|
Mota honetako lehenengo zentroa izango da Elegune, eta malgutasun handia eskainiko die enpresei. Lantegiek doako aholkularitza izango dute eskura.
Enpresetan ere euskara eraginkor eta funtzionala ezartzen laguntzeko asmoz, Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Elegune sortu du, enpresen hizkuntza-gestiorako gune teknikoa.
Enpresetan eleaniztasuna balio erantsia dela pentsatuz, hizkuntzen kudeaketa egoki bat beharrezkoa dela uste dute, eta hori da proiektuaren muina. Lantegiak lan horretara bideratzeko, laguntza eta baliabideak eskainiko dizkie Elegunek baina, beti ere, enpresa horien ezaugarri eta nahietara egokituta. Izan ere, hori da zentroaren ezaugarri nagusia, malgutasuna, alegia. Entrepresa bakoitzak erabakiko du zein inplantazio maila lortu nahi duen eta horren arabera egingo dute prozesua. Zerbitzua doakoa izango da, Udalak, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak beren gain hartuko baitituzte gastu guztiak.
Herriko enpresa ezberdinekin harremanetan dago jada Elegune, eta hamabi dira hizkuntza gestioa hobetzeko nahia adierazi dutenak. Tartean, Biele eta Zubiola lantegiak daude. Hauek, gainera, lehendik ere euskara eguneroko jardunean modu eraginkorrean txertatzeko ahaleginetan arituak dira, eta esperientzia benetan positiboa izan dela nabarmendu zuten bi enpresetako zuzendariek.
Azpeitiko udaletxean 2006-09-22an egindako aurkezpenean, Julian Eizmendi herriko alkateak azpimarratu zuen herri gipuzkoarra aintzindaria dela euskararen inguruko plan eta proiektuetan. Besteak beste, aipatu zuen Euskara Patronatua duen herri bakarrenetarikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzak diseinaturiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) martxan jarri zuen lehena izan zela.
Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere izan ziren aurkezpenean. Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi zuenez, "eskola mundutik lan mundura salto handia zegoen euskararen erabileran, eta hor zerbait egin beharra zegoen". Andres Urrutia euskaltzainburuak euskararen inguruko "egituratze sakon eta sare-ehotze sendo baten falta" azpimarratu zuen, eta hizkuntza "apaindura huts" bezala erabiltzea arbuiatu zuen. Azkenik, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak esan zuen urte hauetan guztietan nahikoa izan dela "euskalgintza bero eta erradikala" eta, orain, "jauzi kualitatiboa" egiteko garaia heldu dela, "kalitatea eta berrikuntza" ardatz bihurtuz.
- NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2006-09-23an.
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)
|