Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Azpeitiko lehenengo mapa soziolinguistikoa

Azpeitiko Euskara Patronatua / Euskara / 2005-11-16 / 14:15


Azpeitiko Euskara Patronatuak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza eta elkarlanarekin Azpeitiko egoera soziolinguistikoa goitik behera aztertu du. Azpeitian dagoen euskara gaitasuna, euskararen bilakaera eta euskararen erabilera dira aztertu dituen esparruak. Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoa tresna garrantzitsua izango da Azpeitian hizkuntza politikari buruz hartu beharreko neurriak erabakitzeko.



Azpeitia Urola Kosta eskualdean dago, Urola ibaiaren arroan, Gipuzkoako erdialdean. Azkoitia, Deba, Zestoa, Errezil, Beizama, Beasain, Ezkio-Itxaso eta Zumarragarekin egiten du muga. Azalera 69,4 km2-koa du.

Azkoitia, Azpeitia eta Zarautz dira eskualdeko udalerririk jendetsuenak; hiru udalerri horietan bizi dira eskualdeko biztanleen bi herenak (%67,83).

Biztanleriaren banaketa eta bilakaera

Azpeitiko populazioa haziz joan da, poliki-poliki, azken hamarkadetan, 1975ean 12.209 izatetik, 2001ean 13.708 izatera igaroz. Egun, beraz, biztanleen dentsitatea 198,6 biztanle km2-koa da. 13.708 biztanle horietatik %85 baino gehiago hirigunean bizi dira.

Biztanleon banaketa, biztanle gutxien duen auzotik gehien duenera, honakoa da:

Auzootatik, Paulo VI. eta Alde zaharrak biztanleen hazkundea nozitu dute 1991 urtetik hona. Harzubiak, Landa-eremuak eta Sanjuandegik biztanle gutxiago dituzte egun 1991an baino.

Gainontzeko biztanleak zazpi gunetan banatuta daude: Nuarbe, Odria, Eizagirre, Aratz-erreka, Ońatz, Elosiaga, Urrestilla, Izarraitz, eta Loiola, txikienetik populatuenera zerrendatuta.

Adinari erreparatuz gero, Gipuzkoako nahiz eskualdeko 20 urtez beherako biztanleen proportzioak gainditzen ditu Azpeitiak. Izan ere, Urola-Kostak baino 1,5 puntu eta Gipuzkoak baino ia 4 puntu gehiago dira hemen (%21,3). Nolanahi ere, oro har Euskal Herri osoan gertatzen ari den bezalaxe, jaiotze-tasa oso txikia da eta gazteen proportzioa gero eta txikiagoa Azpeitiko biztanle guztiekiko.

20 eta 64 urte artekoen proportzioa antzekoa da hiruretan, %64 ingurukoa. Azkenik, herrialdearena nahiz eskualdearena baino txikiagoa du 65 urtez gorakoen proportzioa (populazioaren %14,6).

Biztanleriaren jatorria

2001eko Zentsuko datuen arabera, EAEko biztanleen %27 EAEtik kanpo jaiotakoak dira; Gipuzkoan %23 dira, eta horietatik herenak Gaztela-Leonen dute sorlekua, ia bostetik batek Extremaduran, eta hamarretik batek Espainiatik kanpo. Azpeitiari dagokionez, EAEtik kanpo jaiotako gehienak (%41,4) Extremaduratik etorritakoak dira eta %18,0 gatela-Leonetik. Espainiatik kanpo etorritakoak %16 dira.

Urtean-urtean, haziz doa Azpeitira bertaratzen diren atzerritarren kopurua, aldiz, urrituz doa Azpeititik alde egiten dutenena. Badirudi antzeko bilakaera izango dela datozen urteetan ere.

Hizkuntza-gaitasuna

2001eko Zentsuko datuen arabera, Azpeitiko hamar lagunetik ia bederatzi (%88,6) elebidunak dira, %4,3 elebidun hartzaileak (ondo hitz egin ez arren ondo ulertzeko gaitasuna dutenak) eta %7,1 erdaldun elebakarrak, hau da, euskaraz batere ez ulertu eta hitz egiten ez dutenak.

EAEko (%32 elebidun) eta Gipuzkoako (%52 elebidun) batez bestekoen oso gainetik dago Azpeitia, Urola-Kostako herri gehienak bezala (Zumaia eta Zarautz dira elebidunen proportzioa %80tik beherakoa duten bakarrak). Azken hamar urteotan, zertxobait gora egin du elebidunen eta elebidun hartzaileen proportzioak, eta beste horrenbeste behera erdaldun elebakarren ehunekoak.

Auzoei erreparatuta, Sanjuandegik du euskaldunen portzentajerik txikiena (%82). Bertako hamar lagunetik bat (%9) erdaldun elebakarra da. Hala ere, elebidunen proportzioak behera egin du Alde zaharrean eta Landa-eremuan, eta gora Sanjuandegi eta Paulo VI.aren ingurunean, 1991ko datuekin alderatuta.

Hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera

Azpeitian ere, elebidunen portzentajeak gora egiten du adinak behera egin ahala. Edonola ere, euskaldunak %80tik gora dira adin-talde guztietan eta 25 urtez beherakoen artean, %90etik gora. Azken 15 urteotan, oro har gertatu den bezala, hazkunderik handiena gazteen artean eman da. Elebidun hartzaileak oso gutxi dira oro har, eta are gutxiago gazteenen eta zaharrenen artean. 20 urte baino gutxiago dituztenen artean, erdaldun elebakarrak %2 baino gutxiago dira.

Biztanleria taldetan banatuz gero:

Hizkuntza-bilakaeraren indizea (BILA)

Euskarak izan dituen galerak eta irabaziak ezagutzeko balio digu indizeak; alegia, euskarak zenbat hiztun galdu eta zenbat irabazi dituen, baita euskal hiztunek bizitza osoan zehar euskara gorde ote duten jakiteko ere. Horretarako, lehen-hizkuntza eta hizkuntza-gaitasuna gurutzatu dira. Gurutzaketa horrek 7 hiztun-mota1 zehazteko aukera ematen du.

Azpeitian, bost urtetik gorako biztanleen artean, euskaldun zaharrak gehiengo zabala dira, %81,6. Erdaldun zaharrak, ordea, %7,0 dira.

Azpeitiko biztanleen %4,9 euskaldun berri irabazi dira. Horiexek dira, hain zuzen, Azpeitian euskarak izan dituen irabaziak. Aldi berean, %3,9 partzialki euskaldun berriak dira. Galerak oso txikiak izan dira. Izan ere, partzialki eta guztiz erdaldunduak %1 baino gutxiago dira.

Hizkuntza-bilakaeraren (BILA) indizea adinaren arabera

Adin-talde guztietan hiztun gehienak euskaldun zaharrak dira. Erdaldun zaharren proportziorik handienak helduek dituzte, baina nabarmen egiten du behera gazteen artean.

Euskaldun berrien eta jatorrizko elebidunen proportzioek, berriz, gora egiten du adinak behera egiten duen neurrian, eta hazkunde hori nabarmenagoa da 24 urtetik beherakoen artean.

Jatorrizko elebidunen proportziorik handiena 10 eta 14 urte bitartekoen taldeak du.

Erdaldun zaharrak, berez, oso gutxi dira adin-talde guztietan, bereziki 24 urte baino gutxiago dituztenen artean.

Euskararen irabaziak eta galerak

Euskaldun berriek euskara ez den beste hizkuntza bat jaso dute etxean eta gerora euskara ondo ikasi dute. Talde hori, beraz, euskarara etorritako hiztunek osatzen dute. Euskarak izan dituen irabaziak, hain zuzen. Baina badira beste bi talde, partzialki eta erabat erdaldundutakoak, etxean euskara jaso arren, zati baten ala guztiz galdu dutenak. Bi talde horietako hiztunak euskarak izan dituen galerak dira.

Azpeitian irabaziak galerak baino askoz handiagoak dira. Irabazirik handienak 30 urtetik beherako gazteen artean daude, beraz eskola bidez lortu dira nagusiki.

Galerak, aldiz, %1 baino txikiagoak dira eta horietako gehienak ez dute euskara guztiz galdu. Gazteenen artean, gainera, partez gertatutako galera horietako gehienak irabazi bihurtuko dira datozen urteotan eskolari esker.

Etxeko hizkuntzaren erabilera (ERABIL indizea)

Etxean erabiltzen den hizkuntza ematen du aditzera ERABIL indizeak, BILA indizea etxean maizen erabiltzen den hizkuntzarekin (etxeko hizkuntzarekin) gurutzatuta lortzen den emaitza da. Hartara, BILA indizeko taldeek (euskaldun zaharrak, jatorrizko elebidunak, eta abar) etxean dituzten hizkuntzazko ohiturak ezagutzea ahalbidetzen du, hots, euskaraz aktiboak, bietan aktiboak (erdaraz eta euskaraz), ala euskaraz pasiboak diren.

Euskara da azpeitiar gehienen etxeko hizkuntza, eta erabilera-maila antzekoa da adin-talde guztietan (%70etik gora). Alderik nabarmentzekotan, 25 eta 44 urte bitartekoen artean egiten da euskara gutxien (%72,6k) eta gaztelania gehien (%15,4k).

Etxeko hizkuntza hiztun-talde motaren arabera (tipologia)

Euskaldun zaharrak populazioaren %82 dira eta hamarretik bederatzi aktiboak dira euskaraz, hau da, etxean euskara erabiltzen dute nagusiki. Gainera, %5ak euskara eta gaztelania, biak, erabiltzen ditu.

Jatorrizko elebidunen artean, gehienek (%85ek) hizkuntza biak erabiltzen dituzte. Euskaldun berriak artean; hamarretik bat baino ez da euskaraz aktiboak, aldiz, hamarretik zazpi euskaraz pasiboak dira.

Etxeko hizkuntza, euskaldunen dentsitatearen arabera

Hizkuntza bat ala beste erabiltzeko, berebiziko garrantzia du, erraztasunaz batera, hiztunen dentsitateak. Euskara etxeko ohiko hizkuntza izan dadin, beharrezkoa da etxeko guztiek euskaraz hitz egiten jakin dezaten. Nahikoa da familiako kide bakar batek euskaraz ez jakitea erabilerak oso behera egiteko

Etxeko euskaldunen dentsitatea oso handia da Azpeitian. Biztanleen hiru laurden euskaldunak %80 baino gehiago diren familietan bizi dira.

Etxeko euskaldunak %80 baino gehiago direnean, ia guztiek (%96k) euskaraz hitz egiten dute. Baina etxeko euskaldunen dentsitatea txikiagoa denean, erabilera asko jaisten da: %60 eta %80 artekoa denean, etxean euskara erabiltzen dutenak %46 dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz dihardutenak %32 eta gaztelania hutsean %22.

Euskaldunen dentsitatea %60 baino txikiagoa denean, gehien jota hamarretik batek hitz egiten du nagusiki euskaraz eta bostetik batek euskaraz eta gaztelaniaz, bietan. Gainerako guztiek (%70etik gora) gaztelania hutsez dihardute.

Hezkuntza

Irakaskuntza ez unibertsitarioko ikastetxeak

7 ikastetxe daude Azpeitian. Horietatik 5 pribatuak dira eta gainontzeko 2ak publikoak. Ikasleen %45 sare publikoan ari dira eta gainerakoak pribatuan.

D eredua ikastetxe guztietan eskaintzen da, La Milagrosan eta Iraurgin izan ezik. Bi ikastetxe horiek B eredukoak dira.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioaren bilakaera, 1983-84/ 2003-04

Unibertsitatetik kanpoko hezkuntzako ikasteredukako matrikulazioari erreparatuta, ikus dezakegu D eredua erabat nagusi dela Azpeitian. Izan ere, ia %90ekoa izan da azken lauzpabost ikasturteotan.

B ereduko matrikulazio-tasak %10 gainditu du ozta-ozta 1996-87 ikasturteaz geroztik. Azkenik, 2000/01 ikasturtetik aurrera ez da inor matrikulatu A ereduan.

Irudia hobeto ikusteko, handiagoa ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Irakaskuntza ez unibertsitarioa irakasmailaren arabera

D eredua nagusi da (%80tik gora) derrigorrezko hezkuntzan (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan) eta erabat nagusi (%100) Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

D ereduan izena eman ez duten ikasleek B ereduan egin dute. Izan ere, Azpeitian ez dago A ereduan ikasten duen ikaslerik. Haur Hezkuntzan hamar ikasletik batek (%10,7k) B eredua aukeratu du; Lehen Hezkuntzan eta DBHn portzentajea zertxobait handiagoa da (%15,7 eta %13,4 hurrenez hurren).

ONDORIOAK

Azpeitia Euskal Herriko udalerri euskaldunenetakoa da. Izan ere, 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean elebidunen proportziorik handiena berak du. Azpeitiko elebidunak %88, 6 dira, elebidun hartzaileak %4,3 eta erdaldun elebakarrak %7,1. Gainera, hizkuntza-gaitasunaren bilakaerari dagokionez, ez da gorabehera azpimarragarririk izan azken hamar urteotan.

Elebidunen portzentajerik handiena 20 urte baino gutxiago dituzten gazteen artean dago (%97,1). Erdaldun elebakarren portzentajerik esanguratsuena, aldiz, 65 urtez gorakoen artean dago (%12).

2001eko datuen arabera, elebidunen proportziorik handiena (%96,2) Landa-eremuan biltzen da eta txikiena (%81,8) Sanjuandegin. Halere, azken horrek izan du elebidunen hazkunderik handiena azken urteotan.

Azpeitiko elebidun gehienak euskaldun zaharrak dira (%82,23), hau da, etxean jaso dute euskara. Euskaldun zaharrak nagusi dira adin-talde guztietan, baina portzentajea zertxobait handiagoa da 60 urtetik gorakoen artean. Euskaldun berriak, aldiz, oso gutxi dira Azpeitian, eta direnak gazteak dira.

Azpeitiarrek euskara erabiltzen dute nagusiki etxean. Izan ere, gehienek etxeko kide guztiak edo ia guztiak euskaldunak dituzte eta, gainera, esan bezala, euskaldun zaharrak dira neurri handi batean. Beraz, euskara erabiltzeko baldintza objektibo nagusiak betetzen dituzte: euskaraz jarduteko erraztasuna dute eta elebidunen dentsitate nahikoa etxean.

GLOSARIOA

Migrazioak (Iturria: EUSTAT)

Hizkuntza-gaitasuna (Iturria: HPS/ III. mapa soziolinguistikoa)

Hiztunak euskara zenbateraino menperatzen duen jakiteko, oinarrizko hizkuntza-trebetasunak (ulermena, mintzamena, irakurmena eta idazmena) gurutzatzen dituen tipologiak, honako hiztun motak zedarritu ditu:

Hizkuntza-bilakaera (BILA indizea)/ transmisioa (Iturria: HPS/ III. mapa soziolinguistikoa)

Hiztunen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza gurutzatuta lortzen den tipologia honako hau da:

Hizkuntzaren erabilera/ UEtxeko hizkuntzaren erabileraUren tipologia (ERABIL indizea) (Iturria: HPS/III. mapa soziolinguistikoa)

Hezkuntza ez unibertsitarioaren mailaketa (Iturria: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

Agiri interesgarriak (eskuratzeko gainean sakatu)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzunak


Etxean, 25-44 urte artekoek egiten dute gehien gazteleraz

Uztarria.com / 2005-11-17 / 17:07

Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu zuten atzo, eta bertan azaltzen denez, "euskararen osasuna ona da"

Euskararen ezagutza eta erabilera ez datoz bat Azpeitiko etxeetan. Etxean, euskaldunen dentsitatea jaisten den arabera, euskararen erabilerak nabarmen egiten du behera. Orohar, biztanleen %70ak egiten du etxean euskaraz. Etxean gazteleraz gehien egiten dutenak 25-44 urte arteko azpeitiarrak dira. Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoan ateratako ondorioetako bat da hori.

Ana Mendizabal Euskara Patronatuko lehendakariak eta Jon Aizpurua Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saileko plangintza eta azterlanetako arduradunak azaldu zuten azterketa. 2001eko datuetan oinarrituta egin da, eta "zpeitian euskara osasun onean"dagoela diote azterketa egin dutenek.

"1981etik 2001era artean euskararen egoera ez da asko aldatu Azpeitian. Baina gaur egun, gazteen artean euskararen egoera hobea da, euskaraz dakitenen kopurua igo egin delako" zioen Aizpuruak.

Euskararen bilakaera aztertzeko hiru aldagai hartu behar direla kontuan zioen: "Batetik, kanpotik herrira datozenak; azken lau-bost urteotan kopuru hori aldatu egin da, eta lehenago edo geroago kontuan hartu behar da, euskara integratzeko elementu garrantzitsua baita. Bestetik, jaiotze tasen arazoa ere hor dago. Azpeitian, hala ere, gazteen tasa EAEn baino altuagoa da, eta alde horretatik egoera beste leku batzuetan baino hobea da. Hirugarrenik euskaldunen prototipoa edo arketipoa dago". Aizpurua arabera, azken urteotan migrazioa areagotu egin da, eta zenbait datu aldatu egin da. Datorren urtean errolda egingo dute eta beste azterketa bat egingo dute.

Datuak

Biztanleria

Igo egin da. Azpeitiko biztanle kopurua igo egin da. 1975ean 12.209 zituen, eta 2001ean 13.708. Adinari begiratuz gero, Gipuzkoako (%17,5) nahiz eskualdeko (%19,8) 20 urtez beherako biztanleen portzentajeak gainditzen ditu Azpeitiak: %21,320 urtetik beherakoa da. 65 urtetik gorakoen proportzioa eskualdekoa (%16) edo Gipuzkoakoa (%17,7) baino txikiagoa du Azpeitiak (%14,6).

Jatorria. Azpeitiako biztanleen artean, herritik kanpo jaiotako gehienek Espainiako jatorria dute. Horien artean, %41,4 Extremaduratik etorritakoak dira, eta %18 Gaztela-Leonetik.

Hizkuntza gaitasuna

%88,6 elebidunak. 2001eko erroldako datuen arabera, Azpeitiko hamar lagunetik ia bederatzi elebidunak dira, %4,3 elebidun hartzaileak (ondo hitz egin ez arren ondo ulertzen dutenak) eta %7,1 erdaldun elebakarrak.

Sanjuandegin euskaldun gutxien. 2001eko datuen arabera, auzoen artean Sanjuandegik du euskaldun portzentajerik txikiena (%82); hamar lagunetik bat erdaldun elebakarra da.

Adinaren arabera. Azpeitian gazte gehiago daude elebidunak. Hala ere adin-talde guztien %80tik gora dira euskaldunak, 25 urtetik beherakoen artean %90etik gora dira. 20 urte baino gutxiago dituztenen artean erdaldun elebakarak %2 baino gutxiago dira.

Hizkuntza-bilakaera

Euskaldun zaharrak %81,6. Azpeitian bost urtetik gorako biztanleen artean %81,6 euskaldun zaharra da. Erdaldun zaharrak %7 dira.

%4,9 euskaldun berri irabazi dira. Azpeitiko biztaleen %4,9 euskaldun berri irabazi dira.

Erdaldun zaharrak. Erdaldun zaharren proportziorik handienak helduen artean daude, baina nabarmen egiten du behera gazteen artean.

Euskararen erabilera

Etxeko hizkuntza. Azpeitiar gehienen etxeko hizkuntza euskara da, erabilera-maila adin-talde guztietan %70etik gorakoa da. 25 eta 44 urte bitartekoen artean egiten da gazteleraz gehien, %15,4ak.

Euskara erabiltzeko faktoreak. Bi dira:

Hiztunen dentsitatea. Hizkuntza bat edo beste erabiltzeko, garrantzia du erraztasunarekin batera hiztunen dentsitateak. "Nahikoa da familiako kide bakar batek euskaraz ez jakitea erabilerak behera egiteko", diote azterketa egin dutenek. Etxeko euskaldunak %80 baino gehiago direnean , ia guztiek (%96k) euskaraz hitz egiten dute etxean. Etxeko euskaldunak %60 eta %80 direnean, etxean euskara erabiltzen duenak %46 dira.

Inor ez A ereduan. 2000-01 ikasturtetik aurrera inor ez da matrikulatu A ereduan. D eredua nagusi izan da (%89tik gora) derrigorrezko hezkuntzan eta %100 Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.

Kalean. SEIk egindako azterketaran eta Baite aldizkariak (2002ko uztailean) argitaratu zuenaren arabera, Azpeitian 1997tik 2001era Azpeitian 1997tik 2001era bitartean euskararen kaleko erabilera %3 igo da.


Etxean, 25-44 urteartekoek egiten dute gehien gazteleraz

Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA / 2005-11-17 / 17:20

Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoa aurkeztu zuten atzo, eta bertan azaltzen denez «euskararen osasuna ona da»

Euskararen ezagutza eta erabilera ez datoz bat Azpeitiko etxeetan. Etxean, euskaldunen dentsitatea jaisten den arabera, euskararen erabilerak nabarmen egiten du behera. Orohar, biztanleen %70ak egiten du etxean euskaraz. Etxean gazteleraz gehien egiten dutenak 25-44 urte arteko azpeitiarrak dira. Atzo aurkeztu zuten Azpeitiko Mapa Soziolinguistikoan ateratako ondorioetako bat da hori.

Ana Mendizabal Euskara Patronatuko lehendakariak eta Jon Aizpurua Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saileko plangintza eta azterlanetako arduradunak azaldu zuten azterketa. 2001eko datuetan oinarrituta egin da, eta «Azpeitian euskara osasun onean» dagoela diote azterketa egin dutenek.

«1981etik 2001era artean euskararen egoera ez da asko aldatu Azpeitian. Baina gaur egun, gazteen artean euskararen egoera hobea da, euskaraz dakitenen kopurua igo egin delako», zioen Aizpuruak.

Euskararen bilakaera aztertzeko hiru aldagai hartu behar direla kontuan zioen: «Batetik, kanpotik herrira datozenak; azken lau-bost urteotan kopuru hori aldatu egin da, eta lehenago edo geroago kontuan hartu behar da, euskara integratzeko elementu garrantzitsua baita. Bestetik, jaiotze tasen arazoa ere hor dago. Azpeitian, hala ere, gazteen tasa EAEn baino altuagoa da, eta alde horretatik egoera beste leku batzuetan baino hobea da. Hirugarrenik euskaldunen prototipoa edo arketipoa dago». Aizpurua arabera, azken urteotan migrazioa areagotu egin da, eta zenbait datu aldatu egin da. Datorren urtean errolda egingo dute eta beste azterketa bat egingo dute.


Azpeitiak badu bere lehen mapa soziolinguistikoa

Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO / 2005-11-17 / 18:10

Euskara Patronatuak eta Jaurlaritzak egin dute, 2005eko erroldan oinarritua

Mendizabal eta Aizpurua, atzoko aurkezpenean (OIARZABAL)
AZPEITlA. DV. Azpeitian dagoen euskara gaitasuna, euskararen bilakaera eta erabilera xehetuta jasotzen dituen herriko lehen mapa soziolinguistikoa aurkeztu zuten atzo eguerdian Udal Euskara Patronatuaren egoitzan. Patronatuak berak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak elkarlanean osatu duten txosten honek «lehendik genekiena konfirmatzen du», Ana Mendizabal Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak atzo esan zuenez, «gure herriko euskararen osasuna oso ona da, asko erabiltzen da eta elebidun asko daude». Aurkezpena herriko ikastetxeetako eta enpresetako ordezkarien aurrean egin zuten Mendizabalek berak eta Jon Aizpuruak, Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Plangintza, eta Azterlanetako arduradunak. Gizarte eragileei zuzenduta, «lasai irakurri eta erabiltzeko txostena» dela esan zuen Mendizabalek. «Oso interesgarria da tresna bezala -batzordeburuaren esanetan-, euskararen normalkuntzan ibiltzen zaretenontzat. Asmo horrekin egin dugu».

Lehen udalerria

Azpeitiko mapa soziolinguistikoa EAEko 2001eko erroldatik ateratako datuetan oinarritu eta sakonduta landuriko lana da. Patxi Saez Patronatuko zuzendariak azaldu zuenez, «lehen aldia da udalerri batean horrelako azterketa soziolinguistikoa egiten dela», eta eskerrak eman zizkion Eusko Jaurlaritzari, proiektua gauzatu ahal izateko eginiko lanagatik.

Jon Aizpurua izan zen atzoko aurkezpenean txostenaren eduki nagusiak laburbildu zituena. Aizpuruak nabarmendu zuen 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean Azpeitia dela euskaldunenetakoa.

«Egoera, ezagutzari dagokionez behintzat, oso ona da. Hamarretik bederatzik ia euskaraz ondo hitzegiten dute. Oso gutxi dira elebakarrak», esan zuen. Gainera, azken urteetan egoera ez dela aldatu zioen Aizpuruak. «Egoera ona da eta badirudi aurrera begira ere horrela jarraituko duela». Kopuruei-eta dagokienez, halere, datuak 2001eko erroldatik hartuak direla eta ordutik hona zenbait aldaketa eman direla gogorarazi zuen Aizpuruak, besteak beste etorkinen kopurua ere hazi egin delako.

Erabilerari dagokionez ere, eta ezagutzarekiko jeitsiarren, bataz bestekoak EAEkoekin alderatuta oso onak dira Azpeitian, mapa soziolinguistikoak azaltzen duenez. Euskararen erabilera datuok, hori bai, etxeko erabilerara mugatuta agertzen dira, horiek direlako EAEko erroldan jasota daudenak. «Azpeitia mihiko egoera pribilegiatuan» ikusten du horrenbestez Aizpuruak, «inguruko errealitatearekin alderatuta».

Kalean eta sarean

Atzo aurkeztu zen Azpeitiko lehen mapa soziolinguistikoaren datu guztiak, grafikoak barne, internet bidez kontsulta daitezke, Udal Euskara Patronatuaren www.erabili.com webguneko Gurien sare-aldizkarian.

Mapan jasotako datu esanguratsuenak kalean ere aurkituko ditugu laster. Patronatuak panel batzuk atera ditu datu nagusiekin; eta datorren astetik aurrera toki publikoetan edota ikastetxeetan jarriko dituzte, txandaka.


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1132079048