 |
Azpeitiko Udal Euskaltegia: 21 urte eta 30 ikastaro |
 |
2005-09-12 / 07:54 / Azpeitiko Udal Euskaltegia |
EUSKALTEGIA |
|
Azpeitiko Udal Euskaltegiak 2005-06 ikasturtearen ate-leihoak ireki ditu "Udal Euskaltegira goaz. Bazatoz gurekin?" lelopean, ikasleak bertan matrikulatu eta euskara ikas dezaten. Ikasturte berriaren aurkezpena Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak eta Patxi Saez Euskara Patronatuaren zuzendariak egin dute, biak ala biak.
Bazatoz gurekin?
Bazatoz gurekin?
Mezu zuzena zabaltzea izan da aurtengo asmoa. Benetako mezua benetako protagonistek botata. Irudian agertzen direnak benetako pertsonaiak dira, euskaltegira egunero etortzen diren ikasleak (etxekoandreak, erretiratuak, administrazioko langileak, irakasleak, ikasleak, osasun arloko langileak, langabetuak...) eta euren esperientziatik gonbidatzen gaituzte Udal Euskaltegian izen ematera, denontzat baitago lekua bertan.
Gure Azpeitiko Udal Euskaltegian iazko ikasturtean 100 ikasletik gora aritu ziren euskara ikasten eta aurtengo ikasturtean ere asko izatea nahi dugu.
 | | Kartela hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu. |
21 urteko ibilia
Aurtengo 2005-2006 ikasturtea Azpeitiko Udal Euskaltegiaren 22. ikasturtea da. Beraz, bere jarduna eta ibilbidea oso luzea izan denez eskarmentu handia du eta hasiera hartatik (1984- 1985 ikasturtea) hona, aldaketa handiak eman dira ikastaroen eskaintzan.
Gurera etortzen diren ikasleek ( etxekoandreak, etorkinak, administrazioko langileak, osasun arloko langileak, ostalaritzakoak, irakasleak, erretiratuak, langabeak...) ez dituzte behar eta nahi berberak eta horregatik, gure ikastaroen eskaintza etengabe egokitu beharra izan dugu hauen eskaeretara eta beharretara.
30 ikastaro baino gehiago
Azpeitiko Udal Euskaltegian, 30 ikastarotik gorako eskaintza izango dugu aurtengo ikasturtean. Izango ditugun ikastaroen artean, besteak beste honako hauek dira:
Berrikuntza: 4. maila
Ikastaroekin jarraituz, aurtengo berrikuntza nagusiena da estreinako aldiz Azpeitiko Udal Euskaltegiak laugarren mailari dagokion ikastaroa emango duela. Aurtengo ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 162 euskaltegietatik seitan bakarrik hasiko dira ematen HABEren 4. maila hori, eta gainera, Gipuzkoako eta Bizkaiko Udal Euskaltegi guztien artean bakarra Azpeitikoa izango da.
Gure herria eta ingurua oso euskalduna da. Bertako biztanleak ia gehienak oso ondo moldatzen dira euskaraz bai ahoz eta bai idatziz baina aukera berezia eman nahi dio Azpeitiko Udal Euskaltegiak oinarrizko maila hori hobetu nahi duen edonori
Gainera, egia den arren gure herrian eta inguruan euskara asko erabiltzen dela, gure euskararen erabilera hori esparru batzuetara mugatzen da: familia girora, lagunartera, ikasketerara, aisialdira... Baina euskarak eremu berriak ere behar ditu erabateko normalizazioa erdiesteko eta horietako bat lan munduaren esparrua da.
Lana euskaraz egiteko gai izan behar dugu eta horretarako geure burua prestatu beharra daukagu. Ikastaro hau oso aproposa izan daiteke orain arte lana erdaraz egin duen euskaldunarentzat . Edo, bere lan teknikoa euskaraz egin arren zailtasunak dituenarentzat, edo besterik gabe, EGAren oinarrizko maila hori hobetu nahi duenarentzat.
Beraz, Azpeitiko Udal Euskaltegiak eskaintzen duen bai laugarren mailako ikastaro honetan bai 30etik gorako besteren batean izen eman nahi baduzue hil honen 23 bitartean egin dezakezue matrikula.
Izen emateko orduan hiru aukera dituzue:
- Euskaltegira bertara etorrita:
- Helbidea: Perdillegi 1 (Musika eskola dagoen eraikinean).
- Telefonoz deituta:
- Telefono zenbakia: (943) 811947
- e-Posta bidez:
- Amaraunean:
Ildo bereko informazioa (irakurtzeko gainean sakatu)
|
Erantzun |
| |
 |
| EGAtik gorako ikastaroa, Udal Euskaltegiaren berrikuntza nagusia |
 |
2005-09-09 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO |
|
Azpeitikoa da Euskal Herri mailan proiektu piloto gisa eskainiko duten 6 euskaltegietako bat
 | | Hauxe da udal euskaltegien matrikulazio kanpaina berriaren kartela. (OIARZABAL) | AZPEITIA. DV. Udal euskaltegiak matrikulazio kanpainan daude egunotan, baita Azpeitikoa ere. “Udal Euskaltegira goaz. Bazatoz gurekin?” da aurtengo kanpainaren leloa. Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak eta Patxi Saez Euskara Patronatuko zuzendariak Azpeitiko Udal Euskaltegiak ikasturte berrian eskainiko duenaren berri eman zuten atzo prentsaurrean eta, batik bat, aurten berrikuntza garrantzitsuena izango den ikastaro baten aurkezpena egin zuten: EGAtik gorako ikastaroa, 4. maila bezala ezagutuko dena.
Ikastaro hau HABEk martxan jarri nahi duen eskaintza berria dugu, eta euskara lan-munduan ere txertatzea litzateke urrats berri horren azken helburua. 2005-2006 ikasturtean proiektu piloto gisara garatuko den ikastaroa da 4. mailako hori. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan sare desberdinetan dauden 162 euskaltegietatik sei euskaltegitan bakarrik emango da EGAtik gorako ikastaro hori, eta sei horietako bat (udal euskaltegien sareko bakarra) Azpeitikoa izango da. Datozen ikasturteetan zabalduko litzateke ikastaroa euskaltegi guztietara.
Atzoko aurkezpenean, Ana Mendizabalek «gonbidapen berezia» luzatu zien Azpeitian lan-munduan sartuta edo sartzeko bidean diren euskaldun alfabetatuei, ikastaro berrian parte har dezaten. Lanbide desberdinetan lana euskaraz egiteko gaitasuna lortzea litzateke, izan ere, ikastaro honen xedeetako bat. «HABEk eman digun aukera hau aprobetxatzekoa da -zioen Mendizabalek- ea jendea animatzen den, eta lan-mundua ere euskalduntzen dugun».
Administrazio munduan lan egin nahi dutenak, irakasleak, abokatuak, notarioak, aholkulari etxeetan ari diren ekonomilari edo kontableak, sendagileak, enpresa munduko goi-mailako teknikariak, hedabideetako langileak... izan daitezke, besteak beste, ikastaro honetan partehartzaile, euren eguneroko lanean euskara erabiltzen dutenak, erabili beharko dutenak edo erabili nahi dutenak, bai ahoz eta bai idatziz, eta maila jasoagoan.
Ikastaro berri hau aurrera emateko gehienez hamabi laguneko talde bakarra osatzea aurrikusi dute antolatzaileek.
EGA maila behar
Ikastaro berrian parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintza izango da EGA maila izatea, eta hori nolabait neurtzeko froga bat egingo dutela aurreratu zuten atzo euskaltegiko arduradunek. 4. mailako ikastaroak orain arte EGAk adierazi izan duen euskalduntzearen maila gorena gaindituko luke, nolabait. Patxi Saezen hitzetan, «uste zabala da euskalduntze prozesua EGArekin bukatzen dela, horrekin ate asko zabaltzen direla. Baina denok dakigu EGAk bere mugak dituela. EGA izateak ez du esan nahi edozein lanetan euskaraz egoki moldatzeko gai garela. 4. mailarekin hori lortu nahi da, oinarrizko lanetan, teknifikatu edo espezializatuetan, euskaraz lan egiteko gai izatea». Lan-munduari ekitea ezinbestekoa da, bere esanetan, euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta «sortuko diren beharrei erantzuteko» pentsatuta omen dago abian jartzera doan 4. maila.
Euskaldunentzat
Ikastaro berriaz gain bere gainerako eskaintzari ere eutsiko dio Azpeitiko Udal Euskaltegiak hastear den ikasturte honetan. «30 ikastarotik gora» eskaintzen dituztela gogoratu zuen Saezek eta, euskaltegia erdaldunek euskaraz ikas dezaten bakarrik prestatua dagoenaren «uste okerra zabaldua» izan arren, ikastaro gehienak bereziki euskaldunei zuzendurikoak direla gogorarazi zuen.
- DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-09-09an.
|
| |
 |
| EGA baino maila hobea lortzeko modua |
 |
2005-09-10 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA |
|
Udal Euskaltegia laugarren maila ematen hasiko da urritik aurrera.
Udal Euskaltegian hastear dagoen ikasturtean EGAtik gorako ikastaroa (4. maila) emango dute aurten. Bereziki euskaldunei zuzendutakoa da. Euskal Autonomi Erkidegoan dauden 162 euskaltegietatik sei euskaltegitan bakarrik emango da aurtengoz, eta Gipuzkoan Azpeitikoa da bakarra. «Euskaldunei zuzendutako ikastaroa da, batez ere lan munduan sartuta edota sartzear daudenei zuzendutakoa, euskara teknikoa landuko baita. Ea pixkanaka kalea bezalaxe, lan mundua ere horrela euskalduntzen dugun», esan du Ana Mendizabal Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak.
EGAtik gorako maila da, eta euskaldunei zuzendutakoa. «Denok dakigu EGAk bere mugak dituela. EGA ez da nahikoa edozein lanetan euskaraz egoki egiteko, eta laugarren mailak hori lortu nahi du, euskaraz lan egiteko oinarrizko gaitasuna izatea», azaldu du Patxi Saez euskara teknikariak.
Laugarren maila aurten «plan piloto» bezala emango da euskaltegietan, «ikastaroa sendotu eta materiala prestatu beharra dagoelako», azaldu du Saezek. Urrian hasiko da, eta 120-140 ordu izango ditu.
Hilaren bukaeran hasita, EGAtik gorako ikastaroarekin batera, 30 ikastaro inguru emango dituzte Azpeitiko Udal Euskaltegian. Matrikula egiteko epea ireki dute dagoeneko, eta hilaren 23a arte egongo da zabalik. Informazioa jasotzeko edota izena emateko 08:00etatik 19:00ak bitartean Euskaltegira (Perdillegi 1) jo beharko da edota 943 811947 telefono zenbakira deitu.
- Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-09-10ean.
|
| |
 |
| EGAtik gorako ikastaroa, Udal Euskaltegiaren ekimen berria |
 |
2005-09-08 / 17:00 / Uztarria |
- Lan munduan euskaraz jarduteko gaitasuna hobetu nahi da.
- EAEn HABEren euskaltegietan seitan emango da ikastaro hori, eta Azpeitikoa izango da horietako bat.
Ekimen berriari ekingo dio ikasturte honetan HABEk Euskal Autonomia Erkidegoan dituen euskaltegietan: EGAtik gorako ikastaroari. Eta horietako bat Azpeitiko Udal Euskaltegiak emango du, gaur (osteguna) Ana Mendizabal Udaleko Euskara batzordeburuak eta Patxi Saez Udal Euskara Patronatuko zuzendariak prentsaurrekoan esan dutenez. HABEk EAEn 162 euskaltegi ditu, eta seitan antolatuko du EGAtik gorako ikastaroa (4. maila bezala ezagutuko da), eta Azpeitikoa da udal euskaltegien sareko bakarra.
Irakasleei, notarioei, sendagileei, administraziokoei, abokatuei, sendagileei eta abarrei zuzenduta dago, eta Ana Mendizabalek parte hartzeko "gonbidapen berezia" luzatu die herrian lan munduan sartuta edo sartzeko bidean diren euskaldun alfabetatuei. Aipatutako lanetan Azpeitian egunero erabiltzen da euskara, ahoz (edo) eta idatziz, edo erabil daiteke, eta lana euskaraz hobeto egiteko ikastaroa da gaur aurkeztu dutena.
Gehienez hamabi laguneko taldea osatu nahi da, eta partaideek EGA maila behar dute. “Uste zabala da —esan du Patxi Saezek— euskalduntze prozesua EGArekin bukatzen dela, horrekin ate asko zabaltzen direla. Baina EGA izateak ez du esan nahi edozein lanetan euskaraz egoki moldatzeko gai garenik. 4. mailarekin hori lortu nahi da, oinarrizko lanetan, teknifikatu edo espezializatuetan, euskaraz lan egiteko gai izatea”.
Ikastaroa aurkezteaz batera, Azpeitiko Udaleko Euskara arduradunek euskaltegiaren ikasturtearen nondik norakoak ere eman dituzte. 30 ikastaro pasa eskaintzen dituztela esan dute, “eta ikastaro gehienak bereziki euskaldunei zuzendurikoak dira”. Matrikulazio kanpaina abian dute, Udal Euskaltegira goaz. Bazatoz gurekin? leloarekin.
- Uztarria.com agerkari digitalean argitaratua, 2005-09-08an.
-
|
| |
 |
| Irailaren 23a arte matrikula zabalik izango da Udal Euskaltegian |
 |
2005-09-13 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO |
 | | Udal Euskaltegia Perdillegi 1eko eraikinean dago. (OIARZABAL) | AZPEITIA. DV. Aurreko astean aurkezturiko 4. mailako ikastaro berria ez ezik (EGAtik gorakoa), euskalduntzeko maila guztiak, alfabetatzea eta EGA, Administrazioko eta irakaskuntzako hizkuntz eskakizunak, AISA ikastaroa (etorkinen beharretara egokitutakoa), ostalarientzako ikastaroa, Iturri Onetik I (zuzentasuna eta egokitasunaren ingurukoa), Iturri Onetik II (testugintzaren ingurukoa), ipuin kontaketa, jolasak eta kantak, betiko herri kanten ikastaroa, gurasoei zuzendutako ikastaroak (seme-alabei etxerako lanetan lagundu ahal izateko)... Guztira 30 ikastarotik gora eskainiko ditu Azpeitiko Udal Euskaltegiak haster den 2005-2006 ikasturtean, eta ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek egunotan dute matrikulak egiteko aukera.
Irailaren 23a arte luzatuko da, hain zuzen ere, matrikulazio epea Udal Euskaltegian. Izena eman edota eskaintzari buruzko informazio osoa eskuratu ahal izateko, euskaltegira bertara joan daitezke interesa dutenek (Perdillegi 1, garai bateko San Miguel Patronatoaren eraikinean), edo telefonoz (943 811947 zenbakia) edo internet bidez (euskaltegia@erabili.com e-posta erabiliz, www.erabili.com/eskatu/euskara_ikastaroak orrialdean) harremanetan jarri bertako arduradunekin.
Ikasketa bekak
Azpeitiko Udal Euskaltegiak euskara ikasteko hainbat erraztasun jarri ditu ikasleen eskura, diru arazoagatik behintzat inor ez dadin euskara ikasi gabe geratu. Azpeitian euskara ikasteko hiru diru-laguntza mota daude: diru-sarreren araberako beka, asistentzia beka eta etxe beretik kide bat baino gehiago matrikulatuz gero ematen den laguntza. Ikasleek aukera dute hiru bekak batera eskatzeko eta, jaso ahal izateko baldintzak betez gero, ikasketak doan egiteko.
- DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-09-13an.
|
| |
 |
| Eginez ekina eta ondoren etekina |
 |
2006-05-13 / 16:54 / jexuxa esnaola peñagarikano |
|
Eutsi gogor eta ekin, eginez ekina eta ondoren etekina. Norbaitek hartu emanean jarri nahi badu mesedez eman niri posta. Gustora erantzungo nioke eta animuak eman ere. Beharra daukagulako,nohiz behinka. ja,ja, Sorte on asterketetan. Larunbatean asten naiz ni. A! Eta euskaldun zaharra naiz eta oso harro nago horretaz. Legazpin jaioa,eta Lasarte-Orian bizi.Eta hirugarren urtea daramat udal euskaltegian,eta kriston giroa sortzen dugu. Eta laister txangoa, solaskideok, ez utzik egin. Ados? Laister arte.
Jexuxa.
|
|
Erantzun |
|