Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Herrian herriko eta enpresan enpresako hizkuntza-eskabideei erantzunez

Herrian herriko eta enpresan enpresako hizkuntza-eskabideei erantzunez

2006-09-25 / 07:00 / Andres Urrutia Badiola   ENPRESAK

Andres Urrutia euskaltzainburuak ondorengo hitzak esan zituen ELEGUNE Enpresen Hizkuntza-gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoaren aurkezpenean:

Arratsaldeon.

Hitz hauek prestatzeko erabili izan dudan informazioaren artean, bada zer azpimarratu eta nabarmendu. Niretzat, zalantzarik ez, ELEGUNE bera zer den zehazteko moldea. Izan ere, honetara dio paperak: Zer da ELEGUNE? Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bitartez, herriko enpresei hizkuntza-gestiorik egokiena lortzen laguntzeko sortu den gune teknikoa.

Kontuak kontu, bi hitz dira hor esanguratsuenak. Lehena, hizkuntza bera, euskarari egiten zaiola erreferentzia. Bigarrena, gestioa, alegia, baliabide jakin batzuk helburu zehatzetara bideratu, ezarri eta aplikatzea, hizkuntzak berak gizartearen hainbat esparrutan, batik bat, enpresa-arloan, aurrera egingo duelakoan.

Badira, aldiz, hizkuntza eta gestioa kontrajarriak eta kontraesanekoak direla sustatuko dutenak, are gehiago, euskara moduko hizkuntzetan, gizarte-erabilera murriztua eta mugatua baitute horiek egunerokotasunean.

Errealitateak, haatik, behin eta berriro erakutsi digu euskalgintzaren eremuan ezinbestekoa dela enpresa eta ekonomiaren zeregina.

Beharbada, egoera bertsuan egon daitezkeen beste hizkuntzen aldean, soberakoa zaigu guri, oraindik ere, boluntarismoa eta atxikimendu itsua; eta askieza, ostera, egituratze sakona eta sare-ehotze sendoa.

Hortaz, inoiz baino beharrezkoagoa dugu euskara eta gestioa uztartzea, enpresa eta gizartea euskararen bidez estekatzeko.

Ez, bistan da, euskara eguneroko enpresa-bizimoduan halako adabaki edo apaindura huts izango balitz bezala. Bai, ordea, apaindurarako gogoak gaindituta, erro-errokoa, berezkoa izan behar denaren seinalea. Berezkoa diot, naturala izenlaguna bera ez aipatzearren, garaia iritsi baitzaigu euskara, oztopo eta behaztopa izan beharrean, baliabide eta komunikabidea izateko. Herriak aspalditik erakutsi zigun hori. Guri dagokigu, oraingo honetan, han-hor-hemenka predikatzen dihardugun hori praktikan jartzea.

ELEGUNE horretarako pausoa da. Hain zuzen ere, hizkuntza bera, euskara bera, atxikimendu huts, norabiderik gabeko borondate eta etekinik gabeko aprobetxamendu askoren gainetik, gestio duin eta benazko baten beharrean dago. Horixe da herrian herriko eta enpresan enpresako hizkuntza-eskabideei erantzunez egiten dena, eta, zer esanik ez, etorkizunari buruz ausarki eta burutsu jokatu behar duena.

Bide beretik dator, etorri ere, Euskaltzaindiaren egitasmoa. Lehendik daukaguna hartu, galbahetik igaro, eguneratu eta egokitu, eta, gaurkoarekin eta bihar-etzikoarekin bildu, gure ondoren etorriko direnak, gu geu bezalaxe, euskal ondare kulturalaren jabe izan daitezen.

Betor ELEGUNE; betor konpromisoa euskararen alde, alderdikeriarik eta setakeriarik gabe, guztion ondarea dena, guztion artean kudea dezagun.

Langintza horretan, esan gabe doa, Euskaltzaindiaren laguntza izan eta izango duzue. Zorionak, eta aurrerantz egin behar duzuen/egin behar dugun bidean, adorez dezagun jardun.

Mila esker!


(ANDRES MARIA URRUTIA BADIOLA euskaltzainburua da)


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Hitzak osatuz
2006-09-26 / 13:58 / Inazio Agirre Arregi

Andres Urrutia euskaltzainburuak gogeta zuhur eta egoki askoren artean ondorengo hitzak esan ditu:

"...soberakoa zaigu guri, oraindik ere, boluntarismoa eta atxikimendu itsua; eta askieza, ostera, egituratze sakona eta sare-ehotze sendoa"

Euskaltzainburuaren hitz horiek segidako hauekin osatuko nituzke: soberakoa zaigu guri, oraindik ere, Espainiako eta Frantziako estatuen injerentziak eta mugak; eta askieza, ostera, ofizialtasun legea eta aintzindaritasun politiko instituzionala, Euskal Herri osoko enpresatan euskara plan eraginkorrak burutzea beharrezko izan dadin Quebec-en bezala.


(INAZIO AGIRRE ARREGI Batasunako Euskara arloko kidea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com