Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak Azpeitian

Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak Azpeitian

2005-03-17 / 18:22 / Azpeitiko Euskara Patronatua   AISIALDIA

Euskal Herriko Ipar eta Hegotik etorritako gazteak eta adituak elkartuko dira Azpeitian "Gazte hizkera eta euskarari buruz" hitzegiteko. Jardunaldiak 2005eko apirilaren 6an eta 7an izango dira.

Euskara gehien erabiltzen den herrietan ere, gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkera erdaratik hartzeko joera dute, nahiz eta euskarak hizkera hori izan baduen. Hori, jakina, askoz nabarmenago gertatzen da euskararen erabilera eta bizitasuna eskasagoa den lekuetan. Ingurune horietan gazte hizkera informalaren erabilera gaztelaniaz edo frantsesez ematen da.

Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun Elkarteak Azpeitiko Euskara Patronatuaren laguntzarekin antolatu dituzten jardunaldi hauetan egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu nahi dute. Baina, ez dute azterketan geratu nahi, gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu eta proposamen eta ideia zehatzak luzatu nahi dituzte. Horretarako gaia aztertuta daukaten adituez gain gazteek hitz egiteko aukera izango dute eta beraien iritzia entzun ahal izateko aukera izango da Azpeitian apirilaren 6an eta 7an.

Gazte hizkera ez formala erdaraz

Azken urteetan, euskararen normalizazioan lanean ari direnek, eta batez ere, gazteekin lan egiten dutenek, kezka nagusi bat aipatzen dute: gazte euskaldunek lagun artean nagusiki erdaraz hitz egiten dute.

Euskara asko eta askotan erabiltzen den herrietan ere, Azpeitian bertan esate baterako, gazteek erregistro ez formala erdaratik hartzeko joera dute, nahiz eta euskarak erregistro hori izan eta beraiek esamolde berriak sortzeko gai izan. Azpeitiko gazteek, euskaldunak izan arren, askotan, ligatzeko, adarra jotzeko edo haserretzeko orduan, sentimendu horiek euskaraz komunikatzeko zailtasunak dituzte.

Hori, noski, askoz nabarmenagoa da euskararen presentzia horren handia ez den lekuetan. Ingurune horietan gazte hizkera informalaren erabilera gaztelaniaz edo frantsesez ematen da. Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen eta, beraz, ez dute euskara egoera ez-formaletan erabiltzen.

Azpeitiko Euskara Patronatua egoera aldatzeko ahaleginean

Egoera horrela, Azpeitiko Euskara Patronatuak bertako gazteek hizkera ez formalean euskaraz moldatzeko erraztasunik ez dutela ikusirik azken urteetan Urtxintxa Aisialdi Eskolaren laguntzarekin hainbat jarduera antolatu ditu: ikastetxeetan lagunarteko hizkeraren inguruko saioak, piropo lehiaketa....

Horregatik, gazte hizkeraren inguruan jardunaldiak antolatzeko ideia sortu zenean Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Udalak antolatzeko laguntza guztia ematea erabaki zuten.

Gazte hizkeraren inguruko jardunaldiak

Gure asmoa bertara gerturatzen direnak egungo euskarazko gazte hizkeraren egoerari buruz hitz egiteaz gain hizkera mota hau sustatzeko eman daitezkeen urratsak aztertzea da eta Euskal Herri osorako baliagarriak izan daitezkeen ondorioak atera nahiko genituzke. Gainera, jardunaldi hauetan parte hartuko duten gazteen ahotsak entzutea berebiziko garrantzia izango du, gazte hizkerari buruz hitz egiteko garaian gazteen hausnarketak entzutea ezinbestekoa baita. Hauxe da, beraz, Azpeitiko Udalaren kezka gazte hizkeraren inguruan, eta hauxe da Azpeitiko udalaren erronka: euskarazko gazte hizkera bizia sustatzeko urratsak ematen hastea.

Helburuak

  • Gazte hizkeraren ezaugarriak aztertu.
  • Egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu.
  • Gazte hizkera lantzeak euskararen normalizazioan duen garrantzia ikusi.
  • Helduek (euskararen normalizazioan lanean ari direnek) eta gazteek gaiaren inguruan dituzten ikuspegiak aztertu eta konparatu, gazteei protagonismo berezia emanez.
  • Gazte hizkera sustatzeko dauden baliabideak aztertu.
  • Euskarazko gazte hizkera sustatzeari begira egin diren esperientziak ezagutu.
  • Gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu.

Nori zuzenduta

  • Euskara teknikariak.
  • Hezkuntza teknikariak (ikastetxeeetako HNPak, Berritzegunetakoak, Irale...).
  • Ikastetxeetako irakasleak.
  • Euskara elkarteetako kideak.
  • Aisialdi taldeetako hezitzaileak.
  • ... eta gazteak.

Edukiak

  1. Egungo gazteen hizkuntzazko egoera.
  2. Gazte hizkeraren ezaugarriak.
  3. Gazte hizkeraren garrantzia.
  4. Ba al du euskarak egungo errealitaterako gazte hizkerarik? Nondik jaso al dezake euskarak lagunarteko hizkera?
  5. Gazte hizkera areagotzeko bideak: Komunikabideak, eskola eta aisialdia.

Antolakuntza

Bi ataletan bereziko dira jardunaldiak. gazteak eta helduak.

  1. Helduen kasuan batez ere ponentziak eta mahai inguruak egingo dira.
  2. Gazteen kasuan talde dinamiken bidez beraien iritzia jasoko da. Ahalik eta aberasgarriena izan dadin, ingurune askotako gazteak bilduko dira:
    • Ingurune urbanoak eta ruralak.
    • Ingurune euskaldunak eta erdaldunak.
    • Euskal Herriko lurralde guztietako gazteak.

    Jardunaldien hasieran bi taldeentzat sarrerako ponentzia bat egingo da. Ondoren bereizi egingo dira eta gai berdinen inguruan banatuta arituko dira. Azkenik, denak bilduko dira ondorio nagusiak atertzeko.

Datak: 2005eko apirilaren 6a eta 7a

  • Apirilaren 6a (asteazkena): 9:00-14:00 eta 16:00-18:00
  • Apirilaren 7a (osteguna): 9:30-14:00

Tokia: Azpeitian

Jardunaldiak bi tokitan egingo dira:

  • Gazteen topalekua Euskara Patronatuak dituen lokaletan izango da.
  • Helduen topalekua Enparan dorretxean izango da.

Gazteen jardunaldien programa orokorra

Asteazkena, apirilak 6

  • 9:00etan HARRERA
  • 9:30etan HASIERAKO EKITALDIA
  • 10:00etan SARRERA HITZALDIA: Kike Amonarriz
  • 11:00etan ATSEDENA (leku aldaketa)
  • 11:30etan GAZTE HIZKERAREN EGUNGO EGOERA, EZAUGARRIAK ETA GARRANTZIA
    • Gazteek nolako garrantzia ematen diote gazte hizkerari?
    • Inporta al zaie euskarazkoa erabiltzea edo berdin zaie beste edozein hizkuntzetakoa erabiltzea?
    • Zein da beraien ingurunean bizi duten egoera?
    • Ezagutzen al dute helduen eta zaharren lagunarteko hizkera?
    • Erabiltzen al dute?
    • Gaur egungo beharretarako egokia al da?
  • 14:00etan BAZKARIA
  • 16:00etan GAZTE HIZKERA AREAGOTZEKO BIDEAK
    • Ba al du euskarak baliabiderik?
    • Nondik jaso dezake gaur egungo beharretarako baliabideak?
    • Merezi al du horretan saiatzea?
    • Ez al da hobea esku eskura ditugun beste hizkuntzetatik jaso eta horretan uztea?
    • Nola zabaldu euskarazko gazte hizkera gazteen artean? (zabaldu behar bada, noski).
    • Zeintzuk izan daitezke erreferenteak?
    • Non ikusten dituzte bideak?
    • Egokia iruditzen al zaie irakasleek hori sustatzea?
    • Eta eskolaz kanpoko jardueretako begiraleek?
    • Komunikabideek eraginik izan al dezakete?
    • Gazte hizkera indartzeko egokia izango al litzateke gazte hizkera estandar bat garatzea?
  • 18:00etan AMAIERA


Osteguna, apirilak 7

  • 9:30etan KOMUNIKABIDE IDATZIEN AURKEZPENA
  • 10:00etan ONDORIO NAGUSIAK BILDU ETA ADOSTU
  • 11:30etan ATSEDENA (leku aldaketa)
  • 12:00etan ONDORIOEN AURKEZPENA
  • 14:00etan AMAIERA

Helduen jardunaldien programa orokorra

Asteazkena, apirilak 6

  • 9:00etan HARRERA
  • 9:30etan HASIERAKO EKITALDIA
  • 10:00etan SARRERA HITZALDIA: Kike Amonarriz
    • GAZTE HIZKERAREN EGUNGO EGOERA ETA GARRANTZIA
  • 11:00etan ATSEDENA
  • 11:30etan
    • HITZALDIA: Imanol Esnaola
      • GAZTE HIZKERAREN EZAUGARRIAK
    • HITZALDIA: Estibaliz Amorrortu
      • GAZTE HIZKERA AREAGOTZEKO BIDEAK
  • 14:00etan BAZKARIA
  • 16:00etan MAHAI INGURUA
    • GAZTE HIZKERA ESKOLAN ETA AISIALDIAN


Osteguna, apirilak 7

  • 9:30etan
    • HITZALDIA: Asier Larrinaga
      • EUSKARAZKO GAZTE HIZKERA TELEBISTAN
    • MAHAI INGURUA
      • EUSKARA GAZTEEI ZUZENDUTAKO KOMUNIKABIDEETAN
  • 11:30etan ATSEDENA
  • 12:00etan ONDORIOAK
    • GAZTEEN ONDORIOEN AURKEZPENA
    • ONDORIO OROKORRAK
  • 14:00etan AMAIERA

IZEN EMATEA

Martxoaren 31 baino lehen telefono honetara deituz: 943 27 00 33

Matrikula prezioa: 25 €

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

 
Gazte hizkerari buruz topaketak apirilean
2005-03-18 / 07:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA

Atzo, Euskara Patronatuan Ana Mendizabal Udaleko Euskara Batzordeburuak eta Urtxintxa Aisialdi Eskolako Imanol Altunak jakinarazi zutenez, Azpeitian Gazte Hizkerari Buruzko Topaketak egingo dira, apirilaren 6 eta 7an. Lapurdi, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herrietatik etorritako gazteek eta hezkuntza eta aisialdiko profesionalek parte hartuko dute, eta azpeitiarrak ere izango dira tartean. Antolatzaileen esanetan, topaketen helburua, «gazte hizkeraren ezaugarriak aztertzea eta egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertzea da, besteak beste».

  • Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-03-18an.
 
Gazte hizkeraren inguruko jardunaldiak egingo dira apirilean
2005-03-18 / 07:36 / Mailo Oiarzabal - DIARIO VASCO

Euskal Herri osotik etorritako aditu eta gazteak Azpeitian elkartuko dira datorren hilaren 6an eta 7an.

Ana Mendizabalek eta Jaime Altunak aurkeztu zituzten atzo jardunaldiak. (OIARZABAL)
AZPEITIA. DV. Euskal Herriko bazter desberdinetatik etorritako hainbat aditu eta gazte Azpeitian elkartuko dira datorren apirilaren 6an eta 7an, lehendabizikoz antolatuko diren Gazte Hizkera jardunaldietan parte hartzeko. Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun Elkarteak antolatutako jardunaldiok Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren babesa dute, eta Azpeitiko Euskara Patronatoan eta Enparan Dorretxean garatuko dira.

Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Hezkuntza eta Euskara batzordeburuak eta Urtxintxa Aisialdi Eskolako Jaime Altunak atzo aurkeztu zituzten jardunaldi berri hauek prentsaurrean. Apirilean egingo diren saioak Urtxintxak eta Ttakunek 2001etik hona gazte euskaldunen hizkeraren inguruan garatu duten programaren atal bat izango dira, aurkezpenean zehaztu bezala. Mendizabalen hitzetan, «euskararen normalizazioan lanean ari diren adituek kezka nagusi bat dute: lagunartean, gazteek gehienbat erdarara jotzen dutela. Azpeitia bezalako herri batean ere nabaritzen da joera hori. Nahiz eta oso euskalduna izan, hizkera kolokialean eta sentimenduak adierazteko erdarara jotzen dute, eta zer esanik ez euskararen presentzia txikiagoa den tokietan». 2001ean Nafarroatik abiatu eta duela bi urtetik hona Hego Euskal Herri osora zabalduta duten programaren bidez, hainbat ikastetxetan zabaldu dute gazte hizkeraren inguruko beraien programa Urtxintxakoek eta Ttakunekoek eta, Jaime Altunak adierazi bezala, urtetik urtera «jarduera berriak gehitzen saiatu» dira. Horrela, aurten Gazte Hizkera jardunaldiak antola- tzea erabaki dute.

«Egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera» aztertzea izango da, antolatzaileen esanetan, Azpeitian egingo diren bi eguneko jardunaldien helburu nagusia. Horrekin batera, gazte hizkerak «euskararen normalizazioan duen garrantzia ikusi eta gazteek hizkera hori sortzeko zer baliabide» dituzten aztertu nahi dute. «Diagnosiaz gain ondorioak ere» atera nahi dituzte jardunaldietatik, Altunaren esanetan, «eta gazte hizkera indartzeko zer bide eta proposamen dauden luzatu».

Bi topaleku

Gazte Hizkera jardunaldiek bi topaleku izango dituzte. Alde batetik, Enparan Dorretxean, euskara eta hezkuntza teknikariak, irakasleak, euskara elkarteetako kideak edota aisialdi taldeetako kideak elkartuko dira, helduak, nolabait esateko. Euskara Patronatoaren egoitzan, berriz, gazteak elkartuko dira, Gipuzkoatik (tartean azpeitiarrak), Bizkaiatik, Arabatik, Nafarroatik eta Lapurditik etorritako 15 eta 17 urte bitarteko 30-40 gazte.

Apirilaren 6an, sarrerako ekitaldian eta Kike Amonarrizek emango duen hitzaldiak bi taldeak elkarrekin izango dira Enparan Dorretxean, eta baita apirilaren 7ako eguerdian ere, jardunaldietako ondorioak plazaratzeko egingo den saioan. Bien bitartean, Enparan Dorretxean bilduko diren helduek hainbat hitzaldi eta mahaingurutan partaide izango diren bitartean, gazteek Euskara Patronatoan «beraien artean hitz egitea nahi dugu, beraien esperientziak eta iritziak azaltzea», dio Altunak, aurrez ikastetxeetan eta lagun taldeetan lantzea eskatu zaiena oinarritzat dutela, eta elkartruke horren «ondorioak» jasotzeko eskatuko zaie ondoren, gero Enparan Dorretxean plazaratzeko.

Gazte Hizkera jardunaldietan ariko diren adituak, aipatutako Kike Amonarrizekin batera, Imanol Esnaola, Estibaliz Amorrortu eta Asier Larrinaga izango dira, hizlari gisa. Aurrikusita dauden bi mahainguruetan, besteak beste, hezkuntza munduko eta gazteei zuzendutako komunikabideetako ordezkariak izango dira partaide.

  • DIARIO VASCO egunkarian argitaratua, 2005-03-18an.
 
Apirilaren 6an eta 7an egungo gazteen hizkera aztertuko dute Azpeitian
2005-03-31 / 08:00 / BERRIA

Gaur egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu, hizkera indartu eta ideia eta proposamen zehatzak planteatzeko jardunaldiak egingo dituzte apirilaren 6an eta 7an Azpeitian. Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun Elkarteak antolatu dute ekimena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldiak jende askori zuzenduta daude: euskara teknikariei, hezkuntza teknikariei, ikastetxeetako irakasleei, euskara elkarteetako kideei eta aisialdi taldeetako hezitzaileei. Baina, noski, baita gazteei eurei ere.25 euro ordaindu beharko dira jardunaldietan parte hartzeko, eta gaur da izena emateko azken eguna (943270033). Apirilaren 6an 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta apirilaren 7an 09:30etik 14:00etara izango dira jardunaldiak.

  • BERRIA egunkarian argitaratua, 2005-03-31n.
 
Gazte hizkerari buruzko jardunaldiak Azpeitian
2005-04-05 / 08:00 / Jaime Altuna ¦ Gipuzkoako Urtxintxa Eskola

Gazteek lagunartean erabiltzen duten hizkera erdaratik hartzeko joera dute euskarak hizkera mota hori erabiltzeko aukera ematen duen arren eta euskarazko erregistro hori erabiltzeko gai diren arren. Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen eta ez dute euskara egoera ez-formaletan erabiltzen. Askotan ligatzeko, adarra jotzeko edo haserretzeko orduan, sentimendu horiek euskaraz komunikatzeko zailtasunak dituzte eta erdarara jotzen dute eta ez hori bakarrik, gazte euskaldunek lagun artean nagusiki erdaraz hitz egiten dutela diote euskararen normalizazio prozesuan lanean ari direnek.

Hau guztia ikusita, egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu nahi da jardunaldiotan eta gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu eta proposamen eta ideia zehatzak luzatu nahi dira. Helburua, euskarazko gazte hizkera bizia sustatzeko urratsak ematen hastea da.

Jardunaldiak bi ataletan bereiziko dira; gazteak alde batetik eta helduak bestetik. Helduen kasuan mahai inguruak eta hitzaldiak izango dira batez ere, eta gazteen iritzia talde dinamiken bidez jasoko da. Ondoren, denak bilduko dira ondorio nagusiak ateratzeko.

Parte hartzaile ugari

Egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertzeko hainbat hitzaldi eta mahai inguru izango dira Azpeitian: zehazki, lau hitzaldi eta bi mahai inguru.

"Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia" izeneko hitzaldia eskainiko du Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregileak, Imanol Esnaolak gazte hizkeraren ikertzaileak "Gazte hizkeraren ezaugarriak" aztertuko ditu bere hitzaldian eta berdina egingo du Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia Sailean irakasle den Estibaliz Amorrortuk "Gazte hizkera areagotzeko bideak" aztertuz. Laugarren hitzaldia Asier Larrinaga Euskal Telebistako euskara saileko buruak eskainiko du: "Euskarazko gazte hizkera telebistan" izenburupean.

Bi mahai inguru ere izango dira; "Gazte hizkera eskolan eta aisialdian" izenekoan Esther Mugertzak (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko euskara zerbitzuko kidea), Juan Manuel Etxeberriak (irakaslea eta idazlea) eta Erramun Osak (Euskal Herriko ikastolen konfederazioko kidea) hartuko dute parte. Bigarren mahai ingurua ostegunean izango da eta mintzagaia hauxe: "Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan". Goizeder Taberna (Xirika gazte kazetako kidea), Estitxu Elduaien (Matraka astekarikoa), Alberto Irazu (Gaztetxulo hilabetekariaren izenean) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gazteako esataria) arituko dira gai horren inguruan solasean.

Informazio gehiago nahi izanez gero, aisia.net webgunean edota 943 27 00 33 telefono zenbakira deituta lor dezakezue.

  • Sustatu-n argitaratua, 2005-04-05ean.
 
Gazteek erabiltzen duten hizkera eta euskararen erabilera aztertzeko jardunaldiak antolatu dira
2005-04-05 / 08:00 / Asier Zaldua - DEIA

Adituez gain, gazteen iritzia ere jasoko da izan ere, mintzatzeko aukera izango baitute.

Bihar eta etzi Euskal Herri osoko gazteak eta adituak Azpeitian elkartuko dira Gazte hizkera eta euskarari buruz hitz egiteko.

Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun Elkarteak Azpeitiko Euskara Patronatuaren lagun-tzarekin antolatu dituzten jardunaldi hauetan egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu nahi dute.

Horretaz gain, gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu eta proposamen zehatzak luzatu nahi dituzte. Horretarako, gaia aztertuta daukaten adituez gain, gazteek hitz egiteko aukera izango dute eta beraien iritzia entzuteko aukera izango da.

Gazte euskaldunak lagun artean nagusiki gazteleraz min-tzatzen direla eta antolatu dira nagusiki jardunaldi hauek. Bertan, euskara eta hezkuntza teknikariek, ikastetxeetako irakasleek, euskara elkarteetako kideek, aisialdi taldeetako hezitzaileek eta gazteek, noski, parte hartuko dute. Gazteen jardunaldiak Euskara Patronatuaren lokaletan izango dira eta helduenak Enparan dorretxean.

  • DEIA egunkarian argitaratua, 2005-04-05ean.
 
Gazte hizkera aztertzeko jardunaldiak antolatu dira
2005-04-05 / 16:50 / Uztarria - Azpeitia

Lau hitzaldi eta bi mahai inguru antolatu dituzte Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak eta Ttakun elkarteak Azpeitian

Apirilaren 6an (asteazkena) eta 7an (osteguna) izango dira

Gazteek euskara nola erabiltzen duten aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte Gipuzkoako Urtxintxa Eskolak eta Ttakun elkarteak Sustatu.com web gunetik jakin denez. Apirilak 6 eta 7 artean bi mahai inguru eta lau hitzaldi izango dira.

"Gazte askok ez diote bizitasunik topatzen euskarari, ez dute hizkuntzarekin jolastea lortzen eta ez dute euskara egoera ez-formaletan erabiltzen", dio Jaime Altuna Gipuzkoako Urtxintxa Eskolako kideak. Hori eta beste arrazoi batzuk tarteko, "egungo euskarazko gazte hizkeraren egoera aztertu nahi da jardunaldiotan eta gazte hizkera indartzeko jarraitu beharreko bidea aztertu eta proposamen eta ideia zehatzak luzatu nahi dira. Helburua, euskarazko gazte hizkera bizia sustatzeko urratsak ematen hastea da", dio Sustatu-n.

Ekitaldiak

Honakoak dira antolatu diren ekitaldiak eta parte hartuko dutenak:

Gazte hizkeraren egungo egoera eta garrantzia, hitzaldia. Kike Amonarrizek emango du.

Gazte hizkeraren ezaugarriak, hitzaldia. Imanol Esnaola gazte hizkeraren ikertzaileak emango du.

Gazte hizkera areagotzeko bideak, hitzaldia. Estibaliz Amorrortu, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako irakasleak emango du.

Euskarazko gazte hizkera telebistan, hitzaldia. Asier Larrinaga Euskal Telebistako euskara saileko buruak eskainita.

Gazte hizkera eskolan eta aisialdian, mahai ingurua. Parte-hartzaileak: Esther Mugertza (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduko euskara zerbitzuko kidea), Juan Manuel Etxeberria (irakaslea eta idazlea) eta Erramun Osa (Euskal Herriko ikastolen konfederazioko kidea).

Euskara gazteei zuzendutako komunikabideetan, mahai ingurua. Parte-hartzaileak: Goizeder Taberna (Xirika gazte kazetako kidea), Estitxu Elduaien (Matraka astekarikoa), Alberto Irazu (Gaztetxulo hilabetekariaren izenean) eta Joseina Etxeberria (Euskadi Gazteako esataria)

Ordutegia eta tokia

Ekitaldiak ordutegi hau izango dute:

Apirilak 6, asteazkena: 9:00etatik 14:00etara eta 16:etatik 18:00etara.

Apěrilak 7, osteguna: 9:30etik 14:00etara.

Bi lekutan egingo dira jardunaldiak: batetik Gazteen topalekua Euskara Patronatuak dituen lokaletan, eta bestetik, helduen topalekua Enparanen.

  • Uztarria.com agerkari digitalean argitaratua, 2005-04-05ean.
 
200 lagun Gazte Hizkera jardunaldietan
2005-04-06 / 08:00 / Nerea Uranga - Urola Kostako HITZA
  • AZPEITIA. Urtxintxa Aisialdi Eskola eta Ttakun Elkartea dira antolatzaileak.
  • LAGUNTZA. Azpeitiko Udalak eta Jaurlaritzak babestu dituzte jardunaldiak.
  • PARTE HARTZEA. Gaur eta bihar, berrehun lagun inguru ariko dira Enparanen.

Gaur eta bihar Gazte Hizkeraren inguruko jardunaldiak egingo dira Azpeitian. Euskal Herri mailakoak dira, eta 200 gazte eta adituk parte hartuko dute bertan.

Urtxintxa Aisialdi Eskolak eta Ttakun Elkarteak antolatu dituzte jardunaldiak, Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren babesarekin. Jardunaldien helburu nagusia, antolatzaileen esanetan, «egungo euskarazko gazte hizkera aztertu eta etorkizunari begira hizkera hori sustatzeko bidea zabaltzeko pausoak ematea izango da».

Gaur hasiko dira, goizeko 09:00etan, Enparan dorretxean. Sarrera hitzaldia Kike Amonarriz soziolinguista eta umoregileak emango du, eta Gazte hizkeraren egungo egoeraz eta garrantziaz hitz egingo du.

Gero, 11:30etik aurrera, gazteak eta helduak bi lekutan bereiziko dira, bakoitzak bere programa propioa izango duelako hortik aurrera. Gazteak Udal Euskara Patronatoa izango dute jarduenaldietako topaleku, eta han, talde dinamiken bidez, Gazte hizkeraren egungo egoera, ezaugarri eta garrantziaz eztabaidatuko dute, eguerdi artean. Arratsaldean, berriz, Gazte hizkera areagotzeko bideak izango dituzte hizketarako gai.

Enparan dorretxean, helduek, Imanol Esnaola gazte hizkeraren ikertzaileak emango duen Gazte hizkeraren ezaugarrien inguruko hitzaldia eta Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia sailean irakaslea den Estibalitz Amorrortuk emandako Gazte hizkera areagotzeko bideak mintzaldia izango dute. Arratsaldez, berriz, Gazte hizkera eskolan eta aisialdian gaiari buruz jardungo dute mahai-inguruan Es-ther Mugertza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko euskara zerbitzuko kideak, Juan Manuel Etxeberria irakasle eta idazleak eta Erramun Osa Euskal Herriko ikastolen konfederazioko kideak.

Bihar, berriz, goiz partean bakarrik izango dira jardunaldiak.

  • Urola Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-04-06an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com