Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gazte hizkerari heldu

Gazte hizkerari heldu

2005-04-06 / 21:51 / Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Jendetza elkartu da gaur Azpeitian (2005-04-06). Gazte eta heldu Gazteen Hizkerari buruz hitzegiteko. Azpeitiko Enparan dorretxea jendez eta jakinminez gainezka zegoen goizeko 9:00etan.

Gaur (2005-04-06) hasi dira Azpeitian Gazte hizkeraren inguruko jardunaldiak. Jardunaldi hauek Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun kultur elkarteak antolatu dituzte, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin eta Enparan Dorretxean eta Euskara Patronatuaren egoitzan izan dira.

Guztira 130 bat lagunek parte hartu dute jardunaldietan: 40 bat gazte, 7 hizlari eta 80 bat lagun entzule. Gazteek gaiaren inguruan eztabaidatuko dute eta beren iritzia emango dute, eta hizlariek hitzaldiak eman eta mahai inguruetan esku hartuko dute.

Gazteak 15 edo 16 urtekoak dira eta ikastetxe hauetatik etorri dira:

  • Gasteizko Ikasbidea ikastola,
  • Baionako Lizeoa,
  • Bilboko Solokoetxe institutua,
  • Azpeitiko Ikasberri ikastola,
  • Azpeitiko Urola ikastola,
  • Donostiako Lauaizeta ikastola,
  • Lasarteko institutua, eta
  • Iruńeako San Fermin ikastola.

Helduak, berriz, Euskal Herri osotik etorri dira.

Aurkezpena

Jardunaldien aurkezpenean Patxi Goenaga Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua eta Juan Inazio Orexa Urtxintxa Aisialdi Eskolako koordinatzailea izan dira.

Patxi Goenagak zera azpimarratu du aurkezpenean, ezagutza eta erabilera ez direla orekatuak eta hori dela, hain zuzen ere, erronka nagusia, euskara ona edo txarra egitea baina erabiltzea. Noski, ez da nolanahiko euskara onartu behar, eta kalitateari ere begiratu egin behar zaio, baina hizkuntzaren nolakotasunean egin behar dugu esfortzua. Izan ere, euskara natural sentitu behar dugu, eta horretarako hurbileko gaietan (ligatzea, haserretzea, adarra jotzea...) natural jardun behar dugu.

Juan Inazio Orexak, berriz, Urtxintxa Eskolak orain arte egin duen lana aitatu du. Lan horren zergatia, beren kezkak eta jardunaldien helburuak zein diren. Izan ere, orain lau urte hasi ziren egoera informaletako erregistroa lantzen "lagun arteko hizkerarekin jolasean" ekimenarekin, eta ekimen horren segida dira jardunaldi hauek.

Lehenengo eguna

Lehenengo egun honetan (2004-04-06), Kike Amonarrizek egin du aurreneko hitzaldia, "Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia" izenekoa. Gero, taldea bitan banatu da: gazteak Azpeitiko Euskara Patronatuaren egoitzara joan dira eta helduak Enparan Dorretxean geratu dira. Enparan Dorretxean Imanol Esnaolak "Gazte hizkeraren ezaugarriak" hitzaldia eman du eta ondoren Asisko Urmeneta etorri da, Estibaliz Amorrortuk ezin izan baitu etorri. Goizeko jarduna horrela bukatu da.

Arratsaldean, berriz, mahai ingurua izan da: "Gazte hizkera eskolan eta aisialdian" gaiaren bueltan jardun dute. Mahai inguruan

  • Aritz Salaberria (Urtxintxa Aisialdi Eskola)
  • Juan Manuel Etxeberria (irakaslea eta idazlea)
  • Erramun Osa (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa) eta
  • Ińaki Eizmendi (Ttakun Elkartea)

Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia

Kike Amonarrizek "Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia" izeneko hitzaldia eman du. Bertan, ondoko puntuak jorratu ditu:

Gazte hizkeraren inguruko kezka ez da oraingoa

Gazte hizkeraren inguruko kezka ez da oraingoa. J.M. Mokoroak 1935. urtean argitaratutako "Genio y Lengua" liburuan jada agertzen da kezka hori.

Hortaz gain, 1808an Tolosan eskuz idatzitako sermoi baten zatia irakurri du eta sermoi horretan ere herrian ulertzen ez ziren hitzak daude.

Kezka hori ez da gurea bakarrik

Katalanek, galestarrek, espainiarrek, frantziarrek ere badaukate gazte hizkeraren inguruko kezka. Eta arazoa ez da linguistikoa: ideologia linguistikoaren araberako juzkua egiten da eta horren arabera bide bat edo beste bat aukeratzen da. Hizkuntza komunitatearen jarrera, helburu eta ideologiarekin lotuta dago gazte hizkeraren inguruko kezka hau.

Zertaz ari gara gazte hizkeraz ari garenean

  • Hizkuntza aldakorra da egiturari dagokionez: batetik denboran zehar, bestetik geografian. Hau da, guk eta gure zaharrek ezberdin hitz egiten dugu eta azpeitiarrek eta lekeitiarrek ere ez dute berdin hitz egiten.
  • Erabilerari dagokionez ere aldakorra da: erabilera sozialari dagokionez, klasearen arabera hizkera ezberdina erabiltzen du jendeak, baita lanbidearen arabera, hirikoa edo herrikoa denaren arabera...

Indibidualki ere ezberdin erabiltzen dugu lekuaren arabera (jendaurrean, festetan, eskolan...) edo aurrean dugunaren arabera (haur, gazte, zahar...)

  • Estilistikoki eta funtzionalki ere aldakorra da hizkuntza. Aldagai hauen arabera, hizkera ezberdina egiten dugu: gaiaren arabera, formalitate mailaren arabera, komunikazio bidea...

Gazte hizkera batu estandarretik kanpo dagoen mintzatzeko era da eta bertako aldaera geografikoarekin (euskalkiarekin) nahasten da. XX. mende amaieran gazte hizkera ahozkoa eta idatzia da. Lehen, idatzizkoa kode formala zen eta ahozkoa formala edo informala izan zitekeen. Orain, berriz, hizkuntzaren erabilera berriekin (SMS mezuak, txatak...) idatzizko kodea informala ere izan daiteke.

Gazte hizkeraren ezaugarriak

  • Hizkera nahasia da: euskara eta erdara nahasian, batua eta euskalkia/euskalkiak nahasita, etabar. Herri bakoitzean forma berriak sortu dira: herri bakoitzean berdintsuak baina beste herriekiko ezberdinak). Nahasketa hau ingurune soziolinguistikoak baldintzatzen du: osagai bakoitzaren proportzioaren arabera toki bakoitzean era batera edo bestera egingo da.
  • Euskal Herri osokoa da.
  • Helburua adierazkortasuna lortzea da.
  • Egoera soziolinguistiko jakin baten ondorio da: egoera ekonomikoaren, egoera politikoaren eta egoera kulturalaren ondorio.

Bestalde, askotan erdarakadak negatiboki ikusten ditugu eta erdarakadak negatiboak izan daitezke baina baita positiboak ere: erdara euskaraz komunikatzeko (edo euskaraz komunikatzen hasteko) makulu izan daiteke: elkarrizketa bat euskaraz has dezakegu eta euskaraz jarrai dezakegu dakigun bitartean eta ez dakigunean erdarara pasa gaitezke.

Aldaketa garaiak

  • Etorkizuna eleanitza izango da.
  • Eredu sozialen aldaketa: familia ereduak aldatu egin dira, baloreak aldatu egin dira, mugikortasuna...
  • Teknologia berriek eta digitalizazioak harreman mota berriak ekarri dituzte, komunikazio mota berriak, lehen egiten ez ziren mugimenduak ekarri dituzte...
  • Galobalizazioak harremanak aldatu ditu
  • Emigrazio berriak sakoneko aldaketak ekarriko ditu

Aldaketa horien ondorioak

  • Ingelesa eguneroko bihurtuko da (dagoeneko ez bada bihurtu)
  • Lurraldetasun kontzeptuarekin ibili izan gara orain arte, baina eskuragarritasun kontzeptuak gero eta indar gehiago izango du: zer edo zer bilatu behar dugunean gaur egun berdin da nondik lortzen dugun, eskuragarrien dagoena hartzen dugu.
  • Deslokalizazioa.
  • Etorkinen integrazioa: pentsatu beharko da zer harrera egin behar zaien, hauen integrazio soziala nola lor daitekeen, integrazio linguistikoa nola lor daitekeen, beraien hizkuntzari zein trataera eman behar diogun.
  • Normalizazio prozesua arrakastaz bideratu ezean, hizkuntza dekoratiboa izango da.

Gazte euskaldunen ezaugarriak

Hauek dira gazte euskaldunen ezaugarriak:

  • Ez dago elebakarrik.
  • EAE-n ia guztiek ulertzen dute euskaraz.
  • Jatorriz erdaldunak gero eta gehiago dira eta ingurune erdaldunekoak ere bai.
  • Ezagupen maila eta erabilera maila oso ezberdinak dituzte.
  • Elkar ulertzeko kode komuna dute (batua).
  • Adierazkortasun arazoak dituzte: euskaraz edozer gauza esan daiteke baina ez da edozer gauza esaten.
  • Inoiz baino ezagupen maila sakonagoa duen hiztun taldea ere badago.
  • Belaunaldien arteko eten linguistikoa gertatu da: ez da transmititu eta zerotik hasi behar da.
  • Norbere euskalkien ezagupena mugatua da, baina beste euskalkien ezagutza hedatu egin da.

Euskararen erabilera

  • Gaur eguneko gazteek lehengoek baino gehiago erabiltzen dute euskara.
  • Hirietan ez da euskara erabiltzen.
  • Erdaraz euskaraz baino gehiago jarduten dute.
  • Ez dago argot nazionalik. Dauden argotak erabilera lokala dute eta erabilera mugatua.

Bestalde, jarrera baikorra dute. Hala ere, askotan jarrera hori sinbolismoan geratzen da. Gainera, badira indiferente diren multzo bat ere.

Kalitatea

Kalitatearen inguruan maila batzuk bereizi ditu:

  • Euskara zuzena Euskaltzaindiaren arauak betetzen dituena da.
  • Euskara jatorra, berriz, senari eta usadioari jarraitzen dion euskara da, baina ez ikuspegi fosilizatu batetik, erreprodukziorako barne mekanismoetatik bideratua.
  • Euskara egokia zera da: lortu nahi den hori lortzeko egokia den euskara. Komunikazio egoera bakoitzaren arabera izango da/edo ez da egokia.
  • Euskara ona, berriz, zera izango da, egokia, jatorra eta zuzena dena.

Bestalde, proposamen bat ere egin du: lehentasuna komunikazioak (egokitasunak) izan behar du eta ez arauak. Eta arau komunikatibotik arau gramatikalera egin behar da bidea, eta ez alderantziz.

Baldintzak

Hiru baldintza behar direla azaldu du Kike Amonarrizek:

  • Lege babesa
  • Transmisioa
  • Euskararekiko jarrera zibiko politikoa

Zertarako da garrantzitsua gazte hizkera

  • Hizkuntzari balio instrumentala ematen dio.
  • Hizkuntzaren ezagutzan sakontzeko balio du.
  • Motibazioa lantzeko balio du.
  • Erdarekiko menpekotasuna murrizteko balio du.
  • Erabilera esparruak eta erreferentziak sortzen ditu.

Euskarriak

Horretarako, ondare linguistiko guztia dago eskura baina sorkuntza mekanismoak jarri behar dira martxan: hitz berriak sortzeko mekanismoak, hitzak hartzeko mekanismoak, erabilera berriak eman behar zaizkie hitzei...

Bideak

Horretarako, ondorengo helburu hauek lortu behar dira:

  • Erabilera dentsitatea areagotu behar da.
  • Erreferentzia komunak sortu eta indartu behar dira. Eta horretan komunikabideek badute zer egina.
  • Harreman sareak hurbiltzen badira, gazte hizkera bateratu egingo da baina harreman sareak urruntzen badira ipar/hego euskalkiak banatu egingo dira.
  • Ikuspegi nazionala lortu behar da.
  • Politika instrumentala eta dinamika soziala behar dira.
  • Hiztun komunitate beregaina eratu behar da. Mekanismo propioak behar ditugu burujabetza linguistikoa lortzeko, eta horretarako burujabetza politikoa behar da.
  • Jarrera politiko eta zibikoak batera joan beharko du. Ezingo da gizarteak nahi ez duen hizkuntz politikarik martxan jarri.

Gazte hizkeraren ezaugarriak

Imanol Esnaolak "Gazte hizkeraren ezaugarriak" izeneko hitzaldia eman du. Hitzaldia bi zatitan banatu du. Hasiera batean gazte hizkeraren zenbait kontzeptu eta ezaugarri azaldu ditu eta gero kritika egin du: azken hamar urteetan egin denaren eta egin ez denaren kritika.

Ezaugarri hauek azaldu ditu, eta kontzeptu hauetan oinarritu da gero kritika egiteko: Hizkuntza normalkuntza, hizkuntz ukipena, ordezkapenak, elebitasuna, hizkuntza heriotza, gizartea eta herria, kultura, gazteen kultura, gazteen merkatua, identitatea...

Kritika

Gazte hizkeraren ezaugarriak azaldu ondoren kritika egin du.

  • Azken hamar urteetan gai honen inguruan ezer gutxi aurreratu da. Administrazioak ez du gaia ikertzeko erakunderik sortu eta utzikeriazko jarrera izan du. EITB-k ez du estilo libururik. Lan-lerro iraunkorrik ere ez da sortu.
  • Frustrazioa somatzen da.
  • Euskalgintzak ez du lortu auzia bere lekuan jartzea. Izan ere, ez da abian diskurtsorik jarri, ez da fruituak emango dituen lan lerro iraunkorrik jarri martxan, administrazioa lasai dabil...
  • Ez da ulertu gazte hizkera zer den.
  • Euskara Batuaren sindromearekin jarraitzen dugu.
  • Euskaltegietako ikastaroetan ezin da irakatsi gazte hizkera.
  • Egoera parametro orokorretan aztertu behar da.
  • Gazte hizkera sortzeko parametro kultural berrietan mugitu behar da eta horretarako gazteen talde izaera kontzientzia piztu behar da eta euskararen parametroak hartu behar dira horretarako, ez erdarenak. Gaztelera eta frantsesaren ehun kulturalaren menpe gaude eta horiekin eten bat egin eta bestelakoak sortu behar dira.
  • Identitatean, baloreeetan, produktuetan eta hezkuntzan eragin behar da.

Proposamena

Txillardegik Arantzazuko batzarraren inguruan Euskal Idazleen Elkartea sortzea proposatu zuen euskara batua zabaldu, orokortu eta landu zedin.

Gaur egun ere horrelako zer edo zer egin behar da kontzeptuak eta esamoldeak adosteko.

Komunikabide sarearen bidez gazte hizkera zabaldu behar da eta aterkia eraiki behar da komunikabideen sarea euskal norabidean jartzeko.

Komikilari euskaldun baten ibiliak

Asisko Urmenetak bere lanean, hau da, komikigintzan, izan ohi dituen zenbait arazo azaldu dizkigu eta traba horientzat guztientzat zein konponbide dauden aitatu ditu. Horren harrira, zenbait erreflexio egin ditu. Hauek dira ideiarik garrantzitsuenak:

  • Gazte hizkera nazionala behar dugu.
  • Euskalkiek ematen dutena baliatu dezake komikilari batek ulergarritasun nazionaletik eraginkor diren heinean.
  • Erabileran egindako huts historikoak:
    • Hizkuntzaren bizitasuna sakrifikatu dugu euskara zuzenaren alde.
    • Interferentziez jositako euskara lortu dugu.
  • Gaztelaniaz ere euskal hitzak hartzen dituzte baina ez dira lexikotik haratago joaten: euskarazko hitz batzuk hartzen dituzte baina ez besterik.
  • Euskaraz berriz, gaztelaniatik eta frantsesetik hartutako esaldi osoak erabiltzen ditugu.
  • Gazte hizkera lortzeko hitzak bilatu, sortu, azaldu, zabaldu behar dira.

Arratsaldeko saioa

Arratsaldean gazte hizkeraren inguruan mintzatzeko mahai-ingurua zen prestatua. Jardunaldietara etorritako edonork parte hartzeko bide izateko, hasieran, Juan Manuel Etxeberria filologian doktore eta euskaltzainak, Ińaki Eizmendi Ttakun Elkartekoak, Aritz Salaberria Urtxintxako ordezkariak eta Erramun Osa Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko kideak euren lanjardunarekin zerikusi zuzena duten hausnarketak egin dituzte.

Oro har, Juan Manuel Etxeberriak gizartearen mugimendu eta izaera aldatzeak euskararen erabileran izan duen eraginaz hitz egin du. Gizartearen aldaketaren ondorioetako bat euskararen estandarizazioa izan dela aipatu digu, eta hizkuntza formal zein idatziari garrantzia ematea ahozkoaren kalterako izan dela argudiatu du.

Jaime Altunak, berriz, jardunaldiaren beraren helburuak gogorarazi ditu: zein hizkeraz mintzo garen eta nola zabaldu behar dugun hausnartu nahi izan dela. Horren ildotik, landu beharreko esparru nagusiak komunikabideak, aisia eta eskola direla azpimarratu du. Eskolaz kanpoko jardueren inguruko esparruak ongi ezagutzen dituenez, begiralearen izaera eta lana zehaztu ditu: gazteen hizkeraren aztertzaile eta komunikazio eraginkorrerantz bideratuko dituen laguntzailea. Definizio txiki honen baitan, ordea, erabat konplexu diren aldagaiak ere badira, eta begirale eredugarriak falta direla esan digu. Eskolaz kanpoko jardueretan, halere, eskolak ez ezik gainerako elkarte mota guztiek ere zeresana eta zeregina badutela adierazi digu, baita horretan murgiltzea aisialdirako talde eta begiratzaieentzat erronka handia dela ere.

Begirale, aisialdirako ekintza zein beharren inguruko hausnarketari erabat uztartu zaio Aritz Salaberria begiralea. Izan ere, eskola barnean aisialdia lantzeko sortu duten metodologiaz mintzatu zaigu. Metodologia honen helburu nagusia gazteei hizkuntza kolokiala erabiltzen animatzea da, eta horretarako, bi lanjardun banatu ditu: alde batetik, eskolako saioak genituzke, eta bestetik, bestelako ekintza osagarriak. Lehenengoetako saioen helburuak esamoldeak lantzea da, oro har. Horretarako, gizartearekin eta zuzenean gazteekin lotura zuzena duten gaiak hartu dituzte abiapuntu: haserretzea, ligatzea eta adar jotzea. Gazteek saio, jolas antolatuetan erabiltzen dituzte gaiarekin lotutako esamolde eta hitzak. Bigarren jardunbidean, gelatik kanpoko eremuak antolatzen dituzte, eta horiek gauzatzeko eskuragarri dituzten baliabide batzuk aipatu dizkigu: “Kuxkuxeroa”, ikastetxeko haurrentzako eraikitako txata, “Hitzontzia” gazteekin egindako saioetan bildutako hitzen bilduma, eta “Piropo leihaketa”, orain gutxi sortutako beste ekintza bat.

Eskolatik kanpoko errealitateaz ez ezik, eskola barnekoez ere izan da zeresanik. Erramun Osa izan dugu hezkuntza sistemaren hausnarketen ordezkari. Azken hizlari honek aurrekoek aipatutako gizartearen izaera aldaketa hartu du ardatz, eta une honetan hezkuntzari egozten zaizkion ardurez aritu zaigu. Gizartea eta hizkuntza bera aldatu diren honetan, hezkuntzak ere bestelako ikuspegi berriak hartu behar dituela aldarrikatu du. Garai bateko irakasle oro hizlariak oraindik ere badirela gogorarazi, eta hezkuntza zein hizkuntzaren ikuspegi gramatikaletik haratago ikuspegi komunikatzailearen aldeko apustua egiteko argudioak eman dizkigu. Bide horretan, gazteen hizkera informalak lantzeko esparru jakinak ere bilatu egin behar dituela, eta horiek modu sistematizatu batean sailkatu eta lanabes bihurtu behar direla.

Lau hizlari horien azalpenen ondoren, bertaratutakoek ere izan dute zeresana, baita euren ardurak azaltzeko aukera ere. Ideia sakon eta arduratsuak gorabehera, gazte hizkeraren inguruko hausnarketa, ikerketa zein proposamenak modu isolatuan ematen direlako ardura nabaritu da, eta arazo larritzat jo duten horretan, irtenbideak ateratzeko batzeko beharra dagoela. Gazte hizkeraren erabilera kalitatezkoa izan dadin hizkuntza bera erabili eta landu ez ezik, horretarako kalitatezko euskarriak ere behar direla ondorioztatu da, hots, hizkuntza edo gazte hizkera erabiltzea bezain garrantzitsua dela kalitatezko hizkera jasotzea ere.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Parte hartze handia gazte hizkera aztertzeko ekimenean
2005-04-07 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA

Atzo hasi ziren jardunaldiak, Enparan dorrean, 200 parte hartzaile ingururekin.

Enparan dorretxeko areto nagusia beteta zegoen atzo gazte hizkerari buruzko jardunaldien hasieran. Euskal Herriko herri desberdinetatik etorritako 200 gazte eta heldu bildu ziren, antolatzaileen eta Azpeitiko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunen aurkezpen ekitaldian eta Kike Amonarrizek Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantziaz emandako hitzaldian.

Urtxintxa Aisialdi Eskola eta Ttakun elkartea dira antolatzaileak. «Azpeitian egitea proposatu ziguten, interesgarria iruditu eta bultzatzea pentsatu genuen», zioen Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburuak.

Eusko Jaurlaritzatik Patxi Goenaga, Hizkuntz Politikako sailburuordea etorri zen. Aretoa hain beteta ikusita «harrituta» zegoela azaldu zuen. «Hizkuntza normalizatuko bada, aurrena hiztunak behar baititugu. Gauza bat hizkuntza jakitea da, eta bestea, omen dakien hori erabiltzen ote duen. Erabilera ez da hain nabarmena; ezagutzak egiten duen gorakadari ez dio erantzuten».

Euskara natural sentitzea lortu behar dela gaineratu zuen Goenagak: «Euskararen nolakotasunean, kalitatean esfortzu berezia egin dugu, baina azkenean euskara natural sentitzea lortu behar dugu, eta ez dakit horretaz gehiegi arduratu garen».

Azkenik, aurkezpenean, Urtxintxa Aisialdi Eskolako koordinatzailea den Juan Inazio Orexak hartu zuen hitza. Urtxintxa eta Ttakun haur eta gazteen aisialdian euskararekin bat egiteko ahaleginean lanean urteetan dabiltzala esan zuen , «hori izan da gure kezka nagusia». Duela 10 urte, euskarazko haur jolasen bilketa egin zuten: «Gainera, haurrei eta irakasleei zuzendutako ikastaroak eman eta cd-rom bereziak atera ditugu». Orain dela lau urte, berriz, euskarari modu zehatzean heldu zioten: «Lagunarteko hizkerarekin jolasean programa jarri genuen martxan». Orain Euskal Herri osora hedatu dute, «inportanteena, euskararekin ondo pasatzea baita».

Egin duten azkena, atzo hasi eta gaur amaituko diren gazte hizkerari buruzko jardunaldiak dira. «Egungo gazte hizkeraren egoera aztertzea, euskararen normalizazioan duen garrantzia eta etorkizuneko es-trategiak jartzea da helburua. Baina ez dugu azterketan bakarrik gelditu nahi, etorkizuna irudikatu nahi dugu. Oinarri berri batzuk jarriz, gure praktika horretara egokitzeko».

Hizkuntzarekin gozatu eta komunikatu

Gosaltzeko ordua berandutu egin zen atzo jardunaldietako parte hartzaileentzat, Kike Amonarriz hitzaldian luzatu egin zen, baina jendea haren hitz jardunaz ez zen aspertu, ez horixe.

Lehen hitzaldia eman zuen Amonarrizek Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia gai hartuta. Gazte eta helduek elkarrekin jarraitu zuten Amonarrizen hitzaldia Enparan dorretxean. Gero gazteak Euskara Patronatora joan ziren lanera.

«Ez gara batere orijinalak, gai hau ez da gurea bakarrik, eta ez da oraingoa bakarrik», esanez ekin zion. Horren bi adibide jarri zituen, Genio y lengua Justo Mari Mokoroak 1935ean idatzitako liburuaren pasarte bat, eta Tolosan 1808an euskaraz idatzitako sermoi baten zati bat.

Hizkuntzak aldatu egiten direla adierazi zuen, garaien arabera, geografikoki, erabilera desberdinetan eta erabilera indibidualetan. Gazte hizkeraren ezaugarriez ere jardun zuen, besteak beste.

Baina bukaeran atera zuen ondorioa honakoa izan zen: «Eman behar ditugun urratsak hizkuntzaz disfrutatzeko eman behar dira; disfrutatuz komunikatu dezagun».

  • Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-04-07an.
 
Gazte hizkera indartzeko dauden oztopoak azaleratu dituzte Azpeitian
2005-04-07 / 08:00 / Unai Zubeldia - BERRIA

Erabilera esparruak irabazi eta indartzea beharrezkotzat jo dute, gazte hizkerak aurrera egingo badu.

«Gazte askok euskara ezagutu bai, baina zergatik ez dute erabiltzen?». Alferkeria? Beldurra? Ezina? Gazteentzat ere erantzun zailekoa den galderari argi izpi bat aurkitu nahian dabiltza egunotan Azpeitian (Gipuzkoa). Izan ere, Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun Elkarteak egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte. Egoera aztertzeko, eta sortzen diren proposamenei helduta, aurrerantzean gazte hizkera sendoa sortzeko.

Azterketak, proposamenak eta kritikak. Kritika zorrotzak. Gazte hizkeraren jardunaldiak ez ziren analisi hutsean geratu atzo. Ińaki Esnaola gazte hizkeraren ikertzaileak gazte hizkeraren ezaugarriak aztertzeko hizkuntz normalizazioa, hizkuntz ukipena, elebitasuna, gizartea, herria, kultura... sakon aztertu zituen; azterketa guztiek kritika zorrotz batean egin zuten bat, ordea. «Orain hamar urte gazte hizkeraz, hizkuntzaren errepertorioaz oso gutxi hitz egiten zen, eta bide horretan sartu ginen batzuk. Hamar urte joan dira, eta ezer gutxi aurreratu dugu».

Adibide praktiko bat erabili zuen Esnaolak. «EHUk ez du gazteen hizkera edo hizkuntz ukipena aztertzeko departamenturik, aditu talderik sortu. Hor sekulako gabezia dago, arazo handi baten aurrean utzikeriazko jarrera bat ere egon da».

EHU gogora ekartzearekin batera, EITBk estilo libururik egin ez izana, edo euskalgintzak lan lerro iraunkorrik sortu ez izana zorrotz kritikatu zuen. Kritikei aurre egiteko sendagai onena proposamen sendoa izan ohi da, eta Esnaolak berak bazuen proposamenik besapean. «Ez ote da posible, gaur egun, elkarte bat sortzea eztabaidatzeko, esamoldeak hitzartu eta komunikabide sarearen bitartez, gazteen hizkera sortze aldera, lan ildo bat planteatzeko?».

Komikiarekin, gazte hizkera informal eta ulergarria

Komikigintza bide hartuta, Asisko Urmeneta marrazkilariak ere xehatu zuen gaurko gazte hizkera. Bere errealitatetik, komikiaren mundutik. «Lanak batzuetan planteatu dit nola garatu dezakegun hizkera informal bat, gazte hizkera bat, modu ulergarri batean eta, aldi berean, modu sinesgarri batean».

ASISKO URMENETA marrazkilariak komikiarekin gazte hizkera nola gara daitekeen azaldu zuen (Jon Urbe / Argazki Press).

Irudi bidez, diagrama bidez, aztertu zuen Urmenetak hizkuntza, euskara. Piramide itxurako irudian, euskara zuzena, euskara batua, goiko muturrean kokatu zuen marrazkilariak. Gazte hizkerak zer leku du bertan? «Beheko aldean dago gazte hizkera, eta hori lantzeko euskalkiak eta bi erdarak ditugu frantsesa eta espainiera. Ondoko hizkuntzek ez dute gazteen arteko hizkera errazten». Urmenetak ere bota zuen proposamena, hizkuntzaren zuzentasuna, jatortasuna eta egokitasuna hizpide hartuta: «Egokia ez da beti jatorra, gutxitan da zuzena, baina funtzionatzen du. Hizkera egokia da, beraz, gazte hizkera indartzeko tresna».

30-40 gazte, hausnarketan

Gazte hizkerarik baden aztertzeko, zer hoberik gazteek eurek elkarrekin hausnartzea baino? Helduen antzera, Azpeitia, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruńea eta Lasarte-Oriako 30-40 gaztek elkarrekin aztertu zuten atzo gazte hizkeraren egoera. Atzoko moduan, gaur ere gazteek euren ondorioak aterako dituzte, eta ondoren, guztien artean, gazte hizkera indartzeko zer bide hartu definitzen saiatuko dira.

  • BERRIA egunkarian argitaratua, 2005-04-07an.
 
Kike Amonarriz: «Guztiz berria den errealitate soziolinguistiko eta soziopolitiko baten aurrean gaude»
2005-04-07 / 08:00 / Iker Iriarte - GARA

Atzo eman zitzaien hasiera Azpeitian, bertako Udalak eta Urtxintxa elkarteak antolatutako jardunaldiei. Bertan, gaur egungo gazteek darabilten hizkeraren inguruan arituko dira 15-17 urteko gazteak alde batetik, eta helduagoak bestetik. Batez ere, gazteek zenbait gauza adierazterako orduan erdaretako esamoldeetara joateko duten ohituraren inguruan eztabaidatuko dute bi taldeok.

Kike Amonarrizek eman die hasiera gazteen hizkerari buruzko jardunaldiei. GARAk berarekin hitz egin du hitzaldiaren ostean.

Lehenengo eta behin, zer moduz joan da sarrera ekitaldia?

Niretzat harrigarria izan da hemen bildu den jende kopurua eta bildu den jende mota. Nik uste horretan Urtxintxakoek lan benetan estimagarria egin dutela; batetik kopurua handia izan delako, ehun bat pertsona edo, eta gero bai gazteak, bai hemengo ikasleak, bai Iparraldeko ikasleak, aisialdian eta denbora libreko taldeetan dabilen jendea, nire ikasleak... Alde horretatik, nik uste dut, horrek adierazten duela gaiaren inguruan badagoela kezka berri bat, badagoela interes berri bat, eta badagoela motibazioa. Eta hori, dudarik gabe, positiboa da.

Beraz, aniztasunari begira, baikor al zaude jardunaldiotatik atera daitekeenaren inguruan?

Nik uste dut gai honen inguruan ikuspuntu berri batzuk ere zabaltzen ari direla. Kontuan hartu behar da, eta hitzaldia justu horrekin hasi dut, gai eta kezka hau ez dela ez gurea bakarrik, ez eta oraingoa ere. Gaur, esate baterako, gogora ekarri ditut 1935ean Justo Mari Mokoroak justu gai honen inguruan egiten zituen hausnarketak edo 1808an erabiltzen ziren hizkera mota ezberdinak. Ezin dugu ahaztu ere, gaztelaniaren azken biltzarrean bertan, kezka handienetako bat zirela anglizismoak, gazteen hizkera, etab. Orduan, nik uste dut hor badagoela oinarrizko fenomeno estruktural bat, garrantzitsua dena eta bi aspekturekin lotzen dena: bata da, munduko globalizazioaren eraginez ingelesa hartzen ari den erabateko nagusitasuna eta horrek sortzen duen mendekotasun linguistikoa beste hizkuntz komunitate guztietan. Eta horrek kezka eragiten du.

Eta gure kasuan?

Gure kasuan, hori lehen espainolarekin edo frantsesarekin geneukan, eta gaur egun, denok, ingelesarekin daukagu. Bigarren gaiak lotura du hizkuntzarekiko jarrera eta ideologia linguistikoekin. Hori beti dago lotuta hizkuntzaren inguruko planteamenduekin. Orduan, nondik begiratzen zaion, era bateko hizkera hobesten da edo beste bat. Beti dago, nolabait esateko, hizkera zuzenaren eta kaleko hizkeraren arteko tentsioa; hori gizarte eta kultura guztietan ere, egon badago.

Orduan, arazoa egon badago.

Nik uste, gauza hauek beti arazo bezala planteatzen ditugula, baina ez dakit beti hala kontsideratu behar ditugun. Nik uste dut hor badaukagula errealitate bat, bere argi-ilunekin analizatu behar duguna. Gazte hizkeraz ari bagara, gazteak kalean egiten ari diren hizkera mota bati buruz ari gara. Eta hori bera, positiboa da. Gero, hor ikusi beharko dugu azaltzen diren gabeziak gazteenak diren bakarrik, ala hizkuntz komunitate osoarenak, eta jarraian, hor sortzen den hizkera mota hori nolakoa den. Gazte hizkera, zer da? Euskara estandarretik aparte, gazteek beren komunikazioetan darabilten kode propio eta berezi bat. Eta horrek bere ezaugarriak dauzka; horietako asko positiboak dira, eta asko, gure hizkuntzak nozitzen duen egoera diglosikoaren eta minorizatuaren ondorio gisa interpretatu genitzake.

Gaurko errealitatea, gazte askok, esamoldeak adierazteko duten ezintasunaren aurrean, erdaretara joatearen ondorioz dator. Nola motiba daitezke horiek, euskaran sor ditzaten behar dituzten adierazpideak?

Lehenik, esan behar da gazteen arteko euskararen erabilera gorantz doala, gero eta euskara gehiago egiten dela. Erabiltzen den euskara horretan, erdarak badu presentzia, helduen erabilera errealean duen bezala, baina berezitasun propio batzuekin. Horietako bat da, presentzia hori, normalean, oso modu negatiboan baloratzen dugula. Baina ez gara ohartzen, batzuetan, erdararen interferentzia horiek, gabezia bat direla, hau da, gauza horiek euskaraz esan ditzaketen gazteek edo helduek erdaraz esaten dituztela hainbat arrazoirengatik.

Alderdi onik ba al du?

Irabazi batzuk ere badira; alegia, inguru erdaldunean bizi diren pertsonek edo euskara ikasten ari diren jatorri erdalduneko gazte nahiz helduek, euskaraz hitz egiten hasteko, ezinbestean erdararen makulua erabili beharra daukate askotan. Eta hain justu ere, hori da euskaraz egin ahal izateko modu bakarra. Beraz, interferentziak kasu batzuetan galerak dira, baina beste batzuetan irabaziak. Egindako galderari begira, nik uste dut, mekanismoak sortu behar ditugula hizkuntzaren ikasketa prozesu guztietan, hizkuntzak berak dituen baliabideak eta hizkuntzak erreproduzitzeko eta sortzeko daukan gaitasuna martxan jartzeko. Alegia, guk hizkuntza irakasten dugunean, irakaspen horretan txertatu behar dugu, hizkuntzaren beraren baliabideak nola erabil daitezkeen: zein errekurtso erretoriko dituen hizkuntzak, nola sor daitezkeen metafora, lokuzio eta hitz berriak, nola igorri daitezkeen kontzeptuak hizkuntza horren bidez... Eta hori izan da, hain zuzen ere, hizkuntza kalitatearen txostenean islatu nahi izan duguna egokitasunari lehentasuna ematerakoan. Alegia, komunikazioa dela batez ere lehenetsi behar dena.

Sorkuntza prozesu horretan, zein oinarri izan dezake gaur egungo euskal hiztunak?

Badauzka hizkuntzak eta errealitate sozialak eskaintzen dituen aukera guztiak, badauka hizkuntzaren ondare linguistiko osoa, badauzka euskalkiak, badauka euskara batua, badauzka betiko erreferentziak gehi gaur egungo errealitateak ematen dituen erreferentzia berriak. Eta batez ere, badauzka hizkuntzak berak dauzkan baliabide linguistiko eta erretorikoak hitz berriak sortzeko, esamoldeak sortzeko eta edozein kontzeptu eraberritzeko.

Jardunaldi hauetan, gazteen eta helduagoen arteko banaketa nabarmendu nahi izan da. Zer espero liteke hortik?

Nik uste, helduez eta gazteez ari garenean, nabarmentzen ari garela gaur egun gazteek bizi duten errealitate soziolinguistikoa eta aurreko belaunaldiek adin horretan bizi zutena, guztiz ezberdinak direla, edo oso ezberdinak behintzat. Hor daude ezagupenari loturiko aldagaiak: esango genuke gutxienez Autonomia Erkidegoan ia gazte guztiek dakitela euskaraz, erabilera bultzatzen ari direla, erabilerarako aukerak handitu egin direla, etab. Bestalde, batez ere jatorri erdalduneko gero eta gazte euskaldun gehiago dugu, eta ingurune erdaldunetan bizi diren euskaldunen pisu demografikoa gero eta handiagoa dela nabari dugu. Une honetan, errealitate linguistikoa guztiz aldatzen ari zaigu; hor dauzkagu iraultza teknologikoa, digitalizazioa, immigrazio berrien fenomenoa, harreman bideak guztiz aldatu dira...

Zein ondorio ditu horrek?

Beraz, honek guztiak errealitate soziolinguistiko eta soziopolitiko berri bat ekartzen du; bai hizkuntzen ezagupenari dagokionez, bai erabilerari dagokionez, eta baita munduaren eta hizkuntzen aurreko jarrerari dagokionez. Beraz, fenomeno berri baten aurrean gaude, errealitate soziolinguistiko guztiz berri baten aurrean eta gazte hizkera ere testuinguru horretan aztertu behar dugu.

  • GARA egunkarian argitaratua, 2005-04-07an.
 
Gazte hizkerari buruzko jardunaldi jendetsua gaur amaituko da
2005-04-07 / 08:00 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

Gazteek beraien ondorioak plazaratuko dituzte eguerdian.

Lagun ugari elkartu zen. (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Gazte Hizkera jardunaldiek bigarren eta azken eguna izango dute gaur Enparan Dorretxean eta Udal Euskara Patronatuaren egoitzan. Enparanen, helduen topalekuan, komunikabideei eskainitako jardunaldia izango da gaurkoa. Alde batetik Asier Larrinagak, ETBko euskara saileko arduradunak, Euskarazko gazte hizkera telebistan izenburudun hitzaldia eskainiko du. Jarraian, berriz, Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan gaiarekin mahaingurua egingo da, lau kazetariren partaidetzarekin: Goizeder Taberna (Xirika Gazteon Kazeta), Estitxu Elduaien (Matraka astekaria), Alberto Irazu (Gaztetxulo hilabetekaria) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gaztea).

Gazteen topalekuan, bestalde, atzoko egunean zehar landu eta eztabaidaturiko gaietatik ondorioztatutakoa bildu eta adosteko erabiliko dituzte goizeko orduak. Eguerdian, gazteak Enparan Dorretxera joango dira, beraien ondorioak bertan aurkezteko. Horixe izango da jardunaldien azken ekitaldia.

Euskara, disfrutatzeko

Berrehun lagun inguru ari dira jardunaldiotan parte hartzen. Atzo egin ziren harrerako ekitaldian eta lehendabiziko hitzaldian, Enparan Dorretxeko ekitaldi gela gainezka egon zen, eta antolatzaile zein gonbidatuak gustura azaldu ziren jardunaldiok eragindako ikusminarekin.

Patxi Goenaga, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Ana Mendizabal, Azpeitiko Udaleko Euskara batzordeburua; eta Juan Inazio Orexa, Urtxintxa Aisialdi Eskolako koordinatzailea eta antolatzaileetako bat, izan ziren partehartzaileei harrera egin eta jardunaldien aurkezpena egin zutenak. Heldu eta gazte elkarrekin zeuden Enparanen harrerakoan, baita Kike Amonarrizek ondoren eskaini zuen sarrerako hitzaldian ere: Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia.

Gazte euskaldunek hizkera informal edo kolokialean beraien sentipenak adierazteko erderara jotzeko duten gero eta joera nabarmenagoa da, hain zuzen ere, jardunaldi hauen funtsetako bat. Gazteek euskararekin ondo pasatzea, hizkuntza disfrutatzeko izan dadila, berriz, atzo Orexaren eta Amonarrizen ahotik entzundakoak, euskararen erabilera gazteen artean indartzeko bide bezala. Euskaraz edozer esan daiteke, baina ez da edozer esaten, zioen Amonarrizek, euskaraz egiteko dauden adierazkortasun arazoetaz ari zela. Patxi Goenagak erronka nagusia zehaztu zuen: Euskara, ona ala txarra, erabili.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-04-07an.
 
Gazte hizkerari buruz hizketan
2005-04-07 / 08:30 / Olatz Lasagabaster ¦ Gipuzkoako Urtxintxa Eskola

Gazte hizkera jardunaldiak abian dira Azpeitian. Ehundik gora pertsona ari gara parte hartzen jardunaldietan eta giro ezin hobean joan da lehenengo eguna. Helduak Enparan dorretxean bildu dira, gazteak Azpeitiko Euskara Patronatuaren egoitzan. Talde bakoitzak bere aldetik aztertu ditu gazte hizkerak dituen hutsuneak zein diren eta jarraitu beharreko bidea zein den; helduek hitzaldi eta mahai inguruen bidez, gazteek elkarren arteko eztabaidak bultzatuz.

Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregileak zabaldu ditu jardunaldiak bere hitzaldarekin, "Gazte hizkeraren egoera eta garrantzia" izeneko hitzaldiarekin, aurkezpen ofizialaren ostean. Umorez beri ere, baina kritika egin du hasteko, batere orijinalak ez garela esanaz, behin eta berriro gai berarekin bueltaka gabiltzalako. Azken bost edo sei urtetan gazte hizkera sortu dela uste du berak, ez soilik kontzeptua, baita hizkera bera ere. Fenomeno berria da gazte hizkerarena Amonarrizek esan duenez eta bada hori erabiltzen duen gazte multzo handi bat, soilik hori erabiltzen duena. Berezko ezaugarriak dituen hizkera da; euskara nahasia da, Euskal Herri osoa hartzen duen fenomenoa da, bere helburu nagusia komunikazioan adierazkortasuna irabaztea da eta hau guztia egoera soziolinguistiko baten ondorio da, baina faktore ekonomiko, kultural eta politikoek ere zerikusia dute horretan.

Normalean pentsatzen dugunaren kontra interferentziak eta erdarakadak une jakin batzuetan positiboak izan litezkeela ere esan digu. Zergatik? Askotan erdararen makulua baliagarri izan litekeelako euskararen erabilerara salto egiteko.

Euskaraz edozer gauza esan daiteke, baina ez da edozer gauza esaten. Hori izan da bota duen beste ideietako bat; esate baterako, ligatzerako orduan ez dugula horrela jokatzen. Aukera egongo litzateke, baina askotan frexkotasuna galduko luke edo jasoegia izan liteke, adibide gisa "maiteminez biziki atsegin zatzaizkit" esaldia jarri du, horrelakoak esanez gero, parean dugunarengandik ostikoa jaso dezakegula esanaz, benetan jaso nahiko genukeena jaso beharrean.

Gazte hizkera sortzeko ikuspegi nazionala ezinbestekoa dela esan du Amonarrizek produktu euskaldunen eskaintza zabaldu eta bermatu beharra dagoela. Hau guztia lortzeko ezinbestekoa da bere ustez hizkuntzaz disfrutatzeko mentalitatea transmititzea.

Pixkanaka aurrera

Gazte hizkeraren eremuan ezer gutxi aurreratu dela uste du Imanol Esnaolak. Halaxe esan du gazte hizkeraren ikertzaile den honek "Gazte hizkeraren ezaugarriak" izeneko hitzaldiaren baitan. Bere ustez, ez dugu ulertu gazte hizkera zer den, euskara batuaren sindromearekin jarraitzen dugu eta ezin zaie gazteei hizkera berezia zainetatik sartu, berezko prozesua izan behar du horrek. Hori bultzatzeko, gazte hizkera propioa bultzatzeko, gazte talde izaeraren kontzientzia piztu behar da eta beharrezkoa litzateke gainera, gazte hizkeraren inguruan kezka duten eragileak biltzeko gunea sortzea; Euskal Komunikatzaileen Elkartea, hain zuzen ere.

Gazte hizkera nazionalaren bila

Bestelako aurkezpena egin digu Asisko Urmenetak gazte hizkeraren ingurukoak azaltzeko. Irudigilea izanik, marrazkiek lagunduta egin du bere azalpena. Bere ustez diagnosia egin behar da lehenik, hutsuneak non diren ikusi eta ondoren hizkera hedatu behar da komunikabideen bidez. Erabilera bultzatu behar da batez ere ezagutza eta motibazioaren aldean. Gazte hizkera nazionala falta da bere ustetan eta euskara kolokiala estandarra eraiki behar da, gaur egun euskara kolokiala euskara koloniala ere badelako, gaztelera eta frantsesaren eragina nabaria baita.

Korapiloak askatzeke

Bazkaldu ostean, mahai ingurua izan da; Juan Manuel Etxeberria (irakasle eta idazlea), Erramun Osa (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa), Haritz Salaberria (Urtxintxa eskolako kidea) eta Ińaki Eizmendi (Ttakun elkartekoa) izan ditugu hizketan. "Gazte hizkera eskolan eta aisialdian" izenburuak mahai gainean ideia ezberdinak jartzeko aitzakia eman du; askatzeko korapilo ugari dagoela ikusi dugu beste behin ere. Lehenik ikusi dugu, aisialdia ingurune egokia dela hizkera kolokiala sustatzeko, baina eragozpenak egon, badaudela. Dena den, helburua hizkuntzarekin jolastu eta gazteek euskaraz ongi pasa daitekeela ikustea da, euskararen arima zaindu beharra dago, bere bizitasuna, hizkuntzak erabiltzen diren neurrian ezagutzen direlako eta erabiltzen diren neurrian ezagutzen direlako. Eskolan erabilera eremu ezberdinak daudela eta horiek sistematikoki antolatu behar direla, hori ere mahai gainean jarri duten beste ideia bat izan da.

Bihar amaituko dira jardunaldiak. Asier Larrinaga ETBko euskara saileko arduradunak "Euskarazko gazte hizkera telebistan" izeneko hitzaldia eskainiko du goizeko 9:30etan hasita eta ondoren mahai ingurua izango da "Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan" izenburupean. Bertan Goizeder Taberna (Xirika gazteen kazetako kidea), Estitxu Elduaien (Matraka astekaria), Alberto Irazu (Gaztetxulo aldizkaria) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gazteako esataria) izango dira. Amaieran, ondorioak komunean jarriko dituzte gazte eta helduek, egindako azterketa zein den ikusi eta aurrera begira eman beharreko pausoak eta segi beharreko bidea zein diren ikusteko. Horrelaxe amaituko dira Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak eta Ttakun Elkarteak antolatutako Gazte Hizkera Jardunaldiak.

  • Sustatu-n argitaratua, 2005-04-07an.
 
«Gazte hizkera beti da boterearen hizkuntzaren kontrako hizkera»
2005-04-07 / 08:30 / Unai Zubeldia - BERRIA

Kike Amonarriz Tolosako Udaleko Euskara Zerbitzuan, Siadecon eta telebistan lanean aritutako soziolinguista eta umoregilea da. Gaur egun, Argia aldizkariko sustapen saileko arduraduna eta Euskararen Aholku Batzordeko kidea da. Atzo, Azpeitian, gazte hizkeraren egungo egoeraz eta garrantziaz mintzatu zen.

Gazte askoren ustez, euskarak ez du bizitasunik, ez du indarrik.

Baldintza soziolinguistikoek eta politikoek ekarri gaituzte egoera honetara, bere argi-ilun guztiekin. Hizkuntzaren ezagupen formalean asko irabazi dugu, baina euskarak nozitzen duen egoera diglosikoaren eta egoera minorizatuaren eraginez, aspektu batzuk ezin izan ditugu garatu.

Esaterako?

Eten linguistikoa bortitza izan da. Belaunaldien artean hizkuntza ez da transmititu, eta hizkuntzaren erreferenteak eta mekanismo sozialak eten egin dira. Une batean kaleko hizkera desagertu egin zen; gazteak, berriz, euskaraz hasi direnean, hizkera formala ikasi dute, etxeko hizkera ere bai, baina kalekoa falta zaie. Kaleko hizkuntza adierazkor bat sortzea da erronka.

Baina gazte hizkeraren kezka ez da euskararen arazoa soilik ezta?

Ez. Fenomeno hau ez da oraingoa, eta ez da gurea bakarrik. Kezka unibertsala da, hizkuntza guztiak direlako, neurri handiagoan edo txikiagoan, minoritarioak; bai ingelesa, bai txinera, eta baita, neurri apalago batean, espainiera, frantsesa edo alemana ere. Den-dena menpekotasun linguistiko baten ondorio da.

Zer egin behar da egoera hau iraultzeko?

Egiturazko desoreka hau orekatzeko beharko dira, batetik, diskriminazio positiboko politika indartsu batzuk, eta, bestetik, hizkuntzaren erabilera sozialeko esparruak sortu eta indartuko dituzten politikak eta dinamika sozialak.

Euskararen kalitatea aztertzean euskara zuzena, jatorra eta egokia bereiztu izan dituzue. Gazte hizkerak zenbat du bakoitzetik?

Gazte hizkera definizioz ezin daiteke zuzena izan, beti da boterearen hizkuntzaren kontrako hizkera errebeldea. Horrek ez du esan nahi gazteek euskara zuzena erabili behar ez dutenik; behar dutenean erabiliko dute. Bestalde, gazte hizkera egokia izango da gazteek adierazi nahi duten guztia adierazten duten neurrian.

  • BERRIA egunkarian argitaratua, 2005-04-07an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com