|
Azpeitiko 2004-2007 Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren lehendabiziko Ekintza Planaren balorazioa egin da. Apirilaren 21ean Euskara Biziberritzeko Planaren (EBPN) Azpeitiko Udal Aholku Batzordearen bilera izan zen. Bertan, Azpeitian 2004. urtean burututako Ekintza Planaren ondorioak aztertu ziren eta balorazioa egin zen.
Bilerara etorri zirenak
Bilerara etorri zirenak
Bilerara honako hauek etorri ziren:
- Euskaltegia: Pello Elortza
- Euskara Batzordeburua: Ana Mendizabal
- Habea: Dorleta Odriozola
- Ikasberri: Marijo Ezama
- Ogasun Batzordeburua: Manuel Unanue
- Prof. liberalak: Saioa Larrañaga
- SIADECO: Juanjo Allur eta Iñigo Iraeta
- Urola Ikastola: Joan Amenabar
- Uztarria: Mikel Arregi
Bileran aztertutako gaiak
- Aurreko akta onartzea
- 2004ko balorazioa
- Bestelakoak
Aurreko akta onartzea
Aurreko aktaren inguruan, Ana Mendizabalek izen-abizenen grafia euskaratzeko orduan izan dituzten arazoak aitatu zituen:
Batetik, epaitegian langilea aldatu egin dutelako eta langile berria oraindik ere lan berrira egokitzen ari delako.
Bestetik, nolabaiteko kopuru finkoa ezarri diotelako ekimen honi. Izan ere, ekimen hau ez da urte guztian zehar egingo, hiru hilabetez-edo bakarrik. Gainera, hiru hilabete horietan tramitatuko diren aldaketek ere kopuru mugatua izango omen dute.
Horren aurrean, Mikel Arregik esan du ez direla normalak epaitegiak ezarri dituen baldintzak; izan ere, baldintza horiek arazo dira edozein kanpaina egiteko.
Pello Elorzak, berriz, esan zuen aldi bakoitzean kopuru txikia onartuko dutenez, urte guztian egin ahal izatea lortu behar dela.
Ana Mendizabalek esan du aurtengoa balditza horietan egingo dela eta hurrengo urterako pentsatu beharko dela egoera nola aldatu eta zer hobetu daitekeen.
Bestelakoan, aurreko akta onartuta geratu da.
2004ko balorazioa
Juanjo Allurrek eta Iñigo Iraetak 2004an izan diren ekimenak azaldu dituzte, eta ekimen hauen inguruan Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Siadeco-k egin duten balorazioa. Hauek dira egindako ekimenak:
- Azpeitiko arlo sozioekonomikoan eragiteko egitasmoak:
- Arlo sozioekonomikoari zuzendutako komunikazio plana.
- Azpeitiko Euskara Patronatuaren zerbitzu eskaintza establezimenduetarako: "Zure esanetara" katalogoko hizkuntza zerbitzu eskaintzaren jarraipena.
- Bezeroekin ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izateko gaitasuna Azpeitiko establezimenduetan.
- Lorpenak eta hobetu beharrekoak.
- Azpeitiko lan munduan euskara sustatzeko talde eragilea.
- Azpeitiko lan munduan eragiteko hizkuntzaren normalizaziorako bulego teknikoa.
- Azpeitiko herri elkarteetan eragiteko egitasmoak.
- Mikroplangintzak: herri elkarteak eta aholkulartiza etxeak.
- Azpeitiko Udalean eta Azpeitiko Euskara Patronatuan eragiteko egitasmoak.
- Azpeitiko Udalean eta udalerrian eragiteko egitasmoak.
- Azpeitiko Euskara Patronatuan eraginkortasun eta kalitate irizpideka aplikatzeko egitasmoa.
- Lorpenak eta hobetu beharrekoak.
Erabilitako lan-prozeduraren irizpide teknikoak
Euskara Patronatuaren gidaritzapean SIADECO-k Azpeitiko udalerrian hizkuntza normalizaziorako beste prozesu bat abiarazteko garatu dituen proiektu ezberdinen ezaugarri eta irizpide tekniko orokorrak hauek izan dira:
- Ikerketa aplikatuan oinarritutako prozedura jarraitu da: hizkuntza normalizaziorako Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Siadeco-k dituzten printzipioak, Azpeitiko errealitatea ezagutu eta errealitate horrekin zuzenean lan eginez (enpresak, establezimenduak, elkarteak, Patronatuko langileak...) aplikatu dira.
- Bat-batekotasun edo emergentzia printzipioa: ikerketak egin eta proiektuak garatzerakoan, aurrez aurreikusi gabeko zeregin berriei aurre egin eta aukera berriak aprobetxatzeko neurriak hartu dira, beti ere azken helburuen lorpenerako garrantzitsuak gertatu diren aspektuetan.
- Malgutasuna: proiektuan aurreikusi gabeko alderdiek, eragin beharreko unibertso eta eragileen iritziek eta prozedura metodologikoak berak eskatu duten neurrian, lanerako prozedura metodologikoa egokitu eta aldatu egin da. Malgutasunez funtzionatzeko aukera, Azpeitian EBPN-ren eraginkortasun maila areagotzeko helburuarekin erabili da.
- Ikuspegi integrala: planteamenduetan eta lan urrats ezberdinen gauzapenean ere, egitasmo ezberdinen arteko loturak eta sinergiak bilatuz lan egin da.
- Informazio, sentsibilizazio eta formazio funtzio bateratua: Azpeitiko errealitate soziolinguistikoa ikertu eta ezagutzeko Siadeco-ri eskaini zaion aukerarekin, informazio adierazgarria eta baliagarria bildu ahal izan da. Informazio horren erabilpen egokia egiteko, hizkuntza sentsibilizazio eta formaziorako estrategiak garatu dira Azpeitiko eragile ezberdinekin (enpresetako kideak, elkarteak...).
- Aholkularitza teknikorako zerbitzu iraunkorra: Azpeitiko Euskara Patronatuaren laguntza eta zerbitzu eskaerei eraginkortasun maila handienarekin erantzuteko ahalegin handia egin da (epe laburrean erantzun, informazio egokia eskaini, proposamen eta balorazio txosten espezifikoak landu...).
- Azpeitiko errealitatearekin kontaktuan egonez, Azpeitirako lan tekniko bat egiteko izandako aukera eskertzen du Siadecok. Edonola ere, giza baliabide, diru baliabide eta baliabide teknikoen erabilera zientifiko, tekniko eta optimoa egiteko neurriak aplikatu dira. Arlo ezberdinetako profesionalez osatutako (soziologia, ekonomia, enpresen kudeaketa, legeria, administraritza, psikologia, euskal filologia...) guztira 11 laguneko lan taldea aritu da Azpeitirako proiektua gidatu, koordinatu eta bideratzen.
Azpeitiko arlo sozioekonomikoan eragiteko egitasmoak
Arlo sozioekonomikoarentzako komunikazio plana
Azpeitiko lan-arloan eragiteko komunikazio-planaren oinarri edo abiapuntua 2003. urtean Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Siadecok egindako ikerketa da: Azpeitiko esparru sozioekonomikoan euskara sustatzeko proiektuak. Azpeitiko lan-munduko errealitate soziolinguistikoaren inguruko datu adierazgarrienak erabili dira komunikazio planeko euskarrietan. 2003an, Azpeitiko enpresen, lanbide liberalen eta establezimenduen artean, guztira herriko 600 negozio-unitate baino gehiagoko ordezkariak elkarrizketatu ziren. Ikerketaren helburu nagusia, Azpeitiko enpresetan, lanbide liberaletan eta establezimenduetan euskarak bizi duen egoerari buruzko diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa egitea izan zen.
2004. urteko komunikazio eta informazio-fase honen helburu nagusia, azpeitiarrak eta bertako erakunde publikoak nahiz pribatuak, euskarak lan-arloan duen garrantziaz ohartaraztea da, euskara Azpeitiko esparru sozioekonomikoan sustraitu dadin. Komunikazio planaren helburuak hauek izan dira:
- Azpeitiko arlo sozioekonomikoko hizkuntza diagnostikoaren emaitza nagusiak gizarteratzea.
- Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren erronkak eta lan-ildoak ezagutaraztea Azpeitiko herrian.
- Euskararekiko irudia hobetzea eta euskararekiko interes berriak aktibatzea Azpeitiko lan-arloan.
- Azpeitiko enpresa-sarea euskaraz dinamizatzen laguntzeko bideak zabaltzea.
Horretarako, komunikaziorako hainbat elementu eta euskarri erabili dira. Azpeitiko eragile ekonomikoen eta herritarren artean euskararekiko interesa pizteko, komunikazio-plan erakargarria eta berritzailea diseinatu da. Komunikazio-ekintzen diseinua, eragile ta herritarrak proiektuan inplikatzeko eta euskararen alde motibatzeko egin da, beti ere, enpresen, lantegien eta establezimenduen errealitatea kontuan hartuz.
- Informaziorako modu orokorrak
- "Lan egin euskaraz" hiruorrikoa: Triptiko honetan, herriko errealitate soziolinguistikoaren inguruko daturik adierazgarrienak eta esanguratsuenak azaltzeaz gain, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren erronka eta lan-ildo nagusiak ere aurkeztu dira.
- Panel erakusketa: Komunikazio-planeko elementu adierazgarri bat Azpeitiko enpresak eta euskara harremanetan jartzen dituen panelen erakusketa da. Informazio-ekintza horren helburua ondorengoa da: euskararekiko sentiberatze edota euskara biziberritzeko mezuak zabaltzea panel-erakusketa egiteko prest dauden enpresetako langileen artean.
- "Lan egin euskaraz" egutegia: enpresa, lantoki eta establezimendu guztietan banatzeko egutegi bat prestatu da, "lan egin euskaraz" leloa ezagutarazteko.
- Informaziorako modu pertsonalizatuak
- Enpresa bakoitzerako informazio espezifikoarekin orri bereziak eta pertsonalizatuak: Azpeitiko enpresek beraien lantokiko euskararen erabileraren datu errealak jakiteko eta berauek Azpetiko lan-munduko beste datu batzuekin konparatzeko aukera izan dute. Horrela, euskararen erabilerari dagokionez, enpresa bakoitzak bere indarguneak eta ahulguneak ezagutzeko aukera izan du.
- 45 langile baino gehiago dituzten enpresetan hitzaldiak eta bilerak egiteko aukera: enpresa hauek hitzaldiak eta bilerak egiteko aukera izan dute. Helburua, informazioa langile guztiei helaraztea izan da, eta Azpeitiko lan-munduko euskararen egoera eta beraien enpresako egoeraren berri ematea.
"Zure esanetara" katalogoko hizkuntza-zerbitzuen eskaintzaren jarraipena
Egitasmo honen helburu nagusia "Zure esanetara" katalogoko hizkuntza zerbitzu-eskaintzari jarraipena ematea da. Hau da, euskararazko zerbitzuen eskaintza zabaltzea Azpeitiko establezimendu guztietara. Egitasmo honekin lortutako beste helburu batzuk, hurrengo hauek dira:
- Azpeitiko merkataritza sektorean euskararen erabilera sustatzeko Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bitartez, dituen eskaintzen berri ematea: zerbitzuak, dirulaguntzak eta materialak.
- Establezimenduetan hizkuntzaren erabilerarekin lotutako beharrak aktibatzea.
- Aurreko bi helburuak lortzen lagun dezakeen "Zure esanetara" katalogoa establezimenduetan zabaldu eta ezagutaraztea.
- Establezimenduek euskararen inguruan dituzten material eta zerbitzu eskaerak jaso eta horien prestaketa eta zabalpena koordinatzea.
Horretarako,
- "zure esanetara" katalogoa berritu egin da: aldaketa nabarmenenak katalogoaren diseinuan egin dira. Aurreko urtean erabili zen katalogoa erabat eraberritu da. Diseinu berritzaile eta aldi berean erakargarria izateko elkarlana egin da bi hilabetez publizitate agentzia batekin. Horretarako, 2004ko azken bi hilabeteetan, beharrezko egokitzapen guztiak egin dira katalogoan.
- Zerbitzu eskaintza zabaldu egin da: eskaintza zabaldu eta handiagotu egin da aurreko kanpainarekin alderatuta: ohiko eskaintzaz gain, aurten euskarazko aplikazio informatikoak erabiltzeko aukera eskaini zaie establezimenduei. Hauek dira establezimenduei emandako zerbitzuak:
- Itzulpen zerbitzua.
- Material eskaintza.
- Arlokako hiztegiak.
- Zerbitzuen sektorearentzako euskara ikastaroak.
- Errotulua aldatzeko dirulaguntzak.
- Euskarazko aplikazio informatikoak.
- Hizkuntza arloko aholku-zerbitzu pertsonalizatua.
Bezeroekin ahozko eta idatzizko harremanak euskaraz izateko gaitasuna Azpeitiko establezimenduetan
Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan nagusiaren baitan, herriko merkataritza, ostalaritza eta gainerako zerbitzuetako establezimenduekin lan egin eta haietan euskarak bizi duen egora ezagutu eta euskararen normalizazioan aurrerapausuak emateko. EBPN-ren lan-ildoetariko bat bezeroari euskarazko zerbitzu on bat eskaintzea da eta hori behar bezala bideratzeko laguntza teknikoa eskaintzen du Azpeitiko Euskara Patronatuak. Laguntza hori onartu eta euskarazko zerbitzua eskaintzera iristen den establezimenduak, hori akreditatzen duen egiaztagiria eskuratzeko aukera du.
Azpeitiko Euskara Patronatuak urtez urte lehentasunezko 50 establezimendu aukeratzen ditu, horiek faseka antolatuta dagoen euskararen normalizazio prozesu batean parte har dezaten. 2004ko egitasmo horren bi lan ildo nagusiak ondorengoak dira:
- Batetik, 2003an aurkeztutako lehentasunezko establezimenduetan jarraipen-lana egitea.
- Bestetik, herriko lehentasunezko beste 50 establezimenduren identifikazioa egitea, 2004an bezeroari euskarazko zerbitzua ziurtatzen dioten Azpeitiko 50 establezimenduen multzoa zabaltzen joateko.
Lorpenak eta hobetu beharrekoak
Hauek izan dira lorpenak:
- komunikazio-planean erabilitako materiala arlo sozioekonomikoko eragile ia guztiek ezagutzen dute. "Lan egin euskaraz" triptikoaren hedakuntza oso handia izan da, Azpeitiko lan-arloko eragile guztien artetik % 99ak hiruorrikoa esku artean baitu. Beraz, Azpeitiko lan-arloko eragileen gehiengoak izan du EBPN-k arlo sozioekonomikorako dituen egitasmoak ezagutzeko aukera.
- Lan-arloko eragileei komunikazio planean erabilitako informazioa interesgarria iruditu zaie. Arlo sozioekonomikoko eragileen gehiengo nabarmenak, edukia "Oso interesgarria" ala "Nahiko interesgarria" dela azaldu du.
- "Euskara merkataritzara" egitasmoaren barruan, "Zure esanetara" katalogoak izan duen berrikuntza partziala aitatu beharra dago. Batetik, diseinua goitik behera eraberritu da, hots, katalogoaren itxura aldatu da. Bestetik, katalogoko zerbitzu eskaintza handiagotu da. Hemendik aurrera, bereziki establezimenduetako barne gestioa errazteko sortu den euskarazko aplikazio informatiko berria erabiltzeko aukera eskaini zaie herriko establezimendu guztiei.
- Azkenik, lehentasunezko establezimenduen artean, egiaztagiriak lortzeko eta bezeroari euskarazko zerbitzua eskaintzeko egoerara iristeko interes maila handia izan da lehen eta bigarren faseko saltokietan. Adierazpen honen froga lehen faseko establezimenduetan egindako jarraipen lanean aurkitzen dugu. Izan ere, iaz egiaztagiriarekiko interesa agertu zuten establezimenduen artean, 10 izan dira lehen faseko jarraipena burutu ondoren egiaztagiria lortu dutenak.
Hauek dira, berriz, hobetu beharrekoak:
- Herrian bi egiaztagiri egoteak nahasmen handia sortu du establezimenduetako arduradunen artean. Bisitariak saiatu dira bata eta bestearen arteko aldeak agertzen, baina merkatari batzuk diferentzia hauek ez dituzte ulertu edota bere atsekabea adierazi dute egoera honen aurrean.
Lan munduan euskara sustatzeko talde eragilea
Azpeitiko enpresa arloko arduradun eta ordezkariek, Azpeitiko lan munduan hizkuntza normalizaziorako abian jarri den dinamika berria bere egin eta EBPN-ren egitasmoetan partaide aktibo sentitzeko helburuarekin sortu da Azpeitia mailan lan munduko Talde Eragilea.
Hauek dira bete beharreko funtzio nagusiak:
- Azpeitiko Udalaren (Azpeitiko Euskara Patronatuaren bitartez) eta eragile pribatuen arteko zubi lanak egitea, informazioa eman eta jasoz (enpresetatik Udalera, Udaletik enpresetara) nahiz elkarri proiektuak proposatuz eta elkarrekin proiektuak martxan jarriz. Arlo sozioekonomikoari begira dauden proiektuen eta egitasmoen berri izan du Talde Eragileak. Era berean, proiektu eta egitasmo hauetan parte hartzeko aukera eskaini zaie Talde Eragilea osatzen duten enpresetako ordezkariei.
- Arlo sozioekonomikorako egitasmoak indarrean jarri eta euskara sustatzeko proiektuen eraginkortasuna etengabe hobetzeko iradokizunak jasotzea.
Talde eragilearekin landutako informazioa
Akta bidez jasota daude edukiak eta atal nagusienak ondorengoak dira:
- Talde Eragilearen osaketa eta funtzionamendua.
- Azpeitiko enpresen ezaugarriak eta euskararen egoera.
- Euskara Biziberritzeko Planean orain arte emandako pausuak.
- 2005erako erronkak.
Lorpenak
- Hizkuntza normalizazioa helburu duen foro batera Azpeitiko enpresa ezberdinetako kideak biltzea lortu da, euskararen sustapenean bide bat egina duten enpresetakoak batzuk, baina dena egiteke egon daitekeen enpresetakoak ere bai.
- Talde Eragilearekin egindako lehen bileraren dinamika, aberatsa eta partehartzailea izatea lortu zen.
- Bulego Teknikoaren proiektu garrantzitsua, enpresa munduarekin adostu eta erabakiak kontrastatuz abian jarri nahi denez, Talde Eragileak proiektu horretara egin dezakeen ekarpena garrantzitsua izan daitekeela aurreikusten da.
Hobetu beharrekoak
- Enpresa-munduak euskararen normalizaziorako ekintza eta eragileeekiko dituen aurreiritziak eta irudiarekin zerikusia duten alderdi ez positiboak gainditu beharra dago.
- Talde Eragilean parte hartzen dutenen artean, enpresetako zuzendaritza organoetako kideen presentzia areagotzea interesgarria izan daiteke.
Bulego teknikoa
Azpeitiko lan-munduan hizkuntza-normalizazio prozesu bat sustatu eta gidatzen lagunduko duen Bulego Tekniko baten proiektua egin da 2004. urtean. Egitasmoa, aitzindari izateko asmoarekin sortua da. Azpeitiko enpresa sareak komunikazio esparruan dituen beharrak, Azpeitiko Euskara Patronatua lantzen ari den hizkuntza normalizaziorako oinarriekin lotu eta gaitasun tekniko eta profesional egokia duen egitura tekniko bat eratu nahi da Azpeitian. Egitura tekniko horrek Azpeitiko lan munduan eraginkortasunez aritu eta enpresa-sare hori dinamizatzeko giltzarriak gerta daitezkeen zerbitzu eta ekintzak era eraginkor eta efizientean, planifikatu, exekutatu eta ebaluatzeko moduak eskaini behar ditu.
Bestalde, azpimarratu nahi dugu arlo-sozioekonomikoan eragiteko hizkuntza normalizaziorako funtzio eta zeregin berriak proposatzen dituen proiektu honetarako, Siadeco-ren ahalegina handia izan dela, eta informazio oinarri eta iturri ezberdinez baliatuz eta irakurketa nahiz planifikaziorako oinarri sendoa duten metodoak erabiliz, Azpeitiko Udalarentzat eta enpresa-sarearentzat, berritzailea, eraginkorra eta bideragarria izan daitekeen egitasmo baten aurrean gaudela.
Lorpenak
- Arlo sozio-ekonomikoan hizkuntza normalizaziorako ahaleginak optimizatzeko planteamendu berri bat du Azpeitiko herriak. Planteamendu berri hori Azpeitiko herriaren ezaugarri soziolinguistikoekin lotzen bada, erreferentziazko egitasmoa izatea lortu daiteke.
- Orain artean EBPN-ren barruan aparteko proiektu bezala gestionatutako lan ezberdinak, egitasmo orokorrago batean bildu eta eraginkortasun maila handiagoarekin lan egiteko aukera eskaini lezake.
- Proiektua epe motzean martxan jarri ahal izateko Kudeaketa Plan bat ere finkatua dago.
- Onarpen maila bat izan du dagoeneko: EBPN-ko Jarraipen Batzordean aurkeztu da, enpresetako ordezkarien Talde Eragilearekin lehen kontraste bat egin da eta Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Azpeitiko Udalak bere egin dute proiektua.
Hobetu beharrekoak
- Azpeitiko lan munduko eragile, herri administrazioko eragile publiko eta gizarte eragileen (komunikabideak, sindikatuak...) arteko koordinazio lanaz gain, heziketa arloarekiko eta ikastetxeekiko harremana ere kontuan hartu behar dira proiektuaren barruan.
- Proiektua martxan jarri eta ongi gestionatzeak gutxieneko baldintza batzuk eskatzen ditu. Baldintza horien artean garrantzitsua da Bulego Teknikoaren proiektuaren erabilera ez egokia ez egitea eta Azpeitiko lan-munduko eragileen aurrean irudi on bat lortu eta prestigiatzeko neurriak hartzea.
Azpeitiko herri elkarteentzako komunikazio plana
Komunikazio plan honen abiapuntua eta oinarria 2003. urtean Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Siadeco-k egindako ikerketa da: "Azpeitiko elkarteetan euskara sustatzeko proiektuak". Ikerketa horren emaitzak kontuan hartuta egin da herri elkarteei zuzendutako komunikazio-plana.
Helburu nagusiak
Hauek izan dira komunikazio-planaren helburu nagusiak:
- Esparru asoziatiboaren hizkuntza arloko diagnostikoaren emaitza nagusiak gizarteratzea.
- Esparru asoziatiboan euskararen aldeko dinamika berriak suspertzea.
- Azpeitiko elkarteei elkarlanean oinarrituz hizkuntza normalizaziorako bide berriak eskaintzea.
Erabilitako baliabideak
- "Elkarteen hizketa euskaraz" hiruorrikoa: hiruorriko honek elkarteen errealitate soziolinguistikoaren inguruko daturik adierazgarrienak azaltzen ditu; baita EBPN-ren erronka eta proiektu nagusiak ere.
- Komunikaziorako modu pertsonalizatuak: elkarte bakoitzaren euskararen egoerari buruzko datu zehatzak ezagutzeko aukera eskaini da, baita elkarte bakoitzak datu orokorrekin konparatzeko aukera ere.
Metodologia
Hauek dira emandako pausuak:
- Hiruorrikoa diseinatu.
- Aurkezpen ekitaldia egin.
- Hiruorrikoa banatu eta bidali.
- Ikustaldiak egin elkarte guztietara.
- Ikustaldietan lortutako datuak grabatu eta ustiaketa estatistikoa egin.
- Balantze txostena prestatu.
Lorpenak
- Zabaldutako informazioaren balantze positiboa: Komunikazio-planean erabilitako triptikoaren irakurketa-maila oso altua izan da materiala lehen bidalketan jaso dutenen artean. Zentzu honetan, elkarrizketatutako elkartekide gehienei komunikazio-planean erabilitako informazioa interesgarria iruditu zaie. Honez gain, herriko eta arlo asoziatiboko euskararen egoeraren inguruko informazio gehigarria jasotzeko interes handia azaldu dute.
Hobetu beharrekoak
- Azpeitiko Euskara Patronatuak aurten martxan jarri duen hizkuntza zerbitzua sustatzea. Hizkuntza zerbitzu honen eskaintza ezezaguna da herriko elkarte askorentzat. Beraz, ezjakintasun honi aurre egiteko, elkarteei zerbitzu honek eskaintzen dituen materialen eta elementuen berri eman behar zaie 2005. urtean.
Mikroplangintzak: herri elkarteak eta aholkularitza etxeak
Mikroplangintzak euskararen erabilera indartzeko martxan jarria dagoen proiektuaren barnean daude.
Helburu nagusia zera da: erakunde baten barne nahiz kanpo funtzionamenduan euskararen erabilera orokortzea, beti ere modu mailakatu eta progresibo batean eta horretarako dauden aukerak kontuan hartuta.
Horretarako, erakunde bakoitzaren azterketa egiten da eta azterketa horren emaitzak abiapuntutzat hartuta plangintza diseinatzen da. Beraz, erakunde bakoitzak bere plangintza dauka, eta planaren garapenerako laguntza iraunkorra jasotzen du.
Egin duguna
Hauek dira egin ditugun pausuak:
- Irizpideak finkatu.
- Esku artean genituen elkarte eta eragile horien datu errealak irizpide horien arabera baloratu.
- Aukeratutakoen zerrenda Azpeitiko Euskara Patronatuari aurkeztu.
- Mikroplangintzen aurkezpen bilera egin.
- Jasotako erantzunak establezimendu motaren arabera sailkatu.
- Zuzeneko elkarrizketa sakonaren bidez, eta erdi egituratutako galdeketa baten laguntzaz, datu bilketa egin.
- Mikroplangintzak aukeztu.
- Jarraipena egin.
Lortutako emaitzak
- Mikroplangintzetan lortutako emaitzak behar bezala baloratu ahal izateko, komenigarria izango da planak martxan izango diren bi urteetan zer aurrerapauso ematen diren ikusi arte itxarotea. Izan ere, planak aurkeztuta badaude ere, planen garapen eta jarraipen fasea laburra izan da oraindik.
- Mikroplangintzan interesa duten eragile guztiek (bai aholkularitza-etxeek, baita elkarteek nahiz inmobiliariek ere) oso jarrera ona azaldu dute planarekiko. Guztiek euskararen erabilera aurrerapausuak emateko borondatea eta interesa azaldu dute. Eragile hauen hizkuntza abiapuntua altua da (ahozko erabileran euskara nagusi da eta idatzizkoan ere -aldeak badauden arren- euskara erabiltzen da), baina, oro har, bada zer egina.
Lorpenak eta hobetu beharrekoak
Hauek dira lorpenak:
- Sektore produktiboarekin lotutako erakundeen aukeraketa egokia: Azpeitiko hiru aholkularitza-etxetan eta 2 dendari elkarteetan mikroplangintza diseinatzea eta garatzea oso aberasgarria gerta daiteke, bai erakunde horientzat, baita beraiekin lan harremanetan dauden merkataritza-establezimendu, profesional edota enpresentzat ere. Erakunde hauetan euskararen erabilera sustatzeko (batik bat idatzizko erabilera sustatzeko) emango diren urratsek "eragin biderkatzailea" izan dezakete, Azpeitiko beste hainbat eragiletan islatuz.
- Beraiekin euskaraz egitea oso zaila (ia ezinezkoa batzuetan) gertatzen den erakundeak detektatu dira, eta hainbat izapide erdaraz egitea ia ezinbestekoa gertatzen da: mikroplangintzak garatu diren erakundeetan argi geratu da hainbat erakunderekin euskaraz egitea (ahoz eta idatziz) oso zaila gertatzen dela, eta beraiekin egin beharreko izapideak gaztelaniaz egin behar direla. Kasu askotan, zaila izango da Udaletik erakunde hauetan eragitea (Udalaren eskumenetik kanpo baitaude gehienak), baina oztopoak non dauden jakitea, horiek gainditzeko eman beharreko lehen urratsa da.
- Mikroplangintzak martxan jarri besterik egin ez badira ere, bere lehen fruituak ematen hasita daude: mikroplangintzak interesez eta ilusioz hartu dituzte ukitutako eragileek, eta planetan planteatutako lehen urratsak ematen hasita daude.
Hauek dira, berriz, hobetu beharrekoak:
- Mikroplangintza garatu den bi gastronomi-elkarteetan euskararen erabilera ia erabatekoa zela esan daiteke. Ahozko harremanetan euskaraz egiten dute, eta idatzizko harremanik apenas dute ( eta gutxi hori ere euskaraz). Hori jakin badakigu, gastronomi-elkarte horietan mikroplangintza egiten delako, baina aurrera begira, egokiagoa izan daiteke era horretako elkarteetan baino, beste erakunde batzuetan egitea (lehen esan bezala, "eragin biderkatzailea" izan dezaketen erakundeak).
Azpeitiko Udalean eta Euskara Patronatuan eragiteko egitasmoak
Euskararen sustapenerako udal-ordenantza
Zuzenbidean doktore eta EHUko irakasle den Iñaki Agirreazkuenagarekin elkarlanean aritu da Siadeco, eta euskararen sustapenerako Udal-agintaraua landu eta idatzi dute. Agintarau hau Azpeitiko herriaren errealitatearekin eta Euskara Patronatuak nahiz Siadeco-k Azpeitirako garatuta dituzten hizkuntza normalizaziorako irizpideekin uztartu da.
Agintarau honen inguruan, aurrera begira ondorengo urrats hauek egingo dira:
- Landutako Udal-agintarauaren irakurketa eta azterketa teknikoa egitea Azpeitiko Euskara Patronatuak.
- Xedapen eta artikuluen azterketa analisia Azpeitiko Udaleko jurista batek eta idazkariak egin dezaten proposatzea Udaleko arduradunei.
- Udal-Ordenantzaren aurkezpena egitea Udaleko sail ezberdinetako zerbitzu buruei.
- Behin betiko testua Azpeitiko Udalak onartzea.
- Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
- Onartutako Udal-agintarauaren arabera, Azpeitiko Udalera begira eragiten dituen betebeharrak oraingo egoerarekin alderatzea.
- Hizkuntza normalizaziorako jarraibide eta irizpideen definizioa egin eta Udalean eragiteko plangintza taxutzea.
- Plangintza indarrean jarri eta jarraipena egitea.
Euskara Patronatuan eraginkortasun eta kalitate irizpideak aplikatzeko egitasmoa
2004. urteko Kudeaketa Planean Patronatua kudeatzeko modua hobetzeko bide berriak zabaltzea aurreikusi zen eta prozesu hori martxan jarri da SIADECO-ren aholkularitza teknikoarekin. Hala ere, 2004. urtean lehen urratsak bakarrik eman dira:
- Informazio eta formazio izaerako lehen bilerak egin langileeekin.
- Patronatuaren funtzionamendu, gestio modu eta zerbitzu eskaintzari buruzko hausnarketa bat egin.
- Patronatuaren 2004ko egoerari buruzko adierazleak lortzeko informazio bilketa egin.
- Lehentasunezko eragin-eremuak identifikatu.
- Jarraipenerako lan-programaren proposamena egin.
Lan hau egin ondoren, txosten espezifiko bat prestatu da, eta txosten honek diagnostikoaren emaitzak eta hobekuntzarako proposamen berriak jasotzen ditu.
Lorpenak eta hobetu beharrekoak
Hauek dira alor honetan lortutakoak:
- Euskararen sustapenerako eta hizkuntza normalizaziorako arlo juridikoan aspektu berriak jasotzen dituen Euskararen Udal-agintarauak landu dira Azpeitirako.
- Azpeitiko errealitate soziolinguistikoa aintzakotzat hartuta eta errealitate horretatik abiatuta egindako lana izan da Udal-agintarauen definizio eta proposamenerako egindako lana.
- Agintarauen testua bi hizkuntzatan (euskaraz eta gaztelaniaz) aurkeztu da Azpeitiko Euskara Patronatuan.
- Arlo juridikoan eta hizkuntza normalkuntzarako araubideetan eskarmentu handia duen profesional on batekin kolaboratzeari garrantzi handia eman zaio.
- Azpeitiko Euskara Patronatuko langileak, EFQM ereduaren autoebaluaketa prozesuan inplikatu, gogoeta ariketa egin eta informazio kuantitatiboa nahiz kualitatiboa jasotzea lortu da.
- EFQM ereduaren arabera, egoeraren neurketa soila egitera bakarrik ez da mugatu egindako lana; aitzitik, etorkizunera begira estrategia eta bide berriak zabaltzeko proposamenak ere landu dira. Azpeitiko Euskara Patronatua, Azpeitia eta eskualde mailako hizkuntza normalizazioaren prozesuan eragile erabakiorra izateko oinarri eta ideiak proposatu dira.
Eta hauek dira hobetu beharrekoak:
- Azpeitiko Euskara Patronatuko langileekin egindako bilera eta informazio bilketa prozesuek eten bat izan dute lanerako egutegian eta hasiera batean aurreikusitako lan fase eta egutegiaren aldaketei buruzko zergatiak ez dira behar bezala komunikatu. Aurrera begira kontuan hartu beharreko aspektua izango da.
- Guztira 12 egitasmoetarako hasiera batean aurreikusiak zeuden planteamendu tekniko, baliabide eta lan-egutegiarekiko aldaketak egon dira, lan prozesuak berak sorrarazi dituenak; horrek denak, egitasmo ezberdinetarako aurreikusitako baliabideetan gora beherak eragin ditu.
Bestelakoak
Ez zen beste gairik izan. Zenbait galdera izan ziren Siadeco-ren balorazioaren inguruan eta gero HEBE eta BEZ ziurtagirien inguruko eztabaida egon zen.
Eta horrela bukatu zen bilera.
Hurrengo bilera udaldian izango da, ikasturte bukaeran.
|