Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko Udalak Elegune sortu du, enpresen hizkuntza gestioa hobetzeko zentro teknikoa

Azpeitiko Udalak Elegune sortu du, enpresen hizkuntza gestioa hobetzeko zentro teknikoa

2006-10-04 / 10:45 / Azpeitian Zer?   ENPRESAK

Elegune zentroaren sorrerak euskalgintzan nabarmentzen diren hainbat ahots ekarri ditu Azpeitira berriki. Aurkezpen ekitaldian txiki geratu zen Udaletxeko batzar aretoa, sekulako babesa jaso baitu egitasmoak bai erakundeen aldetik, bai enpresen aldetik.

Besteak beste, Elegune izan zuten hizpide Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Mahakide izan zituzten Azpeitiko alkatea, Julian Eizmendi, eta bidelagun izaten ari diren enpresetako ordezkari asko. Guztiek ekimena txalotu zuten eta arduradunak zoriondu.

Hitzetatik ekintzetara

Andres Urrutia euskaltzainburuaren aburuz, garaia iritsi zaigu euskara “oztopo eta behaztopa izan beharrean, baliabide eta komunikabidea izateko. Herriak aspalditik erakutsi zigun hori. Guri dagokigu, oraingo honetan, han-hor-hemenka predikatzen dihardugun hori praktikan jartzea”.

Eleguneren sorrera “lan eredugarritzat” jo zuen bere aldetik Patxi Baztarrikak. Botila erdi hutsaren edo erdi betearen dialektika gogoko ez duela aipatu arren, orain arte egindakoa baino gehiago dagoela egiteko aitortu zuen eta erronka horri erantzuteko modu bat lan munduan euskararen normalizazioa garatzea dela gaineratu. Sailburuordearen hitzetan, "Biele eta Zubiolaren esperientziak salbuespenak dira" eta ez dugu lortuko gauetik egunera lan mundua euskalduntzea baina uste du "etorkizuna neurri handi batean elebitasunarena eta eleaniztasunarena" izango dela eta horretan enpresak berak gizarteari ekarpen garrantzitsua egin diezaiokeela.

Ildo beretik mintzatu zen diputatu nagusia. Txabarrik Azpeitiko Udala eta Euskara Patronatua zoriondu zituen egiten ari diren lanagatik. "Hizkuntza politikaz -esan zuen- arduratzen direnak oso kezkatuta daude erabileraz, esaten dute hor dagoela giltza eta horretan asmatu beharko genukeela hurrengo urteotan geure hizkuntza zaharrari etorkizuna eskaini nahi badiogu. Badute Azpeitian nora begiratu".

  • Euskalgintzaren eremuan Azpeitiak, Euskara Patronatuaren bitartez, bide berriak jorratzen aitzindari dela erakutsi du beste behin ere. Oraingoan, lan munduan euskara planak garatzeko enpresei beharrezkoak zaizkien tresna eta baliabide egokiak esku-eskura jartzera bideratu ditu bere ahaleginak, Elegune zentro teknikoa martxan jarriz.
  • Azpeitiko Euskara Patronatuaren ekarpenak Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskaltzaindiaren eta ADEGI enpresari elkartearen babes osoa jaso du, eta ordezkariek hitz onak baino ez zituzten izan egitasmoaren aurkezpenean.
  • Azpeitiko Udalak dagoeneko aurkeztu die Elegune herriko 12 enpresa handienei eta denek baiezkoa eman dute parte hartzeko proposamenaren aurrean. Zerrenda ondorengo enpresek osatzen dute: Biele, Zubiola, Danona, Sammic, Corrugados Azpeitia, Grumal-Pemec, Altuna y Uria, Grual Hidraúlica, LanMobel, Antzibar, Sarralle eta Astigarraga Kit Linek, hain zuzen.

Luis Juaristi
BIELE, S.A.
«Guretzat ez-naturala litzatekeena da bilerak erdaraz egitea»

"Biele enpresa barruan harremanak euskaraz izaten ditugu. Ez da inposaketa bat, natural ateratzen zaigu. Eznaturala litzatekeena guretzat da bilerak, esaterako, erderaz egitea. Ia 200 langile gara eta tartean badaude erdaldunak eta denak euskaraz ikasten ari dira. Ez dute atzean geratu nahi. Euskara da gure hizkuntza jaiotzatik eta euskara hori indartu nahi dugu".



M. Angeles Amenabar
ZUBIOLA Kop. Elk.
«2010ean euskara Zubiola Kooperatibako lan hizkuntza izango da»

"Definitu genuen estrategiaren arabera, 2010- ean euskara, Zubiola Kooperatibako lan hizkuntza izango da. Ondorioz, barne harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, formalak eta informalak euskaraz izango dira. 2010ean euskara, Zubiola Kooperatibako zerbitzu hizkuntza gisa, ahalik eta gehien erabiliko da. Horretarako, Euskara Patronatura hurbildu ginen eta enpresa erakundeek euskararen erabilera prozesuan txertatzeko, eta aholkularitza kualifikatu baten laguntza izan zezaten, talde tekniko bat osatzearen aukeraren berri eman ziguten".


Anton Elorza
LANMOBEL Kop. Elk.
«Lehen erronka barne komunikazioan euskara erabiltzea izango da»

"Eleguneren proposamenera atxikitzea guretzat ematen dugun lehen urratsa da. Errazagoa da geure kasa aritzea baino. Bestela ez genuke asmatuko. Lehen erronka barne komunikazioan euskara erabiltzea izango da. Orain, iragarki-taulako mezuak elebitan ditugu baina hortik aurrera ezer askorik ez. Espero dugu Eleguneren laguntzarekin zerbait egitea eta ez bakarrik gogoak jarri".



Josune Lazkano
ANTZIBAR
«Diagnosi fasean gaude orain»

"Antzibarren diagnosi fasean gaude orain. Kontzientziak esaten digu zerbait egin beharra daukagula baina lan asko ikusten dugu. Guk bulegoan denok euskaraz dakigu eta euskara erabiltzen dugu, baita bileretan ere. Beste kontu bat da kanpo komunikazioa. Inprimaki gehienak elebitan ditugu baina eskutitz formal bat bidali behar badugu, adibidez, normalean erdarara jotzen dugu eta horretan, uste dut, beharko dugula laguntza gehien".



J. Mari Garate eta Patxi Agirrazabal
DANONA Kop. Elk.
«Konturatu gara itzuli ez, sortu egin behar dugula euskaraz»

"Momentu honetan gestio eredu aldaketa prozesu batean sartuak gaude eta euskara plana indar gutxirekin daukagu baina indartzeko asmoa dugu. Duela bost urte hasi ginen euskarari heltzen. Guk laguntza behar dugu itzulketetarako, adibidez. Orain arte, piezak ziren "costados", "cuerpos"… eta orain dira "alboak" eta "gorputzak". Bide paralelo bat egin dugu baina konturatu gara itzuli ez, euskaraz sortu behar dugula. Balio erantsi bat baino, guretzat euskara hizkuntza eskubide baten betetzea da".


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com