|
Azpeitiko Udalak hitzarmen bana sinatu du Uztarria eta Kontseiluarekin Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) elkarlanean garatzeko.
2004ko martxoaren 25ean Azpeitiko Udalak bi akordio sinatu zituen, bata Uztarriarekin eta bestea Kontseiluarekin, Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) elkarlanean garatzeko. Azpeitiko herriaren izenean Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak sinatu zituen hitzarmenak Uztarria eta Kontseiluarekin; Uztarriaren izenean, berriz, Laxaro Azkune izan zen sinatzailea eta Kontseiluaren izenean, bestalde, Xabier Mendigurenek sinatu zuen.
Hitzarmen hauen bidez, Azpeitiko Udalaren eta euskalgintzako bi eragile garrantzitsu hauen arteko elkarlana bideratuko da Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatzeko. Azpeitiko Udalak izango du Planaren zuzendaritza eta gidaritza teknikoa eta Uztarriak eta Kontseiluak esku hartze zuzena izango dute planaren garapenean.
Julian Eizmendi Azpeitiko alkateak sinaketa ekitaldian adierazi zuenez, "Hauteskunde-programan Azpeitian Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatuko genuela esan genuen eta, bide horretatik, agindutakoari erantzuteko sinatu dira bi hitzarmen hauek Uztarriarekin eta Kontseiluarekin. Hain zuzen ere, Udalak, hitzarmen hauen bitartez, herriko eragile guztiekin elkarlanean aritzeko duen asmo sendoa berretsi nahi du eta egin beharreko lan guztia elkarrekin egingo dugula azpimarratu nahi du". Uztarriaren izenean ere pozik agertu zen Laxaro Azkune. Bere esanetan "Zorionak emateko unea da guztiontzat, euskararen normalizazioa helburu duten indarren elkarlanari bide ematen diolako". Xabier Mendigurenek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, bere aldetik eskerrak emanez eta bere poza azalduz ekin zion: "Lortutako akordioa amets bat da. Azpeitia eredu bilakatu da, izan ere, toki askotan ari dira EBPN eta Bai Euskarari Akordioa parean garatzen, baina Azpeitian lehen aldiz garatuko dira elkarrekin hasiera-hasieratik".
Azpeitiko Udalaren eta Uztarria Kultur Koordinadoraren arteko akordioa
Hona hemen, laburbilduta, Azpeitiko Udala eta Uztarriaren arteko hitzarmenaren edukia:
- Akordio honen arabera Azpeitiko Udala eta Uztarria Kultur Koordinadora elkarlanean arituko dira EBPN Azpeitian garatzeko.
- Udala-Uztarria batzordea osatuko da: EBPNri buruzko erabakiak hartzeko eta planaren jarraipena egiteko. Era berean, Uztarriak parte hartuko du EBPN garatzeko sortuko diren gainerako batzorde guztietan.
- Udalarena izango da azken erabakia, beti ere, Aholku Batzordearen proposamenak kontuan hartuta.
- Azpeitiko Udalak, EBPNren baitako lanak egiteko zerbitzu enpresa(k) hautatuko d(it)u, eta Uztarriak zerbitzu enpresa horrekin akordioa egingo du: Uztarriak bere langile bat izendatuko du EBPNren baitako lanak egiteko eta zerbitzu enpresaren ardurapean egongo da langile hori.
- EBPNren jendaurreko aurkezpenetan Azpeitiko Udalaren eta Uztarriaren ordezkariek elkarrekin hartuko dute parte.
- Udalak eta Uztarriak beren ardurapeko komunikabideetan Azpeitiko EBPNren zabalkundea egingo dute.
Azpeitiko Udalaren eta Kontseiluaren arteko lankidetza hitzarmena
Honatx Azpeitiko Udalak Kontseiluarekin sinatutakoa:
- Hitzarmen honen bidez Azpeitian garatuko den Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (2003-2007) eta Bai Euskarari Akordioa prozesu berean uztartzeko prestutasuna azaltzen dute Azpeitiko Udalak eta Kontseiluak.
- EBPNn esku hartzen duten Azpeitiko Enpresa eta erakundeei herriaren eta euskararen alde egindako lana eta ahalegina diploma bateratu baten bidez aitortuko diete Azpeitiko Udalak eta Kontseiluak. Diploma honetan Azpeitiko Udalaren armarria eta Bai Euskarari Akordioaren logotipoa agertuko dira eta dohainik banatuko da.
- Ildo beretik, herriko enpresa eta erakundeen artean, Bai Euskarari Ziurtagiria sustatuko dute Azpeitiko Udalak eta Kontseiluak.
Sinatutako hitzarmen-agiriak (irakurtzeko gainean sakatu)
|