Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Zeinek zer inposatzen du?

Zeinek zer inposatzen du?

2005-01-14 / 21:06 / Azpeitiko Udala- Ana Mendizabal Muguruza   UDALETXEA

Uztarria Kultur Koordinadorak hautsi egin du euskara arloko hitzarmena Azpeitiko Udalarekin, sinatu zenetik bederatzi hilabete bakarrik igaro direnean, izan ere, hitzarmena 2004ko martxoaren 25ean sinatu baitzen.

Horren aurrean, Azpeitiko Udalak badu esatekorik:

1.- Elkarlanerako hitzarmenek, haur jaio berriek bezalaxe, ibiliz ikasten dute oinez eta ibilian-ibilian sendotzen dituzte zangoak. Udalaren eta Uztarriaren arteko akordioa oso berria zen eta Uztarriak ez dio behar bezala heltzen utzi.

2.- Uztarriaren iritziz, urraketa asko egin omen dira, eta oso larriak gainera. Gure ustez ez da urraketa bakar bat ere egin intentzio txarrarekin. Ez da inor ibili propio, ez dakigu zein intentzio beltzekin, adostutako prozedura eta metodologia urratzen. Gainera, uste dugu urraketak elkarlan berri batek ekarri dituenak direla: elkarlana asentatu gabe egotearen ondorio, alegia. Eta hain zuzen ere, elkarlan hori asentatu ahal izateko (aurretik aitatu dugun moduan, heltzeko), denbora ere behar da.

3.- Uztarriaren iritziz nahasmena sortu omen du herrian bi egiaztagiri egoteak. Hemen nahasmena sortu nahi duenak sortzen du. Adibide batekin esplikatuko dugu. “Bai Euskarari Ziurtagiria”-k hiru maila ditu: “Bai Euskarari ziurtagiria bidean”, “Bai Euskarari Ziurtagiria Guk zerbitzua euskaraz” eta “Bai Euskarari Ziurtagiria Guk zerbitzua eta lana euskaraz”. Eman dezagun baten bat sartzen dela “Bai Euskarari Ziurtagiria” duen denda batera. Dendakoak elkarrekin erdaraz topatu ditu, erosi du zer edo zer eta faktura erdaraz egin diote. Lagun hori harrituta geratu da, atean ziurtagiria ikusi duelako. Nahasmena sortu dio, ez duelako berak uste zuen zerbitzua topatu. Horrelako kasuak gerta ez daitezen zer egin behar dugu, “Bai Euskarari Ziurtagiria” baztertu, nahasmena sortzen duelako?

Nahasmena ez du “HEBE”-k sortzen. Nahasmena, sortzekotan, “HEBE” zer den eta “Bai Euskarari Ziurtagiria” zer den ez jakiteak dakar. Ziurtagiriek nola funtzionatzen duten ez jakiteak.

Gainera, Udalari ez zaio herritar bakar bat ere galdezka etorri nahasmen horren eraginez. Guri inork ez digu adierazi nahasmen hori. Beraz, nahasmen kontzeptua bera ere nahiko erlatiboa dela uste dugu.

4.- Uztarriak izendatutako langileak ez du eroso lan egin. Egin al dugu guztion aldetik saiakerarik hori saihesteko? Eroso lan ez egitea Udalaren erantzukizuna al da? Udalak ez du horren berririk izan langileak lana uzteko erabakia hartuta zuen arte. Beraz, Uztarriak ere badu horretan erantzukizunik, batez ere, berak izendatutako langilea izaki. Baina kontua ez da zeinen erantzukizuna den. Kontua da hor badagoela prozedura arazo bat, eta neurriak zehaztu eta hartu beharko dira, hurrengoan horrelakorik gerta ez dadin.

5.- Uztarriak akordio berria proposatu du, eta proposatu dituen lau gauzatatik hiruri baiezkoa eman zaio. Hain zuzen, "Bai Euskarari Ziurtagiria" baino ez erabiltzeari esan dio ezetz Udalak.

Eta noski, atal horretan bi kontu egin daitezke: Uztarriak Udalari “Bai Euskarari Ziurtagiria” bakarrik erabiliko dela “inposatzea”; edo Udalak Uztarriari “Bai euskarari ziurtagiria” eta “HEBE” (biak) erabiliko direla “inposatzea”.

Hala ere, badago ezberdintasun txiki bat: Uztarriaren proposamena baztertzailea da. Uztarriaren proposamena “hau ez eta hau bai” motakoa da. Udalarena berriz, “hau bai eta hau ere bai” motakoa. Batek ateak ixten ditu eta besteak berriz, ireki.


(ANA MENDIZABAL MUGURUZA Azpeitiko Udalaren Euskara eta Hezkuntza batzordeburua da)


Artikulu honekin lotutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Euskararen bidelagunak eta bidegurutzeak
2005-01-17 / 08:58 / Azpeitian Zer? aldizkari-hilabetekaria - 2005eko urtarrila

HEBE ziurtagiriaren irudia. Elkarlanaren emaitza da ziurtagiri hau.
Uztarria Kultur Koordinadorak euskararen arloan 2004ko martxotik Azpeitiko Udalarekin zeukan hitzarmena eten egin du.

EBPNren 2005eko Kudeaketa Planean Uztarria eta Azpeitiko Udala bat etorri dira elkarri proposatu dizkioten ekintza eta funtzionamendurako metodologian. Ekintza bakar batean ez dira ados jarri: Uztarriak Azpeitian HEBE ziurtagiria baztertu eta Bai Euskarari egiaztagiria bakar-bakarrik banatzea nahi du eta Udalak, berriz, orain arteko hitzarmarekin jarraitzea, alegia, bi ziurtagiri banatzea (Bai Euskarari eta HEBE).

Uztarriak eta Udalak orain arte elkarrekin sinatuta zeukaten hitzarmenak aukera ematen zien, hala nahi zuten herritar guztiei, bi ziurtagiri jasotzeko. HEBE ziurtagiria herri mailako ziurtagiria da (herritar guztientzat doahinik) Azpeitiko Udalak herritarrei euskara bultzatzeko ahaleginagatik egiten dien aitormena. Bai Euskarari ziurtagiria, berriz, Euskal Herri mailako ziurtagiria da (ordainduta).

Zer da HEBE?

Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bitartez, 2000. urteaz geroztik martxan daukan “Euskara Azpeitiko Merkataritzara” egitasmoaren barruan, bezeroari zerbitzua euskaraz eskaintzeko egoerara iristeko prozesu bat zabalduta dauka: Hemen Bezeroarekin Euskaraz (HEBE). Ildo honetatik, Azpeitiko Udalak "Euskara Azpeitiko Merkataritzara" egitasmoaren baitan zuzeneko hainbat zerbitzu eta dirulaguntza ematen dizkie Azpeitiko merkataritza-arloko 422 establezimenduei:

  • Errotulu nagusia euskaraz jartzeko 300 euro arteko dirulaguntza.
  • Agiri mota guztiak euskaratzeko itzulpen zerbitzua.
  • Jendaurreko kartelak euskaraz jartzeko zerbitzua.
  • Fakturak euskaraz.
  • Euskarazko programa informatikoak.
  • Euskarazko ikastaroak.
  • ...

Zerbitzu hauek guztiak erabat dohainik dira. "Euskara Azpeitiko Merkataritzara" zerbitzu hauen guztien helburua zera da: Azpeitiko merkatal establezimenduek euskaraz funtzionatzeko laguntza integrala izatea, bezeroei zerbitzua erabat euskaraz emateko.

Hemen Bezeroarekin Euskaraz (HEBE) prozeduraren ezaugarriak:

  • Bezeroari zerbitzua (ahoz eta idatziz) euskaraz eskaini ahal izatera iristeko prozesua da HEBE eta faseka lan egiten da (urtean 50 establezimendu).
  • Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan kokatzen da eta, beraz, Azpeitiko establezimenduen hizkuntza egoera eta dinamikaren arabera egindako definizioa du (Azpeitiaren neurrira egindakoa, alegia)
  • Bezeroari zerbitzua (ahoz nahiz idatziz) eskaini ahal izatera iristeko prozesu baten barruan kokatzen den elementu bat da; garrantzia duena prozesua da eta ez egiaztagiria bera. Prozesuaren helburu nagusia hizkuntza normalizaziorako interesa piztea da eta egiaztagiriak horretarako medio gisa planteatzen dira (inoiz ez helburu gisa).
  • HEBE egiaztagiria duten establezimenduen multzoa erreferente izateko neurriak hartuko dira Azpeitiko Udalaren aldetik, establezimendu horien publizitatea eta sustapena eginez. Horrela, euskara bultzatzeko interesa piztu eta zabaldu nahi herriko establezimendu guztietara.

HEBEren prozedura metodologikoa:

  1. Establezimenduko arduradunari Azpeitiko Udalak euskara bultzatzeko herrian abian jarri duen Plangintzaren berri ematen zaio.
  2. Establezimenduaren hizkuntza egoera neurtzen da. (HEBE galdetegia dokumentua)
  3. Euskararen egoera hobetzeko hartu beharreko neurriak zehazten dira ("hizkuntzazko neurriak dokumentua)
  4. Euskararen egoera hobetzeko hartutako neurrien betetze-mailari buruzko jarraipena egiten da bi urtez behin. Jarraipen lana laguntza modura eta ez "kontrol" modura pertzibitzeko neurriak hartzen dira, beti ere, aurretik establezimenduak zeukan euskara egoera hobetzeko helburuarekin.

Hemen Bezeroarekin Euskaraz (HEBE) egiaztagiria
Irudian ikus daitekeen bezala HEBE egiaztagiria elkarlanaren emaitza da. Irudia handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

2005eko Kudeaketa Planean lan-mundua jomuga

Uztarriak hitzarmena eten duen arren " Euskara Azpeitiko Merkataritzara" prozesuaren baitan Azpeitiko Udalak bi ziurtagiri eskuratzeko aukera ematen jarraituko die azpeitiar guztiei, orain arte bezalaxe.

Azpeitiko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) 2005eko Kudeaketa Planak euskararen erabileran, nagusiki, eta lan-munduan, bereziki, jarriko ditu bere egitasmorik garrantzitsuenak. Hain zuzen ere, 2005. urtean Lan-Munduko Hizkuntzaren Normalizaziorako Bulego Teknikoa jarriko da martxan Azpeitiko Euskara Patronatuaren baitan. Bulego Tekniko hau Azpeitiko lan-arlo guztietako enpresei Hizkuntza Zerbitzuak eta aholkularitza teknikoa emateko sortuko da Azpeitian euskararen erabilera poliki-poliki eta ezari-ezarian enpresen eguneroko gurpilean txerta dadin.

Euskararen erabilera eta kalitatea nagusi 2005eko Kudeaketa Planean.

2005eko Kudeaketa Planean Azpeitiko Udalaren Barneko Euskararen Erabilera Planak ere garrantzi handia dauka (aurrekontuaren %32). Udal Barneko Euskara Plan hau legegintzaldi honetan bukatuko da eta hala nahi duten herritar euskaldunek Udalarekin harremanak erabat euskaraz izateko aukera izango dute. Era berean, Azpeitiko Udalaren lan-hizkuntza euskara izango da plangintzaren amaieran.

2005eko EBPNren Kudeaketa Planaren aurrekontuari dagokionez, Euskarazko Hedabideak (aurrekontuaren %17) ditugu hirugarren tokian (Uztarria, Urola-Kostako Hitza,...).

Aipatutakoez gain, Azpeitiko 2005eko Kudeaketa Planean, beste hainbat esparru ere kontuan hartzen dira: Irakaskuntza, Euskalduntze-Alfabetatzea, arlo-asoziatiboa (herriko elkarteak), Azpeitiko herri-euskara, Toponimia...

Azpeitian Zer? aldizkariaren ondorengo aleetan xehetuko ditugu hauek guztiak.

  • Uztarria eta Azpeitiko Udala bat etorri dira elkarri proposatu dizkioten ekintza eta funtzionamendurako metodologian. Ekintza bakar batean izan ezik.
  • "Euskara Azpeitiko Merkataritzara" zerbitzu hauen guztien helburua zera da: Azpeitiko merkatal establezimenduek euskaraz funtzionatzeko laguntza integrala izatea, bezeroei zerbitzua erabat euskaraz emateko
  • Euskarazko Hedabideak (aurrekontuaren %17) ditugu hirugarren tokian (Uztarria, Urola-Kostako Hitza,...).
  • Azpeitian Zer? aldizkarian argitaratua, 2005-01-14an.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com