|
Euskara planak garatzeko aholkularitza zerbitzua eskainiko die enpresei, doan
Elegune egitasmoa aurkeztu zuten 2006-09-22an Azpeitiko udaletxeko batzar aretoan. Enpresetan euskararen erabilera sustatzeko eta kudeatzeko helburua duen ekimena izango da Elegune. Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuak eraman du aurrera, eta dagoeneko bi enpresatan egin dituzte proiektuaren probak, Zubiola eta Bielen hain zuzen. Baina Azpeitiko beste hamar enpresak ere sinatu dute euskara plan hori. Aurkezpenean izan ziren eragileek, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak, Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak, Andres Urrutia Euskaltzainburuak eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak egitasmoaren garrantzia eta enpresa eta gizartearen arteko elkarreragintasuna goraipatu zuten, enpresa barruan euskara sustatzeak gizartean eragingo duelako.
Azkenaldian, Eusko Jaurlaritzak hainbat hitzarmen sinatu ditu eragile ekonomikoekin. Lan Hitz programa antolatu zuen enpresetan euskara bultzatzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteekin ere hitzarmena sinatu zuen. Sindikatu nagusiekin ere ituna sinatu du Jaurlaritzak. «Eta Elegune egitasmoa beste aurrerapauso bat izan da bide horretan», Baztarrikak esan zuenez. Baina, hala ere, «lan munduan, egin dugun baino lan gehiago daukagu egiteko», gaineratu zuen Baztarrikak.
EUSKARA PATRONATUAK DOAN. Elegune Azpeitiko Udaleko Euskara Patronatuak antolatu duen enpresen hizkuntza gestiorako gune teknikoa da. Enpresetako diagnostikoa egin eta horren arabera neurri zehatzak hartzen laguntzen du. «Enpresako alor guztietan euskararen erabilera nolakoa den aztertu eta lan prozesu guztian euskara txertatzea du helburu», Mari Angeles Amenabar Zubiola enpresako gerenteak azaldu zuenez. Gainera, Euskara Patronatuak doan eskaintzen du zerbitzua.
Dagoeneko Azpeitiko hamar enpresa atxiki dira Elegunera. Azpeitian industrian lan egiten duten langileen %55 hartzen dituzte enpresa horiek. Gainera, behargin horien %95 euskaldunak dira. «Eta geratzen diren erdaldunek euskaraz ikasi nahi dutela azaldu digute», argitu zuen Biele enpresako zuzendaritzako kide Luis Juaristik.
Andres Urrutiaren iritziz, euskalgintzaren eremuan enpresak «ezinbestekoak» dira. «Horregatik lagunduko diegu beti horrelako egitasmoak aurrera eramaten». Iritzi bertsukoa da Baztarrika ere: «Eskolan euskara ikasten da, baina eskolatik atera eta lantokira iristean, ez da euskararen erabileraren jarraipen hori bermatzen». Euskararen kudeaketak baliabide batzuen aplikazioa ekarriko duela uste du, bestalde, Urrutiak.
Euskara enpresetan sustatuz euskarak gizartean presentzia handiagoa edukitzen lagunduko duen ustearekin bat egin dute denek. Azpeitiko ia biztanle guztiak euskaldunak dira eta, Txabarriren ustez, «erabileran dago euskararen normalizaziorako giltza». Horregatik, Azpeitia Euskal Herrian euskara sustatzeko «ardatz eta eredu» dela uste du Txabarrik.
KONTSEILUA, KONPROMISO ESKE . Eusko Jaurlaritzak eta ELA, LAB, COO eta UGT sindikatuek lan mundua euskalduntzeko akordioa sinatu zuten herenegun. Kontseiluaren iritziz, lan mundua euskalduntzeak «estrategikoa» izan behar du, «lan mundua euskaldundu gabe ez dago euskara normalizatzerik». Hala ere, Kontseiluaren esanetan, «lan munduaren euskalduntze prozesua ezin da enpresen borondatearen esku utzi, arauak definitu behar dira emaitzak lortzeko». Legearen babesa eta beharrezko baliabideak eskatu ditu. Akordioak gabeziak dituela dio; besteak beste, euskalgintza falta dela eta funtzioak ez daudela definituta. EAE-ANVk ere akordioan konpromiso konkretuak falta direla salatu du.
 | Mari Kruz Juaristi Zubiolako Giza Baliabideetako arduraduna | «Oso garrantzitsua da enpresako zuzendaritza izatea bultzatzailea»
«Plan estrategikoa egiten ari ginenean ikusi genuen euskararen alde zerbait egiteko beharra. Gainera, lantegi barruan zegoen eskari bat ere bazen. Ahozko komunikazioa euskarazko da, idatzian sortzen dira arazoak. Langileen eskaria geureganatu eta aurrera eraman genuen. Badirudi euskara kolektiboetatik datorren errebindikazioa dela. Hori dela eta, garrantzi handia dauka zuzendaritza izatea bultzatzailea. Langileen eskariari erantzunez lana gustura egitea lortzen da eta horrek onura ekonomikoak ere ekartzen ditu».
 | Maider Aizpuru Bieleko Kalitateko arduraduna | «Gure lanerako tresna euskara izatea erabaki genuen»
«Gure enpresako langileen %94 euskaldunak dira, eta horietatik %88, euskaraz alfabetatutakoak. Gure lanerako tresna euskara izatea erabaki genuen. Erdaldunek ere euskara ikasi nahi dutela eskatu digute. Laguntzea ere oso garrantzitsua da; agian, euskaldun batek ezin izan du euskaraz idazten ikasi. Pertsona horrek gaizki idatziko du, baina nola idazten den irakatsiz gero, langileak eskertu egingo du. Inguruko enpresak hornitzen ditugunez, enpresa haiei ere euskaraz egitera bultzatu diegu. Finean, Elegunerekin lortuko duguna langileen poza da».
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|