Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Hizkuntza politika egokiena duen udalerria Azpeitia da

Hizkuntza politika egokiena duen udalerria Azpeitia da

2007-01-19 / 07:00 / Diario Vasco   UDALETXEA

Kontseiluak aztertu dituen 66 udalerrien zerrendaren buruan dago Azpeitia.

DONOSTIA. DV. Azpeitia da, Kontseiluak aztertu dituen Euskal Herri osoko 66 udalerrien artean, hizkuntza-politika egokiena duena. Zerotik hamarrera bitarterako puntuazioan, Azpeitia (6,82) da alegia euskara lehenesteko eta sustatzeko ahalegin egokia definitzen duten 7 puntuetara gehien hurbiltzen den herria; Lekeitio (6,58), Oñati (6,54), Tolosa (6,48) eta Bergara (6,35) datoz ondotik. Errenteria (3,11) da, berriz, sailkapenean posturik okerrena duen Gipuzkoako udalerria eta Donostia (4,22) -sailkapen orokorrean 26. baino ez den arren- puntuaziorik onena lortu duen hiriburua.

150 kolaboratzaileren laguntzaz burutu den lanaren emaitza Udalerrien hizkuntza-politikaren neurketa liburua da. Atzo aurkeztu zuen Kontseiluak Donostian, eta ikerketatik atera dituzten ondorioak ere azaldu zituen Xabier Mendiguren idazkari nagusiak. «Udalerrien hizkuntza-politika funtsezkoa da euskararen normalizazioan aurrera egiteko», adierazi zuen, «praktikan jartzen dituzten politikak ezinbestekoak baitira euskara erabiltzeko aukerak emateko eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko».

Argi utzi du ikerketak, Kontseiluaren arabera, puntuazioa estuki dagoela erlazionatuta ezagutza tasarekin: zenbait eta ezagutza handiagoa, orduan eta puntuazio altuagoa. Deigarria da, halaber, zerrendaren azkeneko postuetan euskara ofiziala den lurraldeetako herriak aurkitzea. Guztietan azkena Tutera da (0), azken postuetan Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako herriak nagusi direla. Postu horietatik nahiko hurbil daude, dena den, Ibarrezkerreko udalerri jendetsuak.

Ikuspegi kritikoz aztertu ditu Kontseiluak emaitzak. Aztertutako udalen erdiak bakarrik du udal ordenantza, eta heren batek, gainera, ez du plangintza zehatzik. Ondorioz, borondatean oinarritutako eta babes juridikorik gabeko hizkuntza politika aplikatzen da aztertutako udalen erdien kasuan. Eta plangintza dutenetan ere gutxitan egiten da horren betetzearen inguruko segimendurik.

Bildutako datuen arabera, «udalerrietan hizkuntza-politika berria behar da» izan da lana Euskal Herrian barrena zabalduko duen Kontseiluaren ondorio nagusia.

  • Estreinakoz DIARIO VASCO egunkarian argitaratua 2007-01-19an.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com