 |
Komunikazio eta informazio plana Azpeitiko elkarteetan |
 |
2005-01-29 / 07:06 / Azpeitiko Euskara Patronatua |
HERRI-ELKARTEAK |
|
Ana Mendizabal Azpeitiko Udalaren Euskara batzordeburuak eta Juanjo Allur Siadeco Ikerketa Elkartearen arduradun-teknikoak Azpeitiko herri elkarteetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) komunikazio eta informazio fasea nola egingo den azaldu dute.
Ana Mendizabal Azpeitiko Udalaren Euskara batzordeburuak komunikazio kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu eta herriko elkarte eta ikastetxeek euskararen normalizazioan daukaten garrantzia azpimarratu du.
Siadeco-ren ordezkari Juanjo Allur-ek berriz, helburu zehatzak aletu ditu, datuak eman ditu eta plangintzaren diseinua azaldu du.
Ana Mendizabalen esanetan arlo asoziatiboan abian jarriko den komunikazio planaren helburu nagusia “EBPNren barruan Azpeitian martxan dagoen hizkuntza normalkuntzarako prozesuaren aldeko giroa sustatzea eta prozesu horren aldeko estimuluak aktibatzea da”, eta zehaztu du, "herriko gastronomia elkarte, kultur talde, kirol elkarte eta ikastetxeei zuzenduta dago, batez ere".
Komunikazio kanpainaren nondik-norakoak
Komunikazio plan bat jarriko da martxan, eta Azpeitiko elkarte guztietara iristeko ahalegina egingo da.
Euskararen erabilera bultzatzeko zerbitzuak herriko establezimenduetan eta lan munduan eskaini diren moduan, orain herriko elkarteei eskainiko zaizkie eta dituzten beharren arabera zerbitzu berriak diseinatzeko prozesu berri bat ere zabaldu nahi da.
Lan egiteko lau ildo jorratuko dira:
- Euskararen idatzizko erabileran hutsuneak edo zailtasunak dituzten elkarteei itzulpen zerbitzua eta aholkularitza zerbitzua eskainiko zaie
- Hizkuntza normalizazio osoa lortzeko mikroplangintzak gero eta elkarte gehiagotara zabaltzeko bidea zabalduta dago.
- Gastronomia elkarteetan gero eta zabalduago dagoen software berri bat euskaraz eskainiko da.
- Elkarte eta taldeen arteko komunikazio sareak eraiki eta euskararen mesedetan erabiltzea lortu nahi da.
Elkarte eta ikastetxeek oso lan garrantzitsua egiten dute euskararen normalizazioan
Bukatzeko, Ana Mendizabalek zera esan du: “Herriko talde eta elkarte gehienetan euskarak duen erabilera naturala eta euskararen normalizazioan elkarte eta talde horiek egiten duten ekarpena oso garrantzitsua da”. Eta “euskararen transmisio naturalean eta hizkuntza normalizazioan herriko ikastetxeek egiten duten lan garrantzitsua” ere azpimarratu du.
Siadecoren ordezkariak, berriz, bost puntu jorratu ditu:
- Komunikazio planaren helburuak.
- Elkarteen datuak.
- Euskararen indarguneak eta hutsuneak Azpeitiko elkarteetan.
- Plangintza.
Komunikazio planaren helburuak
Diagnostikoaren berri ematea
Azpeitiko Euskara Patronatuak SIADECO Ikerketa Elkartearekin batera, 2003an diagnostikoa egin zuen eta diagnostiko horren ondorioak emango dizkiete elkarteetako kideei.
Azpeitiarrek daukaten altxorraz jabetzea
Azpeitiarrek harro egon behar dute beren euskara oso aberatsa eta bizia delako eta horretaz jabetu behar dute, duten altxorraz jabetu behar dute. Eta altxor horretan oinarrituta euskara esparru gehiagotan erabiltzea lortu nahi da plan honen bitartez.
Aurrerapausuak egin euskararen alorrean
Elkarte ia guztietan euskara natural erabiltzen da ahoz, eta helburua da pixkanaka-pixkanaka eta elkarte bakoitzean bere erritmoan, euskara alor gehiagotan erabiltzea. Adibidez, idatzizko jardunean ere orain erabiltzen dena baino gehiago erabiltzea.
Elkarteen arteko komunikazioa hobetzea
Elkarteen arteko komunikazioa hobetzeko sare bat sortu nahi du Azpeitiko Euskara Patronatuak Siadecorekin elkarlanean, eta noski, sare horrek euskaraz funtzionatzea da helburua.
Elkarte kopurua jardueraka
Era berean, Siadeco-ren ordezkariak Azpeitiko elkarteei buruzko hainbat datu eman ditu eta ondoko taula honetan bildu ditugu:
| Elkarte mota | Guztira zenbat | Kide euskaldunen indizea (%) | Euskaldun alfabetatuen indizea (%) |
|---|
Gastronomia elkarteak eta tanborrada taldeak (kultur ekintzekin edo gabe) | 29 | 96,6 | 67,9 | Kultur taldeak (tanborrada izan ezik) | 20 | 97,9 | 91,8 | | Kirol elkarteak | 15 | 99,1 | 87,3 | Ikastetxeak, guraso elkarteak eta heziketarako bestelako elkarteak | 9 | 97,9 | 91,8 | Bestelako gizarte taldeak, elkarteak eta zerbitzuak (gazte taldeak, erlijio taldeak, euskara elkarteak, sindikatuak, alderdi politikoak...) | 21 | 99,2 | 81,5 | Udalaren menpeko zerbitzu elkarteak | 8 | 95,5 | 87,3 | | GUZTIRA | 102 | 97,4 | 81,6 |
|---|
Euskararen indarguneak eta hutsuneak Azpeitiko elkarteetan
Azpeitiko elkarteetan oso indartsu dago euskara. Jendeak euskaraz hitz egiten du, natural-natural, eta ahozko harreman gehienak euskaraz izan ohi dira. Gainera, ahozko jardun hori ez da handia kantitatez bakarrik, baita kalitatez ere, euskara bizia eta freskoa hitz egien baita. Hala ere, hutsune edo ajerik ere badago. Izan ere, azpeitiarrek euskarazko ahozko jardunean erdarazko hitz asko txertatzen dituzte eta hori da agian, Azpeitiko euskarak duen hutsunerik nabarmenena, beti ere ahozko jardunari dagokionez.
Komunikazio planaren plangintza
Hemendik gutxira elkarteek gutun bat eta hiruorriko bat jasoko dute, gerora izango duten bisitaren berri emanez. Karta hori jaso ondoren Euskara Patronatuak eta Siadecok banan-banan bisitatuko dituzte elkarteak eta elkarrizketak izango dituzte elkarteetako kideekin. Elkarrizketa eta bisita horietan ondoko informazio hau emango zaie:
- Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garabidean dela azalduko zaie.
- Egin nahi dena esplikatuko zaie.
- Azpeitiko Elkarteetan euskararen diagnostikoa egin zenean elkarteari berari jasotako datuak erakutsiko zaizkie elkarte bakoitzaren arduradunei hausnarketa eta barne-egoeraren azterketa eragiteko. Era berean, esparru bereko beste elkarteen datuekin alderaketa egingo da aurrera begira zein jarraibide eta jokabide hartu daitezkeen hausnartzeko.
- Elkarteek nahi badute, lagundu egingo zaie euskararen alorrean erabat normaliza daitezen.
Hau dena, elkarte bakoitzari nola lagundu daitekeen jakiteko, elkarteek duten ikuspuntua jakiteko eta aurrera begirako estrategiak zehazteko egingo da.
Bisitak egin eta elkarrizketak egin ondoren, Azpeitiko Euskara Patronatuak eta Siadeco-k balorazioa egingo dute eta horretarako ez dituzte irizpide kuantitatiboak bakarrik erabiliko, irizpide kualitatiboak ere erabiliko dituzte. Horrela, ahalik eta balorazio zehatzena egin nahi dute.
Hala ere, balorazioarekin ez da prozesua bukatuko. Prozesu honek jarraipena izango du gerora elkarte bakoitzean euskara bultzatzeko hartuko diren neurriekin eta gerora egingo diren bestelako plan eta ekimenekin.
- Azpeitiko Elkarteetara bidaliko den informazio-orria HEMEN eskura dezakezu.
|
Erantzun |
| |
 |
| Euskararen alde elkarlanean arituko dira herriko elkarteak eta Patronatua |
 |
2005-01-29 / 09:00 / Asier Zaldua - DEIA egunkaria |
 | | Ana Mendizabal eta Juanjo Allur izan ziren prentsaurrekoan (Ainara Galán). | Siadekoko teknikariak 102 elkartetako ordezkariaekin bilduko dira hamar egunetan.
Udaleko Euskara batzordeburua eta Euskara Patronatuko lehendakaria den Ana Mendizabalek eta Juanjo Allurrek, Siadecoko teknikariak, datorren astelehenean herriko elkarteekin abian jarriko duten euskara normalizazio plangintza aurkeztu zuten atzo Euskara Patronatuaren egoitzan.
Plangintza honen lehen pausoa komunikazio kanpaina izango da. Astelehenetik hasi eta hamar eguneko epean Siadeco enpresako teknikariak herriko 102 elkartetako ordezkariekin bilduko dira banan-banan. Hauei guztiei herriko elkarteetan euskararen erabilpena zer nolakoa den azaltzen duen triptikoa eta euren elkartearen errealitatea jasotzen duen eskuorria emango zaie. Horretaz gain, euskararen erabilpenari buruzko euren iritzia jasoko da (nola ikusten duten egoera, zer oztopo dituzten euskaraz lan egiteko...) Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren berri emango zaie eta, bukatzeko, euskara gehiago eta hobeto erabiltzeko elkarlanean aritzea eskainiko zaie.
Euskara Patronatuak jasotako datuen arabera, Azpeitian 102 elkarte daude eta urtean zehar 109 ekintza antolatzen dituzte. 102 elkarte hauetatik 29 gastronomikoak dira, 20 kultur arlokoak eta 15 kirol arlokoak. Herritar ia guztiek parte hartzen dute elkarteren batek edo bestek antolatutako ekintzetan. Bestalde, elkarteetako kideen %97 euskaldunak dira eta euren arteko ahozko harremanen %88 euskarazkoak dira eta %6 elebidunak. Elkarteen idatzizko harremanak, ordea, %70era jaisten dira. Hori dela eta, atzo aurkeztutako plangintzaren helburu nagusietako bat idatzizko harremanetan euskararen erabilera susta-tzea izango da.
Horretarako, elkarte gastronomikoei kontabilitatea eta erregistro lanak euskaraz egiteko "Elkartak" programa informatikoa eta ordenadoreak erosteko dirulaguntza eskainiko zaizkie. Horretaz gain, Euskara Patronatuak laguntza teknikoa eskainiko die elkarte gastronomikoei: euskarazko kartelak, itzulpen txikiak, aktak euskaraz egiteko ikastaroak...
Gainontzeko elkarte guztiei euskarazko programa informatikoak eta horiek jartzeko zerbitzu teknikoa eskainiko zaizkie. Horretaz gain, elkarte guztiei elkarte barruko euskara plangintza prestatzeko eta aurrera eramateko aukera eskainiko zaie, besteak beste. Euskara Patronatuak urtero bost elkarteri euskararen plan estrategikoa egiteko asmoa du. Elkarteek teknikari baten laguntza zuzena izango dute elkarte barruko euskara plangintza eta bere jarraipena egiteko. Kide gehien dituzten elkarteek eta interes berezia azaltzen dutenek izango dute lehentasuna.
Euskara Patronatuko arduradunek euren eskaintzak eran-tzun ona izango duela uste dute, dagoeneko elkarteen %67ak euskara sustatzeko ekintzaren bat aurrera atera baitu. Patronatuak martxoan emango du ezagutzera zenbait elkarte dauden euskara normalizazio plangintzan parte hartzeko prest.
- Deia egunkarian argitaratua, 2005-01-29an.
|
| |
 |
| Elkarteei zuzendutako komunikazio kanpaina abian datorren astetik EBPNren baitan |
 |
2005-01-30 / 08:30 / Mailo Oiarzabal - Diario Vasco egunkaria |
 | | Bidaliko den hiruorrikoaren azala. | Siadekoko teknikariak 102 elkartetako ordezkariaekin bilduko dira hamar egunetan.Herriko 102 elkarterekin egingo du lan Euskara Patronatoak.
Lan munduari eta merkataritzari zuzendutako plangintzen ondoren, Udal Euskara Patronatoak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) baitan komunikazio eta informazio kanpaina berria jarriko du martxan datorren astetik aurrera. Oraingo honetan arlo asoziatiboan emango dira hizkuntza normalizaziorako urratsak, herriko 102 kultur, gastronomia, kirol edota hezkuntza elkarterekin egingo baitu lana Patronatoak, EBPN zer den azalduz eta euskararen erabilera bultzatzeko hainbat zerbitzu eskainiz.
Ana Mendizabal Udalaren Euskara batzordeburuak eta Juanjo Allur Siadeco ikerketa enpresako teknikariak prentsaurrean azaldu zituzten herri elkarteei zuzendutako kanpaina honen nondik norakoak. Mendizabalek gogora ekarri zuen orain martxan jarriko den kanpaina ez dela elkarteekin egingo den lehendabiziko lana, 2003an Patronatoa guztiekin harremanetan jarri eta euskararen erabilera mailaren inguruko diagnosia egin baitzuen. Euskara batzordeburuak Azpeitian arlo asoziatiboan «dinamismo handia» ematen dela nabarmendu zuen, arlo desberdinetan dagoen talde eta elkarte kopurua kontuan hartuta. Kanpaina berriari lotuz, lan egiteko jorratuko dituzten lau ildoak aipatu zituen Mendizabalek: euskararen idatzizko erabileran hutsuneak edo zailtasunak dituzten elkarteei itzulpen zerbitzua eta aholkularitza zerbitzua eskainiko zaie; hizkuntza normalizazio osoa lortzeko mikroplangintzak gero eta elkarte gehiagotara zabaltzeko bidea jorratuko da; gastronomia elkarteetan gero eta zabalduago dagoen software berri bat euskaraz eskainiko da; eta elkarte eta taldeen arteko komunikazio sareak eraiki eta euskararen mesedetan erabiltzea lortu nahi da.
Altxorraz jabetu
Allurrek, bere aldetik, komunikazio planarekin bete nahi diren lau helburu nagusiak azaldu zituen. Lehendabiziko helburua aurrez aipaturiko diagnostiko horren ondorioak elkarteetako kideei azaltzea izango da. Bigarrena, era Siadecoko teknikariaren esanetan «planaren ardatza» izango dena, «elkarteetako kideak daukatena eroso eta harro sentiarazteko bidean jartzea». Azpeitian elkarteen mailan «euskarazko komunikazioa intentsitate handikoa» dela nabarmendu zuen Allurrek, eta planaren bigarren helburu hori «azpeitiarrek daukaten altxorraz jabetzea» izango da hain zuzen. Altxor horretan oinarrituta euskara esparru gehiagotan erabiltzea lortu nahi da plan honen bitartez.
Abantaila den altxor horretaz jabetuta, hirugarren helburua euskararen alorrean aurrerapausuak ematea litzateke. Helburua da pixkanaka eta elkarte bakoitzean bere erritmoan, euskara alor gehiagotan erabiltzea. Adibidez, idatzizko jardunean ere orain erabiltzen dena baino gehiago erabiltzea. Horri bideratzeko, elkarte bakoitzarekin harreman zuzenak bideratuko dituzte Patronatotik, bakoitzak zer behar dituen jakin eta horren arabera neurriko zerbitzua eskaini ahal izateko. Azkenik, eta laugarren helburu gisa, elkarteen arteko komunikazioa hobetzeko sare bat eratu nahi da Azpeitian, eta sare horrek euskaraz funtzionatzea da helburua.
Gauza asko alde
Elkarteak aztertuz egindako diagnosia oinarritzat hartuta, Allurrek euskararen osasunari dagokionez Azpeitiko elkarteek «alde gauza asko» dituztela nabarmendu zuen. Diagnosi horrek azaleratu dituen hainbat datu eskaini zituen prentsaurrean Siadecoko ordezkariak. Datu horiek, besteak beste, komunikazio plana garatzeko atera den triptikoan ere jasotzen dira, eta triptiko hori elkarte guztiei helaraziko zaie datozen egunetan. Besteak beste, planaren jomuga izango diren 102 elkarteetan kide euskaldunen indizea %97,4 da, eta euskal alfabetatuena berriz %81,6. Datu guztiak kontuan hartuta, herriko elkarteetan euskararen erabilerak indar handia duela garbi ikusten da, eta batik bat ahozko erabilerak, euskara delako nabarmen elkarteeko kideek elkarrekin komunikatzeko erabiltzen duten lehendabiziko hizkuntza. Gabeziei dagokienez, «gaztelaniatik hartutako hitz eta terminoak erabiltzeko joera» aipatu zuen Juanjo Allurrek.
Komunikazio kanpaina gara- tzeko erabiliko den plangintzan, hasteko eta esan bezala, elkarte guztiek gutun bat eta triptikoa jaosko dute. Ondoren, banan bana zuzeneko harremanak jorratuko dira, EBPNren berri emanez, zer egin nahi den azalduz eta elkarte bakoitzak bere asmo, nahi eta beharrak adierazteko. Fase honetan, EBPNak eskaintzen dituen zerbitzuak behar bakoitzera nola egokitu ere definituko da. Azkenik, komunikazio plan honen balorazioa eskatuko zaie elkarteei, aurrera begira egin beharreko lanean asmatzeko. Ez da «kanpaina puntuala» izango, «jarraipen bat izango duen prozesua baizik», Allurren esanetan.
- Diario Vasco egunkarian argitaratua, 2005-01-30ean.
|
| |
 |
| Elkarteentzat komunikazio kanpaina abian EBPNtik |
 |
2005-01-30 / 09:04 / Nerea Uranga - Urola-Kostako HITZA |
|
Herriko 102 elkarteri zuzendutako kanpaina aurkeztu du Euskara Patronatoak.
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan alor berri batekin hasiko da lanean Euskara Patronatoa. Herriko elkarte desberdinei zuzendutako komunikazio kanpaina jarri du martxan; 102 elkarterekin egon eta diagnosia egin zuen Patronatoak, eta orain ateratako emaitzen berri emango zaie elkarteei.
Herriko elkarteetan «ahozko komunikazioa era naturalean, euskaraz egiten dela», azaldu zuen Ana Mendizabal Euskara Patronatoko lehendakariak. Baina, «xehetasunetara iritsi eta idatzizkoan euskararen erabilera ahozkoa bezainbestekoa» izatea nahi dela gaineratu zuen. Euskara Patronatoa elkarteetara zuzenduko da laster, honen berri emateko.
- Urola-Kostako HITZA egunkarian argitaratua, 2005-01-30ean.
|
|
Erantzun |
|