Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Enpresetan euskara planak garatzeko zentroa abian jarri du Euskara Patronatuak

Enpresetan euskara planak garatzeko zentroa abian jarri du Euskara Patronatuak

2006-09-22 / 08:46 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO   ENPRESAK

Lan-munduan ere euskararen erabilera sustatzeko tresna berria aurkeztuko dute 2006-09-22an Azpeitiko udaletxean Azpeitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskaltzaindiak eta Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak: Elegune.

Herriko enpresek eguneroko lanean erabiltzen dituzten hizkuntzen gestio egokia egiten laguntzeko Azpeitiko Udal Euskara Patronatuak abian jarri duen zentro teknikoa da Elegune, eta nahi duten enpresentzako euskara planak diseinatu eta garatzen laguntzea izango da bere eginkizun nagusia.

Patxi Saez Patronatuko zuzendariak nabarmentzen duenez, enpresen beharrak kontuan hartuta garatu eta «enpresek enpresentzat egindako gunea» da Elegune. Legegintzaldi honetan Euskara Patronatuaren proiektu nagusia izan da Elegune eta bizpahiru urte aritu dira lanean bertako arduradunak zerbitzu berri honen nondik norakoak definitzen, eta prozesu horretan herriko bost enpresa (Biele, Zubiola, Danona, Glual eta Antzibar) izan dituzte bidelagun.

Proiektu aitzindaria

Elegune enpresen hizkuntz gestioari zuzenduta Euskal Herrian abian jarriko den lehenengo zentro teknikoa izango dela ere nabarmendu dute Euskara Patronatuko arduradunek, eta horrelako zerbitzu bat Azpeitian sortzearen arrazoiak ere gogora ekarri dituzte. «Azpeitiko enpresetan -dio Saezek- euskaldunen kopurua %90 da, eta batzutan ia %100. Oso egoera egokia da horrelako zentro batek zerbitzua martxan jartzeko».

Orain dela 20-25 urte udal euskaltegiak «euskaraz alfabetatzearen aldetik zegoen hutsunea» betetzeko sortu ziren antzera, orain tresna berriak behar direla diote Patronatutik. «Azpeitiko Udalak euskararen erabilerarekiko hutsunea ikusten du enpresa arloan, eta horri erantzuteko tresna egokia hau dela».

Euskararekin lotutako beste hainbat ekimenetan bezala, Azpeitiak «honetan ere aitzindari eta traktore lana» egingo duela dio Saezek. Elegune «plan piloto bat da», bere esanetan. «Ondoren, emaitzak ikusita, gainerako bailaretan zabaltzeko asmoa du Jaurlaritzak. Azpeitiak bere beharrak osatzeko sortu du, baina zabaltzeko arazorik ez dago».

Harrera ona

Eleguneren proiektuak Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik «harrera ona» izan du. Hain zuzen ere, bi erakunde hauek dira proiektua diruz lagunduko dutenak Udalarekin batera. Eleguneren zerbitzuak doakoak izango dira enpresentzat.

Eta herriko enpresa nagusienek ere ondo hartu dute Patronatuaren ekimena. Hain zuzen ere, 2006-09-22an egingo den jendaurreko aurkezpenaren aurretik herriko enpresa handienetan (Corrugados Gallardo, Altuna y Uria, Sammic, Lan Mobel, Astigarraga Kit Line, Sarralle, Zubiola, Biele, Grumal-Pemmec, Glual eta Danona) aurkeztu dute Elegune, eta guztiek egin dute bat proiektuaren eskaintzarekin. Horrenbestez, guztira 2.100 langile daude dagoeneko proiektuan sartuta, herriko industria arloko %55. Bielen eta Zubiolan, gainera, dagoeneko ari dira euskara planak garatzen.

Bakoitzaren neurrira

Elegune, ordea, ez da sortu enpresa handietarako, guztientzat baizik. «Horrelako zerbitzu baten beharrik handiena enpresa txiki eta ertainek dute, ez baliabiderik eta ez denborarik ez dutenek. Hauei dena mamituta eman behar zaie», dio Patxi Saezek. Alde horretatik, «planteamendu berritzailea» eskainiko du, «Elegune enpresa bakoitzaren funtzionamendura egokituko da, bi plan berdin ez dira egingo, enpresa bakoitzera egokitutako planak diseinatuko ditugu».

Enpresa handiekin izandako harremanen ondotik, orain Elegune banan bana jarriko da harremanetan herriko gainerako enpresa guztiekin, bere zerbitzuak eskainiz.


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)


Dokumentu interesgarriak (irakurtzeko gainean sakatu)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com