Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  EBPNren beste mugarri bat: EGAtik gorako ikastaroa

EBPNren beste mugarri bat: EGAtik gorako ikastaroa

2005-09-08 / 12:35 / erabili.com   EUSKALTEGIA

Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN) beste mugarri bat jarri du: hastear den ikasturtean –2005-2006an–, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 162 euskaltegietatik sei euskaltegitan bakarrik hasiko dira ematen EGAtik gorako ikastaroak. Hain zuzen, Azpeitiko Udal Euskaltegia izango da 6 horietako bat. Mugarri berria izan daiteke helduen euskalduntzean eta alfabetatzean, eta erronka handia Azpeitiko Udal Euskaltegiarentzat.

Horregatik, bertara jo dugu, argibide eske. Han izan ditugu solaskide Patxi Saez, Euskararen Patronatuko zuzendaria; Aintzane Agirre, euskaltegiko zuzendaria, Olatz Zabaleta, ikastaroa emango duen irakaslea; Inge Beloki irakaslea; eta Pello Esnal, HABEko teknikaria eta EGAtik gorako ikastaroen arduraduna.

Bostak aurkitu ditugu gogoz eta ilusionatuta, ate joka dagoen ikasturteari begira lanean. Ia derrigorrezkoa da lehenengo galdera…

Zergatik Azpeitiko Udal Euskaltegian? Izan ere, Gipuzkoa eta Bizkaiko 43 udal euskaltegien artean, Azpeitian bakarrik emango da laugarren mailako ikastaroa, 2005-2006 ikasturtean.

  • Aintzane Agirre: Kontuan izan behar dugu oso euskalduna dela Azpeitia, inguruko herriak bezala. Bertako biztanleak ongi moldatzen dira euskaraz, ahoz nahiz idatziz. Euskara hutsean –D ereduan– ari dira ikasle ia guztiak. Goi-mailako ikasketak ere euskaraz egiten ari dira asko eta asko.
  • Olatz Zabaleta: Orain, azken pausoa ematea falta zaigu. Horixe da hurrengo urteetako gure erronka. LANA ere euskaraz egiteko gai izan behar dugu. Adibidez, etxearen eskriturak euskaraz eskuratzeko aukera izan beharko luke edozein herritarrek; ondo eginak badaude, jakina. Baina, horretarako, prestatu egin behar. Horixe izan daiteke, hain zuzen, EGAtik gorako maila.
  • Patxi Saez: Bai. Azpeitiko hiztun-elkartea sendoa da: hitzez ez ezik, idatziz ere ongi moldatzen da eta eskolatik ere euskarazko ikasbidea jasotakoa dugu. Baina, lan produktibo eta buru-lanari dagokionez, erdarazko lan-munduan murgilduta bizi da. Euskarak arnasa-gune berriak behar ditu biziraupena ziurtatzeko eta sekula ez du erabateko normalizazioa lortuko, lan-mundutik kanpo geratzen baldin bada. Lan-munduko teknikari euskaldunen hizkuntza-prestakuntza beharrei erantzun behar diegu.
  • Inge Beloki: Bestela esanda, Azpeitiak, euskarari dagokionean, beteta ditu oinarrizko beharrak: kalean etengabe entzuten da euskara, familiako hizkuntza euskara da, baita lagunartekoa ere. Baina guztiz euskaraz bizitzeko, lan- munduan ere txertatu beharra daukagu euskara eta hori lortzeko aukera eskain diezaieke azpeitiarrei maila berri honek.
  • Pello Esnal: Halaxe da. Gainera, azken urteotan, Euskal Herrian oro har, batez ere euskalduntzen jarri dira indarrak: erdaldunak euskalduntzen, euskaldun berriak sortzen… Baina, hori bezain garrantzizkoa da euskaldunok euskaraz trebatzea. Lehen, alfabetatzea deitzen zitzaion trebatze horri. Baina, EGA atera duenak badaki euskaraz hitz egiten eta idazten. Orain, aukera berezia eskaini nahi zaie oinarrizko maila hori hobetu nahi dutenei, euskaldun zahar nahiz berri izan. Eta euskaldun zaharrekin lan egiteko, herri gutxi izango dira Azpeitia bezain egokiak…

Baina EGAtik gorako ikastaroak, zertarako?

  • Aintzane Agirre: Hain zuzen, EGA maila hobetu nahi dutenentzat. Batzuek nahikoa dute EGA mailarekin. Beste batzuk, ordea, gehiago nahi dute. Edo beharra sentitzen dutelako, edo lantokian (administrazioan, ikastetxean, enpresan…) eskatzen diotelako…
  • Patxi Saez: Esaterako, behar-beharrezkoa da Azpeitiko enpresetan lan teknifikatua euskaraz egiteko prestakuntza; batez ere, ordenagailuaren pantaila aurrean egiten dena. Horretara ere bideratuta egon beharko luke hizkuntza prestakuntza egitasmo honek. Izan ere, lan teknifikatua euskaraz egin ahal izateko baldintza egokienak ditugu Azpeitiko enpresetan: ia denak –% 95ek– arduradun euskaldunak dituzte eta % 90 euskaldun langilez osaturik daude. Gainera, euskaldun jendea dute bezero neurri handi batean: % 30 Azpeitian eta %35 Gipuzkoan).
  • Pello Esnal: Hala ere, badago beste prestakuntza bat hori baino oinarrizkoagoa, eta EGA titulua duten askok ere ez dutena. Hitz potoloekin esanda: estrategia komunikatiboak erabiltzen ikasi behar dugu, hizkuntzarekin jolas egiten. Oso mundu erakargarria da. Oraindik ere, gramatikarekin itsutuak gaude euskaldunok. Eta euskara teknikoarekin ere arrisku hori bera dugu. Gramatika, izan ere, morroi ona da, baina nagusi txarra, bai oinarrizko mailetan eta bai euskara teknikoaren munduan…

Beraz, garbi dago: EGAtik gora oraindik ere badago beste maila bat…

  • Olatz Zabaleta: Bai. EGAdun bat gai da kultura-maila orokorrean moldatzeko, ahoz nahiz idatziz. Laugarren maila burutzean, berriz, ikaslea gai izango da kultura-maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan moldatzeko ere, elkarrizketetan iritziak eta azalpenak emanez. Gainera, bere osotasunean ulertuko ditu TESTU ESPEZIALDUAK (ondo eginak badaude, jakina); eta, gai izango da, era berean, hizkuntza formalean nahiz informalean era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko ere.
  • Inge Beloki: Lehen esan duguna: hainbat lanetan (lan espezifiko eta teknikoetan, batez ere) ezinbestekoa da EGA izatea, baina askotan ez da nahikoa; esaterako, abokatuen txostenak ulertzeko eta egiteko, goi-mailetan ari diren hainbat irakasleren azalpenak emateko, notarioen agiriak eta arkitektoen txostenak irakurtzeko eta egiteko…
  • Aintzane Agirre: Hori eskainiko digu EGAtik gorako maila honek. Oso egokia izango da orain arte lana erdaraz egiten zuen euskaldunarentzat. Edo, bere lan teknikoa euskaraz egin arren, zailtasunak dituenarentzat…
  • Pello Esnal: Niretzat, garrantzizkoena da euskararekiko konplejoak eta beldurrak galtzea. Gu betiko euskaldunok ez bagara euskaraz moldatzen, zertan ari gara? Ezinbestekoa da nor bere buruarekiko segurtasuna eta konfiantza izatea.


Zer “perfiletako” jendeak egingo du laugarren maila izeneko ikastaroa? Nolako ezaugarriak izango dituzte laugarren maila hori egin nahi duen ikasleek?

  • Inge Beloki: Hasteko, EGAdunak edo, behintzat, EGA maila dutenak izan beharko dute. Ikastaro hau egin aurretik, oinarrizko maila hori izan beharko dute bai ahoz eta bai idatziz. Bestetik, euren eguneroko lanean euskara erabiltzen dutenak, erabili beharko dutenak edo erabili nahi dutenak, bai ahoz eta bai idatziz, eta maila jasoagoan.
  • Aintzane Agirre: Beraz, hori guztia kontuan izanik, ikastaroa egin ahal izango dute, besteak beste:
    • Administrazio-munduan (udaletxe, Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza...) sartu nahi dutenak, goi-mailako ikasketak izanik; adibidez, oposizioak prestatzen ari direnak eta une honetan 4. perfilera aurkeztu ezin dutenak.
    • Irakaskuntza-arlokoak: batxilergoan, goi-ziklotan, fakultateetan... irakasten ari direnak; adibidez, biologiako irakaslea, ekonomiako irakaslea...
    • Abokatuak, notarioak, aholkularitza-etxeetan ari diren ekonomilariak, kontableak...
    • Osasun-arloan ari direnak: hainbat espezialitatetako medikuak...
    • Enpresa-munduko goi-mailako teknikariak: arkitekto, ingeniari, informatiko...
    • Hedabideetan lanean ari direnak: kazetariak...


Zenbat ikastordutako ikastaroa izango da? Astean zenbat ordu?

  • Aintzane Agirre: Ikastaroak, guztira, 240 edo 120 ordu izan ditzake; ikasleen beharren eta ezaugarrien arabera. Astean hirutan izango dira saioak (gehienez ere lautan), bi orduko erritmoan.


Zergatik ez diote orain arte euskaltegiek erronka honi heldu?

  • Pello Esnal: Besteak beste, programarik ez zegoelako. Erraz esaten da 240 orduko ikastaroa! Orain, ordea, badugu programa, hizkuntzaren ikuspegi berriari esker. Horrekin batera, euskaltegietako irakasleek eginahal handia egin dute eta egiten ari dira beren buruak are gehiago prestatzen.


Beti erronka berrietan sartuta…

  • Patxi Saez: Behar beharrezkoa du euskal hiztun-elkarteak, eta Azpeitia bezalako euskal arnasa-guneek oso bereziki, gure hizkuntza ahula lan-munduan txertatzea: Guztiok erdara hutsean lan egin behar badugu, zertarako bidaltzen ditugu seme-alabak D eredura eta unibertsitateko euskal ikasbideetara? Gaur gaurkoz, euskaraz lan egiteko hizkuntza-prestakuntza egokia behar-beharrezkoa du lan teknifikatua erdaraz egiten duen euskaldunak. Erdara hutsean bizi den lan-mundu batean jardun behar badugu, euskaraz bizi ahal izateko aukerak eta asmoak erabat ahulduta eta mehatxupean geratuko zaizkigu; izan ere, lehentxeago edo beranduxeago, erdal mundu horrek, ezarian-ezarian, erdararen uztarripean jarriko baitizkigu etxea eta auzoa, lagunarte hurbila eta kale-bizitza ere.
  • Pello Esnal: Halaxe da. Ez dugu ahaztu behar, ordea, azpeitiar batek nafar bati esana: zertarako balio dik mundu osoa irabazteak, heure arima galtzen baduk? Gogoan dut Bilboko fisika-irakasle bati entzuna: zertan ari naiz ikasleei fisika euskaraz irakasten, gero ez badira gauza elkarri egun onak ere euskaraz emateko?


Hala ere, Bilbotik Azpeitira etorrita…

  • Pello Esnal: Kontrapuntua jartzen ari nintzen.


Eta kontrapuntuari kontrapuntua jarriz…

  • Patxi Saez: Euskararen erabateko normalizazioaren mendi-gailurrera iristeko, lan produktiboan euskara txertatzea ezinbesteko eginkizuna dugu. Mendizale askoren ahalegin eta izerdiarekin iritsi gara, nolabait, iritsi garen tokira: trenbidearen azken aurreko estaziora iritsi gara, Azpeitiko belaunaldi askoren eginahal sendoari eskerrak. Orain, ezin dugu huts egin eta prestatu beharra daukagu azkeneko ekinaldirako, tontorrera iristeko. Hizkuntza-prestakuntza egitasmo hau horretarako tresna egoki bihurtu behar dugu.


Bejondeizuela! Asmatuko ahal duzue! Asmatuko ahal dugu!

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com