|
Maria Angeles Amenabar Zubiola Kooperatibako zuzendari-gerenteak ELEGUNE Enpresen Hizkuntza-gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoaren aurkezpen ekitaldian esandako hitzak dituzu ondoren:
Aurrenik, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeari; Gipuzkoako Aldun Nagusia den Joxe Joan Gonzalez de Txabarri, Azpeitiko alkatea den Julian Eizmendi, eta hainbat erakunde ezberdinen ordezkari agurtzen ditut. Eta ekitaldi honetara hurbildu zareten guztioi, arratsaldeon.
ZUBIOLA, egur, aluminio eta material konposatuentzat herramientak ekoizten dituen enpresa bat da, hirurogeita hamar lanpostu dituen enpresa kooperatiba bat da.
1996an AENOR-eko ISO 9000 arauetan oinarritutako kalitate ziurtagiria lortu ondoren, Europa mailan hedatua dagoen E.F.Q.M. kudeaketa eredua ezagutu genuen. Aztertu, sinistu eta barneratu ondoren, bikaintasunaren bideari ekin genion.
Egin dugun bideak, gure apustuaren zuzentasuna adierazi digu:
Eraginkortasunean nabarmenki hobetu dugu.
Ingurugiro alorreko AENOR-ek, ISO 14000 ziurtagiria, eta Euskalit-ek bermatutako kudeaketaren bikaintasunari dagokion zilarrezko Q a, eta abar, bezalako aintzatespen garrantzitsuak jaso ditugu.
Baina ekindako bideak atzera pausorik ez duenez, Euskalit-ek gauzatutako kanpo ebaluazioan identifikatutako hobekuntza arlo garrantzitsuak hedatzen jarraitu dugu.
Eta ondorioz, berriro ere, aurtengo ekitaldian memoria berria aurkeztu dugu Euskalit en, eta kudeaketa arloan adituak diren pertsona esanguratsuz osaturiko talde batek ebaluatuak izango gara, eta honen emaitza gisa, URREZKO Q aintzatespen saria lortzeko itxaropen oinarritua daukagu.
E.F.Q.M.-ko bikaintasun ereduak, enpresako kudeaketarekin zerikusia duten atal nagusi guztiak besarkatzen ditu, eta enpresa prozesuan eragiten duten eragile guztien asebetetasunak, eraginkortasunaren eta enpresen emaitzen atalean eragin zuzena duela erakusten digu. Eta eragille horien artean pertsonen eta gizartearen asebetetasuna nabarmentzen ditu ereduak.
2004. urtean, 2005-2008 ekitaldirako planifikazio estrategikoa definitu genuen, eta bere elaborazio prozesuan, euskara, enpresa prozesura, prozesu giltzarri moduan txertatzeko beharra nabaritu genuen.
Gizarte mailako inplikazioa jasotzen duen oinarrizko helburuak, barne komunikazioaren hobekuntza eta honekiko ZUBIOLAko pertsonen eta bere gizarte inguruaren asebetetze mailaren lorpena ahalbideratuko duen estrategia barneratu du.
Estrategia hau era honetara definitu zen:
2010ean euskara, ZUBIOLA Kooperatibako lan hizkuntza izango da. ondorioz, barne harremanak, ahozkoak eta idatzizkoak, formalak eta informalak euskaraz izango dira. 2010ean euskara, ZUBIOLA Kooperatibako zerbitzu hizkuntza gisa, ahalik eta gehien erabiliko da.
Estrategia definitu ondoren, Azpeitiko udaletxeko Euskara Patronatura hurbildu ginen. hemen, enpresa erakundeek euskararen erabilera prozesuan txertatzeko, eta aholkularitza kualifikatu baten laguntza izan zezaten, talde tekniko bat osatzearen aukeraren berri eman ziguten.
ZUBIOLAk Udaletxeak antolaturiko eztabaida guneetan parte hartu zuen, eta bertan, izan ziren pertsonek euskara enpresa kudeaketan hedatzeari buruz zuten ikuspegia, bere abantailak, zailtasunak, aukerak eta mugak zuzen zuzenean ezagutu zituen eragile aktibo izanez.
Elkarlanean gauzatu beharreko proiektu estrategikoa burutzeko eskaintza jaso genuen udaletxearen eskutik. Gure erakundera, euskara eratzeko genuen ikuspegi estrategikoarekin guztiz bat zetorren ikuspegia zen berau.
Gure foro eta prozesuak sakontasunez aztertu zituen diagnosia egin genuen, eta 2006-2008 urteetan garatu beharreko bidea definitu genuen. Aldi honetarako definitu ziren estrategia, helburu, jarduera eta neurketa adierazleak, gure adierazle panel orokor eta helburuen hedapenean jaso ziren.
Esan behar dugu, aurtengo urterako jarri zirenak, zehatz mehatz jarraitzen ari garela.
Eskuratu dugun zerbitzua oso profesionala izan da, gure benetako errealitatea ezagutzen eta ulertzen jakin izan du, gogoeta prozesua era egokian bideratu du, eta gure erritmoetara egokitu da.
Gure ustez, enpresa erakundeetan euskara hedatzeko eta erabiltzeko proiektuak arrakasta izan dezan, ezinbesteko baldintza, zuzendaritzaren eta erakundeko aintzindari guztien erabateko konpromiso ageria da, erakunde emaitzak eta eraginkortasuna hobetuko dituenaren uste argia.
Ez dio axolarik enpresa edo erakundeak duen tamainak. Oinarrizkoena enpresa erakundeetan euskararen erabilerak komunikazioa eta pertsonen asebetetasun maila, eta ondorioz partaidetza eta enpresa proiektuarekiko pertsonen inplikazio maila, eta eraginkortasun handiagoa lortuko dituenaren ziurtasuna izatea da.
Azkenik, une hau Euskara Patronatua sortzeko ikuspegia eta bitartekoak jarriz, borondatea izan duen Azpeitiko udaletxeari, bere lana era egokian burutu duen Patronatuari, eta elkar lanean aritu garen talde teknikoari, bere profesionaltasunagatik, bere jarrera iriki eta proaktiboagatik, eta ZUBIOLAko proiektua ezagutu eta bertan txertazen eginiko ahaleginagatik, eskerrak emateko aprobetxatu nahi nuke.
Bihotzez, eskerrak guztioi.
(M. ANGELES AMENABAR Zubiola Kooperatibako zuzendari-gerentea)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|