Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Olentzeroren zakua euskaraz gainezka

Azpeitiko Euskara Patronatua - AEP / Aisialdia / 2007-11-30 / 12:15


Gabonak inguratzen ari diren honetan, eta bereziki etxeko txiki eta gazteenentzako opariak aukeratzeko unea iristen hasia dela kontuan hartuta, aurten ere euskarazko eta kalitatezko produktuen aukera guztion eskura dagoela gogoratzera dator Azpeitiko Udala, Euskarazko Produktuen Katalogoa banatuz. Euskara eta Gazteria sailek bat egin dute aurten ere Euskal Herri osoan banatzen den katalogo horren aurkezpenean.



Gaur (2007-11-30) prentsaurrean eginiko agerraldian Arantxa Isart Euskara batzordeburuak gogorarazi duenez, katalogoaren bidez "merkatuan euskaraz dauden produktuen eskaintza ezagutzera eman nahi da, baliabideak eskaini nahi zaizkie guraso eta gazteei eta euskarazko produktu-eskaera ugaldu nahi da, merkatua dinamizatuz eta indartuz".

Produktu gehiago, aukera zabalagoa

Olentzeroren zakua ere euskararekin betetzea helburu, 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako 320 produktu bildu dira aurtengo katalogoan, iaz baino 50 gehiago. Urtean argitaratu edo kaleratu diren produktu berriak jaso dira nagusiki, zortzi ataletan sailkatuta:

Euskal Herrian 260.000 ale, 5.000 Azpeitian

Aurten 260.000 ale inguru banatuko dira Euskal Herri osoan, iaz baino 15.000 katalogo gehiago. Urtetik urtera zabalkunde handiagoa du katalogoak, Nafarroako Euskara teknikariek 1997an argitaratzen hasi ziren geroztik.

Urtetik urtera zabalduz doa katalogoa, alde askotatik begiratuta ere: produktu gehiago, ale gehiago, antolatzaile gehiago eta baita banatzen den eremu geografiko zabalagoa ere.

Azpeitian 5.000 katalogo banatuko ditu Euskara Patronatuak etxez etxe: familia bakoitzeko bana. Aurtengoa laugarren urtea da Azpeitian katalogoa banatzen dela.

Katalogoa Euskal Herri osoko udal eta mankomunitateetako 104 euskara zerbitzuen eskutik argitaratu da eta Euskal Herri osoko hainbat erakundek babesa eman diote argitalpenari.

Katalogoa kontsultatzeko modua ere ipini da sarean, www.katalogoa.org webgunean.

Jostailuak aukeratzeko gomendioak

Katalogoaren aurkezpenean, Udaleko Gazteria saileko teknikari den Aloņa Larraņagak gurasoei zuzendutako gomendio batzuk aipatu ditu, "haurraren jolasak librea izan behar duen arren, jostailuaren hautaketa oinarrizkoa" delako "bere garapena bideratu eta jolasaren kalitatea bermatzeko".

Jolasak haurraren garapenean "paper garrantzitsua" betetzen duela gogoratu du Larraņagak, "bere burua eta ingurua ezagutzeko aukera" ematen diolako. Jostailua berriz, jolasaren prozesuan erabiliko den oinarrizko laguntzailea izaki, "irudimena landu behar du, jolaserako mekanismoak indartu eta aberasteko". Haurrari txikitatik jostailuaren hautaketa on bat egitea "garrantzitsua eta beharrezkoa" dela iritzita, ondorengo irizpide hauek kontuan hartzeko gomendioa luzatu die Gazteriako teknikariak gurasoei:

Larraņagaren esanetan, "jolasean, jostailua tresna hutsa baino ez da, garrantzitsuena jolas egitea da. Horregatik, oso garrantzitsua da gurasoek haurrekin jolas egitea, edo beraien kabuz ari direnean behatzea, behintzat".

Jolasarekin, jostailuekin eta hauek haurreran garapenarekin duten lotura jorratzeko Azpeitian baliabide ezberdinak ditugula gogora ekarri du, azkenik, Gazteria saileko teknikariak, "bi ludoteka eta gaztelekua, jolas eta jostailuen bidez haurrak hezitzen ari garenak". Hain zuzen ere, jostailuen gainean informazioa jaso edota zalantzak argitzea nahi duten gurasoei ludoteka zein gaztelekuko hezitzaileengana "lasai" hurbiltzeko gonbita luzatu die Larraņagak.


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1196421324