|
Azpeitiko udalerriko mapa toponimikoari behin betiko onarpena emango diote bihar (2007-11-8), Udalaren azaroko osoko bilkuran.
Mapa toponimikoaren behin behineko bertsioa, Azpeitiko Udalak Ikermap enpresari esleitu eta bizpahiru urtez eginiko lanaren emaitza, 2007-9-14an aurkeztu zuten jendaurrean Euskara Patronatuan.
Aurkezpen hura osatzeko, mapan jasotakoa erakusgai jarri zuen Udalak Betharrameko aretoan, nahi zuten herritar guztiek udalerriko toponimiaren gainean eginiko lana ezagutu eta, hala nahi izanez gero, beraien iradokizunak edota zuzenketa eskaerak aurkezteko aukera izan zezaten.
Horretarako, ohi bezala, Udalak alegazioak aurkezteko epe bat ireki zuen. Epe hura amaituta, eta jasotako alegazioei zegokien erantzuna eman ostean, bihar udalbatzak onartuko duena Azpeitiko mapa toponimikoaren behin betiko bertsioa izango da.
Ekarpenak, iradokizunak eta irtenbideak
Mapa toponimikoa osatzeko lanetan aritu diren Imanol Goikoetxeak eta Eņaut Franzesenak eginiko txostenean jasotako datu eta azalpenekin laburbildu daiteke erakusketaren ondorioz etorri diren ekarpen eta iradokizunen zerrenda, baita horien ondoren proposatu diren irtenbideak ere.
Azpeitiko toponimiaren Erakusketa 2007ko Irailaren 14tik 20era Betharrameko kaperaren aretoan burutu zen.
Erakusketa horretan Azpeitiko 1/15.000ko mapan ipini behar ziren toponimoen berri eman zen 16 detailezko mapen bidez. Herritarrak erruz hurbildu ziren eta horietako batzuk hainbat iradokizun eta ekarpen egin zuten.
Orohar, bi ekarpen mota bereiztu ditzakegu: inguru urbanoko toponimo berriak eta beste inguruetako toponimoei buruzko oharrak, hurrenez hurren:
- Inguru urbanoko toponimoak
Azpeitiko gune urbanoak, 1/15.000ko eskalan, toponimia gutxi jasotzen du. Fisikoki toponimoen errotuloak ez dira sartzen. Herritar batzuen eskutik izen interesgarri batzuk jaso dira:
- Iturriotz. Zezen plazaren alboan, errekaren ertzean, dagoen iturria. Garai batean gobara jolekua izan zen eta oraindik aska eta harriak ikusten dira. Iturburu karstiko honetan, jaso dugun bezala, amuarrainak errenkan jartzen ziren, ur oxigenatu horiek erreka nagusikoak baina gozoagoak zituztelako. Interesgarria iruditu zaie egileei eta Iturriotz bezala (iturria generikorik gabe) jaso da.
- Sorgintzulo. Egun Etxe Alai izeneko etxadia kokatzen den ingurua. Urbanizatu baino lehen izen honekin ezagutzen zen.
- Iturtzulo. Ezkerretegirantz doan errepidetxoaren alboan kokatzen den iturria. Ahoskerari jarraituz, Iturtzulo proposatzen da, Iturzulo baino.
- San Migel Aranakoa. Egun baserria, garai batean ermita izandakoa. Baserria San Migel bezala izendatzea proposatzen da, eta ermita berriz San Migel Aranakoa (lekuko idatziek San Miguel de Arana ematen dute). Hiztegi batuan harana hitzak h-a du, baina toponimia txikiaren arauei jarraituz h-rik gabe ematen da.
- Astotegia. Egun aparkalekua dena (lehengo astoak gaur autoak bihurtu dira), herriko plazatik gertu.
- Zelailuze. Astotegitik Iparrekialdera dagoen lekua. Garai batean zelaia izango zen eta izena oraindik mantentzen da.
- Sanpedrogaņa. Elormendi baserriaren azpian dagoen muinotxo bat. San Pedro ermita inguruan egon zen eta toponimoa oraindik ezagutzen da. Marcial Ucin-en eraikin bat dago bertan.
- Amube. Baserri hau izen bereko zubiaren ondoan kokatu zen. Bere kokapena gogoratzeko proposatzen da toponimo hau.
- Landa lurreko toponimoak
Inguru ez urbanoetan, ordez, beste hauek ditugu:
- Bilitainiturri. Gerondo izenez ezagutzen zen baserrirantz abiatzen zen herribidearen alboan dagoen iturria. Erakusketan Bilindeiniturri bezala proposatzen zen eta gorago kokatua zegoen.
- Katain baserria. Erakusketan Katarain proposatua zegoen. Forma ultranormaldu bat bezala eman genuen eta ekarpena onartzen da. Katain, beraz.
- Ollalarreka (Oielarreka bezala ahoskatzen da). Urrestillatik ekialdera dagoen arroa, gorago Agirrebasoerreka bezala ezagutzen dena.
- Bekola. Akatsez, Bikola bezala idatzita zegoen. Urrestillatik iparraldera dagoen baserria, Aratzerrekako Bikonolakin ez da nahastu behar.
- Katuerrota. Urrestillako Errotak jasotzen duen izengoitia. Ondo dago hau jakitea eta Errotaren sinonimo bezala onartzen da.
- Atzaran, Eizagirre auzoko baseri multzoa, Ibaiederren parean. Erakusketan Atxaran proposatu zen, dokumentazioan Acharan forma naguzia da eta inoiz ez Aįaran edo Azaran. Hala eta guztiz ere, bertakoek berretsi dute TZ-z ahoskatzen dutela.
- Oru, izandako baserria. Kokapenaz gaizki zegoen, 100 metro desplazatu da izena.
- Garrasgain. Dirudienez, Beizamako izena, edo hobe esanda, Beizamako lurtsail batzuen azpeitiar izena, hau da: azpeitiarrek ezagutzen duten bezala. Beizamako biztanleek Kantera bezala izendatzen dute inguru hori eta Garrasgain ez dute ezagutzen. Erakusketan Zabalegi baserrien inguruan kokatua zegoen. Beizamakoa denez, ezabatzea proposatzen da.
- Itaun aurkintza (parajea) lekuz aldatzen da, hegoalderuntz 600 metro mugituz.
- Izazpi mendiaren grafia zuzenak Izazpe beharko luke (Euskaltzaindiako Toponomastika Batzordeko kidea den Patxi Galek egindako ekarpena).
- Oranda baserrien inguruetan hurrengo ekarpenak:
- Sotontor toponimoaren grafia (hau ekipoak detektatu zuen) Sorotontor da.
- Aņobi eta Errekabeltza izenak lekuz aldatuak daude, bata bestearekin.
- Aņobiko txabola, Aņobin dagoen txabola baten izena.
- Badiolatxoerreka beherago da, inguru hori Errekabeltza da.
- Aizkoeta gorago dago, Aizbakar bezala ezagutzen den haitz erpinaren oinpean.
- Aizbakar, bestalde, Aizkoetako haitza bezala izendatzen da ere Orandan. Sinonimotzat hartzen da, hau da, bi izenak mantentzea proposatzen da.
- Beste ekarpenak
Ahoz jasotako beste ekarpen eta komentarioak jaso dira, horien artean esanguratsuenak hauetxek ditugu:
- Urrestillako Guardiak Goardia behar duela proposatu da. Dokumentazioari jarraituz, Guardia forma tradiziozkoa da eta horrela onartzen da.
- Agirre baserriak Agerre bezala ahoskatzen direla. Bai, egia da, baina orokorrean (Euskal Herri osoan) Agirre forma proposatzen eta onartzen da. Dokumentazioak ere horrela dio.
- Zuola, agian Zuazola bezala idatzi behar dela. Lekuko dokumentalek ez dute inoiz azken forma hau jasotzen. Beti Zuola.
Arreta eta ikusmina
Behin-behineko mapa toponimikoaren erakusketak herritar askoren arreta bereganatu zuen ikusgai egon zen zazpi egunetan. Guztira, 332 izan ziren Betharrameko aretotik igaro ziren bisitariak.
Norberaren edo familiaren baserriaren izena nola agertzen zen ikusteak, inguruko mendixka edota errekatxoari zein izendapen ofizial eman zaion jakiteak... azpeitiar ugariren ikusmina piztu zuten kontuok. Izendapen bat ikusi, horrekin ados egon ez eta beste izendapen bat egokiago zela uste zutenek, berriz, erakusketan bertan iradokizuna egiteko aukerarik ez zuten galdu.
Erakusketaren bisitarien kopuruak eta xehetasunak jasotzen dituen txostena ikus dezakezue HEMEN
|