon baldin bazen ere, Kudeaketa Planean bestela gertatu zen: EAJko zortzi zinegotziak abstenitu egin ziren.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitako 2008-2011rako Plan Estrategikoan aldaketa handirik ez dela eman azaldu zuen Isartek: «Orain arte merkataritza arloa Siadeco enpresak eraman du eta orain zerbitzu horren eskaintza zabaldu egingo dugu. Horrez gainera, Bai Euskarari ziurtagiria bultzatzeko diru kopuru bat bideratuko dugu. Aldaketa hori Euskara Batzordean onartuta gelditu da», azaldu zuen Euskara batzordeburuak.
EAJren abstentzioaren arrazoiak Ana Mendizabalek azaldu zituen udalbatzarrean: «21.000 euro pasa hizkuntza irizpideen jarraipena egitera bideratuko ditu Udalak. Guk diru kopuru hori horretarako bideratzea ez dugu garbi ikusten; Batzordean horri buruz galdetu genuen eta ez zitzaigun argitu. Merkataritza arloan zerbitzua ematen duen enpresa aldatzea proposatzen da, lehiaketa bidez. Guk enpresa arlora zuzendutako zerbitzuan ere lehiaketa zabaltzea eskatzen dugu, alegia, martxan dauden bestelako egitasmoetan ere era berean jokatzea proposatzen dugu».
Ziurtagiriaren kontuan ere bestelako ikuspegia dute EAJkoek: «Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Bikain ziurtagiria Udal honek ere sustatzea nahi genuen guk. Herriko UEMArekin eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkartearekin hitzarmena egin eta hori lortzeko Udalak laguntza teknikoa ematea zen guk eskatzen genuena. Gainera, ziurtagiri hori doan da eta erakunde publikoa garen heinean hori bultzatzea dagokigu». Bai Euskarari Ziurtagiriak Euskal Herriko herrialde guztietarako balio duelako egokiena dela uste dute Udaleko gainontzeko alderdiek; hala adierazi zuen Isartek udalbatzarrean.
- Urola Kostako HITZA berripaperean argitaratua, 2007-02-09an.
|