Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Azpeitiko Udal Euskaltegiaren berrikuntza 4. maila

Azpeitiko Udal Euskaltegia / Euskaltegia / 2005-09-27 / 13:15


Azpeitiko Udal Euskaltegiak hastear dagoen 2005-2006 ikasturteari begira duen berrikuntzarik handiena EGAtik gorako 4. mailako ikastaroa da. Aurtengo ikasturtean (2005-2006) lehendabiziko aldiz 4. mailako Ikastaroa egindako ikasleek HABEren 4. mailari dagokion akreditazioa lortzeko azterketa egiteko aukera izango dute Azpeitiko Udal Euskategian bertan.



Gainera, Azpeitiko Udal Euskaltegia Gipuzkoako eta Bizkaiko Udal Euskaltegi guztien artean ikastaro hau eskainiko duen bakarra izateaz gain, aintzindaria ere izango da, izan ere, aurretik ez baita sekula horrelako ikastarorik eman izan euskaltegietan. Beraz, helduen alfabetatzean erronka handia, dudarik gabe

Hizkuntzarekin jolasean

Ikastaroaren helburu nagusia da ikasleei eurek sortutakoa ahoz nahiz idatziz, era zuzenean eta egokian azaldu ahal izateko baliabideak erabiltzen irakastea; hizkuntzarekin jolas egiten laguntzea, alegia

Hau da, guk bai hitz egiten dugunean eta bai idatzizko testuren bat sortzen dugunean HELBURU jakin batekin egiten dugu. Gure hizketaren edo idatziaren bidez zerbait LORTU nahi dugu. Honela adibidez: entzulea edo irakurlea konbentzitzea, zerbaitetaz ohartaraztea, kexaren bat adieraztea, zerbait azaltzea, zerbait kontatzea, zerbait egitera bultzatzea... Eta nahi dugun helburu hori lortzeko estrategia/baliabide batzuk erabiltzen ditugu (askotan gu geu konturatu ere egin gabe) beti ere, helburu hori ahalik eta modurik eraginkorrenean lortzeko asmoz.

Komunikatzaile onak sortzea

Lortu nahi dugun hori beti oso kontuan izanda, nork bere esku du zein baliabide/estrategia hautatu. Estrategien aukera oso handia da, baina kontua da, hautatzen ditugun horiek egokiak al diren lortu nahi dugun hori eskuratzeko. Horren arabera, testua arrakastatsua izango da edo ez.

Batzuetan gertatzen zaigu norbait hitz egiten entzuten dugunean gure baitan pentsatzea, zein ongi moldatzen den pertsona hori hizketan, hau da, zer ondo adierazten duen esan nahi duen hori; bi hitzetan esanda, zein “komunikatzaile” ona den. Komunikatzaile onak badaki hizkuntzaren estrategiak, kasuan kasu, ondo erabiltzen eta ondo erabiltzen dituelako da, hain zuzen ere, bere jarduna ona eta egokia.

Testuen egokitasuna

Laugarren mailako ikastaro honen helburua horixe da, hain zuzen ere. Ikastaro hau egingo duten ikasleak trebatuko ditugu testu zuzenak eta egokiak sortzen bai ahozko jardunean eta bai idatzizkoan. Eta egokitasun hori, aipatu berri dugun bezala, estrategia/baliabide egokien erabileran oinarrituta egongo da. Izan ere, testu bat zuzena izan daiteke (akats gramatikalik gabea, alegia) baina ez egokia. Egokia izateko baldintza batzuk bete behar baititu.

Erabaki onak hartzen irakastea

Hitz egiten dugunean edo idatzizko testu bat idazten dugun bakoitzean, “erabakiak” hartu beharrean izaten gara. Konturatzeke edo konturatuta, honako galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari eta egin beharrean aurkituko gara testuak egokia izatea nahi badugu:

Beraz, aipatu berri ditugun hauek guztiak landuko ditugu ikastaroan zehar eta lau galdera hauen baitan (NOR, NORI, NON eta ZERTARAKO) eraikiko dugu gure ahozko zein idatzizko jarduna arrakastatsua izan dadin.

Norentzat

EGA maila duen edonori zuzendutako ikastaroa dugu honako hau, hots, oinarrizko maila hori HOBETU nahi duen edonorentzat, euskaldun zahar nahiz berri izan.

Ikastaro hau egokia da euskara maila JASOAGOA izan nahi duen edonorentzat eta euskara tresna gisa (LANEAN batez ere) erabili nahi/beharko duenarentzat edo jadanik erabiltzen duenarentzat. Besteak beste:

Noiztik noiz arte

Laugarren mailako ikastaro hau urrian hasi eta ekainera bitartean luzatuko da. 160 ordukoa izango da eta ordu horiek astean bi egunetan banatuko dira, egunean bi ordu eta erdiko saioetan, hain zuzen ere.

Azterketa egiteko aukera

Orain dela urte gutxi arte gure euskaltegiko ikasleek euren ezagutza maila ziurtatzeko zeukaten aukera bakarra EGA azterketaren bidez zen (Bestela, deialdi libreren batean aurkeztu beharra zeukaten eurek nahi zuten hizkuntz eskakizun hori lortzeko).

Baina azken bi ikasturteetan EGA azterketaz gain, gure euskaltegiko ikasleek badute euren euskararen maila egiaztatzeko aukera, nahiz eta euren euskalduntze prozesu osoa oraindik bukatu ez duten. Aukera hori HABEren akreditazio azterketen bidez da (HABEren 1. eta 2. mailako azterketen bidez, alegia).

Euskararen ikasprozesu osoa lau mailatan dago banatua. Aurtengo ikasturtera arte, gure euskaltegietako ikasleek lehen hiru mailei zegozkien azterketak egiteko aukera zuten.(HABEren 1. eta 2. mailako azterketak eta 3. maila egiaztatzeko EGA proba) Baina aurtengo ikasturtean (2005-2006) lehendabiziko aldiz 4. mailako ikastaroa egin duten ikasleek HABEren 4. mailari dagokion azterketa egiteko aukera izango dute.

Matrikula

Ikastaro honetan izen eman nahi izanez gero hil honen amaiera arteko epea dago. Izen emateko hiru aukera daude:

Gai honi buruzko informazio osagarria (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1127806100