Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Euskaltzaindia Bielen

Euskaltzaindia Bielen

2006-07-12 / 17:16 / Azpeitiko Euskara Patronatua   ENPRESAK

Euskara Patronatua Azpeitian egiten ari den lana bertatik bertara ezagutzera etorri zen Euskaltzaindia atzo (2006-07-11) eta Urrestillako Biele enpresan ere izan zen, Bieleko Euskara Planaren nondik norakoak ezagutzeko.

Azpeitiko Euskara Patronatuak datorren irailean Enpresen Hizkuntza-gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoaren ateak zabalduko ditu. Hain zuzen ere, Euskaltzaindia atzo (2006-07-11) Zentro Teknikoaren xehetasunen berri jasotzera etorri zen Azpeitira eta Zentro Teknikoak Bielen inplementazio fasean daukan Hizkuntza-gestiorako Plan aitzindaria ere ezagutu zuen.

Bieleko zuzendari nagusiak, Txomin Andonegik eta kalitate-zuzendariak, Maider Aizpuruk, biek hala biek, eman zuten Biele garatzen ari den Euskara Plan aitzindariaren berri. Ondoren, Bielek dituen instalazioak eta egiten duen lanaren berri ere eman zieten Andres Urrutia euskaltzainburuari, Pello Telleria Euskaltzaindiko idazkariordeari, Amaia Okariz Euskaltzaindiko Komunikazio arduradunari, Ana Mendizabal Azpeitiko Udalaren Euskara batzordeburuari, Ibon Usarralde Emun-eko egitasmo koordinatzaileari eta Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariari.

Biele bere arloan punta-puntan dabilen enpresa da. Produkzio edo ekoizpen prozesuen automatizazioa du jarduera nagusia, alegia, enpresentzat produkziorako kate-automatikoak egitea. Besteak beste, Fagor eta Ikea ditu bezero.

Biele eta euskara

Bielek gaur egun 160 langile ditu eta duen langile euskaldunen batez bestekoa % 95 da. Eta horietatik euskaraz alfabetatuak (irakurtzen eta idazten dakitenak) % 88 dira. Azpeitiko enpresetan, berriz, langile euskaldunen batez bestekoa % 90 da eta alfabetatuetan % 63. Beraz, baldintza oso egokiak daude Bielen eta Azpeitian euskara lan hizkuntza bihur dadin. Bieleko zuzendaritza eta langileak ekinbide horretan abiatu dira eta elkarlan estuan ari dira Azpeitiko Euskara Patronatuaren bitartez Azpeitiko Udalak abian jarri behar duen Enpresen Hizkuntza-gestioa Hobetzeko Zentro Teknikoarekin.

Ezkerretik eskuinera: Amaia Okariz Euskaltzaindiko Komunikazio arduraduna, Pello Telleria Euskaltzaindiko idazkariordea, Ana Mendizabal Azpeitiko Udalaren Euskara batzordeburua, Txomin Andonegi Bieleko zuzendari nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Maider Aizpuru Bieleko kalitate-prozeduren zuzendaria. (I. USARRALDE)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com