|
Julian Eizmendi Zinkunegi Azpeitiko alkateak ELEGUNE Enpresen Hizkuntza-gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoaren aurkezpen-ekitaldian esandako hitzak dituzu ondoren:
Eskerrik asko denori, gaur hona etorri izanagatik.
Eskerrik asko bereziki Ahaldun Nagusiari, sailburu ordeari, Euskaltzaindiko presidente jaunari eta Azpeitiko Enpresetako ordezkari guztiei.
Azpeitiko alkate naizen aldetik, zeharo harro nago gaur, hemen, aurkeztu behar dugun ekimenaz.
Harreman berezia eta oso estua dauka Azpeitiak euskararekin:
Azpeitia izan zen Eusko Jaurlaritzaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan jarri zuen lehenbiziko herria. Euskara patronatua duen herri bakarretakoa da Azpeitia. Euskararen inguruan lan egiten dutenek baliatzen duten erabili.com webgunearen sortzaile eta arduraduna da gainera. Hiru euskaltzain izan dituen herri bakarra da Azpeitia…
Orain, euskararen normalizazioarako bidean, enpresen txanda heldu da, eta oraingoan, berriz ere, Azpeitia lehenengo herria izango da Eusko Jaurlaritzak sortutako programa garrantzitsu bat errealitatean aplikatzen.
LanHitz izena du programak, eta hura garatzen Azpeitiko enpresei laguntzeko, ELEGUNE, Enpresen Hizkuntza Gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoa sortu dugu herrian.
Harro nago azpeitiarrok euskararen alde egiten dugun lanaz. Eta azpeitiar guztien izenean, herriko enpresa guztiak ELEGUNErekin elkarlanean aritzera animatu nahi ditut. Enpresa bakoitzak ahal duen neurrian eta komeni zaion erritmoan, baina eskaini diezaiola mesedez gure hizkuntzari merezi duen arreta, jendeak jakingo du-eta hori saritzen.
Azpeitiarrok segi dezagula gure hizkuntzari, euskarari, arnasa ematen, eta euskarak jarrai dezala biziberrituz, Euskal Herria osoan egonkortasun sendo bat lortu arte.
Mila esker, benetan, gaur hona etorri zareten guztioi.
(JULIAN EIZMENDI ZINKUNEGI Azpeitiko alkatea da)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|