Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Euskara Patronatuaren plangintzak »  Gurien »  Etorkin azpeitiarrak euskara ikasten

Etorkin azpeitiarrak euskara ikasten

2004-11-17 / 07:05 / Azpeitiko Euskara Patronatua   EUSKALTEGIA

Erbestetik Azpeitira etortzen diren etorkinek geure herrian bertakotzea dute helburu. Horretan laguntzeko, etorkinek euskara ikasteko ikastaro berezia antolatu du Azpeitiko Euskara Patronatuak.

AISA ikastaroa

AISA ikastaroa

AISA Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak (HABE) Europako Batasunetik kanpoko etorkinentzat sortutako euskara ikastaroa da, batez ere Afrikatik, Hego Amerikatik, Asiatik edo Ekialdeko Europatik etorritako lagunentzat. Bertan ikasle atzerritarrek euskararen oinarrizko ezagutza eta bertako kultura eta ohituren berri izaten dute.

Azpeitiko Udal Euskaltegian sortu den taldean Hego Amerikatik etorritako ikasleak ditugu, Ekuador, Txile, Kolonbia eta Argentinatik hain zuzen ere. 8 lagunek osatutako taldea da, eta astelehen, asteazken eta ostegunetan etortzen dira euskaltegira, iluntzeko 7etatik 9etara. Ikastaroa gabonak arte izango da, eta guztira 60 klase ordu emango dituzte.

60 ordu horietan, atzerritik etorri diren lagun hauek Azpeitiko gizartea ezagutu eta eguneroko harremanak euskaraz landuko dituzte: aurkezpenak, zenbakiak, familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka... Ariketetan euskaraz bizitzen hasteko behar-beharrezkoa diren hiztegi eta oinarrizko ulermena (kaleko errotuluak, kartelak...) izango dira oinarri.

Zein dira gure ikasleak?

Aurretik esan bezala, Azpeitian hasi diren ikasleak Hego Amerikatik etorritakoak dira. Eta ez aspaldi gainera, 4 urtetik hona etorritakoak baitira guztiak. Bestalde, denak emakumeak dira, eta guraso gainera. Seme-alabak euskaraz ikasten ari direnez, haiekin euskaraz egin ahal izatea da euskaltegian izena emateko arrazoirik nagusienetakoa. Baina ez bakarra, izan ere azpeitiarrekin edo beste edozein euskaldunekin euskaraz hitz egiteko ere ikasi nahi dutela erantzun digute. Horrela, Kelly Perez-k, duela hiru urte etorritako ekuadortarrak, umeekin hitz egiteko ikasi nahi duela adierazi digu. Kolonbiako Mati Ceron-ek, berriz, batez ere lagunekin hitz egitea duela helburu esan digu.

Adinari dagokienez, hemen ere antzekotasunak dira nagusi. Izan ere, 30 urteren bueltakoak dira ikasle guztiak, gazteenak 27 urte ditu, eta zaharrenak berriz 35. Eta hizkuntza berri bat ikasteko zailtasunari buruz galdetuta, beste edozein hizkuntza ikastea bezain zaila (edo erraza, nola begiratzen dugun) dela esan digute.

Aurrera begira, ikastaro berezi hau amaitutakoan ikasten jarraitzeko asmoa azaldu dute guztiek. Horretarako, ordea, euskaltegiko ohiko taldeetan aritu beharko dira, HABEk ez baitu ikastaro berezi honi jarraipena emango liokeen beste ikastarorik prestatu.

Eta irakasleak zer dio?

Taldeko irakaslea Inge Beloki azpeitiarra da. Horrelako taldeek eduki ditzaketen berezitasunei buruz, esan digunez ez du beste taldeekin alderatuta zailtasun berezirik izan. Alderantziz, alderdi batzuetan errazago ere egiten ari omen zaio. Izan ere, bertakoak diren ikasleek ba omen dituzte hizkuntzari buruzko hainbat aurreiritzi, bai hizkuntza zaila delako ustea, baita kalean edota bestelakoetan jasotako hizkuntza eredu desegokiak. Etorkinek, ordea, ez dute aurretiko ideiarik, zerotik hasi dira hizkuntza jasotzen. Baina honek badu alde txarrik ere. Izan ere, bertako ikasleekin alderatuta, ikasle etorkin hauei zail suertatzen zaie ahoskerarekin asmatzea, sekula euskara entzun ez dutelako.


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com