|
ELEGUNE Enpresen hizkuntza-gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoaren aurkezpen-ekitaldian Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusiak esandako hitzak dituzu ondoren:
Arratsalde on jaun andreok.
Nik ez dakit Azpeitiko Batzar Nagusietako areto honetan gaudenok jakitun ote garen programa honen garrantziaz edo plaza honen neurriaz.
Euskalgintzan rockero zaharrak direnentzat eta batez ere, euskaltzainburu eta sailburu ordeaz ari naiz, urrats handi bat izan dela, urtetan espero izan dena eta mamitzen kostatu izan dena.
Bat medikuarenera doanean edo ebakuntza bat egin behar diotenean, ez du dudan jartzen espezialista baten eskuetan egongo dela; bat kirofanora sartzen denean ez du zalantzan jartzen ez mendebaldeko ezta beste gizarte ereduetan ere.
Zer esanik ez bat abioia hartzera doanean ez zaio burutik pasa ere egiten abioia daramana pilotua izango ez denik.
Edo bere etxeko eskriturak egin behar dituenean, notarioaren eskuetara joaten da.
Baina ez da horrela izan urte askoan euskalgintzan. Euskaltzale suharra, beroa eta erradikala izatea askotan nahikoa izandu da halako berme eta segurantza bat emateko. Ahalik eta erradikalago orduan eta berme eta abla gehiagorekin.
Eta nik uste dut gaurkoak ikuspegi horretatik pausu kualitatibo nabarmena erakusten duela. Hemen euskararen zentro teknologiko baten aurkezpena egiten da enpresen zerbitzuan eta horrek esan nahi du adituak behar ditugula enpresek behar dituzten hainbat zerbitzuri erantzun egokia emateko; hori ezin daitekeela edozein modutara edozeinen esku egon.
Batek azpeitieraz emaila idatzi dezakeela eta horrekin euskalgintzari bere ekarpena egiten diola eta, horrekin, euskararen erabilera sustatzen duela. Baina gizarteko erabilerako beste zenbait eremuk beste maila bat izan behar duela argi eta garbi dago, beste erantzun mota bat eman behar zaiola eta horrek jauzi kualitatibo nabarmena suposatzen du zerbitzu profesional eta integrala eskaini nahi denean.
Gaur egun oso modan dauzkagu eta gaur goizean Legebiltzarrean lehendakariari entzun besterik ez zegoen, berrikuntzak, garapenak eta ikerketak… kalitateak duen garrantziaz jabetzeko. Azken batean aurrera daramagun gure gizarte eredu honetan oinarri sendoak dira orain komentatu ditudan termino guzti hauek.
Azken finean gaur egun enpresetan berrikuntzarik gabe, garapenik gabe ez dago ulertzerik lan ardatzak bere kudeaketa-sisteman ez integratzea. Eta gaurkoan aurkezten zaigun proiektu honetan berrikuntza, garapena eta kalitatea txertatzen dira euskararen erabilera-prozesuan. Eta horrek, nolabait ere, sinesgarritasun nabarmenagoa eskaintzen dio proiektuari. Azken finean, enpresetako hizkuntzen kudeaketa kalitate eta berrikuntzaren osagai bezala ulertzen da euskararen erabilera normala eta egokia eta gauza jakina da horrek sinesgarritasun handiagoa ematen diola egitasmo honi.
Eta ikuspegi horretan nabarmen gelditzen da hurrengo urteetan eta gaur egun ernetzen ari zaigun informazioaren eta ezagutzaren gizartean euskalgintza gizartearen osagai horien barruan sartzen ari dela eta hori oso garrantzitsua da.
Hizkuntza politikaz arduratzen direnak oso kezkatuta daude erabileraz, esaten dute hor dagoela giltza eta horretan asmatu beharko genukeela hurrengo urteotan geure hizkuntza zaharrari etorkizuna eskaini nahi badiogu. Badute Azpeitian nora begiratu; azpeitiarrek beraien hizkuntzan gatza eta piperra ez dute falta, beraien hizkuntza erabiltzen duten momentuan freskura eta naturaltasun hori bor-bor dago bertan herriarren erabileran eta nik uste dut ikuspegi horretatik gaurkoak hizkuntza berrikuntzarekin, kalitatearekin lotuta herritartasun horren sustraia behar duela bi ardatzak ondo uztartuta geratzeko; esan nahi baita, militanteak, herritarrak behar dituela baina horrekin batera adituak,kalitatea eta berrikuntza behar dituelako…Eta seguruenik Azpeitia bada bi ardatz horiek ondo uztartuta gizartearen ispilu. Eta euskararen erabileraren modu berri hau Euskal Herrietan barna gizartean zabaltzen jakin beharko genuke. Azpeitiak lortu du urteetan zehar euskaren erabilera hori izatea eta hori ere zabaldu beharko genuke.
Zorionak azpeitiarroi hortarako gauza izan zaretelako, seguruenik bakoitzak bere onenak eman dituelako eta orain gai izan gaitezen Azpeititik eredu hori Euskal Herrian barna zabaltzen eta sozializatzen. Hori da euskalzaleok nahiko genukeena, hori da erakundeen erantzunkizuna eta eskerrak benetan enpresei egitasmo honetan sartu zaretelako. Azken batez, euskalgintzaren eta euskararen erabilera zuen kudeaketa sistemetan sartzeak nik uste sailburuordeak esan zuen bezala enpresa indartu egingo duela eta sendotu gainera langile eta zuzendarien artean erabat errotu. Nik uste dut eredu oso egokia dela hurrengo urteetarako eta Azpeitiak ardatz eta itzal nabarmena izan dezakeela.
Zorionak beraz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eskaintzen denez, bego bertan bi diputatu jaunen agerpen eta notaritzarekin, eta noski, hurrengo urratsak eman ahal izateko behar diren diru eta giza baliabideekin.
Eskerrik asko.
(JOXE JOAN GONZALEZ DE TXABARRI MIRANDA Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun nagusia da)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|