 |
Euskararentzat lortu beharrekoa arautu du Azpeitiak |
 |
2005-12-02 / 07:00 / Azpeitiko Euskara Patronatua |
UDALETXEA |
|
Azpeitiak era berezian ospatuko du "Euskararen Nazioarteko Eguna". Azpeitiko Udalak, herriaren historian estreinakoz, euskararentzat lortu beharrekoa arautu du: Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza. Euskararen Azpeitiko Udal-ordenantza aho batez onartu da (2005-12-01ean) PP, PSOE, EA eta EAJ alderdien aldeko botoekin. Testua tajutzen ibilitako legelari eta adituen esanetan "Azpeitiko udal-ordenatza eredugarri izango da EAEko udalentzat, bereziki, euskaldunentzat". Euskararen Azpeitiko Udal-ordenatzaren testu osoa erabili.com-en lor dezakezu.
Azpeitiko euskararen udal-ordenantza Ińaki Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko katedradunaren gidaritzapean eginda dago. Hainbat legelarik eta adituk hartu du parte euskararen udal ordenantza hau tajutzen: Euskal Herriko Unibertsitateko legelariek, Azpeitiko Udalaren legelariek, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako legelari eta adituek, Siadeco Ikerketa Elkarteak eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren lantalde teknikoak.
Ildo beretik, hasierako testuak Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren Udal Aholku Batzordearen ekarpenak ez ezik, Azpeitiko Udalaren Euskara Batzordearenak ere jaso ditu. Azpeitiko Udalbatzak onartu aurretik Euskara Batzordeak ere aho batez onartu zuen Euskararen Udal-ordenantza 2005-10-06an PP, PSOE, EA eta EAJ alderdien aldeko botoekin.
Zertarako
Euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa Azpeitiko Udalerako eta Udalerrirako arautu eta ondorio juridikoak garatzeko sortu da euskararen udal-ordenantza.
Kontuan hartutako faktore giltzarriak
- 1.- Azpeitiko errealitate soziolinguistikoa: Euskal Herriko 10.000 biztaletik gorako udalerrien artean Azpeitia da batez beste euskaldun gehien dituen herria ( % 88 euskaldunak eta %7 ia-euskaldunak. Eustat, 2001). Helburua: "Azpeitian hiritar guztiak edozein harremanetan edo jarduera sozialean, euskaraz bizi ahal izatea".
- 2.- Euskal Autonomia Erkidegoko legeriarekiko lotura eta bere babesa: Autonomia Estatutuaren 6. artikulua, 10/1982 Legea, 6/2003 Euskal Legea...
- 3.- Bi hizkuntza ofizial: euskara nahiz gaztelania biak hizkuntza ofizialak dira. Bi hizkuntzak erabil daitezke eraginkortasun eta balio juridiko osoarekin, mota guztietako harreman publiko zein pribatuetan. "Azpeitiko biztanle guztiei, oro har, bermatu behar zaizkie euren hizkuntza-eskubideak". Azpeitiko Udalaren lehentasuna ordea, euskara sustatzea da.
- 4.- Ordenantzak ez du hizkuntza ofizial gisa gaztelania erabiltzeko dagoen eskubidea garatzen: soilik euskararen normalizazioa du xede.
- 5.- Azpeitiko berezko hizkuntzaren erabilera erreala bultzatu nahi du: hiritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukera egin dezaketenean Azpeitiko berezko hizkuntzaren (euskararen) erabilera eraginkorra sustatzea.
- 6.- Araudiaren izaera: munizipala eta udal mailakoa.
- 7.- Eragin eremuak: Azpeitiko administrazio-eremua, Kultura-alorra eta era guztietako harreman sozialak.
- 8.- Udal-administrazioko lan hizkuntza euskara izango da baldin eta pertsonalak dagokion lanpostuaren hizkuntza eskakizuna lortua badu ("bertako lanpostu orori derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna esleituko zaio" (12. artikulua): Azpeitiko berezko hizkuntza euskara da, baita bere erakunde publiko guztietakoa ere (2. artikulua) eta udal-administrazioaren menpe dauden udal zerbitzu guztietako lan hizkuntzatzat ere onartzen da (3. artikulua).
Hona hemen Azpeitiko euskararen ordenantza hitzez hitz:
HITZAURREA
Errealitatearen eta indarrean dagoen legediaren arabera, Azpeitiko berezko hizkuntza euskara da. Horregatik, Ordenantza honen helburua da, Azpeitiko Udalean ezezik, udalerri-eremuan ere, euskararen normalizazioa bermatuko duten ondorio juridikoak garatzea, bertoko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta.
Autonomia Estatutuaren 6. artikuluari jarraiki, eta hizkuntza-alorrean garatzen duen legediari ere -funtsean 10/1982 Legea, azaroaren 24koa-, Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza euskara da. Eta, euskara nahiz gaztelania, biak hizkuntza ofizialak dira.
Horren guztiaren ondorio da gure Erkidegoan bi hizkuntzak erabil daitezkeela eraginkortasun eta balio juridiko osoarekin, mota guztietako harreman publikoetan zein pribatuetan. Alabaina, Ordenantza honen artikulatuan ez da garatzen, hizkuntza ofizial gisa gaztelania erabiltzeko dagoen eskubidea. Izan ere, soilik euskararen normalizazioa du xede. Alegia, eraginkortasunez bermatzea Azpeitiko berezko hizkuntzaren erabilera erreala -eta ez bakarrik teorikoa-, hiritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukera egin dezaketenean.
Hartara, udal-izaera daukan araudi honen oinarrizko helburua da, Azpeitiko administrazio-eremuan, kultura-alorrean eta mota guztietako harreman sozialetan, euskararen erabilera ahalmentzea, sustatzea, erraztea, eta bermatzea, bere normalizazioa erabatekoa izan dadin.
Halaber, Ordenantza honek adierazten du, udal-Administrazio barruko lan-harremanei dagokienean -baita Administrazio instituzionaletako nahiz bere menpe dauden sozietate guztietakoei ere-, lan-hizkuntza euskara dela, baldin eta bertan lan egiten duen pertsonalak, dagokion lanpostuari zor zaion hizkuntza-eskakizuna eskuratua duen.
Azkenik, araudi honen xedea da, Azpeitiko udalerrian hiritar guztiak, edozein harremanetan edo jarduera sozialetan, euskaraz bizi ahal izatea, kontuan hartuz, 2001. urteko azken biztanleria-erroldaren arabera, Azpeitian erroldatuta dauden 13.000tik gorako biztanleen %5ak bakarrik ez duela euskara ezagutzen.
Jakina, bi hizkuntza ofizialen ikuspegitik, Azpeitiko biztanle guztiei, oro har, bermatu behar zaizkie euren hizkuntza-eskubideak. Aitzitik, onartu beharra dago, ia XX. mende osoan zehar, euskara baztertu egin dela Azpeitiko udal-administrazioan ezezik, harreman publikoetan ere. Hortaz, gaur egun, Azpeitiko Udalaren lehentasuna da euskara sustatzea, hemengo berezko hizkuntza delako. Eta errespetatzea ere Udalarekin harremanetan jartzen diren hiritarren hizkuntza-eskubide oro, hizkuntza dela-eta inolako diskriminaziorik egitea ez baita onartzen.
Honenbestez, Ordenantzaren testu artikulatuan, lehenik eta behin, xedapen orokor multzo batek ńabarki aditzera ematen ditu erregelamendu honen oinarri juridikoak. Jarraian, udal-Administrazioaren menpe lan egiten duen pertsonalari dagozkion xedapenak zehazten dira; baita euskararen erabilera arautzen dutenak ere, udal-administrazioan, gainerako toki-erakundeetan eta bizitza sozialaren bilakaeran. Honek guztiak zera du helburu: gure udalerriko eremu guztietan, azpeitiar orok euskara erabiltzeko daukan eskubidea sustatzea eta bermatzea.
Lehenengo Atala
XEDAPEN OROKORRAK
- 1. artikulua. Euskararen ofizialtasuna
Euskara da Azpeitiko udal-barrutiko eta bere erakunde publiko guztietako berezko eta ofiziala den hizkuntza, eta hiritarrek erabili ahal izango dute, balio eta eraginkortasun juridiko osoz, mota guztietako harreman publikoetan zein pribatuetan. Herritarrei ezagutu eta erabiltzeko eskubide ukaezina dagokie.
- 2. artikulua. Berezko hizkuntza
Euskara da Azpeitiko berezko hizkuntza, baita bere erakunde publiko guztietakoa ere.
- 3. artikulua. Udal-zerbitzuetako lan-hizkuntza
Euskara Azpeitiko udal-administrazioaren menpe dauden udal-zerbitzu guztietako lan-hizkuntza izango da.
- 4. artikulua. Hizkuntza dela-eta diskriminaziorik eza
Azpeitiko udal-zerbitzuek, hiritarrei harrera egiterakoan eta emandako erantzunetan, hizkuntza dela-eta ez dute inor diskriminatuko. Herritarrak udal-langileekin harremanetan jartzeko erabiltzen duen hizkuntza ofizialean jasoko du udal-langileen erantzuna.
- 5. artikulua. Hizkuntza-eskubide orokorrak
Hiritarrei aitortzen zaizkien hizkuntza-eskubideak:
- a) Euskaraz harremanetan jartzeko eskubidea udal-zerbitzu eta erakunde guztiekin, ahoz nahiz idatziz, zerbitzuaren edo erakundearen izaera juridikoa, publikoa ala pribatua den, formalki kontuan hartu gabe.
- b) Udalaren eta bere menpeko erakundeen edo sozietateen jakinarazpenak nahiz argitalpenak euskaraz jasotzeko eskubidea. Baita komunikabideen bitartez Udalak argitara ematen dituen berriak ere.
- c) Ogasun publikoak diruz lagundutako udal-ekintza sozial, kultural eta aisialdiko guztiak, udalerriko berezko hizkuntza den aldetik, euskaraz izan daitezen eskubidea. Edo gutxienez, euskarari lehentasunezko tokia ematea.
- d) Udal-argitalpen nahiz komunikabide guztiak, udalerriko berezko hizkuntza den aldetik, euskaraz izateko eskubidea. Edota gutxienez, euskarari lehentasunezko tokia ematea.
- e) Euskara erabiltzeko eskubidea, kontsumitzaile edo erabiltzaile gisa, udal-barrutian diharduten enpresekin, saltokiekin edo establezimenduekin harremanak izaterakoan. Eta hori, 6/2003 euskal Legearen arabera, baita Legea garatzen duen araudiari nahiz Ordenantza honi jarraiki ere.
- 6. artikulua. Hezkuntza-arloko hizkuntza-eskubideak
Hiritarrei aitortzen zaizkien hezkuntza-eskubideak:
- a) Erakunde publikoek diruz lagundutako irakaskuntza mota oro euskaraz burutzeko eskubidea.
- b) Hezkuntza-ziklo guztietan, hasierakoan nahiz etengabekoan, udalerriko ikastetxe nahiz ikastegi orok euskararen irakaskuntza eraginkortasunez berma dezala.
- c) Heziketa-maila guztietan euskara ikasi ahal izateko eskubidea.
- 7. artikulua. Hiritarren hizkuntza-eskubideak osasun-arloan
Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
- a) Udal medikuntza-zentroetan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
- b) Osakidetzaren sail guztietan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
- c) Kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa, medikuntza-zerbitzu pribatuetan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea, 6/2003 euskal Legeko 40. artikuluaren arabera.
- 8. artikulua. Hiritarren hizkuntza-eskubideak justizia-eremuan
Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
- a) Justizia-sail guztietan, atzerapenik gabe, eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
- b) Izapide judizial guztietan euskara hizkuntza ofiziala bezala erabiltzeagatik, diskriminatuak izan ez daitezen eskubidea.
- c) Erregistro Zibileko asientoak euskaraz beteko dira, baldin eta, Erregistro Zibilean aurkeztutako agiriak euskaraz idatzita badaude, edo herritarrak ahozko adierazpenak euskaraz egiten baditu. Erregistro Zibilean aurkeztutako agiria elebiduna bada, aurkezten duenak aukeratuko du asientoa zein hizkuntzatan egingo den.
- 9. artikulua. Hizkuntza-eskubideak polizia-harremanen esparruan
Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
- a) Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
- b) Estatuko indar eta segurtasun-kidegoek eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea.
- 10. artikulua. Hizkuntza-eskubideak eta funtzio publikoen jarduera pribatua
Udala arduratuko da hiritarrei ondokoa berma diezaieten:
- a) Jabego-erregistroan, atzerapenik gabe, eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea. Baita erregistroari dagozkion agiri guztiak euskaraz eskuratzeko eskubidea ere.
- b) Notario-jardueran eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea. Baita notariotzari dagozkion agiri guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea ere.
- 11. artikulua. Nomenklaturak eta toponimoak
Euskaraz ezarriko da Azpeitiko udalerriko kaleen, errepideen, auzoen, mendien, ibaien eta ubideen nomenklatura ofiziala, baita, oro har, bertako toponimo guztiena ere, baldin eta euren jatorrizko deiturak beste hizkuntza bati dagozkionak ez diren heinean.
Bigarren Atala
UDAL-ADMINISTRAZIOAREN MENPEKO PERTSONALA
- 12. artikulua. Derrigorrezko hizkuntza-eskakizunak Administrazioan
- 1. Funtzio publikoari dagokion legediaren arabera, baita legedi hori garatzen duen araudiari jarraiki ere, udal-administrazioaren zerbitzuan jarduten duten langile-zerrendan, bertako lanpostu orori derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna esleituko zaio, ondoko helburuarekin: administrazio-unitate guztiek euskaraz lan egin eta zerbitzua euskaraz eman ahal izatea.
- 2. Udal-Administrazioaren zerbitzuan jarduten duten langile guztiek, eurei egokitutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu beharko dute, dagokion lanpostua eskuratu edo euren lanpostuei atxikita jarraitu ahal izateko, legedi autonomikoarekin bat.
- 13. artikulua. Udal-administrazioaren menpeko sozietateak eta erakundeak
- 1. Udal-administrazioaren menpe dauden edo berak sortutako sozietate eta erakunde publikoetan nahiz pribatuetan jarduten duten langileei, zera ezarriko zaie: zuzenean Azpeitiko Administrazioaren menpe lan egiten duen pertsonalari ezartzen zaion hizkuntza-araudi berbera.
- 2. Udal-Administrazioaren menpeko sozietateetan nahiz erakundeetan jarduten duen pertsonalak, zera egiaztatu beharko du: bere lana burutzeko galdatzen zaion euskararen ezagutza-maila egiaztatu beharko du, baita, hala badagokio, euskaraz zerbitzua emateko ezagutza-maila ere.
- 14. artikulua. Zerbitzu publikoen emakidadunak
Emakidadun batek edo Administrazioaren zerbitzuan jarduten duen pertsonala ez denak ematen dituen zerbitzu publiko guztietan, Udalak zera bermatu beharko du: Udalak zerbitzuaren erabiltzaileari harrera egin eta erantzun diezaioten, ordenantza honen arabera, udal-administrazioari galdatzen zaizkion hizkuntza-baldintza berberetan. Honetara, kontratuaren esleipena, klausula hau betetzearen menpe egongo da.
- 15. artikulua. Udalaren hizkuntza-plangintza
Dagokion hizkuntza-plangintza abian jarriko edo egokituko da, ondoko helburuarekin: Administrazio-unitate guztiek euskaraz lan egin eta zerbitzua erabat euskaraz eman ahal izatea, udal-administrazioaren zerbitzuan jarduten duten langile guztiek, euren lanpostuari egokitutako zereginak burutzeko galdatzen zaien euskararen ezagutza-maila egiazta dezaten.
- 16. artikulua. Pertsonala izendatzea eta kontratatzea
- 1. Udalak, bere menpe lan egingo duen pertsonala hautatzeko prozesuan, ondoko irizpideekin bat jardun beharko du: objektibotasuna, argitalpena, berdintasuna, meritua eta gaitasuna, alegia. Udalak irizpide horiei men egin beharko die, bai zuzenean Udalaren zerbitzuan jardungo duen pertsonala hautatzerakoan, baita bere menpeko erakundeetako edo sozietateetako pertsonala hautatzen duenean ere. Eta irizpide berberak jarraituko dira, langile hori funtzionarioa, kontratatutakoa, finkoa ala bitartekoa denean, betiere, euskal funtzio publikoaren Legeari jarraiki, baita helburu horretarako onartu diren oinarriei ere.
- 2. Azpeitiko Udalaren menpeko lanpostu bat eskuratzen duen langile orok -baita bere menpeko erakundeetakoa eta sozietateetakoa lortzen duenak ere-, Udalak benetan izenda edo kontrata dezan egiaztatu beharko du, lanpostu horren funtzioak euskaraz burutzeko gaitasuna baduela.
- 3. Enpresa-emakidadunetan lan egiten duen pertsonalak, edo zerbitzu publikoak emateko Udalak kontratatzen dituen enpresetakoak, zera bermatu beharko du: zerbitzu hori emango duela, udal-administrazioari galdatutako hizkuntza-baldintza berdinetan.
- 17. artikulua. Zerbitzu publikoetako pertsonalaren hizkuntza-obligazioak
- 1. Udal-Administrazioan lan egiten duen pertsonalak -baita bere erakunde instituzionaletakoak nahiz menpeko sozietateetakoak ere- euskaraz burutu behar du bere lana.
- 2. Udal-Administrazioan lan egiten duten udal-langileek -baita bere erakunde instituzionaletakoek nahiz menpeko sozietateetakoek ere -, hiritarrei lehenengo hitza euskaraz egin behar diete. Baina hiritarrak hizkuntza ofizial baten hautua egiten duenean, udal-langileak hizkuntza ofizial horretan erantzungo dio herritarrari.
Hirugarren Atala
EUSKARAREN ERABILERA UDAL-ADMINISTRAZIOAN
- 18. artikulua. Udal-organoetako lan-hizkuntza
- 1. Udal-organo guztietako ohiko lan-hizkuntza euskara izango da, udalerriko berezko hizkuntza delako.
- 2. Udal-organo guztien batzarretarako deialdiak, eguneko gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak eta proposamenak, baita informazio-batzordeen irizpenak ere, euren hartzaileei euskaraz jakinaraziko zaizkie. Dena den, hala eskatzen duten udal-organoetako kideei, beraiek hautatutako hizkuntza ofizialean ere igorriko zaie dokumentazio guztia.
- 3. Udal-organoetako bilerak euskaraz burutuko dira. Dena dela, udal-ordezkaritzat hautatu diren organoetako kideek, ofiziala den edozein hizkuntza ere erabil dezakete.
- 19. artikulua. Udal-organoetako aktak
Udal-organo guztien bileretako akten jatorrizko testuak euskaraz idatziko dira. Dena dela, beharrezkotzat jotzen denean, galdatutako hizkuntza ofizialera itzuliko dira. Akta-liburu ofiziala euskaraz idatziko da.
- 20. artikulua. Liburuak eta udal-errolda
- 1. Euskaraz idatziko dira, sarreren eta irteeren erregistro-liburua, urteko aurrekontu-liburua, baita udalerriko gainerako liburu ofizialak ere.
- 2. Udaleko administrazio-erregistroan euskaraz inskribatuko dira, Azpeitiko Udaleko erroldan aurkeztutako dokumentuak, baita Udalak berak igortzen dituenak ere.
- 21. artikulua. Txostenak eta proiektu teknikoak
Udal-organoek eskatutako txosten nahiz proiektu tekniko guztiak, gutxienez euskaraz idatziko dira.
- 22. artikulua. Hiritarren eskura dauden inprimakiak eta agiriak
- 1. Udal-organo guztiek hiritarren eskura uzten dituzten inprimaki eta dokumentu ofizial guztiak euskaraz idatzita egongo dira.
- 2. Hiritarrek eskubidea izango dute halaber, eurak hautatutako hizkuntza ofizialean udal-dokumentuak eta inprimakiak eskuratzeko.
- 23. artikulua. Administrazioen arteko harremanak
- 1. Udalak edo udal-organoek, euskara ofiziala den lurralde batean kokatuta dauden beste erakunde publiko batzuei bidali beharreko idazki guztiak, euskaraz bakarrik igorriko dizkie.
- 2. Udalak edo bere udal-organoek, beste erakunde ofizialetatik jasotzen dituzten eta gutxienez euskaraz idatzirik ez dauden idazki guztietan, 10/1982 Legeko 8. artikulua betetzea galdatuko da, ezargarria den heinean.
- 24. artikulua. Arauzko xedapenen argitalpena
Udal-korporazioko organoetan, arauzko xedapenak euskaraz eztabaidatuko eta egingo dira. Dagokion itzulpena egin ostean, Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, Aldizkari Ofizialean elebitan argitaratuko dira.
- 25. artikulua. Administrazio-egintzen jakinarazpena
Azpeitiko errealitate soziolinguistikoaren arabera, udal administrazio-egintzak euskaraz jakinaraziko dira. Dena dela, bi hizkuntza ofizialak erabili ahal izango dira, kargazko administrazio-egintzak jakinarazteko, edota interesdunak Udalari hala eskatzen dion kasu guztietan. Hartara, Administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofizialetako bat hobetsi duten azpeitiarren errolda bat antola dezake Udalak.
- 26. artikulua. Udal-bulegoetako errotulazioa
Administrazioaren zerbitzuan jarduten duen pertsonalak bakar-bakarrik erabiltzen dituen udal-bulegoen barnealdean, errotulazioa euskaraz baino ez da izango. Halaber, euskara hutsean dauden errotuluak jar daitezke: udal-zerbitzuaren izenak Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan antzeko grafia duenean, edo mezuak piktogramen bitartez ere adieraz daitezkeenean.
Laugarren Atala
EUSKARAREN ERABILERA TOKI-ERAKUNDEETAN ETA BIZITZA SOZIALAREN BILAKAERAN
- 27. artikulua. Udalaren menpeko toki-erakundeak
Udalari ezargarria zaion erregimen juridiko berbera ezarriko zaie, udal-korporazioak bertan eratu dituen Udalaren menpeko erakundeei, baita hala badagokio, udal-zerbitzu publikoen emakidadun diren enpresei ere.
- 28. artikulua. Diruz lagundutako entitate pribatuak
Euskal Administrazio publikoek diruz lagundutako entitate pribatuek, edota edozein euskal Administrazio publikorekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dutenek, Eusko Legebiltzarraren 6/2003 Legearen 39. artikuluaren arabera, Azpeitiko udal-barrutian, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren pertsonen hizkuntza-eskubideak bermatu beharko dituzte:
- a) Idatziz zein ahoz, gutxienez euskaraz harrera eginez eta erantzunez, baita euren zerbitzuei buruzko informazioa emanez ere.
- b) Gutxienez euskaraz errotulatuz euren lokalak eta argitalpenak.
- c) Gutxienez euskaraz eskainiz euren jarduerari dagozkion inprimakiak, oharrak, dokumentazioa, eskaintzak edo gainerako zerbitzuak euskaraz eskainiz.
- 29. artikulua. Interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten pertsona juridikoak
Interes orokorreko zerbitzuak -unibertsaltzat legez ziurtatutako zerbitzuak edo antzeko kategoria baten arabera ziurtatutakoak- ematen dituzten pertsona juridikoek, edo unibertsaltasun nahiz berdintasun erregimen juridiko baten menpe dauden zerbitzuak -hots, garraio, telekomunikabide edo energia-zerbitzuekin gertatzen den bezala- ematen dituztenek, Azpeitiko udal-barrutian, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak diren pertsonen hizkuntza-eskubideak bermatu beharko dituzte:
- a) Idatziz zein ahoz, gutxienez euskaraz harrera eginez eta erantzunez, baita euren zerbitzuei buruzko informazioa emanez ere.
- b) Gutxienez euskaraz errotulatuz euren lokalak, zerbitzuak eta argitalpenak euskaraz errotulatu.
- c) Gutxienez euskaraz eskainiz euren jarduerari dagozkion inprimakiak, oharrak, dokumentazioa, eskaintzak edo gainerako zerbitzuak euskaraz eskaini.
- 30. artikulua. Enpresak eta merkataritza-establezimenduak
Azpeitiko enpresek eta merkataritza-establezimenduek euren zerbitzuak gutxienez euskaraz errotulatuko dituzte, eta eurei euskaraz zuzentzen zaizkienei, udalerriko berezko hizkuntzan ahoz zerbitzua emango diete.
- 31. artikulua. Udal hizkuntza-paisaia
Udala arduratuko da Ordenantza honetan jasotzen diren xedapenak bete daitezen, bereziki lortzeko, gutxienez euskaraz errotula daitezela hiritarrei zabaldutako dauden udalerriko establezimendu guztiak. Hartara, udal-erabaki bitartez egokitzat jotako diru-laguntzak finkatu ahal izango dira, euskararen erabileraren normalizazioari buruzko 10/1982 Legearen 27. artikuluaren babesean.
- 32. artikulua. Azpeitian merkaturatutako produktuen etiketak
Azpeitian merkaturatutako produktuei etiketak jarri ahal izango zaizkie, bertako hiritarrek erraz ulertzen duten hizkuntza ofizialean. Nolanahi ere, Azpeitian eginiko artisau-produktuei euskara hutsean etiketak jarri ahal izango zaizkie.
- 33. artikulua. Sustapeneko jarduera publiko orokorra
Bizitza sozialaren bilakaeran, mota guztietako jardueretan euskara sustatzearren, Azpeitiko Udalak egokitzat jotako neurriak abiaraziko ditu. Honen helburua da, hiritar orori erraztea, udalerriko berezko hizkuntzan bizi daitezela. Bereziki lehentasuna emango zaio euskararen normalizazioari eta sustapenari, merkataritzako, elkartze, kirol eta kontsumo-jardueretan, euskararen normalizazioari buruzko 10/1982 Legearen 26. eta ondorengo artikuluen arabera, lehentasuna emango zaio baita kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruzko 6/2003 Legearen 37. eta ondorengo artikuluei jarraiki ere.
Xedapen Gehigarriak
- Lehenengo xedapen gehigarria. Euskara Batzordea
Udaleko Euskara Batzordeari dagokio, Ordenantza honen ezarpenaren segimenduaz arduratzea, baita Azpeitiko udalerrian hizkuntza-normalizatzeko proposamenak egitea ere.
- Bigarrengo xedapen gehigarria. Azpeitiko Euskara Patronatua
Azpeitiko Euskara Patronatuari dagokio, Ordenantza hau ezartzeko beharrezkoak diren neurri teknikoak zuzentzea. Halaber, hiritarrek ager ditzaketen kexak izapidetuko ditu, ondoko helburuarekin: kexak bidezkoak izango balira, eurak zuzentzeko egokitzat jotako neurriak har daitezela.
- Hirugarrengo xedapen gehigarria. Udal-proiektuak
Udal proiektu eta programa guztietan aintzat hartuko da, Ordenantza honek bizkarrezur duen hizkuntza-normalizazioaren irizpidea. Hartara, Euskara Batzordeari eta Azpeitiko Euskara Patronatuari zera dagokie: egokitzat jotako proposamenak egitea, Ordenantza honen helburuak egokitu eta benetan bete daitezen.
Xedapen Iragankorrak
- Lehenengo xedapen iragankorra. Udal-zerbitzuetako lan-hizkuntza
Udal-langileek dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea lortu ez duten udal-zerbitzuetan, euskara bertako lan-hizkuntza bezala gauzatzea denboran geroratu ahal izango da.
- Bigarrengo xedapen iragankorra. Pertsona juridiko pribatuak
Pertsona juridiko pribatuek Ordenantza honetan ezartzen zaizkien xedapenak betetzeko obligazioa daukate, Ordenantza argitaratzen denetik urtebeteko epean. Hartara, obligazio horiek bete ditzaten, Azpeitiko Euskara Patronatuaren laguntza eta aholkularitza jasoko dute.
Xedapen indargabetzailea
Indargabetuta daude Ordenantza honek ezartzen duenarekin bat ez datozen xedapenak eta, baita Ordenantza ezeztatzen duten erabakiak ere indargabetuta gelditzen dira.
Azken Xedapena
Ordenantza hau indarrean sartuko da, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Agiri interesgarriak (eskuratzeko gainean sakatu)
|
Erantzun |
| |
 |
| Azpeitiko Udalak beti euskara lehenetsiko duela erabaki du |
 |
2005-12-02 / 08:00 / Kristina Fernandez - NOTICIAS de Gipuzkoa |
- Udal talde guztiek aho batez onartu dute idatzia.
- Testua taxutzen aritu diren legelarien iritziz ordenantza "eredugarria izango da".
 | | Azpeitiko Udalak aho batez onartu du udal-ordenantza. Argazkia K.F. |
AZPEITIA. Atzoko plenoan aho batez onartu ziren euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa bermatuko dituen udal ordenantzak Azpeitian, estreinakoz. Ordenantza honek adierazten du, udal administrazio barruko lan harremanei dagokienean, lan hizkuntza euskara dela, baldin eta bertan lan egiten duten langileek, dagokien lanpostuari zor zaion hizkuntza eskakizuna eskuratua badute.
Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariaren arabera "testua taxutzen aritu diren legelari eta adituen esanetan Azpeitiko udal ordenantza eredugarri izango da Azpeitia bezalako egoera soziolinguistikoa duten udalerrientzat". Izan ere, berezitasun eta berriztapena dakar udal ordenantza honek: Gainontzeko udalerrietan euskal udal ordenantzak ere badira baina bi hizkuntzak, hau da, gaztelania eta euskara erabili daitezke eraginkortasun eta balio juridiko osoarekin. Alabaina, ordenantza honen artikuluetan ez da garatzen hizkuntza ofizial gisa gaztelania erabiltzeko dagoen eskubidea.
Gainera, segurtasun juridikoa izango dute ordenantza hauek, eta beste lekuetan jasan izan duten indargabekeriak izateko arriskurik ez dute izango, legelari adituek kontu handia eduki baitute hori gerta ez dadin.
Azpeitiko udal ordenatza hauen balorea azpimarratu du Patxi Saezek, Azpeitiko Euskara Patronatuko zuzendariak, aitzindaritzat hartuz ordenantza hauek: "Datozen urteetan ikusiko baita udal ordenantza hauek izango duten eragina Azpeitia bezalako egoera soziolinguistikoa duten udalerrietan".
Azpeitiko Udalerako eta Udalerrirako Euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa garatzeko egin da legea. Ińaki Agirreazkuenaga, Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko katedradunaren zuzendaritzapean egi da eta beste hainbat legelarik eta adituk ere hartu dute parte bertan.
Udal ordenantza honen helburuak garbiak dira: Udalean ez ezik, udalerrian ere euskara bermatuko duten ondorio juridikoak garatzea, Azpeitiko administrazioan, kultura alorrean eta harreman sozialetan, euskararen erabilera ahalmentzea, sustatzea, erraztea eta bermatzea, bere normalizazioa erabatekoa izan dadin.
Araudi honen xedea, Azpeitian herritarrak euskaraz bizi ahal izatea da. Egindako azken erroldaren arabera, biztanleen % 5 bakarrik da herrian euskaraz ez dakiena.
Urriaren 6an Euskara Batzordeak aho batez onartu zuen PP, PSOE, HABEA, EA eta EAJ alderdien botoekin, beraz, atzoko plenoan ez zen ezer berririk espero, testua urriko berdina baita.
Azpeitiko euskal udal ordenantza
Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea helburu duen ordenantza testua lau ataletan banatuta dago. Lehenengo atalean, erregelamendu honen oinarri juridikoak ematen dira aditzera xedapen orokor batzuen bidez. Jarraian, udal-administrazioaren menpe lan egiten duen pertsonalari dagozkion xedapenak aurkitze dira. Hirugarren atalean, berriz, euskararen erabilera udal administrazioan jorratzen duten artikuluak zehazten dira eta azkenik, euskararen erabilera toki erakundeetan eta bizitza sozialaren bilakaerako xedapenak. Ordenantzaren testu artikulatua idazteko jarraitu diren faktoreak asko dira. Adibidez, Azpeitiko errealitate soziolinguistikoa, izan ere, herritarren % 88 euskaldunak dira eta % 7 ia-euskaldunak. Euskal Autonomia Erkidegoko legeriarekiko lotura eta hauen babesa lortu da, eta nahiz eta bi hizkuntza ofizial daudela onartu, Azpeitiko Udalaren lehentasuna euskara sustatzea izango da. Euskara bertako hizkuntza dela bultzatu nahi da, hiritarrek bi hizkuntza ofizial daudela onartu, Azpeitiko Udalaren lehentasuna euskara sustatzea izango da. Euskara bertako hizkuntza dela bultzatu nahi da, hiritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukera egin dezaketenean Azpeitiko berezko hizkuntzaren, alegia euskararen, erabilera eraginkorra sustatuz.
- NOTICIAS de Gipuzkoa egunkarian argitaratua, 2005-12-02an.
|
| |
 |
| Udalaren hizkuntza euskara izango dela arautu dute |
 |
2005-12-03 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA |
|
Herenegun Azpeitiko euskararen udal-ordenantzak onartu ziren udalbatzarrean
Euskararen normalizazioa lortzeko bidean «beste aurrerapauso» bat eman da, Udaleko arduradunen hitzetan. Azpeitiko Udalean eta udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza onartu zuten herenegun udalbatzarrean, EAJ, EA, PP eta PSE-EEko aldeko botokoekin. Alderdien Legearen ondorioz legez kanpo utzita dauden Habeako ordezkariek ez zuten bozkarik eman aurretik udalbatzar aretoa utzi zutelako.
Udaleko euskara saileko arduradunen esanetan, «euskaraz bizi nahi duenari, eskubide hori bermatzea da udal-ordenantzaren helburua» eta beraien ustez, «ordenantzak onartuta aurrerapauso bat eman da euskararen normalizazioaren bidean».
Habeakoen ustez ere udal-ordenantzekin urrats bat aurrera egin da, «baina orain ordenantza beteko dela ziurtatu beharko da. Hori ziurtatzeko gure prestutasun guztia izango du Udalak». Uztarria Kultur Koordinadorako euskara alorrekoen ustez ere «positiboa» da udal-ordenantza. «Guk, Aholku Batzordean halaxe esan genuen, positiboa iruditzen zaigula, baina gero hori nola gauzatuko den dela kontua. Hor arautzen den hori guztia, benetan horrela izango dela bermatuko al den», diote Uztarriakoek.
Euskarari lehentasuna
Euskararen udal-ordenantzaren izaera udal mailakoa da eta «Azpeitian herritar guztiak edozein harremanetan edo jarduera sozialean, euskaraz bizi ahal izatea du helburu». Euskara eta gaztelania izango dira hizkuntza ofizialak, baina Azpeitiko Udalak lehentasuna euskara sustatzea izango du, ordenantzen hitzaurrean hala esaten da: «Ordenantza honen artikulatuan ez da garatzen, hizkuntza ofizial gisa gaztelania erabiltzeko dagoen eskubidea. Izan ere, soilik euskararen normalizazioa du xede. Alegia, eraginkortasunez bermatzea Azpeitiko berezko hizkuntzaren erabilera erreala eta ez bakarrik teorikoa, hiritarrek bi hizkuntza ofizialen artean aukera egin dezaketenean». Hitzaurrean, aurreraxeago onartzen da ia XX. mende osoan zehar, «euskara baztertu egin dela Azpeitiko udal-administrazioan ezezik, harreman publikoetan ere. Hortaz, gaur egun, Azpeitiko Udalaren lehentasuna da euskara sustatzea, hemengo berezko hizkuntza delako». Eragin eremuari dagokionez, Azpeitiko administrazio eremua, kultura alorra eta era guztietako harreman sozialak ditu ordenantzak.
Ińaki Agirreazkuenaga Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko katedradunaren gidaritzapean egin da Azpeitiko euskararen udal-ordenantza. Eta osatzen hainbat legelarik eta adituk parte hartu dute. Hasierako testuak Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Udal Aholku Batzordearen ekarpenak ere kontuan izan ditu.
Ana Mendizabal » udaleko hezkuntza eta euskara batzordeburua
«Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu egiten du euskarararen udal-ordenantzak»
Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeburuak dioenez, euskararen normalizazioan aurrerapauso bat eman da euskararen udal-ordenantzak onartuta.
Zein helbururekin onartu dira Euskararen Udal-ordenantzak?
Helburua, Azpeitiko Udalean bertan eta udalerri eremu osoan euskararen normalizazioa bermatuko duten ondorio juridikoak garatzea da. Alor guztietan euskaraz bizi nahi duenak eskubidea du, eta eskubide hori bermatu egiten du ordenantzak.
Ahalegin gehien zein arlotan suposatuko du?
Azpeitian, euskaraz asko bizi gara eta esparru askotan euskaraz egiten da. Baina ahalegin berezia eskatuko du lan munduak, urte hauetan horixe esaten ari naiz behin eta berriro. Lan munduan asko sartzen dira gaztelera eta beste hainbat hizkuntza. Euskaraz harreman informaletan asko egiten da, baina harreman formaletan akats dezente ikusten da eta ahalegin handiena hor egin beharko dugu guk.
Azpeitiko Udalak onartu dituen Euskararen Ordenantza hauek eredugarriak direla diozue. Zergatik?
Azpeitia bezalako errealitate soziolinguistikoa herri gutxitan ematen da. Zorionez, oso egoera ona daukagu. Beste herrietan eta ez dago horrelako ordenantzarik, egongo dira idatzita asmo bezala, baina horrela araututa oso kasu gutxitan dago. Eredugarria zentzu horretan da, eskubide horiek araututa daudelako, ez dira asmoak bakarrik, arauak dira eta hori aurrerapauso handi bat da.
Herritarrei zertan eragingo diete udal ordenatzak?.
Herritarrek edozein zerbitzu euskaraz eskatzen dutenean nabarmendu behar dute. Euskaraz jasoko dutenaren bermea izan behar dute ordenantza hauek. Badakit oraindik ere zenbait alorretan, lan eremuan eta zenbait administrazioko erakundetan, Udaletik goragoko erakundeetan, oraindik ere zaila dela. Udalaren nahia erakunde horietan ere ordenantza hauek ezartzea da, edozein zerbitzu euskaraz jasotzeko arauak izatea.
Ordenantzak nola gauzatzea nahi duzue?
Herritarren nahia betetzea da nahi duguna, erakunde guztietara joan eta zerbitzu guztiak euskaraz jasotzea. Gu saiatuko gara eguneroko bizitza euskaraz izaten eta lan munduan sartzen, hori izango da gure erronkarik handiena. Udal-ordenantzak ere bermatzen du udaletxeko lehen hizkuntza euskara dela, hor aurrerapauso handiak egin ditugu eta ia sail guztietan lan hizkuntza euskara da; %100a izateko lanean jarraituko dugu.
- Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-12-03an.
- Informazioa hau, hitzez hitz, Uztarria.com-ek ere argitaratu du, 2005-12-03an.
|
| |
 |
| Euskararen udal-ordenantza |
 |
2005-12-03 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO |
|
2006ko aurrekontuena punturik aipagarriena izan bazen ere, beste hainbat gai garrantzitsu jorratu eta onartu zituzten udal ordezkariek joan den osteguneko Osoko Bilkuran. Horien artean, eta hau ere ahobatez, Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza onartu zen, gaur ospatzen dugun Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperetan.
Ana Mendizabal Hezkuntza eta Euskera batzordeburuaren hitzetan, «euskararen erabilera eskubideak sustatzea eta Udalean lan-hizkuntza euskara izango dela bermatzea» ahalbidetuko duen ordenantza da onartu berri dena. Euskararen erabileraren sustapena eta normalizazioa Azpeitiko Udalerako eta udalerrirako arautu eta ondorio juridikoak garatzeko sortu da euskararen udal-ordenantza. Testua tajutzen ibilitako legelari eta adituen esanetan «Azpeitiko udal-ordenantza eredugarri izango da EAEko udalentzat, bereziki, euskaldunentzat».
Azpeitiko euskararen udal-ordenantza Ińaki Agirreazkuenaga EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunaren gidaritzapean eginda dago. Hainbat legelarik eta adituk hartu du parte euskararen udal ordenantza hau tajutzen: EHUko legelariek, Azpeitiko Udalaren legelariek, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako legelari eta adituek, Siadeco Ikerketa Elkarteak eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren lantalde teknikoak.
- DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-12-03an.
|
| |
 |
| Aho batez onartu da Udal-ordenantza |
 |
2005-12-03 / 08:00 / DIARIO VASCO |
|
Azpeitiko Udalak euskararentzat lortu beharrekoa arautu du: Azpeitiko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabileraren Sustapena eta Normalizazioa Bermatzea Helburu duen Udal-ordenantza. PP, PSOE; EA eta EAJ alderdien aldeko botoekin. Testua tajutzen ibilitako legelarien esanetan "ordenantza eredugarria izango da EAEn".
- DIARIO VASCO egunkariaren 4. or. argitaratua, 2005-12-03an.
|
| |
 |
| «Hizkuntza eskubideak arautzen dituen» euskararen udal-ordenantza arautu dute |
 |
2005-12-03 / 08:00 / Urola Kostako HITZA |
|
Euskararen normalizazioa lortzeko bidean aurrerapausoa dela adierazi dute alderdiek eta hainbat gizarte eragilek.
- Urola Kostako HITZA egunkarian lehenengo orrialdean argitaratua, 2005-12-03an.
|
| |
 |
| Zein da herritarron eskubideak bermatzeko bidea? |
 |
2005-12-09 / 21:16 / Ioritz Aizpuru |
|
Azpeitiko euskararen udal-ordenantzak onartu direla-eta, euskararen normalizazioa lortzeko bidean “beste aurrerapauso” bat eman dela diote Udaleko ordezkariek. Egia da aurrerapausoa dela herrian euskararen ordenantza horiek izatea, baina, gure iritzian, zenbait puntu ez dira errealak, ez behintzat une honetan euskarak herrian duen egoeran. Plazaratutako helburu horiek betetzeko, zein epe edo zer pauso egiteko ustea du Udalak ordenantzetan aipatzen diren herritarron eskubide horiek bermatuak izateko? Egindako txostena benetan txundigarria da euskararen normalizazioa gauzatzeko, baina, hori egin duzuenok ez al duzue “bermatze” hitza errazegi erabili?
Udalak onartu berri dituen ordenantzetan herritarroi hainbat eskubide bermatuko dizkigula ziurtatzen du, baina, gure galdera honakoa da: NOLA? Eta hemen adibide batzuk:
1-“Osakidetzaren sail guztietan euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea”. Nola ziurtatu behar duzue eskumenik ez duzuen erakunde batean bertako langile guztiek euskaraz dakitela? Zer pauso emateko ustea duzue? Zer epetan? Bertako langileekin harremanetan jarri al zarete? Prestutasunik ba al dute horretarako? Eta,ez badute, zer egiteko ustea duzue?
2-“Justizia-sail guztietan, atzerapenik gabe, eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea”. Kasu horretan ere, aurreko galdera berberak eta beste batzuk egiten dizkizuegu: Azpeitiko epaitegiko epaile, fiskal eta euskaraz ez dakiten gainontzeko langileak euskalduntzeko asmoa al duzue? Zer pauso eman behar dituzue arlo horretan zuek diozuen herritarron eskubide horiek bermatuak izan daitezen? Itzultzailea orain ere badaukagu, baina hortik haratago joan behar dugu.
3-“Udaltzaingoak eta Ertzaintzak eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea”, eta “Estatuko indar eta segurtasun-kidegoek eraginkortasunez euskaraz harrera egin eta erantzun diezaieten eskubidea”. Herriko udaltzaingo guztiek euskaraz egiten ez dutenean, eta isunak espainolez ipintzen dituztenean, nola egin behar duzue ertzainek, guardia zibilek eta polizia nazionalak euskaraz egiteko? Ez gara luzatuko, baina, non dago horren sinesgarritasuna? Ez al zaizue iruditzen etxetik hasi behar dugula euskalduntzen?
Dudarik gabe, onartu berri diren ordenantza horiekin denok gaude ados, baina, has gaitezen behingoz pauso errealak finkatu eta egiten aipatu dituzuen helburuetara iristeko, eta ez urruneko urratsak markatuz, herri honetan horrelakoetan erdibidera ere ez baikara iristen. Airean utzi ditugun galdera horien erantzunen zain gelditzen gara. Eta gustura jakingo genuke zein diren, geuk ere lagundu ahal izateko, euskararen normalizazioa guztion artean errazagoa izango delako.
(IORITZ AIZPURU Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-en izenean)
- Estreinakoz Uztarria.com-ek argitaratua, 2005-12-09an.
- Informazioa hau, hitzez hitz, HITZA egunkariak ere argitaratuko du, 2005-12-10ean.
|
|
Erantzun |
|