Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak amaitu dira

Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak amaitu dira

2005-04-07 / 21:41 / Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Azkendu dira Azpeitiko Gazte Hizkera aztergai izan duten jardunaldiak. Antolatzaile eta gonbidatuak pozik agertu dira lortutako emaitzekin.

Gaurko saioan (2005-04-07) Asier Larrinaga EITB-ko Euskara Saileko buruak "Euskarazko gazte hizkera telebistan" izeneko hitzaldia egin du. Gero, mahai ingurua izan da eta Estitxu Elduaienek (Matraka astekaria), Goizeder Tabernak (Xirika Gazteon Kazeta), Alberto Irazuk (Gaztetxulo hilabetekaria) eta Joseina Etxeberriak (Euskadi Gaztea Irratia) esku hartu dute.

Ondoren, Euskara Patronatuan egon diren gazteek beren ondorioak azaldu dituzte eta gauza bera egin dute Urtxintxakoek eta Ttakunekoek: bi egun hauetako hitzaldietatik ateratako ondorio nagusiak azaldu dituzte. Baita mahai inguruen ondorioz ateratako ondorioak ere.

Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan

Asier Larrinagak ETB-ko gazteentzako programetan hizkuntz erregistroak eta hizkerak islatzeko orduan izaten dituzten arazoak eta emandako konponbideak azaldu ditu. Hona hemen aitatu dituen zenbait kontu.

Zer da gazte hizkera

Telebistan lan egiten dutenentzat ez dago hizkera baino kontzeptu garrantzitsuagorik. Hizkuntza osotasuna da baina bere barnean hizkera mordoa dauzka. Hizkuntzak azpimultzoak dauzka eta faktore batzuen edo besteen arabera era bateko edo besteko hizkera erabili ohi da. Gainera, faktore horien arabera konbinazio asko egin daitezke. Adibide moduan "Sorginen laratza" programa eta albistegiak kontrajarri ditu. Albistegiak erabat serioak dira eta hizkera erabat formala eskatzen dute; Sorginen laratzak, berriz, askoz ere hizkera informalagoa erabiltzen du. Beraz, hizkera komunikazioaren araberakoa izaten da.

Gazte hizkeraren ezaugarriak

Komunikazioaren ikuspegitik gazte hizkerak lau ezaugarri ditu:

  • Ahozkoa da
  • Bat-batekoa da
  • Kolokiala (hau da, ez da formala)
  • Gazteen artekoa da.

Hala ere, komunikabideetara heltzerako zahartuta egon ohi da gazte hizkera eta hori telebistan ederki antzematen da.

Ezaugarri horiek nola eragiten dute hizkuntzan

Ezaugarri horiek kontuan hartuta, gazte hizkerak

  • sintaxi bakuna,
  • lexiko berezia
  • eta ahoskera zaindugabea (hizkera estandarretik apartekoa) izan ohi du.

Gazte hizkeraren egoera Euskal Herrian

Euskal Herrian ez dago gazte hizkera nazionalik. GAzte hizkera egon badago, baina oso eremu txikietan. Gainera, eremu horiek ez daukate elkarrekin ia kontakturik eta ez dute elkar ulertzeko balio. Horregatik, ETB-k euskara batuan oinarritutako gazte hizkeraren aldeko hautua egin dute.

Izan ere, unibertsitatean adibidez, bada gazte hizkera, eta normalean baturanzko joera izaten du, jendeak ez du ingurukoek bere herriarekin lotzerik nahi izaten eta horregatik, suabizatu egiten du bere jardunbidea eta hitzak ere aldatu egiten ditu. Nolabait esateko, komunikazioa oztopatzen duten gauzak alde batera uzten dira.

Bestalde, telebistan ematen duten guztia gezurra da. Telebistan ematen dutena errepresentazio soila da. Horregatik, gutxieneko bat hartzen dute eta hori erabiltzen dute. Horrekin itxura egiten bada nahikoa izaten da. Eta hori da hain zuzen ere hizkuntzarekin gertatzen dena: erreala ez izanagatik gerturatzen den edo itxura egin dezakeen hizkuntza hartzen da eta hori erabiltzen da.

Arazo nagusiak

Hala ere, gauzak ez dira hain erraz konpontzen eta lexikoa eta esapideak izaten dira arazo gehien ematen duten kontuak.

Eta arazo horiek konpontzeko, batzuetan betiko zehazten dute zenbait kasutan erabiliko duten terminologia: epaiketetan erabiliko duten terminologia zehaztuta daukate. Ez dakite erreala den edo ez baina ETBn epaiketak agertzen diren bakoitzean terminologia bera erabiltzen dute.

Beste zenbait kasutan zerrendak egiten dituzte jendeak erabiltzen dituen (edo erabili izan dituen) hitzekin, eta analizatu egiten dituzte ea erabilgarriak eta ulergarriak diren.

Eta hala ere ez badute hitz edo esapide egokia topatzen ba asmatu egiten dituzte hitz edo esmolde berriak.

Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan

Mahai inguru honetan Estitxu Elduaienek (Matraka astekaria), Goizeder Tabernak (Xirika Gazteon Kazeta), Alberto Irazuk (Gaztetxulo hilabetekaria) eta Joseina Etxeberriak (Euskadi Gaztea Irratia) esku hartu dute, eta Jaime Altunak (Urtxintxa Eskola) jardun du moderatzaile.

Hauek dira esan dituzten ideia nagusiak:

  • Kantitatea garrantzitsua da (euskara eta kasu honetan gazte hizkera asko erabiltzea).
  • Gazteei begira egiten den prentsan agian ez da gazte hizkerarik egongo baina gazte tonua eta estiloa behintzat badago.
  • Erakargarritasuna bilatu behar da.

Helduen jardunaldietako ondorioak

Kike Amonarrizek esan dituenak

  • Azken 5-6 urteotan gazte hizkera nazionala sortu dela esan daiteke.
  • Ez gara originalak, behin eta berriro gabiltza gai berarekin bueltaka.
  • Gazte hizkeraren ezaugarriak:
    • Nahasia
    • Euskal Herri osoa hartzen du
    • Komunikazioaren adierazkortasuna irabaztea da helburu nagusia
    • Egoera soziolinguistiko baten ondorioa da, baina faktore ekonomiko, politiko eta kulturalek ere zerikusia dute.
  • Erdarakadak eta interferentziak positiboak dira kasu batzuetan.

Imanol Esnaolak esan dituenak

  • 10 urteren ondoren ez da ezer aurreratu.
  • Gazte talde izaeraren kontzientzia piztu behar da.
  • Ez da ulertu gazte hizkera zer den.
  • Euskara batuaren sindromearekin segitzen dugu eta ezin da gazte hizkera zainetatik sartu.
  • Euskal Komunikatzaileen Elkartea sortzeko beharra; gazte hizkeraren inguruan kezka duten eragileak biltzeko gunea sortzea.

Asisko Urmenetak esan dituenak

  • Diagnosia egin behar da, hutsunea non den ikusi eta komunikabideen bitartez hedatu.
  • Erabilera bultzatu behar da batez ere, ezagutza eta motibazioaren aldean.
  • Euskara kolokiala, euskara koloniala al da?
  • Euskara kolokiala estandarra eraiki behar da; Gazte hizkera nazionala falta da. Euskalkiak ez badu elkar ulertzeko aukerarik ematen, ez du balio.

Arratsaldeko mahai inguruan esan dituztenak

  • Aisialdia ingurune egokia da hizkera kolokiala sustatzeko, baina eragozpen handiak daude.
  • Helburua hizkuntzarekin jolastu eta ongi pasa daitekeela ikustea da.
  • Euskararen arima zaindu behar da, bere bizitasuna.
  • Hizkuntzak ezagutzen dira erabiltzen diren neurrian eta erabiltzen diren neurrian ezagutzen dira.
  • Eskolan erabilera-eremu ezberdinak daude eta sistematikoki antolatu behar dira.

Asier Larrinagak esan dituenak

  • Tokian tokiko gazte hizkera dago; ez dago homogeneotasunik.
  • Gazte hizkeraren formak telebistara iristen direnerako, ez dira kalean erabiltzen.
  • Unibertsitatea eta teknologia berriak gazte hizkera sortzeko gune posibleak dira.
  • Telebistan gazte hizketa imitatu egiten dute.

Goizeko mahai inguruan esan dituztenak

  • Kantitatea garrantzitsua da (euskara eta kasu honetan gazte hizkera asko erabiltzea).
  • Gazteei begira egiten den prentsan gazte tonua badago.
  • Erakargarritasuna bilatu behar da.

Gazteen jardunaldietako ondorioak

Gaur egungo egoera

  • Kokapen geografikoaren arabera, eskualdearen arabera, gazte hizkeraren ezagutza eta erabileraren artean ezberdintasun handiak daude.
  • Hiri edo herri handi eta txikien arten ezberdintasunak daude. Hiri handietan euskararen erabilera baxuagoa da (etorkinak, gurasoen hizkuntza…) eta gazte hizkera apenas dago, kalekoa, etxekoa, eskolakoa… berdina da. herri txikietan ordea, ezberdintasuna nabari da.
  • Ofizialtasuna beharko genuke Euskal Herri osoan.
  • Adinaren eta konfiantzaren arabera hizkuntza erregistro ezberdinak erabiltzen dira. Gazteek badugu kode propioa; mobilean, txatean… erabiltzen dugu.

Garrantzia

  • Euskara ez da eraberritu.
  • Gazte hizkerak kalean sortu behar du eta geuk indartu behar dugu.
  • Gazte hizkera nortasuna bultzatzeko nahitaezkoa da.
  • Gazte hizkerak ez du erdarak adina termino edo erregistro; edo behintzat ez dugu ezagutzen.

Eragileei eskatzen dietena

  • Administrazioa
    • Gazte hizkera bultzatzeko programa ezberdinak diseinatu eta martxan jartzea.
  • Komunikabideak
    • Telebista, irrati eta prentsako langileak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formatu.
    • Ondoren, gazteontzako telesail, aldizkari… sortu non gazte hizkera era naturalean erabiliko den.
  • Irakaskuntza
    • Gazte hizkera ez dugu irakaskuntzarekin lotzen, baina ondo ikusten dugu gai hauek zeharka lantzea eta horretarako saio, hitzaldiak… antolatzea.
  • Gazteak
    • Konpromisoa hartu behar dugu gazte hizkera sortu, ezagutu eta erabiltzeko, hizkuntza mantentzeko beharrezkoa baita.
    • Gazte topaketak bultzatzea ongi egongo litzateke.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Indartzeko konpromisoa
2005-04-08 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA

Bi egunetan hitz egin eta eztabaidatutakoaren inguruko ondorioak azalduz bukatu ziren atzo Gazte Hizkerari buruzko jardunaldiak.

Gazteek gazte hizkera erabili, indartu eta garatzeko konpromisoa hartu dute egunotan Gazte Hizkerari buruzko jardunaldietan.

Horixe azaldu zuten atzo, parte hartzaile guztien aurrean Enparan dorretxean. Euren buruari horixe eskatu zioten, baina administrazioari, komuni-kabideei eta eskolari ere eskaerak egin zizkioten gazteen izenean, Karmen Martinez de Lejarza azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria gasteiztarrak. «Administrazioari, gazte hizkera bultzatzeko programa ezberdinak diseinatu eta martxan jartzea eskatzen diogu. Komunikabideetako langileak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formatu beharko lirateke. Gero, telesailak, aldizkariak eta abar sortu, non gazte hizkera era naturalean erabiliko den. Irakaskuntzari, gazte hizkera ez dugu irakaskuntzarekin lotzen, baina ondo ikusten dugu gai hauek zeharka lantzea eta horretarako saioak eta hitzaldiak antolatzea».

Gaur egungo gazte hizkeraren egoera ere aztertu zuten gazteek. Haien esanetan, gaur egun kokapen geografikoaren arabera, gazte hizkeraren ezagutza eta erabileraren artean ezberdintasun handiak daude, baita hiri eta herri handi eta txikien artean ere. «Hiri handietan euskararen erabilera baxuagoa da eta gazte hizkera apenas dago, kalekoa, etxekoa eta eskolakoa berdina da. Herri txikietan ordea, ezberdintasuna nabari da».

Euskal Herri osoan euskararen ofizialtasuna ere eskatu zuten gazteek. «Euskara ezin badugu erabili, nekez indartuko baitugu gazte hizkera», zioten.

Garrantzizko kontuen artean, gazte hizkerak kalean sortu eta gazteek indartu behar dutela nabarmendu zuten: «Gazte hizkera nortasuna bultzatzeko nahitaezkoa da». Bestetik, euskarak erdarek bezainbeste termino edo erregistro ez dituela adierazi zuten gazteek, «edo behintzat ez dugu ezagutzen».

Gazteek ateratako ondorioak azaldu ondoren, hitzaldi eta mahai-inguruetan azpimarratutakoaren berri eman zuten, labur, antolatzaileek. Eta, ondoren, jardunaldiei bukaera emateko, galdera-erantzunen txanda izan zen. Gazteak animoso zeuden, eta hizlari. Helduek galdetutakoei erantzunez eta haien usteak eta iritziak azalduz, eskurik esku zebilen mikrofonoaren aurrean.

Atzo eguerdiaz geroztik gazte hizkerari buruzko hausnarketak sendoagoak dira. Orain, hitz egiten segitu behar.

  • Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-04-08an.
 
Gazte hizkera: estandarra eta naturaltasunaren artean
2005-04-08 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

Ondorioak eta proposamenak plazaratuz agurtu ziren lehenengo jardunaldietan.

Gazteak beraien ahotik plazaratu zituzten beren ondorioak helduen aurrean. (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Euskal Herri osorako gazte hizkera estandar bat eratzea beharrezkoa eta posiblea al da, edota euskalkien paretsu, kaleko hizkeraren naturaltasuna gailendu behar da gazteen arteko hizkeran? Galdera hori airean geratu zen nolabait atzo Enparan Dorretxean, lehendabiziko Gazte Hizkera Jardunaldien amaieran.

Ondorio eta proposamenen tartearekin bukatu ziren atzo eguerdi partean egun eta erdiz Azpeitian batetik hezkuntza eta aisialdi munduko pertsonak eta bestetik 30 gazte inguru bildu dituzten jardunaldiak. Herenegun jardunaldien lehen urratsetan gertatu bezala, amaiera emateko ere bat egin zuten heldu eta gazteek Enparan Dorretxean.

Udal Euskara Patronatuaren egoitzan lanean aritu diren gazteak izan ziren beraien ondorioak lehendabizi plazaratu zituztenak. Beraiekin batera aritu diren bi monitorek lagunduta, Karmen Martinez de Lejarza azpeitiarrak eta Gorka Etxeberria gasteiztarrak aurkeztu zituzten, beraien kide guztien izenean, gazte hizkeraren inguruan ondorioztatu dituztenak, eta proposatzea nahi dutena. Gazteen jatorri geografikoa, herri handi edo txikikoak izatea edota adinak eta konfidantza maila gazte hizkera baldintzatzen duten aldagai gisa aipatu zituzten gazteek, eta euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasuna izatea ezinbestekotzak jo zuten.

Euskarazko gazte hizkera bat ez dela garatu ere uste dute Azpeitian bildutako gazteek, eta erdarazkoa askoz hedatuagoa dagoela. Euskaraz termino eta erregistroak faltan botatzen dituzte gazte hizkera garatzerakoan, edo egonez gero ez dituzte ezagutzen, baina gazte hizkera kalean sortu behar dela eta berau indartzea gazte beraien esku dagoela uste dute.

Gizarte eragile desberdinei zenbait proposamen ere luzatu nahi izan dizkiete jardunaldi hauen bidez. Administrazioari gazte hizkera bultzatzeko programak diseinatu eta bultzatzea eskatzen diote, komunikabideei Euskal Herri osoko gazteei zuzentzeko adina formatutako profesionalak eta irakaskuntzari teoriaz gain gazte hizkeraren gaia zeharka bada ere lantzea. Gazteentzako proposamena ere plazaratu zuten: euskaraz egin eta gazte hizkera erabiltzeko konpromisoa, eta gazteen arteko topaketak egitea garrantzitsia litzatekeela uste dute.

Helduen topalekuan izandako hitzaldi eta mahainguruetan bildutako ideia nagusien laburpen bat ere eskaini zuten antolatzaileek atzo, heldu eta gazteen arteko elkarrizketa eta galdera-erantzunei tartea zabaltzeko. Gazte hizkera indartzeko Euskal Herri osorako balioko lukeen estandar bat sortzearen aldeko ideia onesten zuten batzuk. Beste batzuk aukera hori ez zuten hain baliogarri- tzat ikusten, "batua" baten antzekoak erabilgarritasun urria izango lukeelakoan, eta gazte hizkeraren «naturaltasuna» defendatzen zuten. www.aisia.net-en ikus ahal izango dira jardunaldietan jasotako ideia guztiak.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-04-08an.
 
Gazteek ez dute beharrezkotzat jotzen gazte hizkera bateratu bat
2005-04-08 / 19:13 / Unai Zubeldia - BERRIA

Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak ondorioekin amaitu ziren atzo, Azpeitian, eta gazteek garbi utzi zuten bakoitzaren euskalkia gazteen arteko ulermenerako oztopo ez, aberasgarri dela.

Iritzi kontrajarriekin amaitu ziren atzo Azpeitian (Gipuzkoa) gazte hizkerari buruzko jardunaldiak. Gazte hizkera bat beharrezkoa da, bai, horretan guztiak ados ziren atzo. Baina, gazte hizkera nazional, estandar bat? Gazte hizkera bateratu bat? Guztiak batuko dituen gazte hizkera bat? Heldu gehienen ustez, bai; gazte guztien arabera, inondik inora ere ez.

Azken bi egunotan gazte hizkeraren inguruan hizketan, hausnarrean aritu dira Azpeitian, eta irakasle edo begiraleen moduan, Kike Amonarriz soziolinguistak ere, esaterako, euskarak gazte hizkera estandar baten beharra duela aipatu zuen herenegun.

Euskalkiak, aberasgarri

Helduek azkar jaso dute erantzuna. «Gazte hizkera estandarra ezin da sortu, gazte hizkeraren muina naturaltasuna baita. Hizkuntza estandarra bada, ezinezkoa da naturala izatea». Gazteek atzo ateratako ondorioetako bat da. Izan ere, gazteak eurak ere aritu dira gogoetan, eta atzo Karmen Martinez de Lekandak eta Gorka Etxebarriak azaldu zituzten analisietatik ateratako ondorioak. Helduen uste eta teoria asko kolokan jarri dituzte.

Hizkuntza nazional estandarrik ez, beraz, baina zer egin orduan gazteek euskara erabiltzeko. Aitzol Kortajarena gazteak argi erantzun du. «Bakoitzak bere aldetik jarri, euskaraz hitz egin eta bere hizkeran aurrera egin, horrek aberastu egingo baitu gure hizkuntza».Helduek ere ez dute aurkakorik esango, euskalkiak aberasgarri dira, baina zergatik ez da komeni gazteen euskara estandarrik? Kortajarenak gauzak garbi ditu. «Bestela ere hor dago Euskara Batua, eta Euskal Herrian oso desberdin hitz egiten da leku bakoitzean. Arazorik dagoenean Euskara Batura joko dugu, baina hemen ikusi da, gazteon artean, bakoitzak bere euskalkia erabilita, lasaiago hitz eginda, besterik ez bada ere, ulertzeko arazorik ez dela egon». Izan ere, Gasteiz, Baiona, Bilbo, Donostia... Euskal Herriko txoko guztietatik inguratu dira gazteak Azpeitira, eta Karmen Martinez de Lekanda gazteak argitu duen moduan, elkarri ulertzeko arazorik ez dute izan. «Gazte hizkera estandarra zeinek asmatu behar du? Beti ere aberatsagoa da bakoitzak berea edukitzea. Komunikatzeko garaian arazorik ez dugula ikusi dugu, funtsean denok euskaldunak baikara».

Neurriak gizarte eragileek, eta gazteek eurek

Gazteek euskarak bizi duen egoeraren azterketa egin zuten atzo, ondorioetan sartu aurretik. Kokapen geografikoa, hirien eta herrien arteko aldea, adinaren eta konfiantza mailaren eragina... Faktore askok baldintzatzen dute gazteen hizkeraren maila, baina gazteek normaltasuna nondik helduko den argi dute: «Ofizialtasuna beharko genuke Euskal Herri osoan».

Ofizialtasuna eta eragile askoren lana. Izan ere, bi egunotan egindako analisietatik administrazioak, komunikabideek, irakaskuntzak eta gazteek eurek gazte hizkera indartzeko egin beharreko urratsak ere zehaztu dituzte: gazte hizkera bultzatzeko programak, langileen kontzientziazioa, hitzaldien beharra... eta gazteen konpromisoa.Azken batean, gazteek eurek sortuko dute gazteentzat gazte hizkera bat, dela nazionala, dela lekuan lekukoa. Lehen urratsa, lehen hausnarketa, eginda dago, bidea ere zehaztuta dago, baina orain zailena falta da: euskaraz hitz eginez gazte hizkera indartsua sortzea. Hizkera batek, azken batean, erabiliz egiten batu bidea.

Gazteen eskaerak eragileei

  • Administrazioa: «Gazte hizkera bultzatzeko programa ezberdinak diseinatu eta martxan jarri beharko lituzke».
  • Komunikabideak: «Telebistako, irratiko eta prentsako langileak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formatu beharko lirateke. Gazteentzat gazte hizkera era naturalean erabiliko dituzten telesail, aldizkari... gehiago ere beharko lirateke».
  • Irakaskuntza: «Gazte hizkera zeharka landu beharko luke, horretarako saio edo hitzaldiak antolatuz».
  • Gazteak: «Guk ere konpromisoa hartu behar dugu gazte hizkera sortu, ezagutu eta erabiltzeko, hizkuntza mantentzeko beharrezkoa baita. Horretarako gazte topaketak bultzatzea egokia litzateke».

Euskara babesteko, espainiera sartu?

KOMUNIKABIDEAk. "Euskadi Gaztea", "Matraka", "Gaztetxulo" eta "Xirika" hizpide hartuta, bertako langileek euskarari buruzko iritzi kontrajarriak azaleratu zituzten.

Eztabaida sortu zuen atzo Alberto Irazuk (Gaztetxulo), Estitxu Elduaienek (Matraka), Goizeder Tabernak (Xirika) eta Joseina Etxeberriak (Euskadi Gaztea) Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan gaiari buruz egin zuten mahai-inguruak.

Euskarazko komunikabideetan erdarek ere espainierak gehienetan lekua izaten dute sarritan. Hain justu, Joseina Etxeberriak gai horrekin sortu zuen eztabaida giroa. «Euskara lehenengo egin behar dugu zabaldu. Erabat zuzentasunera joan gabe, eta maila apur bat jaitsita, agian askoz jende gehiagorengana iritsiko gara. Agian ez dugu euskararik jatorrena erabiliko, baina euskara zuzenarekin bi entzule helduko lirateke, eta modu honetara, ziurrenik, 10.000».Goizeder Taberna izan zen iritzi horri kontra egin ziona. «Euskara ez da egonkortutako hizkuntza, galtzen ari da, eta egitura arrotzak hartzea arriskutsua da, euskarak bere izaera galtzeko arriskua baitu. Arriskuan dagoena euskara da, gu gaude diskriminatuta».Gazte hizkera nola sendotu eztabaidatzen hasita, bi muturrek, bi iritzik talka egin zuten. Euskara indartzeko, gazte gehiago euskararen ondora inguratzeko espainiera erabiltzea zilegi da? Edo espainierazko komunikabideek egin beharko liokete lekua euskarari?

Denak elkartzea, polita

Airean geratu ziren galdera horiek, baina gazte hizkera sendo bat osatzeko osagarriak bilatzen hasita, Alberto Irazuk aurkitu zuen irtenbidea. «Hizkuntza erakargarria egin behar dugu. Euskaraz ondo hitz egiteko asko hitz egin behar da, baina hitz egiteko gozatu egin behar da, hizkuntza gozatzen ez bada, ez baita hitz egiten».

Eta nola egin gozagarri euskara? Tabernak garbi du. «Gazteek kazeta propioa behar dute, gazteek egin behar dute, gazteen hizkeran. Horrela sortuko dute euren gazte hizkera». Estitxu Elduaienen ustez, ordea, gazte hizkerak funtzionatuko badu, beste ezaugarri bat ere behar du. «Ezin dugu orojakile moduan jokatu, behetik gora sortu behar da gazte hizkera, gazteei entzunda, eta euren espresioak hartuta».Komunikabideak eta gazte hizkera. Gazteek eurek ere komunikabideei eskaera egin diete, eta, horri erantzunez, iritzi kontrajarrien saltsan eztabaida piztu zuen berberak argitu zuen etorkizuneko bidea. «Bakoitza bere aldetik ari gara, eta polita litzateke gazteei begira lanean ari garen komunikabideak elkartu eta guztion artean aurrera egitea». Proposamena botata dago.

  • BERRIA egunkarian argitaratua, 2005-04-08an.
 
Gazte hizkera nazionalaren bila
2005-04-08 / 20:01 / Olatz Lasagabaster ¦ Urtxintxa Eskola

Amaitu dira Azpeitian atzo eta gaur artean izan diren gazte hizkerari buruzko jardunaldiak. Arrakasta handia izan dute, ehun lagunek baino gehiagok hartu dute parte eta helburuak beteta, gustura agertu dira antolatzaileak. Euskarazko gazte hizkerak dituen arazoak aztertu eta aurrera begira urrats sendoak eman beharra dagoela ikusi da egunotan Azpeitian.

Gazte hizkera egon badago, baina tokian tokikoa da eta ez dago gazte hizkera nazionalik. Beharbada hori da egunotan Azpeitian izan garenok atera dugun ondorio nagusia. Bada, ondorio nagusia hori izanik, nola egin aurre horri? Posible al da gazte hizkera nazionala sortzea? Eta hala balitz, tokian tokiko ezaugarriak beharko lituzke, komunak izango liratekeen horiez gain, ala hizkera batua izan beharko litzateke?

Pausoz pauso

Nazio mailako gazte hizkera lortzeko pausoak eman behar direla garbi ikusi da; baina zein norabidetan eman behar dira eta nori dagokio lan hori? Gazteek behintzat, garbi dute; administrazioak, komunikabideek, ikastetxeek eta gazteek beraiek badute lanik arlo horretan. Administrazioak gazte hizkera bultzatzeko programak diseinatu eta martxan jarri beharko lituzkeela uste dute eta komunikabideen kasuan, kazetariak kontzientziatu eta gazte hizkeraren inguruan formazioa jaso beharko lukete ondoren komunikabide horietan gazte hizkera era naturalean erabili dadin. Irakaskuntzan ere bada zer eginik; gazte hizkeraren arazoa ez dute zuzenean irakaskuntzarekin lotzen baina gai hau zeharka lantzea ongi ikusi dute eta gazteen beraien eskuetan ere badago berezko hizkera bultzatzea, hizkera mota hori ezagutu eta erabiltzeko konpromisoa hartuz.

Dena den, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetatik joan diren 30 gazte inguruk, gazte hizkera nazionalik ez egon arren, guztiek elkar primeran ulertu dutela adierazi dute.

Horixe ondorio nagusia; gazte hizkera nazionalik ez dela eta eman beharreko lehen pausoen artean, euskara erabiltzeko premiaz ohartu eta erabiltzen hastea dela.

Komunikabideen lana

Gaur goizean komunikabideen txanda izan da. Euskal Herriko hainbat komunikabidek erabiltzen duten euskara nolakoa den eta zer irizpide jarraitzen dituzten azaldu dute. Euskal Telebistako euskara arduraduna den Asier Larrinagak hitzaldia eskaini du goizean “Euskarazko gazte hizkera telebistan” lelopean eta berak azpimarratu nahi izan du, gazte hizkeraren formak telebistara iristen direnerako, kalean ez diela erabiltzen, ordurako zaharkituak daudela. Telebistan gazte hizkera imitatu egiten dela gaineratu du eta teknologia berriak eta unibertsitatea gazte hizkera sortzeko gune posibleak eta egokiak direla.

Erabiltzeko premia

Mahai ingurua izan da ondoren, Joseina Etxeberria (Euskadi Gaztea), Goizeder Taberna (Xirika gazteen kazeta), Estitxu Elduaien (Matraka astekaria) eta Alberto Irazu (Gaztetxulo aldizkaria) izan dira hizketan gazteentzako komunikabideen inguruan eta hauek erabiltzen duten euskara motaren inguruan. Euskara asko erabiltzea oso garrantzitsua dela esan dute eta ezinbestekoa dela erakargarritasuna bilatzea. Gazte hizkerari dagokionez, gazteentzako egiten den prentsan gazte tonua badagoela nabarmendu dute.

Eta honenbestez amaitu dira “Gazte hizkera jardunaldiak”. Gai honen inguruan egindako lehen jardunaldiak izan dira hauek, baina lehenak izanagatik, ez dute arrakasta gutxi lortu. Ehun pertsona baino gehiago aritu dira gazte hizkera aztertzen eta hau bultzatzeko bide posibleak bilatzeko saiakera egiten. Gazte zein helduek gogoz heldu diote gaiari eta antolatzaileak (Gipuzkoako Urtxintxa Eskola eta Ttakun elkartea) pozik agertu dira lortutako emaitzarekin.

  • Sustatu-n argitaratua, 2005-04-07an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com