Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Patrikako hiztegia eta euskara ikastaroa etorkinentzat

Azpeitiko Euskara Patronatua / Besterik / 2004-09-17 / 08:27


Euskara da azpeitiarren arteko harreman hizkuntza nagusia. Hori dela eta, Udalak, Azpeitira bizitzera datozen etorkinen gizarteratzea bultzatzeko patrikako hiztegi bat argitaratu du zortzi hizkuntzatan eta euskararekin lehenengo harremana izan nahi duten etorkinentzat harrera ikastaro berezi bat ere antolatu du.



Gizarteratzea helburu

Gizarteratzea helburu

Azpeitiko Udalaren Gizartekintza Sailak eta Euskara Patronatuak Azpeitira datozen etorkinentzat, euskararekin lehenengo harremana izateko, 60 orduko harrera ikastaro berezi bat eta patrikako hiztegitxo bat argitaratu dute etorkinen bertakotzea eta gizarteratzea bultzatze aldera.

Tokian tokiko hizkuntzan komunikatzeko gaitasuna izatea oso tresna garrantzitsua da gizarte horretan txertatxeko eta bertakotzeko. Beraz, Azpeitiko herritarren arteko harreman hizkuntza nagusia euskara dela kontutan hartuta, Azpeitiko Udalak abian jarri dituen bi ekimen hauekin (ikastaroarekin eta patrikako hiztegiarekin) sekula euskararekin inolako harremanik izan ez duten etorkinei Azpeitian erabat gizarteratzeko bidea erraztu nahi die.

Hiztegia zortzi hizkuntzatan: azpeitiarrez ere bai

Euskararekin harremanik izan gabekoentzat prestatutako patrikako hiztegi bat argitaratu da zortzi hizkuntzatan: euskara batuan, Azpeitikoan, gazteleraz, ingelesez, frantsesez, portugesez, katalanez, galizieraz eta arabieraz.

Hiztegia Azpeitiko Hitzekok prestatu du eta 200 hitz inguru ditu: agurrak, denborazko hitzak, norabidea adierazteko hitzak, eguneroko hitzak, garraioak, pertsonei buruzko harremanei dagozkienak, jatekoak eta edatekoak, egunak, zenbakiak, etxeko gauzak, lekuak, diru kontuak, sorlekuak eta komunikazioa.

Azpeitiko Udalak hiztegi hau kanpotik etorri eta Azpeitian bizi diren 60 familiatara igorriko du posta bidez. Era berean, 500 ale argitaratu dira Azpeitira etortzen diren etorkinen artean banatzeko. Norbaitek alerik beharko balu, Azpeitiko Udalaren Gizartekintza Sailean eta Euskara Patronatuan eskura dezake.

Euskara ikasteko lehendabiziko urratsak

Ikastaro berezia prestatu du Azpeitiko Udal Euskaltegiak etorkinentzat: Aisa harrera-ikastaroa. Ikastaro honen helburua zera da: gure artera bizitzera datozen etorkinek Azpeitiko herritarren ohituren berri izatea eta euskara ikasteko lehendabiziko urratsak ematea.

Beraz, ikastaro honetan Azpeitiko gizartea ezagutzeko aukera izango da eta eguneroko harremanak landuko dira: aurkezpenak, zenbakiak, familia, eskola, garraioa, osasuna, kirola, azoka... Ariketetan eguneroko harremanetarako behar-beharrezkoa den hiztegia eta oinarrizko ulermena (kaleko errotuluak, kartelak...) landuko dira, batez ere.

Ikastaroak guztira 60 ordu ditu. Astean 6 ordu hiru egunetan banatuta. Ikastaroa 2004ko urriaren 7an hasi eta abenduaren 17an amaituko da. Matrikula 10 euro izango da eta liburuak 28 euro (lau liburu eta irudi bidezko hiztegi bat).

Izen-ematea Azpeitiko Udal Euskaltegian egin daiteke Kontzeju Zaharraren 3. solairuan . Telefonoz ere bai: 943 81 19 47. Eta baita HEMEN ere.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/plangintzak/gurien/1095339579