Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Azpeitiko Udal Euskaltegiaren berrikuntza 4. maila

Azpeitiko Udal Euskaltegiaren berrikuntza 4. maila

2005-09-27 / 13:15 / Azpeitiko Udal Euskaltegia   EUSKALTEGIA

Azpeitiko Udal Euskaltegiak hastear dagoen 2005-2006 ikasturteari begira duen berrikuntzarik handiena EGAtik gorako 4. mailako ikastaroa da. Aurtengo ikasturtean (2005-2006) lehendabiziko aldiz 4. mailako Ikastaroa egindako ikasleek HABEren 4. mailari dagokion akreditazioa lortzeko azterketa egiteko aukera izango dute Azpeitiko Udal Euskategian bertan.

Gainera, Azpeitiko Udal Euskaltegia Gipuzkoako eta Bizkaiko Udal Euskaltegi guztien artean ikastaro hau eskainiko duen bakarra izateaz gain, aintzindaria ere izango da, izan ere, aurretik ez baita sekula horrelako ikastarorik eman izan euskaltegietan. Beraz, helduen alfabetatzean erronka handia, dudarik gabe

Hizkuntzarekin jolasean

Ikastaroaren helburu nagusia da ikasleei eurek sortutakoa ahoz nahiz idatziz, era zuzenean eta egokian azaldu ahal izateko baliabideak erabiltzen irakastea; hizkuntzarekin jolas egiten laguntzea, alegia

Hau da, guk bai hitz egiten dugunean eta bai idatzizko testuren bat sortzen dugunean HELBURU jakin batekin egiten dugu. Gure hizketaren edo idatziaren bidez zerbait LORTU nahi dugu. Honela adibidez: entzulea edo irakurlea konbentzitzea, zerbaitetaz ohartaraztea, kexaren bat adieraztea, zerbait azaltzea, zerbait kontatzea, zerbait egitera bultzatzea... Eta nahi dugun helburu hori lortzeko estrategia/baliabide batzuk erabiltzen ditugu (askotan gu geu konturatu ere egin gabe) beti ere, helburu hori ahalik eta modurik eraginkorrenean lortzeko asmoz.

Komunikatzaile onak sortzea

Lortu nahi dugun hori beti oso kontuan izanda, nork bere esku du zein baliabide/estrategia hautatu. Estrategien aukera oso handia da, baina kontua da, hautatzen ditugun horiek egokiak al diren lortu nahi dugun hori eskuratzeko. Horren arabera, testua arrakastatsua izango da edo ez.

Batzuetan gertatzen zaigu norbait hitz egiten entzuten dugunean gure baitan pentsatzea, zein ongi moldatzen den pertsona hori hizketan, hau da, zer ondo adierazten duen esan nahi duen hori; bi hitzetan esanda, zein “komunikatzaile” ona den. Komunikatzaile onak badaki hizkuntzaren estrategiak, kasuan kasu, ondo erabiltzen eta ondo erabiltzen dituelako da, hain zuzen ere, bere jarduna ona eta egokia.

Testuen egokitasuna

Laugarren mailako ikastaro honen helburua horixe da, hain zuzen ere. Ikastaro hau egingo duten ikasleak trebatuko ditugu testu zuzenak eta egokiak sortzen bai ahozko jardunean eta bai idatzizkoan. Eta egokitasun hori, aipatu berri dugun bezala, estrategia/baliabide egokien erabileran oinarrituta egongo da. Izan ere, testu bat zuzena izan daiteke (akats gramatikalik gabea, alegia) baina ez egokia. Egokia izateko baldintza batzuk bete behar baititu.

Erabaki onak hartzen irakastea

Hitz egiten dugunean edo idatzizko testu bat idazten dugun bakoitzean, “erabakiak” hartu beharrean izaten gara. Konturatzeke edo konturatuta, honako galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari eta egin beharrean aurkituko gara testuak egokia izatea nahi badugu:

  • NOR ari den hitz egiten edo idazten. Izan ere, modu batera edo bestera hitz egingo baitugu herritar gisa aritu edo erakunde baten izenean, ikastetxe bateko zuzendari gisa edo guraso modura... Hitz batean esanda, betetzen ari garen “rol” horren arabera modu batera edo bestera ihardungo dugu (hizkuntza jasoagoan edo ez, tonu berezia erabiliz, gure jardunak errespetu kutsua izango du edo ez, ironia erabiliko dugu komeni bada...). Eta hauen guztien inguruan hartutako erabakiek eragin zuzena izango dute erabiliko ditugun hizkuntz formetan.
  • NORI zuzendu nahi diogun gure jarduna, hau da, entzulearen edo irakurlearen ezaugarriak ere oso kontuan izan behar ditugu. Honela adibidez, jendaurrean hitz egin behar dugunean aintzat hartu behar ditugu zeintzuk diren gure jardunaren hartzaileak. Esate baterako, sendagile batek ez du berdin hitz egingo bere lan munduko jardunaldi bateko hitzaldi batean (kontuan izanda, entzule guztiak sendagileak direla) edo herritarren aurrean emandako hitzaldi batean nahiz eta bi kasuetan hitz egiten ari dena izaki berbera izan.
  • NON ari garen hitz egiten edo idazten. Oso bestelakoa baita herri mailako aldizkari batean idaztea (beharbada euskalkia edo bertako hizkera erabili ahal izango baitugu, bertako hizkeraren ezaugarriekin: hiztegiari dagokionean, grafiari dagokionean...) edo zabalkunde handiagoa duen beste batean, bataren zein bestearen ezaugarriak oso bestelakoak baitira. Ez da gauza bera egunkari bateko atal jakin baterako edo beste baterako idaztea (iritzia ematen den atalerako, informazioa bere horretan ematen den atalerako...).
  • ZERTARAKO ari garen hitz egiten edo idazten. Azken finean, oso garrantzizkoa baita garbi izatea zer lortu nahi dugun gure ahozko edo idatzizko jardunarekin: gauzak azaltzea, gauzak kontatzea, aholkuak ematea, iritziz aldaraztea, erostera bultzatzea, ohartaraztea...

Beraz, aipatu berri ditugun hauek guztiak landuko ditugu ikastaroan zehar eta lau galdera hauen baitan (NOR, NORI, NON eta ZERTARAKO) eraikiko dugu gure ahozko zein idatzizko jarduna arrakastatsua izan dadin.

Norentzat

EGA maila duen edonori zuzendutako ikastaroa dugu honako hau, hots, oinarrizko maila hori HOBETU nahi duen edonorentzat, euskaldun zahar nahiz berri izan.

Ikastaro hau egokia da euskara maila JASOAGOA izan nahi duen edonorentzat eta euskara tresna gisa (LANEAN batez ere) erabili nahi/beharko duenarentzat edo jadanik erabiltzen duenarentzat. Besteak beste:

  • Administrazio-munduan (Udaletxe, Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza...) lan egin nahi dutenentzat, goi mailako ikasketak izanik; adibidez, oposizioak prestatzen ari direnentzat eta une honetan administrazioko 4. hizkuntz-eskakizunera aurkeztu ezin dutenentzat.
  • Irakaskuntza-arlokoentzat: batxilergoan, goi-zikloetan, fakultateetan... irakasten ari direnentzat; adibidez, ekonomiako irakasleentzat, biologiakoentzat, historiakoentzat...
  • Abokatuentzat, notarioentzat, aholkulari-etxeetan ari diren ekonomilarientzat, kontableentzat...
  • Osasun arloan ari direnentzat: hainbat espezialitateko medikuentzat...
  • Enpresa munduko goi-mailako teknikarientzat: arkitektoentzat, ingeniarientzat, informatikoentzat...
  • Hedabideetan lanean ari diren kazetarientzat, esatarientzat...
  • Besterik gabe euskara maila jasoagoa izan nahi duen edonorentzat.

Noiztik noiz arte

Laugarren mailako ikastaro hau urrian hasi eta ekainera bitartean luzatuko da. 160 ordukoa izango da eta ordu horiek astean bi egunetan banatuko dira, egunean bi ordu eta erdiko saioetan, hain zuzen ere.

Azterketa egiteko aukera

Orain dela urte gutxi arte gure euskaltegiko ikasleek euren ezagutza maila ziurtatzeko zeukaten aukera bakarra EGA azterketaren bidez zen (Bestela, deialdi libreren batean aurkeztu beharra zeukaten eurek nahi zuten hizkuntz eskakizun hori lortzeko).

Baina azken bi ikasturteetan EGA azterketaz gain, gure euskaltegiko ikasleek badute euren euskararen maila egiaztatzeko aukera, nahiz eta euren euskalduntze prozesu osoa oraindik bukatu ez duten. Aukera hori HABEren akreditazio azterketen bidez da (HABEren 1. eta 2. mailako azterketen bidez, alegia).

Euskararen ikasprozesu osoa lau mailatan dago banatua. Aurtengo ikasturtera arte, gure euskaltegietako ikasleek lehen hiru mailei zegozkien azterketak egiteko aukera zuten.(HABEren 1. eta 2. mailako azterketak eta 3. maila egiaztatzeko EGA proba) Baina aurtengo ikasturtean (2005-2006) lehendabiziko aldiz 4. mailako ikastaroa egin duten ikasleek HABEren 4. mailari dagokion azterketa egiteko aukera izango dute.

Matrikula

Ikastaro honetan izen eman nahi izanez gero hil honen amaiera arteko epea dago. Izen emateko hiru aukera daude:

Gai honi buruzko informazio osagarria (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com