|
Udalak zentro tekniko bat sortu du, Elegune, enpresei hizkuntza gestioa egiten laguntzeko, dohainik gainera.
Elegune aurkeztu zen 2006-09-22an Azpeitian, enpresen hizkuntza gestioa hobetzeko eta euskara lan munduan txertatzeko zentro teknikoa. Era honetara, aitzindari bihurtu da Azpeitia, eta hauek dira Udalaren ekimen honi baietz esan dioten enpresak: Biele; Zubiola; Corrugados; Grupo Alfonso Gallardo; Danona Koop. Elk.: Grumal-Pemec, S.A.; Altuna y Uria, S.A.; Antzibar; Hormigones Lazkano; Sarralle; eta Astigarraga Kit Line. Hamar enpresa hauek, denen artean, 2.100 langile dituzte, Azpeitiko industria arloko langileen %55.
Handikiro aurkeztu zen Elegune 2006-09-22an. Bertan ziren, Julian Eizmendi alkateaz gain, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri ahaldun nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua; eta aipatutako hamar enpresa horietako ordezkariak. Biele-ko Luis Juaristi eta Zubiola-ko Maria Angeles Amenabar mintzatu ziren enpresen izenean.
«Orain hogei urte udalerrietan euskalduntze-alfabetatzea sustatzeko euskaltegiak sortu ziren bezalaxe, Azpeitia bezalako egoera soziolinguistikoa duten udalerrietan (Azpeitiko enpresetan zuzendaritzako kide eta langileen %95 euskaldunak dira) azpiegitura tekniko bat sortzea proposatzen dugu enpresen hizkuntza-gestiorako beharrei erantzuteko. Horixe da Elegune. Eta uste dugu gaur egungo enpresentzat, batez ere txiki-ertainentzat, aterabidea horixe dela: enpresaren hizkuntza-gestioan zerbitzu integrala eta doakoa emango dien udal-azpiegitura teknikoa sortzea, enpresen hizkuntza erabilera beharrei erantzuteko» adierazi digu Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuko Patxi Saez Belokik.
Saez Belokik azpimarratu nahi izan du zentro tekniko berri honen doakotasuna: «Azpeitiko Udala eta Eusko Jaurlaritza egingo dira gastuen kargu». Eta teknikari honek gogora ekarri du lehen ere nabarmendu izan dela herri hau: «Azpeitia aurrenekoa izan zen Eusko Jaurlaritzaren EBPN martxan jartzen; Euskara Patronatua duen herri bakarretakoa da; erabili.com bezalako web gunea sortu zuen; eta ez dago beste herririk hiru euskaltzain dituenik».
Beraz, enpresei bere hizkuntza gestioa egiten laguntzeko jaio da Elegune. «Zerbitzu profesionala eta integrala eskainiko die. Adituak diren teknikoak jardungo dira. Elegunek hartuko du bere gain lanik gehiena». Enpresa bakoitzari, hala nahi izanez gero, bere neurriko euskara-plana proposatuko zaie. Hasteko, Elegunek enpresaren diagnostikoa egingo du; ondoren, enpresak esan beharko du zein helburu eta erritmo nahi dituen euskara txertatzeko bere lanean eta giroan.
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|